Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-08-01 -- 1955.zenb

Gari Berasaluze


Negu Gorriak taldeak aspaldi abesten zuen interes ekonomikoak eta politikoak uztartuz gero gureak egin duela. Narkotrafikoa zuten hizpide abesti zehatz hartan, baina gerora interes ekonomiko erraldoiak gailentzeko, gurean ezarri nahi izan diren hainbat egitasmok bidea nola egin duten ikusi dugu.

Zaila da agintean daudenak ukitzen dituzten eta interes ekonomiko handien itzalean sortzen diren egitasmoei aurre egitea. Ondo lotuta izaten dituzte kontu guztiak, baina nabarmenegiak izateak uzten ditu agerian. Ia salbuespenik gabe, herri guztietan ezagutzen ditugu interes ekonomikoengatik bidea ilunpean egin dutenak. Ez dago Tolkien-en Eraztunen Jauna irakurri beharrik erabateko botereak apalena ere usteldu eta galbidera eraman dezakeela jakiteko. Ezagunegia zaigu eraikuntza enpresa handi askoren jokamoldea, eta esparru zehatzetan aurkitzen duten babesa.

Larriena, ordea, eskuak diruarekin zikintzeko herritarren osasunarekin eta bizitzarekin jolastea da. Azken urteotan, sinestezin begiratu dugu denok Itoitz aldera. Alferrik izan dira urtegiaren ezker magalaren egonkortasunak arazo larriak dituela dioten txosten guztiak. Alferrik izan dira Nafarroako Gobernuak berak magal horren egonkortasuna aztertzeko egindako txostenaren ondorio kezkagarriak. Europa osoan ez da herririk Nafarroako presidentearen sorterrian bezainbeste eraikuntza enpresa dituenik. Horrek ulertarazten du guztia. Milaka herritarren bizitzan arrisku larria eraikitzen ari direla jakin arren, interes ekonomikoek dute lehentasuna.

Gipuzkoan ere, herritarren osasuna eta bizitza jokoan dagoenean gardentasuna ez lehenestea da azken aste hauetan herritarren haserrearen arrazoi nagusietako bat. Bat nahikoa ez eta bi errauste planta ezarri nahi dituzte agintariek. Lehenago, hauteskunde programetan inork ez zuen zehaztu errauste plantak egingo zituztenik batean eta bestean, eta orain herritarrei galdetu gabe ezarri nahi dituzte. Alferrik dira errauste planten aurkako plataformek aurkeztutako txosten zientifikoak. Alferrik dira ehunka medikuk sinatutako agiriak. Alferrik da minbiziaz eta arrisku larriaz hitz egitea. Kontsultarik gabe, datuak ezkutatuz eta ostrukarena eginez, eztabaida saihestu eta bi errauste planta ezartzea erabaki dute.

Zaborraren arazoari heldu beharrean, zabortegien eta guztion kontsumo ohituren eta hondakinei buruzko eztabaida gizarteratu beharrean, ihesbide errazena aukeratu dute: errausketa, horrek dakartzan arriskuak ezkutatuz. Zaborrari buruzko gogoetarik ezean, ordea, ekoizten ditugun hondakinak murriztu ezean, hamar urte barru beste hainbat errauste planta beharko ditugu. Hori da benetako arazoa: interes ekonomiko erraldoiek sortu dizkiguten kontsumo ohiturak nola aldatzen ditugun eta sortzen ditugun hondakinak nola murrizten ditugun. Gainerakoak eztabaida antzuak dira.

Gipuzkoan ezarriko duten bigarren errauste plantaren kokalekua da, esaterako, nahita sortutako eztabaida antzuen kasurik argiena. Errauste plantak eraiki nahi dituztenek nahi duten eremura eraman dute eztabaida. Bigarren errauste planta Donostian eraikiko dutela esan ondoren, bertako alkatearen eta aldundiko ordezkarien arteko eztabaida sortu da. Donostiako alkatea, ordea, ez dago errauste planten aurka, errauskailua bere herrian jartzean aurka baizik. PSE-EEren eta EAJ-EAren arteko eztabaida politikoa bihurtu dute kokalekua, nahita, errauste planten beharrezkotasunari buruzko eztabaida desbideratuz.

Herritarrak, ordea, benetan kezkatuta gaude. Onartezina da guztion osasuna interes zehatzen arabera dagoela ikustea. Gurean, postaletako Zarautz turistiko eta eder horretatik 12 kilometrora soilik dago Aritzeta. Azterketa zientifikoen arabera, minbizi kasuak ugaltzeko arrisku eremu guztien barruan. Bete-betean. Nekazaritza arriskuan dago, barazkiak egoera larrian, eta mahastiak dioxinaz beteta, txakolina ere ezberdina izango da aurrerantzean. Baina, tira, ostruken haragia ere ederra omen da...

Koldo Aldalur

Ibili-ibili eginda kariño kontua izan da azkenean. Kariñoa da bizitzak egunero botatzen digun demari aurre egiten laguntzen digun akuilua Nik uste nuen kazetarion kontua bakarrik zela, baina bai zera. Itxuraz kirolariek ere guztiz beharrezkoa dute.

Agustin Arantzabalek Erreala utzi du, besteak beste, harmailetatik hainbatek txistua jo eta kariñorik erakutsi ez diolako. Galanta da. Bertako mutila, kontratu ikaragarria, ekipoan tokia duena eta, nora eta, Zaragozara. Hemen aurkitu ez duen kariñoaren bila.

Jexux Mari Astigarraga azpeitiarra da eta Gipuzkoako herriarteko pilota txapelketan parte hartu du garaipena lortuz Hernaniren aurkako final larrian. Jexux Mari profesionala izan zen duela hainbat urte Jolas Nahi enpresan baina profesionaltasunari ez zion ûdirutanû apenas ezer atera.

Orain ordea harro egoteko moduan da. Herrian pilotazaleak kasu egiten dio eta finalari buruz galdetzen badio epeltasun gozoa igotzen zaio sabel barrura. Kariñoa eman dio herriartekoak.

Agustin eta Jexux Mari soka beraren bi muturrak besterik ez dira. Kirolariak jasotzen duen soldataren kontzeptua galdu du kasuotan. Batak lepo duelako, besteak kiroletik dirua jaso dezakeenik ere pentsatzen ez duelako. Eta diruarena ez bada garrantzitsua, kariñoa da topatu nahi duena.

Agian kirola bizitzeko bi moduez ari gara kirolari konkretu batzuei buruz baino gehiago. Ez da berdina entrenamendura joan eta arropak plantxa-plantxa eginda topatzea eta zortzi ordu tailer zuloan sartu eta gero takoak jartzen hastea.

Talde handi horietan ûtalde profesionalei buruz ari naizû pertsona ito egiten da komunikabideen zurikerian eta sarri txolinkerian erortzeko arriskuan izaten da ia hutsetik jainkotzera aitaren egin orduko pasa den nerabea.

Pilota talde apal gehienetan pilotariak bere materiala eraman behar izaten du, kantxan erratza pasa, entrenamendu aurreko umeen partidutan epaile lanak egin, gabon inguruan errifak saldu, gure kasuan alboko herriko pilotariak hobeak direla entzun ûaxkoitiarrak, jakinaû eta deskuidatu ezkero partida garrantzitsuetan txapela pasa. Inplikazio kontua.

Horrek uzten duen ondorioa, ordea, gozoa da benetan. Taldean etxean bezala ûeta askotan dezente hobetoû sentitzea. Zurea da eta inork ezer esan gabe heltzen diozu erratzari edo errifari, txapelari edo txapari. Eta badira honela urteak eman dituztenak ezker txarreko afizio honetan, poeta tristeak zioen bezala erabat beharrezkoak bihurtzeraino. Fisioterapia eta hematokritoak, edo, psikomotrizitatea edo EPOa zer diren ideiarik gabe baina baratxuria baino finagoak. Oraingoek dakitena jakin izan balute. Uztarri berean jarriko balira haien borondatea eta oraingoen jakituria.

Eta bukatzeko Agustin eta Jexux Mariren kirol bizitzek antza handiagoa izan dezaten, hainbat proposamen, aukeratzeko.

Kirolari afizionatuek har dezatela egun erdia lantegitik jai gustuko duten kirola hobeto egiteko, edo bestela jainkotutako profesionalak has daitezela errifak saltzen eta erratza pasatzen taldea berea dela sentitzeko. Ez da ba kariñoa azken helburua?

Eskerrak batzuetan umore puntu batekin eusten diogun inguratzen gaituen munduari bestela, kariñoarekin edo gabe, hobeto geundeke kiroletatik urrun.

Ixabel Etxeberria

Pirinioetan ibiltzea ez aski eta aurten Alpeetara joan gara Euskalteleko txirrindularien sostengatzera. Harantzagoko bidean, Espainiara zihoazen lerro luzeak gurutzatu ditugu, milaka jende leku berdintsuetara joaten, eguzkia aurkitzeko eta pausatzeko. Pausa urrunago bilatu beharko dute, bidea, eguzki azpian eginen baitute, denak autoetan blokatuak, desesperatzeko ere bada edo bederen urtzeko guttieneko baldintzak. Udako migrazioak.

Alpeetako mendi zoragarri horiek ez dute aspalditik basahuntzik ikusten, bakerik ez baita, alde batetik burdinezko igogailuak landatuak dira denetan, eta bestaldetik, mendi tontorretan dauden ostatuetara igotzeko autoz ibiltzeko bideak eginak dira. Inkesta ttiki bat egin eta erraten didate etxebizitzak, hemen ere, gero eta gehiago kanpokoen eskuetan ari direla erortzen, bertakoentzat sobera garestiak direlako, opor agentzia handiek esku hartze handia dute eremu hauetan ere. Alemanak eta ingelesak dira gehien bat etortzen. Turismoari lotutako ingurumen horretan, gure aldean ezagutzen dugun egoera berdintsua sortua da, lurraren, etxebizitzaren jabegoaren mugimendu handiak, giro berri bat ekarriz. Karrikan, alemanez, ingelesez hitz egiten da frantsesez baino gehiago. Egoera hau urtean zehar ezaguna dut. Hemen zenbait ostatutan langileak ingelesak dira, giroa bezala, bezeroek etxean direnaren sentimendua ukan dezaten, Migel Angulok zioen bezala: "Hobe da ekologista bakar bat mendian mila ekologista baino". Mendiaren hondatzea begi bistan dugu. Bi mila metrotik gora igo beharko da mendi lasaiaren zati baten atzemateko. Neguko migrazioa asmatzen dut.

Eta pixkanaka-pixkanaka, etaparen zain, mendia betetzen doa, ingelesak, alemanak, frantsesak, euskaldunak ere ageri dira. Iritsi orduko talde bakoitzak bere bandera ateratzen du. Egunkarietan nazionalista gisa aurkezten gaituzte, mende hauetara etorri behar lukete alemanak, ingelesak, frantsesak, amerikanoak nola aritzen diren ikusteko. Ez al dira nazionalistak? Ala baimendua al da hau? Zoko guztietan kanpin-karrak, mendian izaten den isiltasuna hautsiz. Europa guztitik etorritako jendea elkartzen da hemen, txirrindularien ikusteko. Egun hauetan jendea itzulika ibiltzen da une nagusiaren zain, batzuek baliatzen dute mendia bizikletez igotzeko, txirrinda ederrenak atereaz, profesionalek egiten duten indarra hobeki neurtzeko eta beren indarrak ere zertan diren ikusteko. Gizonak dira gehienak, baina urtetik urtera emazte gehiago ari da.

Urteko une inportantea izaten da Frantziako Itzulia euskaldunok ekipa dugunetik. Besteak baino hobeak? Ez, baina besteak bezain onak eta borrokalariak. Orduan, telebistan lasterketen segitzeak badu interes polita eta postaren aitzinean animatzen aritzen gara, baina lasterketan zehar bide bazterrean egotea eta oihuka aritzea, denak laranjaz jantzita, hori bai xarma!

Txirrindularitzak sortutako migrazioa. Inbasioaren itxura guztia du. Bi mila metrotan izanki ere mendia autoz eta kanpin-karrez josia da eta bidexketan txirrindulariak dira. Zenbait egunez milaka eta milaka zale elkartzen gara, ekipamendu izugarria mugiaraziz, minutu bakarreko ilusioarentzat, gure gazteen sostengatzeko, eta aurten sekulan baino gehiago denak laranjaz. Euskaltel-Euskadi taldearen zaletasunaren migrazioak berrogeita hamar mila jendetaraino zenbatu dute egunkariek. Une xoragarriak!

Baina, honek ez du iraunen, etxerat itzultzeko unea hurbilduko da eta betiko errealitatearekin elkartuko gara, hor ere migrazioa. Lantzen ari garen SCOT delakoan, ûLapurdi Hegoaldeko lurralde antolaketarako eskemaû, 24 eta 59 urte arteko jendearen %46a, erran nahi baita lan egiteko adina duena, departamendutik kanpo sortua da, ondorioz argi da gure gazteak kanpora doazela lan egitera. Hau migrazio kezkagarria!

Pernando Barrena

Ezker Abertzalearen oinarri sozialak berriki erakutsi du hirutan urtebetean, eta azkenik, hauteskunde europarretan bere apustuaren sendotasuna ez dela nolanahikoa. HZk lortutako emaitza apartekoei muzin egitea ezinezko bihurtu zaie Ezker Abertzalea legalitate espainiarretik kanpo utzi zuen Alderdi Popularrari, Europarako zerrendaren bertan behera uztea sustatu eta lortu zuen Zapateroren gobernuari eta noski, Alderdien Legeak ematen dien abantailaz baliatuta Ezker Abertzalearen ordezko papera jokatu nahi zutenei. Horiek guztiek ikasiko ahal zuten behingoz ezinezkoa dela Ezker Abertzalearekin bukatzea, ez makilaz ezta azenarioaz ere.

Ezker Abertzaleak beraz, ilegalizazio politikaren zilegitasun eza eta antzutasuna agerian utzi ditu, eta hori gutxi balitz historikoki beharrezkotzat jo dituen terminoetan kokatu du eztabaida politikoa.

Egun, gure herriko gehiengo sozialak nabarmen egiten du bat aldaketa politikoaren beharrarekin. Gure herriak gatazka politikoaren gainditzearen aldeko apustu egiten du eta testuinguru horretan Ezker Abertzaleak eskua luzatu eta eskaintza politikoa egiten du. Hor kokatzen du Ezker Abertzaleak datorren ikasturte politikorako erronka: urratsak eman nahi ditugu Euskal Herriko eragile demokratiko guztiak autodeterminazioaren aldeko estrategia berean kokatuko dituen eskenatoki politiko berri baterantz.

Lizarra Garazi Akordioan zehaztu genituen gatazka gainditzeko edukiak: herriaren hitza eta erabakia errespetatu. Orain ekintzetara pasatzeko garaia heldu da. Aldarrikapenetik ekintzetara. Orain definitu behar duguna da nola egiten dugun Euskal Herriaren erabakia errespetatua izan dadin, nola egiten dugun bide hori. Eta horrek erantzun xinplea du guretzako: herriari galdetuz. Herriari galdetu behar zaio. Herriak hitz egin dezala. Herriak erabaki dezala.

Hori dela eta, Ezker Abertzaleak abian jarri nahi du euskal eragile oro Akordio Nazionala erdietsi bidean hiru zutaberen inguruan: Euskal Herria/Autodeterminazio Eskubidea/Herri Galdeketa. Hor kokatu behar da Batasunak berriki publiko egindako eskaintza Ibarretxe Planak zilegitasun politikoa oinarritzen dituen ardatzen inguruan aliantza berriak bilatzeko asmotan.

Ezker Abertzaletik ez dugu ulertzen nolatan ez den zazpi herrialdetarako egitasmo politikorik aurkezten Gasteizko hirukoitzetik Ibarretxe Planaren hitzaurrean zazpi herrialdeen araberako euskal zilegitasuna azpimarratzen denean. Hobeki esanda, oso ongi ulertzen dugu zergatik egiten den horrela EAJren kultura politikoa ezagututa baina ez diogu inongo logikarik aurkitzen; areago, zilegitasuna zazpitan bilatu geroko asmoak hirutarako aurkezteko guztiz kontraesankorra dela esanen genuke.

Horretan datza zertzelada lodian emanda Ezker Abertzalearen eskaintza; horra gure prestutasuna euskaldun guziontzako Plana osatzeko, bazterketarik gabea, aipatutako hiru zutabe horietan aurkitzen den euskal zilegitasunean oinarrituta. Beraz, ez gara Ibarretxe Plana negoziatzeaz hitz egiten ari; herri osoarentzako Planaz ari gara, beti ere zazpiren araberako Akordio Nazionalaren testuinguruan, zazpirentzako eta bakoitzarentzako, baina inola ere ez hirurentzako.

Beraz, guretzat argi dago garaia heldu dela Euskal Herria autodeterminazioaren alde arituko den akordio erraldoia martxan jartzeko. Zeren eta hori oso garbi daukagu: hemen ez dago normalizazio politikorik ez konponbiderik, Euskal Herriak erabakitzeko duen eskubidea aitortu ezean.

Eta hori horrela, ordua iritsi da eragile bakoitzak bere lekua eta jarrera definitu dezan, presarik gabe baina baita gelditu gabe, seriotasunez eta ardura politikoz. Behin berriro ere, gakoa euskaldunon eskutan dago, inondik ere Madrilen edota Parisen.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan