Jon Maia
Lizarra, Ezpeleta, Erromo, Donostia, Mendexa, Baigorri, Baiona, Artzentales, Lanestosa, Getaria, Orbaizeta, Ondarroa, Gasteiz, Atharratze, Derio, Trapagaran, Donibane Garazi, Ahurti, Larraul, Argedas, Irurita, Donapaleu, Mehaine, Kanbo, Bilbo, Leitza, Barkoxe.... erreportaje guztia egingo genuke abuztuan jaiak ospatzen dituzten herrien zerrenda guztia emanez gero.
Eta gauza bera gertatuko litzateke santuen zerrenda osatzera joko bagenu: Esteban, Lorentzo, Tiburtzio, Nikolas, Andra Mari, Salbatore... santuak eta herriko jai nagusiak, denak bat. Herri gutxi izango dira gurean bezala nahasten direnak egutegi kristaua eta festaren liturgia. Nafarroako Donamarian, Doneztebetik hurbil, herritar gehienak elkartuko dira bazkari herrikoian. Ondoren musika eta dantza, bertsolariak... izango dira eta mahai ingurukoa bukatutakoan, herritar guztiak erromerian joaten dira herri ondoan dagoen klausurako mojen komenturaino. Han, mojak zain-zain egongo dira, urtean zeharreko itxitura hausten duen tartearen irrikan. Trikitixa doinuetan, herritarrak kantuan eta dantzan, kalejira alaian sartuko dira komentu barruraino eta han, mojek urteko bisitarik jendetsuena pozez hartuko dute. Egun horretarako beren-berengi egindako opiltxoak prestatuta izango dituzte herritarrei emateko. Herritarrak salto, kantu, musu, uju eta dantza artean dauden artean, mojak koroan kantatzeko prestatu dituzten kantuekin hasiko dira, hori guztia egonleku txiki samar batean eta soilik mostradore moduko batek bereizten duelarik klausura eta festa. Ondoren, bertsolariek mojei kantatuko diete eta bueltan, kalejiran herrira itzuliko dira herriko taberna bakarrean festarekin jarraitzeko.
Erromeriak, erromesaldiak
San Joanetako suen inguruko jaien jatorria aurkitzeko, udako solstizioari hasiera ematen dion antzinako ospakizunetara eta erritoetara jo badezakegu ere, abuztuko jai eta ospakizunik gehienak egutegi kristauari erabat lotuta daude. Gaur egun ere, ugariak dira ermitetara eta gurutzetara egiten diren erromesaldiak. Esaterako, Arabako Pipaonen San Roketan egiten dena, kastañuela eta gaiten doinuetara. Bilboko Begoñako Amaren egunean ere, garaian garaiko alkateak ahal duen moduan agurra dantzatu behar izaten duen erromeria eguna edota, lakuntzarrek Aralarrera egiten duten erromesaldia, jatorria, "Lakuntzako pertza" izenez ezagutzen den kondairan duena; zenbait herritar astoa odolkiz eta txorizoz betetako lapikoarekin zamatuta igotzen dira, gainontzeko herritarrak atzetik doazela. Uztailean, Barkoxeko Madalenako ermitara ere erromesaldia egiten da. Gaztelugatxeko San Joanera hiru erromesaldi egiten dira uda garaian: San Joan bataiatzailearen egunean bermeotarrak dira ermitarainoko 231 eskailerak igotzen dituztenak, Inazio deunaren egunean, uztailaren 31n Arrietakoek hartzen dute lekukoa eta abuztuaren 29an, aldiz, bakiotarrek. Ernioko gurutzerako lau erromesaldietako lehenengoa abuztuko azken igandean izaten da eta milaka dira, gutxienez, Zelatungo zelaietara hurbiltzen direnak. Alta, han izaten den jan, edan eta dantza festaren ondoren, gutxiago izango dira gurutzeraino iritsiko direnak.
Eraldaketa
70eko eta 80ko hamarkadetan herrietako jaiek jauzi nabarmena egin zuten. Ordura arte festen nondik norakoa nagusiki eliza erakundeen eta botere politikoen esku egon bazen ere, poliki-poliki, kultur, gizarte eta herri mugimenduek gero eta indar handiagoa hartu zuten festen antolakuntzan. Lehenengo txosnen, rock kontzertuen, aldarrikapenen eta herritarren esku hartze zuzenagoen garaia zen. Horren adierazgarri da Bilboko Aste Nagusiaren sorrera. "Bilboko jaiak hutsalak ziren. Boxeo borrokaren bat, euskal dantza emanaldiren bat, meza.... abuztuan Bilbo hustu egiten zen, jende guztiak kanpora alde egiten zuen", azaltzen dute Bilboko konpartsetako kideek beren webgunean. "Halako batean, lehenengo udal demokratikoak jaien inguruko lehiaketa bat antolatu zuen. Txomin Barulloren proposamenak irabazi zuen eta, auzo elkarteen babesarekin, saria hitz hutsean ez geratzeko eskatu zuten, alegia, jaiak proposatu bezala egin egin behar zirela". Horrela, udalean jaiak antolatzeko batzordea osatu zen PSOEko eta HBko bi zinegotzi buru zirela. "Koadrilak eta elkarteak, konpartsetan egituratuta, jaien antolakuntzari ekin zioten. Alde Zaharrean eta Areatzan izan ziren lehenengo jai haiek eta ahantzezina izan zen. Sekulako giroa piztu zen, eta berehala zabaldu zen jai horien berri. Bilbon udan izaten zen exodoari buelta eman zitzaion, alegia, jendea hirira itzultzen hasi zen". Txosnak, jai egitarau herrikoia, partehartzailea, konpartsak jaien bultzatzaile nagusi eta festaren bihotza, guztientzat pentsatutako egitaraua... Bilboko Aste Nagusia jai herritarren eredu bikaina bihurtu zen, gaur egun dena bihurtzeraino.
Herriko jaien izaera aldatuz joan da denborarekin. Herri askotan udako jaiak kanpotarrak erakartzeko amutzat erabiltzen dituzte udal askok. Kasu askotan erabat merkantilizatu dira jaiak eta, garai batean herritarrek parte hartzen zuten festa batzordeak zeuden lekuan, gaur egun jai egitarauak osatzen eta antolatzen lan egiten duten enpresak daude. Gero eta gehiago dira katering bidez egiten diren herri bazkari eta afariak. Lehengo dantzaldiek indarra galdu dute, nola erromeriak hala berbenak, eta Dj formulak, esaterako, gorakada nabarmena izan du. Beste festa molde bat da. Pixkanaka-pixkanaka, 70eko hamarkadaren bukaeran eta 80ko hamarkadan arautu gabe zeuden hainbat espaziok eta kontzeptuk gero eta baldintza mugatuagoetara lotu beharra dute: ordutegiak, segurtasun arauak, osasun baldintzak, baimenak... Festa bere izaera basapiztiena galtzen ari dela esan al genezake?
Jai herrikoien eredua kolokan?
Maiatzean Iruñeko Peñek, Gasteizko Brusek, Bilboko Konpartsek eta Donostiako Piratek adierazpen bateratua egin zuten, kultur, gizarte, kirol eta arte munduko hainbat eragilerekin batera. Bilboko Konpartsen federazioko presidentea den Iñaki Uriartek eta aurtengo Aste Nagusiko txupinera Maite Perezek "Jai eta Herri kulturaren aldeko manifestua"ren berri eman zuten.
Bultzatzaileen arabera, manifestua Euskal Herriko jaien gainean dagokeen mehatxuen hausnarketa da. Horrez gain, "jaia bizia eta gizartea askea, osasuntsua eta sortzailea" izateko proposamenak egiten ditu.
Hainbat dira manifestu hau egitera bultzatu dituzten kezkak: Bilboko iragan inauterietan gertatutakoak, Iruñean txosnak jartzeko debekua, brusa koadrilen eta Gasteizko udalaren arteko tira-birak edota hainbat artistari ezartzen zaien zentsura bera. Hori dela eta "festaren berezko zentzua mantentzeko eta sustatzeko" asmoz osatu dute sei puntuz osatutako agiria. "Jaien merkantilizazioa, zentsura politikoa, ikuskizunaren alde eta pate hartzearen aurka egitea, dirulaguntzen murrizketa... kezkatzen gaituzten era horretako alderdiei aurre egiteko ekimena da", Iñaki Uriarteren hitzetan. Bere hitzetan, "gure ustez, festak ez du izan behar programa batean zerrendatutako ikuskizun andana hutsa. Hori baino gehiago izan behar du, eta, horregatik, jende guztiak parte hartu ahal izango duen jaien alde ari gara lanean".
Momentuz, manifestuak eragile ugariren babesa eta atxikimendua bildu du dagoeneko. Bilboko konpartsen webgunean bertan ere atxikimendua emateko aukera dago.
Jon Maia
Jakin dezagun nola ikusten den Euskal Herriko udako jai giroa kanpokoen begietatik.
1) Zein izan zen Euskal Herriak egin zizun lehenengo inpresioa?
2) Ezagutzen duzun Euskal Herriko jai giroan zerk bereganatu du zure arreta gehien?
3) Bereziki gustatu zaizun zerbait?
4) Eta bereziki gustatu ez zaizun zerbait?
5) Zure herrian ospatzen al da festarik? Zein desberdintasun ikusten dituzu hemengoekin alderatuta?
Dieti
«Gurean koadrila kontzepturik ez da»
St. Gullen (Suitza) Kantoiko Degersheim herrikoa. Han alemana da hizkuntza nagusia. Duela sei urte etorri zen lehenengo aldiz Euskal Herrira, lan kontuak zirela eta, udaberri batean. Berriz etorri behar izan zuen eta orduan Amaia ezagutu zuen. Handik gutxira, bertan geratzeko apustua egin zuen eta ondo atera zitzaion, orain Suitzan bizi badira ere.
1) Espainiarragoa espero nuen, Espainiari buruz nuen irudi tipikoa. Lehenengo aldiz ikusi nuenean, ordea, eskema hori hautsi zitzaidan: kostaldea, jende irekia, rollo ona...
2) Koadrilan ibiltze hori oso deigarria da niretzat, han ez dugu horrelakorik. Hemen jaia lagun taldean bizitzen duzue: planak, otorduak, poteoa... asko gustatzen zait hori. Jendea hemen nahastuagoa ibiltzen da, denak elkarrekin, kaleko bizitza handia dago.
3) Herriko jaietan denak berdin jantzita ibiltzea, arrantzalez, esaterako. Horrek jende guztia itxuraz berdindu egiten du eta herriari ere bestelako zaporea ematen dio, gure herrian hori ez da gertatzen. Horrez gain, txakolina edatea eta herri kirolak ikustea ere oso gustuko dut.
4) Eguraldi txarra, kar kar. Ingurumenean ere, zabor asko ikusten da. Eta politikan, zenbaitetan gaiaz hitz egitea saihesten dela ere nabaritu dut, alegia, tentsio hori ere badagoela.
5) Gurean bi eguneko azoka bat antolatzen dute. Jendeak jan eta edan egiten du, baina han ez dago jai egitaraurik, jendea biltzen da eta kitto. Han zozoagoak gara festarako, hemen adituak zarete festa antolatzen eta ospatzen.
Harry
«Goizaldeko 3etan txaranga parean pasa zenean, surrealista iruditu zitzaidan»
Ascot (Ingalaterra) Londres inguruko herri txiki batekoa da. Pride of Bilbaon iritsi zen Santurtzira. Duela 11 urte etorri zen lehenengo aldiz, Zarautza, Londresen ezagututako zarauztar batekin: 18 urte, 600 libra poltsikoan eta plastikozko poltsa batean mudak.
1) Ferryan nentorrela, porturatzen ari ginela kostaldea lainotua zegoen. Atzean, ordea, mendiak ikusten ziren, berdea... Espainiako paisaia espero nuen, lehorra. Hori da gogoratzen dudan lehenengo irudia. Beste oroitzapen bat Zarautzera iritsi nintzenekoa da: batetik harritu egin nintzen hain herri txikian hainbeste neska polit ikusteaz. Bestetik joan ginen lehenengo tabernan harritu egin nintzen jendea etxean bezala ikusita: egunkaria irakurtzen, partxisean... harrigarria.
2) Zarauzko Euskal Jaiak izan ziren ezagutu nituen lehenengoak. Baserritarrez jantzi ninduten eta abarka horiek jarri zizkidatenean ezin izango nuela tente egon uste nuen! Harrituta geratu nintzen tabernetan hainbeste jende ikusita. Ingalaterran gehienezko jende kopuru bat soilik sar daiteke. Kopuru horretatik behera hustu arte itxaron behar duzu sartzeko. Hemen ez dago mugarik, denak estu-estu! Bestalde, deigarria egin zitzaidan hain zerbeza txikiak edatea, tragoa kalean hartzea... Behin, goizaldeko hiruretan tragoarekin kalean nintzela txaranga pasa zen, atzetik jende piloa dantzan zekarrela. Zur eta lur geratu nintzen, surrealista iruditu zitzaidan, Woody Allenen film batekoa.
3) Barrakak, zaldiko maldikoak jartzearena-eta bitxia iruditzen zait. Han hori egiten dutenean jaiaren erdigunea izaten da, ez osagarria. Bestalde, hemengo kaleko giroa, koadrilak, gau guztirako denok dirua jartzea, elkarte gastronomikoak... jende desberdina batera ibiltzeko gaitasun hori gustatzen zait. Hemen dagoen konfiantza ere harrigarria da: jatekoa tabernetako barran eskueran, umeak libre eta gurasoekin parrandan gauera arte...
4) Jende pilaketa aipatuko nuke, askotan gehiegia da, tabernetan-eta. Zenbait ohitura ere basati samarrak iruditzen zaizkit, antzarekin egiten dutena eta hori guztia...
5) Gure herrian ez da festarik ospatzen. Beno bai, bada bat zaldi lasterketen bueltan egiten dena, emakume guztiak kapela barregarriak jantzita joaten diren jai famatu hori... baina bestela ez. Urtean eskolako festa bat ospatzen da, jolasak eta horrelakoak egiten dira, baina besterik ez.
Jon Maia
Herri eta hiri ertain eta handietako udako festetan buleria buleria eta antzeko udako kantuen erritmoak nagusi badira ere, bada beste festa zirkuitu bat non kantu latino horien artean euskal country musikak tarte handia hartzen duen. Oraindik ere musika zintetan saltzen den paraje bakanak badira. Eta euskal countrya izena ezarri diogun horri beharbada bi abizen gehitu behar genizkioke: Epelde eta Larrañaga.
Epelde eta Larrañaga gaur egungo euskal musikaren salmentetan top zerrendaren gailurreko postuetan daude. Biak ere aspaldi trikitian ala bertsotan herriz herri ari direnak dira eta, badirudi, urteak joan urteak etorri, beraien unerik gozoenean daudela. Elkarren ondoan izeneko lehendabiziko diskoarekin 5.000 ale saldu zituzten eta iazko Noiz arte bigarrenarekin 12.000 ale saltzea erdietsi zuten. Euskal giroko herri askotan, Kupela kupela dantzatuz pasa zen uda. Biak ere gaur egungo euskal musikan lortzen oso zailak diren zifrak dira. Udako agenda ere topera dute eta Euskal Herriko mendi arteko udako festen berri ondo aski dakite. Angel Larrañaga izan dugu solaskide. Solasgai, herri txikietako festak.
Altzo, Uztegi, Goiatz, Bidegain, Azkaine, Arano, Amezketa, Iturriotz, San Pelaio, Aia, Uharte, Atxondo... dira beste askoren artean Larrañagak aipatu dizkigun erromeria eta festa lekuetako batzuk. Gehienak aldapa eta sigi-saga ugariren ostean iritsi beharreko lekuak dira. Larrañagaren ustez, oro har herri txiki horietako jaien garairik txarrenak pasa dira, "herri askotan nabaritu dugu garai bateko baxualditik irteten ari direla, berriz ere jendea hurbiltzen ari dela". Izan ere, gazteak dira nagusiki beraiek taldearekin eskaintzen duten erromeriara hurbiltzen direnak. "Pozgarria da gure musikarekin hainbeste gazte jende plazan ikustea. Baxualdi luzean izan diren zenbait lekutara joan dira azkenaldian eta jendea erruz hurbildu dela ikusita, antolatzaileen esker ona ere jaso dute. "Azken urteetan herriko jaiek behera nola egiten zuten ikusi ondoren, gauzak behar bezala eskainiz gero, formularekin asmatuz gero, jendeak erantzun duela ikusi dute leku batean baino gehiagotan". Izan ere, herri txiki horietan festa giroa piztu dadin, ezinbestekotzat jotzen du Larrañagak antolatzaileen aldetik ahalegin bat egitea, jendea bildu dadin. "Gu izaten garen lekuetan herri bazkariak eta afariak izaten dira. Horiei esker herritarrek etxetik ateratzeko aitzakia dute, elkartzeko eta festa giroan elkarrekin egoteko formula ona da hori". Larrañagaren ustez, "Festa bizitzeko moduak eskaini behar zaizkio. behin hori lortuta askoz ere samurragoa da arratsalde ala gau aldera festa giroa lortzea". Epelde eta Larrañaga beren doinuekin ibiltzen diren lekuetako festa eredua ez dago orain dela 50 urteko eredutik urrun. «Herri kirolak, bertsolariak eta erromeria hor izaten dira gehienetan, orain tartean bestelakoak ere sartzen diren arren". Dena den, alderik handiena gizartearen eraldaketak ekarri du festa hauetara ere. "Garai batean gauza gutxi izaten zen, jendea festa goseak egoten zen eta auzoko denak hantxe elkartzen ziren". Orduan, ez zegoen batetik bestera mugitzeko gaur egun dagoen azpiegiturarik ere. "Urrategi, Arrate... Oinez joan eta etorri ohi ginen. Igual zapata kaxan oilasko errea sartu eta martxa! lehen festa gutxiago egiten zen urtean, ez zegoen hainbeste herrietara mugitzeko oraingo aukerarik ere eta herriko jaiak edo auzokoak zirenean hantxe, topera zukutzen genituen!". Gauza bat ba omen da gehiegi aldatu ez dena, orduan bezala orain ere "oso giro euskalduneko herriak dira gu joan ohi garen gehienak".
Gogoan ditu jai horietako batzuetan sortutako une bereziak ere, "iaz Aranon kalejira jotzen hasi ginen, tabernaz taberna, herriko kaleetan zehar. Pixkanaka, gazte jendea inguratu zitzaigun, azkenean talde handia elkartzeraino. Tabernetan nik ere bertso batzuk tartekatzen nituen eta sekulako festa giroa sortu zen. Gaur egun lortzen zaila den jai giro horietakoa izan zen".
Larrañagak ez du etorkizuna beltz ikusten. "Zenbait herritan gero eta gazte jende gehiago biltzen da, ikusten da gazteak maite dituela festa modu horiek". Horra hor, beraz, abuztuan jairik jai ibiltzeko beste giro bat, ezagutzen duenarentzat betikoa, ezagutzen ez duenarentzat, ordea, berria izan daitekeena.