Astekaria

 Zientzia eta teknologia 

Tximistak jota

Jakoba Errekondo

Jakoba Errekondo


1954. alea
2004-07-25
alde 0    kontra 0

Sua naturaren osagai garrantzitsua dela nioen aurrekoan. Bizirauteko landareen arteko etengabeko borroketan oreka harrigarriak ezartzen ditu. Lurralde epeletan badira ekosistema bereziak, zeintzuk urtero, biz behin edo tarte handiagoarekin suaren bisita behar dutenak.

Egunero zortzi bat milioi tximista zartatzen dira ludian. Ekaitz laino beltzen beheko barrenean karga elektriko negatiboak metatzen dira, honek lur azalean karga positiboak pilatzea dakar eta zuhaitza, laguna... dena delakoan gora abailtzea. Positibo-negatibo gorabehera honek airearen erresistentzia gainditzen duenean gertatzen da, zirt-zart deskarga. Suteak pizten ez dituzten tokietan ere triskantza ederrak utzita desagertzen dira, azkar ûsegundo ehunenekoan 50 milioi voltioko kargaû.

Zuhaitz garaiak dira tarrateko latz honen igurtzia gehien nozitzen dutenak. Punttako muturretik, ipurdirainoko bide osoa egin ohi du tximistak zuhaitzean. Hostajea, enborraren azala eta barruko egurra bera ere kiskali dezake bisitan, edo ezer gertatu ez balitz bezala gelditu.

Zauri hauen konpontzeko zartatu den egur guztia barrenago sano dagoen egurretik moztu behar da, osorik dagoen horretan zauria itxiko duen orbaina errazago osatuko baitu. Azaleko erredurak baldin baditu, erretakoa zorrotz kendu, izerdia garraiatzen jarraituko duen berderaino. Urtetan nabarmena izango da, tximistak jotakoa, baina bere onera etortzeko bidea erraztuko diogu.

Tximistak laguna, tximistak jotakoa edo ez, jotzen duenean buru hezurrean halako krakateko bat sumatzen omen du. Zuhaitzek non sumatzen ote dute? Landareek ez dute, ez, buru hezurrik behar, tximistak jotzeko...

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1953
 
azala1952

1954 zenbakia.
2004ko uztailaren 25a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza