Txillardegi: 75 urte


Datorren irailean beteko ditu Jose Luis Alvarez Enparantzak 75 urte, eta urteurren horren aitzakiaz hainbat jardunaldi eta ekintza antolatuko dira uda ondorenean. Gisakoa da hainbeste merezimendu pilatu duenari bizi den artean adieraztea gure omena eta esker ona, eta poztekoa omendua sasoian eta lanean ari dela ikustea; izan ere, bi liburu ateratzekoak ditu hurrengo asteotan: bata, Santa Klara gure uharte ezezaguna, Donostiako txoko horri buruzkoa, eta Euskararen aldeko borrokan, hizkuntzaren gaineko bere saiakera laburren bilduma.

Zurikeria inoiz maite izan ez duenari hagiografiak egiten ere ezin hasiko gara orain. Beraz, Txillardegiren ekarpen erraldoia laburtzeko inongo asmorik gabe, haren ibilbideko ideia nagusien errepasoa egiten aritu naiz, denboraren joanak ematen digun abantailaz balorazio txiki bat botatzeko.

Panoramika azkar batean, deigarria egiten da zenbateraino izan den Jose Luis intuizio-gizona. Etorkizunera argi ikusi, bidea markatu, eta bide horretan buru-belarri abiatu dena. Ez dago zalantzarik, bestalde, bide horrek goitik behera baldintzatu duela XX. mendearen bigarren erdia, eta horrenbestez baita gutako gehienon bizitza ere. Eztabaidagarria izan liteke, berriz, zenbateraino asmatu duen intuizio horietan guztietan.

Hasteko, aurrekariak izan bazituen ere, Txillardegiri zor diogu aberriaren funtsa hizkuntzan finkatzea. Arraza, foruak, ohiturak eta bestelako oinarriak erabili izan ziren ordura arte, eta berak argi bezain gogor defendatu zuen gaur bistako eta ukaezina iruditzen zaigun ikuspegia: euskararik gabe ez dagoela Euskal Herririk, ez borrokatzea merezi duen euskal aberririk. Era berean, euskara biziko bazen batasuna behar zuela lehen momentutik aldarrikatu zuen, eta horren alde jarri bere ahal guztiak. Historia ofizialak 68ko Arantzazu aipatzen du beti, baina ezin dugu ahaztu 64ko Baiona.

Txillardegiren sumari zor zaio, halaber, bere garaiko jelkideak egonean goxo zeudela eta halaxe iraungo zutela konstatatzea, eta frankismoari aurre egingo bazitzaion ez zegoela erbesteko Jaurlaritzaren eta Mendebaldeko aliatuen intxaurren zain gelditzerik. Horretan historiak arrazoia eman badio ere, ez zuen asmatu PNV, karlismoaren antzera, zaharkitua eta gainditua geratuko zela iragartzean. Profetak nahi baino epelxeagoa gertatu baita gure herri hau.

Txillardegiri disgustu gehien ekarri dion gaia »jelkideekiko edo batuaren etsaiekiko ahakarrek baino gehiago seguru asko, nolabait ere etxe barrukoa izan baitu istilua» ezkertiarrekiko edo estalinistekiko borroka luzea izango da. Sobiet Batasunak herri txikien kontra egindakoak salatu zituen behin eta berriz, eta sistema bera totalitarioa iruditzen zitzaion, giza askatasunaren aurkakoa edo. Gaur erraza dirudi jarrera horrek, baina lagunarte osoa marxista-leninistatik gorakoa zenean ez zen gozoa izango, ez zenez izango. Hala ere, egia osoa aitortzera, erantsi beharko dugu alternatiba abertzale sozialdemokrata bat egituratzeko saioetan porrot egin duela orain arte behintzat Alvarez kamaradak. Historiaren hurrengo bueltaren zain gelditu beharko.


ASTEKARIA
2004ko uztailaren 25a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude