![]() | Daniel Udalaitz2004-07-25 |
Mozkin netoak %10,3 gutxitzea, kredituzko inbertsioak %14,2 gehitzea eta Ekintza Sozialari egindako ekarpenak %4,5 gehitzea izan dira 2003ko ekitaldiko elementu garrantzitsuenak, Hego Euskal Herriko lau aurrezki-kutxa nagusiek ûBBK, KUTXA, VITAL eta CANû, Hego Euskal Herriko Aurrezki-Kutxen Federazioko (FCAVN) kide direnek, oraindik orain argitara eman dituzten datuen arabera. Hegoaldeko lau aurrezki-kutxen multzoak, 2003ko abenduaren 31ko egunez, 6.210 laguni ematen zien enplegua û6.074 laguni 2002anû, 959 bulegotan banatuta û940 bulego 2002anû.
Hegoaldeko lau aurrezki-kutxen mozkin gordinak, zergak ordaindu aurretikoak, 486,4 milioi euro izan ziren 2003an; hau da, aurreko urteko ekitaldian baino %10,1 gutxiago. Mozkin netoak, zergak ordaindu ondokoak, berriz, 463,3 milioi euro izan ziren. Beraz, %10,3 gutxitu ziren aurreko urtekoen aldean. Bestalde, federazioko aurrezki-kutxen balantze totala 39.108 eurokoa izan zen, 2002ko balantze itxiaren aldean 2.697 milioi euro gehiago. Hazkunde horren tasa %7,4koa izan zen, aurreko urtekoa baino handixeagoa.
Familiak, titular inbertitzaileenak
Hegoaldeko federazioko lau aurrezki-kutxek 2003. urtean izan zuten kredituzko inbertsioa 25.772,6 milioi eurokoa izan zen. Inbertsio hori aurreko urteko saldoa baino 3.210,9 milioi euro gehiagokoa izan zen, eta hazkundearen tasa %14,2koa aurreko urtekoaren aldean. Zergatik izan zuen eboluzio positibo eta goranzko hori kredituzko inbertsioak? Funtsean, bi arrazoigatik: batetik, interes-tasek behera egin zutelako, ûhorrek bezeroen zorpetzeko ahalbideak eta joera erraztu zituenû eta, bestetik, entitate horien espantsio-politikak, beren jatorrizko lurraldeetatik kanpora hedatu zirelako.
Kredituzko inbertsioaren hazkundearen osagaiak aztertzen baditugu, ohartuko gara sektore egoiliar pribatuari emandako kredituek izan dutela hazkunderik handiena, %14,7ko tasarekin û%14,6 2002an; %13,9 2001eanû. Era berean, sektore publikoaren kreditu-eskaera %7,1 hazi zen. Bilakaera horren ondorioz, azken urteotan, sektore pribatu egoiliarra gero eta pisu erlatibo handiagoa hartuz joan da kredituzko inbertsioen saldoaren barruan, eta, hala, 2001ean %96,8koa izatetik 2002an %97,1ekoa eta 2003an %97,3koa izatera pasatu da. Bestalde, sektore publikoa kredituzko inbertsioaren %2,29aren subjektua da, eta, azkenik, sektore ez egoiliarrak bereganatzen du gainerako %0,4a.
Sektore pribatu egoiliarrari emandako kredituzko inbertsioaren barruan, nabarmentzekoak dira berme errealeko maileguak, batik bat etxebizitza erostearekin erlazionatuak. Hauek sektore pribatuari emandako kreditu totalaren %74a izan ziren 2003an û%71 2002anû. Kredituen titularrak aztertzen baditugu, bistan da familiak direla sektore pribatu egoiliarraren kredituzko inbertsioaren %70,9aren titularrak. Zenbateko horren barruan, etxebizitzaren finantzazioak operazioen zenbatekoaren %57,7a hartzen du, eta kontsumoko modalitateak finantzatzera bideratutako maileguek, berriz, %4,9a. Bestalde, kredituzko operazioen bigarren kolektibo titularra, garrantziaren hurrenkeran, enpresa ez finantzarioena da, bolumen totalaren %28,1a hartzen baitu.
Kredituzko inbertsio-zorroa onartutako operazioen xedeen arabera banantzen badugu, etxebizitzaren erosketa eta eraikuntza dira oraindik ere sektore pribatuko kredituzko inbertsioaren xede garrantzizkoenak, totalaren %70,9a hartzen baitute. Ondotik doaz industria eta zerbitzuak, %12,6arekin, eta partikularrentzako maileguak, %9,6arekin.
Hego Euskal Herriko lau aurrezki-kutxek, FCAVN federazioko kide direnek, %4,5 gehitu zuten Ekintza Sozialerako inbertsioa beren ingurune geografiko hurbilenean. 2003. urtea itxitakoan, Hegoaldeko aurrezki-kutxa horien Ekintza Sozialeko Funtsak 390 milioi eurokoak ziren.
2003. urtean, Hegoaldeko lau aurrezki-kutxek 155 milioi euro bideratu zituzten sostengatzen dituzten jarduera sozialetan inbertitzeko eta haiek mantentzeko. Hegoaldeko aurrezki-kutxen funtzio soziala hainbat arlotakoa izan da: kulturarekin eta aisiarekin erlazionaturiko jarduerek baliakizunen %38,1a bereganatu dute -70,5 milioi euro-; asistentzia sozial eta sanitarioarekin erlazionaturiko arloak %38,4 jaso zuen -71,2 milioi euro-; hezkuntzaren eta ikerkuntzaren arloak %20,6a jaso zuen -38,2 milioi euroû; eta ondare historiko, artistiko eta naturalarekin erlazionaturiko arloak gainerako %2,9a bereganatu zuen û5,3 milioi euro-.
Hegoaldeko aurrezki-kutxen ekintza soziala hiru erakunde-ardatz handiren jiran egituratua dago: Ekintza Sozial Propioa, Elkarlaneko Ekintza Soziala eta Besteren Ekintza Soziala deritzona. Aurrezki-kutxa bakoitzak irizpide partikularizatuekin kudeatzen du aldaera horietako bakoitzaz egiten duen erabilera-maila. Ekintza Sozial Propioaren modalitatea, laburbilduz, haren barruan kokatzen diren jarduera eta ekimenen gestioa bakarka asumitzean datza, eta denetan erabiliena da. Garrantziaren hurrenkeran, Elkarlaneko Ekintza Sozialak du bigarren lekua.