Jakoba Errekondo
Sua naturaren osagai garrantzitsua dela nioen aurrekoan. Bizirauteko landareen arteko etengabeko borroketan oreka harrigarriak ezartzen ditu. Lurralde epeletan badira ekosistema bereziak, zeintzuk urtero, biz behin edo tarte handiagoarekin suaren bisita behar dutenak.
Egunero zortzi bat milioi tximista zartatzen dira ludian. Ekaitz laino beltzen beheko barrenean karga elektriko negatiboak metatzen dira, honek lur azalean karga positiboak pilatzea dakar eta zuhaitza, laguna... dena delakoan gora abailtzea. Positibo-negatibo gorabehera honek airearen erresistentzia gainditzen duenean gertatzen da, zirt-zart deskarga. Suteak pizten ez dituzten tokietan ere triskantza ederrak utzita desagertzen dira, azkar ûsegundo ehunenekoan 50 milioi voltioko kargaû.
Zuhaitz garaiak dira tarrateko latz honen igurtzia gehien nozitzen dutenak. Punttako muturretik, ipurdirainoko bide osoa egin ohi du tximistak zuhaitzean. Hostajea, enborraren azala eta barruko egurra bera ere kiskali dezake bisitan, edo ezer gertatu ez balitz bezala gelditu.
Zauri hauen konpontzeko zartatu den egur guztia barrenago sano dagoen egurretik moztu behar da, osorik dagoen horretan zauria itxiko duen orbaina errazago osatuko baitu. Azaleko erredurak baldin baditu, erretakoa zorrotz kendu, izerdia garraiatzen jarraituko duen berderaino. Urtetan nabarmena izango da, tximistak jotakoa, baina bere onera etortzeko bidea erraztuko diogu.
Tximistak laguna, tximistak jotakoa edo ez, jotzen duenean buru hezurrean halako krakateko bat sumatzen omen du. Zuhaitzek non sumatzen ote dute? Landareek ez dute, ez, buru hezurrik behar, tximistak jotzeko...
Jabier Agirre
Anorexia eta Bulimia Nerbiosoaren kontrako Elkarteak (ACABE) adierazi duenez, elikaduraren inguruko trastorno edo asalduak ûanorexia edo bulimia dira horien artean ezagunenak, baina ez bakarrakû gero eta gehiago ikusi eta tratatzen dira pertsona helduetan, 40 urtetik gorakoetan alegia, eta ez nerabe eta gazteetan bakarrik. Acabe-ko lehendakari Yolanda Azcaratek esan zuenez "elkartera jende gero eta adinekoagoa etortzen da", eta elikadurarekin zerikusia duten gaixotasunak tratatzeko baliabide ekonomiko eta ospitaleko instalazio espezifiko gehiago eskatu zituen.
Acabe elkarteak Bilboko Euskalduna Jauregian antolatutako Elikaduraren Asalduei buruzko III. Jardunaldian arreta berezia eskaini zitzaion emakumezkoen aldizkarietan nagusi den gorputz irudiari, eredu horrek zenbait adinetan eta behar bezalako orekarik ez duten adimen ahuleko pertsonetan eragin dezakeen kaltea izugarria delako.
Acabek uste du 12 urtetik 45era bitarteko 10.000 emakume inguru daudela Euskal Autonomia Erkidegoan elikadura portaeran asalduak dituztenak, adin horretako biztanleriaren % 2, alegia: Gipuzkoan 3.195, Bizkaian 5.448 eta Araban 1.424.
Elkarteak ohe bereziak eskatu ditu ospitaleetara jotzen duten gaixo horientzako. Baita jarduera-protokolo berezia eta pertsonal trebatua; ospitaletik kanpora zaindu daitezkeenentzat tratamendu anbulatorioa; eta diziplina anitzeko taldeak, elkarrekin koordinatuta lan egingo dutenak. Gainera, kasu kronikoentzat beharrezko jo zituzten tutoretzapeko etxebizitzak.
Joxerra Aizpurua
Pestizidak Frantziako uretan
Frantziako Ingurumen Institutuak (IFEN) atera berri duen txostenean agertzen denez, Frantziako lurrazaleko uren %75 eta lurrazpiko uren %57 daude kutsatuta. Azken txosten honetan 2002. urtean egindako hainbat neurketen berri ematen da. 5.143 neurketa egin ziren, horietatik 1.462 lurrazalean eta 3.681 lur azpian eta guztira ia 400 substantzia topatu ziren.
Txosten honetan argi geratzen da lurrazaleko urak lurrazpikoak baino poluituagoak daudela eta gehien topatutako poluitzaileak herbizidak eta triazinak direla.
Edateko ura hartzen den guneetan poluitzaile gutxi aurkitu da: 3.441 gune kontrolatu ziren eta horietatik %74 tratamendu berezirik gabekoak ziren, baina 14 iturritan baino ez ziren poluitzaileen arrastoak azaldu.
2001ean Frantziako populazioaren %5ak, urtean behin gutxienez, edan du 0,1 mikrogramo pestizida litroko duen ura. Gogoratu beharra dago 1993an frantziarren %20 izan zirela arestiko baldintzetan bizi izan zirenak.
Oro har, pestizidek poluitutako uren kantitatea egonkor mantentzen da. Ez da hobera egin, nahiz eta Europako Epaitegiak Frantzia kondenatu zuen Bretainian edateko ura ez ziurtatzeagatik.
Frantziak dituen hainbat koloniatan egoera are okerragoa da. Adibidez, Martinikan eta Guadalupen orain 10 urte debekatutako pestizidak erabiltzen ari dira.
Cassini Saturno arakatzen
Orain zazpi urte espazioratu zuten Cassini espaziontzia eta ordutik gaurdaino bilioi bat kilometro pasatsu egin ditu Saturnoren ingurura heldu arte. Kontrolatzaileen arabera, Cassini ongi dago eta tresneriak ongi erantzuten ditu emandako aginduak. Une honetan Saturnoko eraztunak, lainoak eta sateliteak behatzen ari da eta sateliteen artean Titan da interes handienetakoa sortzen duena.
Titanen inguruko interesa abenduan Huygens deituriko azpi-zunda europarra askatuko duelako piztu da. Zunda honek Titanen gainean lurrartuko du eta hori egin aurretik hainbat datu hartu nahi dira ûtenperatura, atmosfera-konposizioa eta abarû, gerta daitekeen edozein arazori aurre hartzeko.
Uztailaren 5 eta 11 artean eguzkia Lurraren eta Cassiniren artean kokatu zen eta komunikazioa asko zaildu zen, baina Cassiniren automatismoek ongi funtzionatu zuten programatutakoari kasu eginez. Saturnoko grabitatean sartzeko oso eragiketa berezi bezain arrakastatsua burutu zuen Cassinik, abiadura gutxitu eta pixkanaka biratzen joan baitzen Saturnoko orbita hartu arte. Horrela, energia asko aurreztu zen.
Titaneko lurrazalari buruzko datu harrigarriak lortu dira jada. Leku ilunetan ziurrenik ur izoztua egongo den bitartean, leku distiratsuetan hidrokarburoak egongo dira, uste zenaren aurkakoa, hain zuzen.