Jon Gurrutxaga
Duela hamabi urte sortu zen Akauzazte talde azkoitiarra eta orduz geroztik hiru disko argitaratu ditu. Estrainekoa, Ur gardenak, garai bateko Esan Ozenki diskoetxeak kaleratu zuen eta ondorengo biak taldeak berak ekoitzi ditu. Azken lana, hain zuzen ere, azkoitiarrek Carlos Desastrerekin batera sortutako Asociación de Sueños Ilimitada zigiluarekin karrikaratu dute. Aspalditik Azkoitian bizi den artista andaluziarra da Carlos Desastre. Zigilu berrian 713avo Amor, El Corsal Desastre, Después de Nunca eta Autoa proiektuen lanak ere aurki daitezke. "Akauzazten, batez ere, Joxe da proiektu horretan murgildu dena. Norberaren produktuen kontrola eramateko bide bat da", diosku Arra bateria joleak. Zigilu berriarekin argitaratzeak talde azkoitiarrari bere lanarekiko hurbiltasuna eskaini dio. "Gure diskoekin dugun harremanak ahalik eta jarraipen luzeena izatea nahi genuen, guk egiten badugu diskoa, saldu ere guk egitea... Joxe izan da Carlosekin proiektu horretan murgildu dena eta guretzat gozamena da bertan argitaratzea gure lana", aitortzen du Roge gitarrajoleak.
Sortu zenetik taldeak hainbat formazio izan ditu, eszenatoki gainean zortzi ere izatera iritsi dira. Gaur egun, hasieratik taldean dauden hiru partaidek osatzen dute banda: Roge Astigarraga (gitarra, teklatua eta ahotsak), Iker Arrazola (bateria) eta Joxe Larrañaga (baxua eta ahotsak). "Taldea zuzenekoetan joan zen osatzen, izan ere, lehenengo grabaketetan, adibidez, kanta batean bi kidek hartzen zuten parte, beste batean lauk... beraz, zuzenekoan osatu zen taldea", diosku Arra taldeko bateriak. Lehen zuzenekoetarako bi bateria, perkusioa, bi gitarra, baxua... mugitzen zituzten. Orain, berriz, hiru bakarrik dira taula gainean eta hori erronka da taldekideentzat. Gainera, aurreko lanekin baino maiztasun handiagoarekin dihardute orain zuzenean, hiru kide koordinatzea zortzi elkartzea baino errazagoa delako agian.
Lan entzungarriagoa
X diskoa lan berria baino askoz ere konpaktuagoa dela uste dute taldekideek: "X lanean soinuari dagokionez kantek askoz ere lotura zuzenagoa dute. Giroa batuagoa da. Oso proiektu beltza zen, eta hain zuzen ere, horregatik da hain disko laburra, entzuteko oso gogorra zela iruditu zitzaigulako". Garai hartarako Azalberritan osatuko zuten abesti gehienen bizkarrezurra egina zuten. Bestalde, Ur gardenak lana agian nahi bezain borobil ez eta kanta gehiegirekin kaleratu zuten inpresioak bultzatuta, kanta horiek beste lan batean biltzea pentsatu zuten: "Horrela, gure lana bi zatitan kaleratzea otu zitzaigun. Alde batetik, X, intentsu samarra eta giro batean zentratua; eta bestetik, Azalberritan, batasun hori mantentzeaz gain, akustika ezberdinak biltzen dituena eta entzungarriagoa.
Matadeixe
Urte guztiotan lokala, Azkoitiko Matadeixen kokatua, eta lan egiteko era izan dira Akauzazteren ezaugarri nagusiak. Betidanik beraiek grabatu dituzte lanak, hasieran lau pista batekin, gero zortzi pistako mahai digital batekin eta gaur egun ordenagailuarekin. "Hasieratik gaude Matadeixen eta horrek aukerak eskaini dizkigu; lokalak, espazioak eta lagunek gauza asko eman diote taldearen izaerari", onartzen du Rogek. Matadeixe animalien hiltokia zen garai batean eta bertan biltzen dira herriko musika talde gehienak 1983az geroztik. Kontzertuak, antzerkia, zine foruma... hainbat dira bertan antolatzen diren ekitaldiak.
Konposizio prozesua grabaketetan oinarritzen du Akauzazte taldeak eta askotan grabatutako ideia solteek ematen diote kantak sortzeko parada. "Jendeak abestiak entseatu eta ongi irteten direnean grabatzen ditu, guk guztiz alderantziz egiten dugu lan, estudioan abestia egina dagoenean planteatzen dugu ea zuzenekora eraman dezakegun ala ez", azaltzen du Rogek. Azalberritan, beraz, lokalean bertan grabatu dute azkoitiarrek. Ekoizpena, berriz, Angeluko Amanita estudioan burutu dute Xabi Erkizia eta Stephan Krieger-en eskutik. "Aurrenahasketa guk geuk egin genuen, baina lanak belarri freskoak behar zituela pentsatu genuen", diosku Arrak.
Diseinu aldetik asko zaindu dute azkoitiarrek lan berria. Diskoa ez dute ohiko plastikozko kaxan argitaratu eta azkenaldian askok egin duen hautua egin dute: kartoizko formatua, digipack-a. CDarekin batera, hitzak eta hainbat marrazki biltzen dituen liburuxka plazaratu dute. "Itxura aldetik ere sendotasuna eman nahi izan diogu lanari. Gainera, gaur egun pirateorako dauden erraztasunak kontuan izanik salmentarekiko erakargarri izatea ere nahi genuen", diosku Rogek. Taldekideen aburuz, beti arduratu dira diseinua zaintzen, Ur gardenak ere kartoizko formatuan argitaratu zuten eta 1995. urteko maketa kontserba lata baten barruan karrikaratu zuten. Lan hori laster birkaleratzeko asmoa dute, Berako Gutariko Bat taldearen eta Gutural taldearen grabazioekin batera.
Joxe Mari Ostolaza
Dirudi Tourreko txirrindularien aurkezpen orria. Taldeak, markak, txirrindulari bakoitza modelo. Neur litekeen ororen berri dakar txukun-txukun: garaiera, pisua, gantz ehuneko zenbatekoa, bihotzaren pareten zabalera, odolaren zirkulazioaren emaria, biriken oxigenoaren bolumena litrotan, bere kontsumoa esfortzu kontrolatuan eta abar. Eta har daitezke baten eta bestearen ezaugarriak eta alderatu. Nor den egokiago ordekan eta nor malkarretan. Nork zenbat potentzia garatu lezakeen han eta hemen. Aldez aurretik, egin beharreko ibilbidea garaiz ezagutua denez, prestakuntza ere planifikatu liteke propio, kontutan hartuta egun eguraldiaren berri ere aski zehatza izaten dela, eta gutxi gora behera euriak, hotzak, eta tropel saldoetan helmugaratzeak lehen asteko kontuak direla, hegoalderantz egiteaz bat atzean uzten direnak. Bigarren astetik goiti, beroak eta txikizioak bortuetan, tropela otoitzik gabeko errosario bilakatuz. Otoitzetan, kotxeetakoak. Bukaerako erlojua kontra, potentzia handikoen akelarrea ordurako kulataren junta erre ez dutenen froga. Laborategiak estrategia-gune, bertan erabakiko dira bakoitzaren zereginak zehatz, fisiologoaren ordenagailuaren emaitzen interpretazioa oinarri. Etaparen bat aukeratu halakoentzat, mendiko saria beste honentzat, talde sailkapena, eta bildutako informazioak ahalbidetuko balu, honekin Pariseko podiumaren bila goaz. Ez dira etxetik abiatu baina jada helburuak zehaztu ditzakete eta ikuskatu emaitzak.
Honetaraino, garbi. Baina zer gertatzen da nekearekin? Zerk betetzen du txirrindularia laborategiko emaitzek oraindik indarrak ezin izan zaizkiola ahitu erakusten dutenean? Zer agindu, ezinak jota dagoenean? Kotxetan argi da, depositua ez bada hustu, kapota ireki eta zirkuitu elektrikoa, elektronikoa, mekanikoa aztertzen hasi. Han edo hemen, nonbaiten aurkituko diogu pana, matxura. Ondoren antolatzearena besterik da, baina porrotaren arrazoia ezagutzearena dakien batentzat posible da. Jakina, kotxeak ez du sentitzen. Ez du pentsatzen. Ibiltzen da baina ez du bizitzen ibilitakoa. Pot egin duen txirrindulariak, non du kapota? Eta bateria? Jakin liteke bere gogoaren nolakoa, zenbatekoa? Prestagarria al da gizakiaren gogoa? Sendagileak birusa eta psikosomatiko gaitzak nola, prestatzaileek psikologia dute ezagutza ezaren esplikazioa, zakarrontzia. Nola neur diezaiokete kirolariari bere adimena? Nola prestatu kirolariaren adimena, bere burua garatu dadin bihotza, giharrak, hezurrak, odol zirkulazioa, oxigenoaren garraiatze bikainaz batera? Parte hartu izan dudan kirol ikastaldi berezi guztietan alboratzen diren galderak ditugu horiek, eta onartu izan direnean, propio espezialistaren bati lekua egin izan zaiolako, eta irabazle sena eta galtzaile izana topikotatik harago fundamentuzko ezer gutxi entzun izan dugu. Genetan dakargula dirudi. Non daukagun kokatuta eta nola funtzionatzen duen bageneki, dagoeneko EPOaren antzekoak goxokiak baino ugariagoak ekoiztu, eta marketingaren beharrik gabe komertzializatuak izango lirateke.
Onintza Irureta
Augustin Zubikarai ondarrutar idazlea joan den uztailaren 12an zendu zen, tronbosiak jota hiru urtez gaixo egon ondoren. 89 urte zituela hil den Zubikaraik lan itzela egin du 19 urte zituenez geroztik; antzerkiak eman badio ere osperik handiena, poesia, narratiba, kazetaritza eta itzulpengintza alorretan ere lan oparoa egin du. Ondarroa, bere herria, ez zeukan saltzeko; ezta kresal usaina ahazteko ere. Amesti, Itxas-ertz, Artibai edo Ibai-ondo ûhauek ziren erabiltzen zituen ezizenetako batzukû oso gaztetatik erakarri zuen euskarak, herriko jakituriak eta euskal kulturak. Kazetari lanetan ere aritu zen eta aldizkarien sortzaile, bultzatzaile eta partaide izan zen. 50 liburu idatzi zituen, poesiari, kronikari, hizkuntzalaritzari, ipuingintzari, nobelari, autobiografiari tokia eginez.
guztia irakurri
Izaskun Jauregi
Soinujolearen semea Bernardo Atxagaren liburuak arrakasta handia izan du: hiru edizio daude kalean eta hainbat sari eskuratu ditu. Irailean gaztelaniaz eta katalanez argitaratuko da. ARGIAk datorren astean liburuan sartu gabe geratu zen ipuinetako bat eskainiko dio bere irakurleari: Teresaren istorioaren jarraipena.
guztia irakurri
Hasier Etxeberria / David De Jorge
Osagaiak:
4 atun solomo lodi, hezur eta azalik gabe, 220 g bakoitzak
Ximiko bat irin
6 tipula, zerrenda mehetan moztuak
4 baratxuri ale
Oliba olioa
Xorta bat ardo zuri
Gatza
Kazola batean oliba olioa isuri, tipulak gaineratu, gatza eman eta su eztitan edukiko dugu guztia, 45 bat minutuan, barazkia gorritu eta xamur geratu arte. Irinetan igurtziko ditugu atun puskak, soberakina erretiratuz. Sutan jarriko dugu ondoren padera bat, xorta bat olioarekin. Atun puskak ipini eta, erretzen utzi gabe, bizpahiru minutuan ûlodieraren araberaû utziko ditugu txigortzen. Xukadera batez irauliko ditugu aldiro-aldiro, azal gorri kurruxkariaren barruan haragi gorrixka bezain mamitsua gorde dadin. Ez dakigula arraina lehortu. Atera eta paper-orri baten gainean xukatuko dugu.
Arraina tipula saltsa beroa dagoen kazolan lerratu eta, xorta bat ardo zuri erantsi ondoren, su eztitan edukiko dugu berotzen. Pausatzen utzi eta mahaira.
Pilar Iparragirre
Zientzia eta espioitza uztartu dituzu. Arrazoiak?
Gaztetxoa nintzela Asimoven liburu batean irakurri nuen Sokrates akabatu behar genuela. Zera zioen Asimovek: zer lerdokeria den ezjakintasuna jakinduria gisa aldarrikatzea. Askotan zientzia zerbait abstraktoa, errealitatearekin zerikusi handirik ez daukana balitz bezala saltzen zaigu; eta ez gutxitan aipatu izan didate zer alde omen dagoen literatura eta zientziaren artean. Baina ni oso gaztetxo nintzela maitemindu nintzen zientziarekin, eta ez hainbeste eskolan irakatsitakoengatik, baizik eta Asimov, Verne eta horien liburuek erakutsi zidatelako zer grina, zer poesia egon zitekeen zientziaren barruan. Bestetik, asko erakarri izan naute intrigazko nobelek, bidaia baten modukoak direlako.
Eta zer azaltzen duzu nobelan?
Badira historian hainbat garai miresgarri ûGrezia klasikoa, Errenazimendua...û, eta horietan, dudarik gabe, XX. mendeko fisikaren historia dago. Liluragarria eta tragikoa da era berean zenbat lorpen eta iraultza egin zituen fisikak eta zer tragedia bizi izan zuen II. Mundu Gerra ondoko bonbekin. Zeren militarrak ez dira kezkatzen, horiek egin beharrekoa egin eta kito, baina zientzialariek oso errudun sentitu ziren, eta nik pixka bat hausnartu nahi izan dut horrelako zerbait errepikatuko balitz ea zer demontre gertatuko zen.
Donostiako International Physics Center-aren papera?
Errealitate ukituak behar nituen nobelan, eta beldurrez bada ere, sinesgarritasunaren mesedetan benetako lekuak eta pertsonaiak sartu nituen.
Pilar Iparragirre
Fitola balba, karkupi tui
Jon Gerediaga
Pamiela
102 orrialde
13,20 euro
Jon Gerediagaren olerkiak
Bizitzaren militante baten olerkiak dira Jon Gerediagaren lehen liburu honetan azaltzen direnak. 2000. urteko neguan oso bizipen gogorrak bizi behar izan zituen poetak. Krisi pertsonala, fisikoa eta emozionala eduki zuen. Eta zulo hartatik ateratakoan idatzitako poemak dira Fitola balba, karpuki tui-n eskaintzen dituenak. Bi ataletan banaturik daude. Behea jo zuenean, olerkariak ez zuen bizitzeko arrazoirik aurkitzen, eta hori islatu du Eddy Brickellen hitz batzuekin hasiera ematen zaion lehendabiziko atalean. Ate asko itxi zitzaizkiola iruditu zitzaion 2002ko orduko hartan olerkariari, baina gero, zulotik gora egindakoan, beste hainbeste irekitzen zitzaizkola ohartu zen, eta horixe azaltzen du Bob Marleyren testu batekin hasten den bigarren atalean.
Nora eta laugarren Errege Magoa
Alfredo Gómez Cerdá
Ibaizabal
71 orrialde
7,45 euro
Haur txiroak gogoan izaten dituen Errege Magoa
Edurne Otaegik euskaratu du Alfredo Gómez Cerdák bost urtetik aurrerako haurrentzat sortutako istorio hau. Marrazkiak, berriz, Xan López Domínguezek eginak izan dira. Sei urte eta erdi ditu orain kontakizuneko protagonistak. Aurreko urtean bost opari eskatu zizkien Errege Magoei. Bere neba txikiak ere beste hainbeste opari eskatu zituen, baina ez bati, ez besteari ez zizkioten hiru opari baino utzi. Neba-arrebek horren arrazoia jakin nahi dute. Beraz, aurtengoan esna gelditu eta Errege Magoei galdetzea erabaki dute. Errege Magoek, ordea, eskatutako opari guztiak utzi dizkiete oraingoan. Nola hasiko dira ezeren galdezka? Baina orduan laugarren Errege Magoa etxean sartzen ikusi dute. Hari bai galdetuko diotela!
George L. Steer. Gernikan izan zen kazetaria
Edorta Jimenez
Txalaparta
55 orrialde
10 euro
Hamabi urtetik aurrerakoentzat
1909an Hego Afrikako Errepublikan jaiotako George L. Steer kazetariari esker jakin ahal izan zuen munduak 1937ko apirilaren 26an Gernikak jasan zuen bonbardaketaren egia. "Gernika faxistek bonbardatu dute" idatzi zuen Londreseko The Times egunkarian, bere begiekin ikusitako suntsiketa agertzeko orduan. Eta haren bizitzaren gainean irakurle gazteentzat idatzitako liburua da Edorta Jimenezen George L. Steer. Gernikan izan zen kazetaria. XX. mende hasierako Hego Afrikaren deskribapena, George L. Steer 1935ean Abisiniara iritsi eta Mussoliniren armadak eragindako gerra zela-eta bertan ikusi ahal izan zituen gertakizun ankerrak, 1936an Espaniako II. Errepublikaren aurka frankistek hasitako gerra, Bilbo bonben erasopean, Gernika sutan, Birmania...
Egan
Batzuen artean
Euskalerriaren adiskideen elkarteko boletina
294 orrialde
18 euro
Eraginak Arestiren poetikan
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak kaleratzen duen Egan aldizkariaren azkenengo zenbakiak Jose Agerreren olerkigintza, 2003ko euskal literaturako sorkuntzak argitara emandako liburuen zerrenda eta Miren Billelabeitiak euskaratutako Bertolt Brechten Gaileoren bizitza drama plazaratu ditu. Horrez gain, honako gai hauek aztertu dituzte: Gabriel Arestiren poetikan aurki daitezkeen hainbat eragin, Xabier Leteren Izarren hautsa, A. Kardaberazi eta J. A. Mogeli dagokienez literatur bizkaieraren lehen uneak testuen argitan, Pako Aristiren Libreta horiko poemak, Xabier Montoiaren Denboraren izerdia, Gerardo Markuletaren Batak ez du bestea kentzen, Ur Apalategiren Gure gauzak S.A. eta Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea.
Maíto Panduro
Gonzalo Moure
Ibaizabal
103 orrialde
8,65 euro
Mutiko ijito baten bizitzako gorabeherak
Jose Antonio Sarasolak euskaratu du 2001. urtean XII. Ala Delta Haur Literatur Lehiaketa irabazi zuen Gonzalo Moureren Maíto Panduro eleberria. Mutiko ijito baten bizitzako gorabeherak azaltzen ditu bertan. Ilargirik gabeko gau bat bezalako ilea duen mutiko hori Seseña la Cuevan bizi zen, txabola-auzune batean, aita Duesoko espetxera eraman ziotenean. Zazpi anai-arrebek osatutako familia luze batean hirugarrena izaki, Seseñako eskolara joaten zen, hango jantokia oso gustukoa zuelako. Gainera, Maítok oso gogoko zuen Susana maistra ere, hori etxeko inori aitortu ez bazion ere, Susana beraz arduratzen zelako eta aitari idazten eta marrazkiak bidaltzen irakatsi ziolako.
Haur zeru-lurtarra
Pello Añorga, Jokin Mitxelena
Elkar
36 orrialde / 5,85 euro
Argia eta Iluna maitemindu zirenean gertatua
Pello Añorgak sortu eta Jokin Mitxelenak marraztutako istorio honetan, bakar-bakarrik zegoen Argia zeruan, eta bakar-bakarrik Iluna lurrean. Ahalik eta maitemindu egin ziren arte. Hainbeste maite zutenez elkar, haur eder bat sortu zuten. Haur horri Arginabarra deitu zion Argiak, Ilunabarra, berriz, Ilunak. Eta kulun-kulunkan hasi ziren jolasten hirurak pozik elkarrekin. Baina halako batean, haurra galdu egin zen, eta larritu egin zen aita eta larritu ama. Nora joan ote zen haur zeru-lurtarra?.
Gloria Mundi
Fernando Morillo
Elkar
232 orrialde
14,75 euro
Augustin Zubikarai nobela laburren saria
Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatu ohi duten Augustin Zubikarai Nobela Laburrentzako Sariaren irabazle aurtengoan Fernando Morilloren Gloria Mundi izan da, Iñaki Irasizabalen Burua txoriz beterik lanarekin erdibana. Zientzia eta espioitza uztartzen dituen narrazioa dugu Fernando Morilloren hauxe. Hiroshima eta Nagasaki suntsituko zituen lehergailu atomikoa sortzen aritutako fisiko gehienak errudun eta erantzule sentitu ziren eman zitzaien erabilera militarrarengatik, eta, hain zuzen ere, sentimendu horietan sakondu nahi izan du idazle azpeitiarrak Gloria Mundi nobelan, hausnartzeko zer gertatuko litzatekeen mende erdi geroago halako aurkikuntza guztiz arriskutsu bat egin izango balute. Mireia Elosegi Donostiako International Physics Center-eko fisikari gazte bat izango da aurkikuntza horren egilea. Isilean egiten du lan, baina ez berak uste bezain sekretuan, eta biziarekin ordaindu beharko du bere arrakasta. Hala ere, hil aurretik lortuko du bere aurkikuntzaren berri kazetaria den bere mutil-lagun ohiari ematea, eta gazte hori guztiz ahaleginduko da fisikariaren hilketa argitzen.
Josu Iztueta
Duela urtebete, uda partean, Munichetik pasatu nintzen. Tirol eta Esloveniarako bidean, egun pare bat egin nituen Bavariako hiriburuan. Aldez aurretik prestatutako biajea zenez, noiz iritsi, non akanpatu eta nortzuk gindoazen bagenekien lau aste lehenagotik. Abuztu hartan ez nuen pentsatu ere egiten sei hilabete beranduago, negu sasoian, han izango nintzenik eta neguan ez nuen imajinatzen berriro hara joateko aukera sortuko zitzaidanik. Orain hemen egonda, bihar non egongo naizen ez jakiteak badu xarma berezi bat, eta horren ondorioa da, dudarik gabe, Alemaniako hiri ezagun honetara bueltatu izana. Garagardoa gustukoa banu, Munichera behin eta berriro etortzeko arrazoia hori litzateke, baina zerbeza gustatzen ez zaidanez susmo horiek baztertuak geratzen dira.
Willkommen. Danke schon
(Ongi Etorri. Eskerrik asko)
Lagun batek deitu eta asmoaren berri eman zidan: "Hi Josu, Munichera joateko gonbidapen bat jaso diagu eta gauza batzuk eraman beharra zeuzkeagu. Gu hegazkinez goaztik, baina gure hango egonak ez dik zentzurik hemendik hara gauza batzuk eramaten ez badizkiagu...!".
Pasai Donibaneko Albaola Elkartetik telefonoz dei egin zidana Xabier laguna zen, euren ontziola tradizionalean konpontzeko daukaten Maribeltz txalupa zaharra itsasotik 1.500 kilometrora eraman beharra zegoen, harekin batera arrantzarako sare zahar batzuk ere bai. Harri-jasotzailearen harriak astunegiak dira abioiz bidaltzeko, aizkolariak moztu beharreko enborrak hobe etxetik eramatea..., kontua da, tratua egin ondoren, itsas ondarearen zati bat, harrobi puska izandako lau harritzar eta Irati basoko hiru pago egurrek osatutako kargamenduarekin abiatu nintzela Europa erdialdera.
Berrogei urte dituztenen bueltan dago batxilerrean "frantsesa" ikasitako eta "ingelesa" emandakoen arteko muga. Frantsesez moldatzeko beste ikasi genuenok gerora ingelesez defendatzeko ahaleginen bat edo beste egin izan dugu. Alderantzizkoa ez dirudi hainbeste gertatzen ari denik. Adin batetik gorakoen artean, ama hizkuntza euskara, eskolakoa gaztelania ûedo frantsesa Iparraldeanû eta beste bi atzerritar hizkuntzatan erdipurdi komunikatzeko jende dezente izango da Euskal Herrian. Alemana zekitenak berriz, berrogei urtetik gorakoen artean, jesuita izandakoak dira gehienak eta industriara hurbildutakoak gutxi batzuk ûizango ziren, noski, arrazoi gehiago alemaniar hizkuntza ikastekoû. Egun, berriz, mordoxka izango da alemana ikasten ari dena. Azken urtetan zientoka ikasle mugitzen da batetik bestera, ikasketak burutzeko bidean atzerritar herrialderen bat aukeratzen dute. Nork ez du ezagutzen ERASMUS beka batekin joandako norbait? eta beka horietako batekin joan eta bertan geratutako norbait?
Bakarren batek ORGASMUS izenez ere bataiatu ditu beka hauek... seme-alabak atzerrira zihoaztela eta pozik agertzen ziren hainbat guraso orain triste antzera sumatzen ditut. Ustez ondo hazi eta hezitako familia gertu sentitu nahi izatea normala baita!... Enfin, batetik bestera askotxo ibili arren, alemanez ez dut tutik ikasi eta belarrira ulertezina egiten zait gainera. Alemania eta Austria osoan ez ezik, Suitzako parte batean ere mintzatzen dira alemanez, baina inguru horietan beharrean aurkitu naizenen aldiro, beste hizkuntza batez baliatu izan naiz elkar ulertzeko: ingelesez, frantsesez, gaztelaniaz eta oraingoan euskaraz ere bai.
Euskal Herriko erakusleihoa
Uztailaren lehen egunetan, interesa pizten duen zerbait baldin badago, horiek Sanferminak dira. Nafarroako hiriburuko entzierroak mundu zabalean dira ezagunak, irudi esportagarria da zezenen aurretik korrika ibiltzea. Goizeko zortziak ondorengo bizpahiru minututan, protagonista bihurtzen dira ordura arteko animalia anonimoak ûberaiek ez dute jakitenû. Atzerritar korrikalariak eta etxekoak egunkarietan agertzea ere normala da ûustekabeko protagonismoa izan dezaketela badakiten arrenû. Betiko nafar kastakoa eta turista despistatuaren artean zezen adar zorrotzak ez du bereizketarik egiten. Neu ere ez naiz hemen hasiko zer den Euskal Herrikoa eta zer Euskadikoa bereizten, baina garbi gera dadila Alemaniara zezenik ez dugula eraman!
Municheko Vökerkundemuseum-eko Künstler Galeria zen zitaleku nagusia eta hara iritsi ginen gure furgoneta eta erremolkearekin. Egun batzuk lehenago Kepa Junkera eta bere taldea beste areto batean egona zen, gastronomia ikastaro-erakustaldia eman zuen Gorka Txapartegik Hotel Hiltonen, Daniel Kalparsoro zinemagileak berriz, bere pelikuletako bat aurkeztu zuen publiko aurrean.
Zer iritzi ote dute alemaniarrek Euskal Herriarekiko? Jakingo ote dute zer garen? Ba ote dakite zehatz-mehatz non dugun bizilekua? Eta zenbat garen? Eta zer egiten dugun? Eta nola dibertitzen garen? Abestiak zioen bezala zaila da zer garen, nor garen aitortzea. Errazagoa dirudi gure estereotipoak erakustea eta horien bidez gauzak azaltzea. Hori maila kolektiboan nahiz pertsonalean gertatu ohi zaigu.
Municheko erakusleihoan, Mieltxo Saralegiren indarrak harridura sortu du, Dani Vicenteren aizkoraren prezisioak aldiz, beldurra. Arriaga markinarra, Blanka gasteiztarra eta Rosita û82 urteû sanjuandarraren esku zailduek xamurtasuna erakutsi dute, pilotarako xisterak egiten lehenak, buztinezko ontziei forma ematen bigarrenak eta sareak konpontzen azkenak. Beste txoko batean, arrantzalez jantzita, Albaolako Xabier Agote eta Oliver, egurrezko ontzi zaharrari buruzko azalpenak ematen ari dira; atzeraxeago Pukas markako hiru surf ohol. Metro gutxitan, itsas lanbide tradizionala eta olatu jolasen arteko kontrastea eskutik doaz.
Mikel Urdangarinen melodiek alemaniarren belarriak goxatu dituzte eta Kirmen Uriberen poesiak bihotzak samurtu. Markinako dantzariek ezpata dantza eskaini dutenean eta ondoren kaixarranka dantzatu, begi guztiak beraiei begira jarri dira, handik gutxira zanpantzar jantziekin jendaurrean azaldu diren arte, aluzinatu aurpegiak joaredunei arretaz so... txalaparta soinua sumatu bezain laster lepoa biratu dute gehienek. Egurrezko "xilofono" erraldoiari batek baino gehiagok afrikar kutsua hartuko zion ziurrenik, normala da, ondo pentsatzen jarrita Euskal Herritik gertuago daukagu fisikoki Afrika Alemaniako Munich baino.
Atzo iragana da eta bihar etorkizuna. Egun Etnografia museoan bezain ongi moldatu beharko dugu puntako teknologia erakusten duten makina-erreminta azoketan. Edozein lekutan zaudetela ere, aprobetxa itzazue opor hauek, geuk besteak nola ikusten (sentitzen) ditugun eta besteek gu nola ikusten (sentitzen) gaituzten jakiteko. Bakoitzak bere Euskobarometro partikularra martxan jartzeko garai aproposa da! Ongi eta onak izan!
Josu Iztueta Azkue, Munich