Mozkin netoak %10,3 gutxitzea, kredituzko inbertsioak %14,2 gehitzea eta Ekintza Sozialari egindako ekarpenak %4,5 gehitzea izan dira 2003ko ekitaldiko elementu garrantzitsuenak, Hego Euskal Herriko lau aurrezki-kutxa nagusiek ûBBK, KUTXA, VITAL eta CANû, Hego Euskal Herriko Aurrezki-Kutxen Federazioko (FCAVN) kide direnek, oraindik orain argitara eman dituzten datuen arabera. Hegoaldeko lau aurrezki-kutxen multzoak, 2003ko abenduaren 31ko egunez, 6.210 laguni ematen zien enplegua û6.074 laguni 2002anû, 959 bulegotan banatuta û940 bulego 2002anû.
Hegoaldeko lau aurrezki-kutxen mozkin gordinak, zergak ordaindu aurretikoak, 486,4 milioi euro izan ziren 2003an; hau da, aurreko urteko ekitaldian baino %10,1 gutxiago. Mozkin netoak, zergak ordaindu ondokoak, berriz, 463,3 milioi euro izan ziren. Beraz, %10,3 gutxitu ziren aurreko urtekoen aldean. Bestalde, federazioko aurrezki-kutxen balantze totala 39.108 eurokoa izan zen, 2002ko balantze itxiaren aldean 2.697 milioi euro gehiago. Hazkunde horren tasa %7,4koa izan zen, aurreko urtekoa baino handixeagoa.
Familiak, titular inbertitzaileenak
Hegoaldeko federazioko lau aurrezki-kutxek 2003. urtean izan zuten kredituzko inbertsioa 25.772,6 milioi eurokoa izan zen. Inbertsio hori aurreko urteko saldoa baino 3.210,9 milioi euro gehiagokoa izan zen, eta hazkundearen tasa %14,2koa aurreko urtekoaren aldean. Zergatik izan zuen eboluzio positibo eta goranzko hori kredituzko inbertsioak? Funtsean, bi arrazoigatik: batetik, interes-tasek behera egin zutelako, ûhorrek bezeroen zorpetzeko ahalbideak eta joera erraztu zituenû eta, bestetik, entitate horien espantsio-politikak, beren jatorrizko lurraldeetatik kanpora hedatu zirelako.
Kredituzko inbertsioaren hazkundearen osagaiak aztertzen baditugu, ohartuko gara sektore egoiliar pribatuari emandako kredituek izan dutela hazkunderik handiena, %14,7ko tasarekin û%14,6 2002an; %13,9 2001eanû. Era berean, sektore publikoaren kreditu-eskaera %7,1 hazi zen. Bilakaera horren ondorioz, azken urteotan, sektore pribatu egoiliarra gero eta pisu erlatibo handiagoa hartuz joan da kredituzko inbertsioen saldoaren barruan, eta, hala, 2001ean %96,8koa izatetik 2002an %97,1ekoa eta 2003an %97,3koa izatera pasatu da. Bestalde, sektore publikoa kredituzko inbertsioaren %2,29aren subjektua da, eta, azkenik, sektore ez egoiliarrak bereganatzen du gainerako %0,4a.
Sektore pribatu egoiliarrari emandako kredituzko inbertsioaren barruan, nabarmentzekoak dira berme errealeko maileguak, batik bat etxebizitza erostearekin erlazionatuak. Hauek sektore pribatuari emandako kreditu totalaren %74a izan ziren 2003an û%71 2002anû. Kredituen titularrak aztertzen baditugu, bistan da familiak direla sektore pribatu egoiliarraren kredituzko inbertsioaren %70,9aren titularrak. Zenbateko horren barruan, etxebizitzaren finantzazioak operazioen zenbatekoaren %57,7a hartzen du, eta kontsumoko modalitateak finantzatzera bideratutako maileguek, berriz, %4,9a. Bestalde, kredituzko operazioen bigarren kolektibo titularra, garrantziaren hurrenkeran, enpresa ez finantzarioena da, bolumen totalaren %28,1a hartzen baitu.
Kredituzko inbertsio-zorroa onartutako operazioen xedeen arabera banantzen badugu, etxebizitzaren erosketa eta eraikuntza dira oraindik ere sektore pribatuko kredituzko inbertsioaren xede garrantzizkoenak, totalaren %70,9a hartzen baitute. Ondotik doaz industria eta zerbitzuak, %12,6arekin, eta partikularrentzako maileguak, %9,6arekin.
Duela 20 urte baino gehiago Koldo Izagirrek lokuzioen inguruan hasitako lanetik abiatuta, Intza Proiektuko lan taldea osatzen duten Joxan Elosegik, Koldo Izagirrek eta Josu Landak abian jarri dute Euskal Lokuzioak Sarean proiektua. Jada ehunka sarrera dituen gunea aurkitu daiteke sarean, baina lan taldeak lokuzioen bilaketan jarraitzen du pausoz pauso, edukia zabaltzen joateko helburuz, epe zehatzik gabe. Hala ere, orain artean bildutakoak duen garrantzia kontuan izatekoa da.
Zer dira lokuzioak?
Lokuzio hitzaren definizioak zalantzak sortzen ditu maiz. Lokuzioa da hizkuntzaren elementu autonomoak ûsolte daudenean esanahi propioa duteû elkartu eta esanahi bakar eta desberdina sortzea. «Kale egin», adibidez, oraindik ere erabiltzen den lokuzioetako bat da. Lokuzio hau kale izenaz eta egin aditzaz osatua dago eta euskal hiztun guztiok dakigu biak elkartutakoan beste esanahi bat duela. Itxuraz, gaztelerako "hacer la calle"ren berdina litzatekeen arren, euskaraz bi elementu horiek batera beste esanahi bat dute. Berezko esanahia kontuan izanda, lotura horiek ez lukete zentzurik izango.
Denboraren poderioz, ahoz ahoko jardueran, hiztunek askotan lokuzioak itxuraldatu egin dituzte. Hainbatetan hizkuntzaren elementu horien hasierako esanahia zein ote zen jakitea zaila da. Lokuzioa hizkuntza biziaren giltzarrietako bat da.
Azken 20 urteetako lanen bilduma
Lokuzioak aztertuegiak eta ezagunegiak izan ez arren, Koldo Izagirrek duela 20 urte baino gehiago egin zuen lokuzioen inguruko lehenengo lana. Lan hori izan da proiektu berriaren abiapuntua, nahiz eta taldeak hainbat iturri erabili dituen. Elosegik adierazi duenez, "Izagirreren lana txukundu egin dugu. Zuzenketa batzuk egin ditugu eta gainera erreferentzia berriak gehitu dizkiogu. Baina horretaz gain, herrietako hizketa moduak aztertu dituzten liburu asko argitaratu dira azken urteetan, askotan oso corpus aberatsa dutenak, gainera. Beraz, ezinbestekoa iruditu zaigu horietan agertzen diren osagaiak ere kontutan izatea".
Literatura ere beste iturrietako bat izan da, baina ez orain arte hain goraipatua izan den literatura klasikoa bakarrik. XX. mendeko literaturak eta kazetaritzak dituzten elementu asko aurki daitezke lan berri horretan, lan taldeko kideentzat aberastasun izugarria baitago azken mendeetako lanetan.
Antzekotasunak Europako lokuzioen artean
Hizkuntza bakoitzak berezko ezaugarriak dituen arren, herri bakoitzaren kulturak eta inguratzen dutenek ere garrantzi izugarria dute. Europako herrialde askotan, adibidez, kultura nagusiago edo hedatuago batzuen barruan mugitzen dira hizkuntza eta kultura asko. Askotan, beraz, hainbat herrialdetako biztanle eta hiztunak izan arren, une eta modu kultural oso berdintsuetan bizitzeak antzekotasunak dakartza hizkuntzaren alorrean. Adibidez, Europako hainbat hizkuntzatan antzekotasunak dituzten lokuzioak erabiltzen dira.
Lokuzioak modu askotara sortzen dira, eguneroko bizitza den arren sorleku garrantzitsuena. Gaur egun komunikabideak eta informazio sarea ere lokuzio bide oso garrantzitsuak dira. Beraz, une eta leku zehatz batean sortutako lokuzioak informazio sare zabala du hainbat herrialdetara hedatzen lagunduko diona. Adibide gisa "salir del armario" lokuzioa erabili genezake; "gazteleraz eta euskaraz asko erabiltzen da eta ingelesez, frantsesez... berdin-berdin esaten da. Nik ez dakit non eta noiz sortutakoa den, baina mendebaldeko hizkuntza guztietara zabaldu da eta hori ere lokuzioa da", dio Elosegik. Katalanezko hainbat lokuzio ere euskarazko batzuen oso antzekoak dira: «no tenir el seny complit» eta «burua oso ez ukan», «veure's verd» eta «gorriak ikusi», «esser un poll ressuscitat» eta «zorri hil piztua».
Baina euskarak bizi duen egoerak lokuzioetarako ere berezi bihurtzen du gure hizkuntza. Joxan Elosegik gai honen inguruan dioenez, "gure egoera anormala da, beraz, lokuzioaren emana ere ez da oso normala. Euskaldunok gure hizkuntzarekin daukagun harremana ez da batere normala eta horretan ere sufritu egiten du lokuzioaren berezkoak. Euskal Herrian, toki askotan, erdara euskara baino gehiago bizi da. Euskaldunak bere hizkuntzarekiko konfiantza galdu egin du, eta hizkuntzaren freskotasuna galtzen denean, lokuzioak desagertu egiten dira".
Hiztunek erabiltzen duten euskara pixkanaka pobreagoa dela esanez jarraitzen du Elosegik eta errudun garrantzitsuena eskola dela dio. Ikaslearekin hizkuntza ondo ez lantzeak gabezi batzuk sor ditzakeela eta azpimarragarriena ikaslea itzultzaile huts bihurtzea dela adierazi du. Gaurko gazteek erdararekiko segurtasun eta konfiantza handiagoa izateaz gain, erdarak eta erdal munduak inguratzen dituela gogoratu du, eta beraz, beste hainbat balio bezala, hizkuntza balioak ere erdarazkoak dira. Eskolak gazte horiekin, hizkuntzarekin eta bide beretik lokuzioekin egin dezakeen lana azpimarratzekoa da beraz.
Hizkuntzaren langileak erabiltzaile
Intza Proiektukoek argi dute webgune berriarekin euskara bizi duen egoeratik ateratzea ezinezko dela, baina orrialdearen helburu nagusietako bat erabiltzen den euskaraz kezkatzea eta ondo hitz egitea da. Horretarako erabiltzaileari bildutako materiala eskaintzen zaio. Euskal Lokuzioak Sarean proiektuan ez da lokuzio berririk asmatzen, orain arte erabilitakoak aurkezten eta plazaratzen dira soilik. Arduradunek hizkuntzaren langileak aurreikusten dituzte erabiltzaile potentzial gisa, baina aurrera begira heziketa arloko langileak eta hizkuntzalaritzan interesa dutenak erabiltzaileen artean izatea espero dute.
Elosegik euskararen inguruko erabakiak hartzeko garaia amaitu dela esan du eta, hizkuntza erabiltzen hasteko eta hizkuntzaren aberastasunaz eta adierazkortasunaz arduratzeko garaia iritsi dela aldarrikatzen du. Sarean jarritako webgunean horren aldeko apustua egiten dute: "Lokuzioena gramatika sakonagoa da, benetako hizkuntza da, ez dira azaleko arauak. Herritik sortuak eta herritarren beharretara egokituak daude lokuzioak" dio Elosegik.