Xabier Mendiguren Elizegi
Datorren irailean beteko ditu Jose Luis Alvarez Enparantzak 75 urte, eta urteurren horren aitzakiaz hainbat jardunaldi eta ekintza antolatuko dira uda ondorenean. Gisakoa da hainbeste merezimendu pilatu duenari bizi den artean adieraztea gure omena eta esker ona, eta poztekoa omendua sasoian eta lanean ari dela ikustea; izan ere, bi liburu ateratzekoak ditu hurrengo asteotan: bata, Santa Klara gure uharte ezezaguna, Donostiako txoko horri buruzkoa, eta Euskararen aldeko borrokan, hizkuntzaren gaineko bere saiakera laburren bilduma.
Zurikeria inoiz maite izan ez duenari hagiografiak egiten ere ezin hasiko gara orain. Beraz, Txillardegiren ekarpen erraldoia laburtzeko inongo asmorik gabe, haren ibilbideko ideia nagusien errepasoa egiten aritu naiz, denboraren joanak ematen digun abantailaz balorazio txiki bat botatzeko.
Panoramika azkar batean, deigarria egiten da zenbateraino izan den Jose Luis intuizio-gizona. Etorkizunera argi ikusi, bidea markatu, eta bide horretan buru-belarri abiatu dena. Ez dago zalantzarik, bestalde, bide horrek goitik behera baldintzatu duela XX. mendearen bigarren erdia, eta horrenbestez baita gutako gehienon bizitza ere. Eztabaidagarria izan liteke, berriz, zenbateraino asmatu duen intuizio horietan guztietan.
Hasteko, aurrekariak izan bazituen ere, Txillardegiri zor diogu aberriaren funtsa hizkuntzan finkatzea. Arraza, foruak, ohiturak eta bestelako oinarriak erabili izan ziren ordura arte, eta berak argi bezain gogor defendatu zuen gaur bistako eta ukaezina iruditzen zaigun ikuspegia: euskararik gabe ez dagoela Euskal Herririk, ez borrokatzea merezi duen euskal aberririk. Era berean, euskara biziko bazen batasuna behar zuela lehen momentutik aldarrikatu zuen, eta horren alde jarri bere ahal guztiak. Historia ofizialak 68ko Arantzazu aipatzen du beti, baina ezin dugu ahaztu 64ko Baiona.
Txillardegiren sumari zor zaio, halaber, bere garaiko jelkideak egonean goxo zeudela eta halaxe iraungo zutela konstatatzea, eta frankismoari aurre egingo bazitzaion ez zegoela erbesteko Jaurlaritzaren eta Mendebaldeko aliatuen intxaurren zain gelditzerik. Horretan historiak arrazoia eman badio ere, ez zuen asmatu PNV, karlismoaren antzera, zaharkitua eta gainditua geratuko zela iragartzean. Profetak nahi baino epelxeagoa gertatu baita gure herri hau.
Txillardegiri disgustu gehien ekarri dion gaia ûjelkideekiko edo batuaren etsaiekiko ahakarrek baino gehiago seguru asko, nolabait ere etxe barrukoa izan baitu istiluaû ezkertiarrekiko edo estalinistekiko borroka luzea izango da. Sobiet Batasunak herri txikien kontra egindakoak salatu zituen behin eta berriz, eta sistema bera totalitarioa iruditzen zitzaion, giza askatasunaren aurkakoa edo. Gaur erraza dirudi jarrera horrek, baina lagunarte osoa marxista-leninistatik gorakoa zenean ez zen gozoa izango, ez zenez izango. Hala ere, egia osoa aitortzera, erantsi beharko dugu alternatiba abertzale sozialdemokrata bat egituratzeko saioetan porrot egin duela orain arte behintzat Alvarez kamaradak. Historiaren hurrengo bueltaren zain gelditu beharko.
Martin Aranburu
Sukaldaritzan trebetasun pittin bat duenak jakin badaki pil-pil eran egindako bakailaoak bere denbora behar duela puntu puntuan gozatu ahal izateko. Ezinbestekoak dira kalitatezko osagaiak eta sukaldariaren trebetasuna. Sukaldari onenak ere ez luke itxurazko gozamendurik lortuko izozturiko bakailao tristea erabilita, eta era berean, arineketan aritzen den sukaldari ez-jakinak alferrik galdu araziko luke arrain gaixoa. Hortaz, osagai onak izanda ere, denbora, pazientzia eta arreta dira tresna egokienak mokadu bizkaitar zoragarri horretaz gozatu ahal izateko. Gosea handia izanda ere, suari gehiago eraginda, ez dugu behar beharrezko itxaronaldia gutxiaraziko, eta ondorioz ez dugu plateraren prestaketa nahi hainbat bizkortuko. Alferrik bota bai ordea!
Bada, sukaldaritzan hain trebea dugun gure herri honek oinarrizko ikasketa hori gatazkaren gaian ere erabili beharko luke. Gehiago korritzeak ez baitu emaitza bermatzen. Hain denbora luzean handitu eta errotu den gure zorigaiztoko gatazka politikoa lehenengo elementua bihurtu ahal izateko, denbora, pazientzia eta arreta dira baita ere ezinbesteko tresnak. Aldiz, konponketa definitibo batetarako osagai nagusia borondate politikoa da zalantzarik gabe.
Ba al daukagu guk osagai nagusi hori gaur egun, ordea? Nire uste apalean, Euskal Herriko eragile politiko gehienek badute gatazka politiko hau konpontzeko borondate irmoa. Madrilgo Alderdi Popularra da normalizazio politiko bat lortzeko interes gutxien duen eragilea, gatazka polizialki konpondu daitekeenaren uste antzuan interes politiko eta elektoral batzuk asebetetzeko itxaropenez aurre-diseinaturiko estrategia ezkutatzen dute eta. Gainontzeko eragileen partetik, zinez sinesten dut normalizazio politiko bat lortzearen esfortzua egiten dela, baina, jakina denez, norberak ontzat jotzen duen abiapuntutik abiatuta eta bere buruari jarri dizkion mugetan hertsirik. Abiapuntua batzuentzat herri bati dagokion gatazka delako eta beste batzuentzat herriaren zati batek beste zatiari egiten dion inposaketa. Mugak aldiz, marko juridikoa batzuentzat edo herri borondatea besteentzat. Hala ere, positiboak izanda, pentsa dezagun osagai nagusia badugula: borondate politikoa.
Jo dezagun bada, tresna egokiak ba ote ditugun aztertzera. Denbora, pazientzia eta arreta. Sukaldaritzan hain ulergarriak diren hiru kontzeptu horiek politikagintzan badute bere itzulpena: metodoa eta baldintzak. Gatazka konpondu behar duten eragileen artean pazientziaz, patxadaz eta arreta handiz adostu behar dira konponketa lortu ahal izateko jarraitu beharreko metodoa eta metodoa aplikatu ahal izateko beharrezko baldintzak. Inork inposatu gabeak, guztien artean hitz eginak, debatituak eta adostuak. Metodoa galdera, galdeketa, kontsulta, bozak, erreferenduma edo dena delakoa baldin bada adostua izan bedi egin beharreko galdera kopurua, galderen edukia, galderak egingo direneko anbitoak hiru, lau, zazpi edo bakarra ote den, eta galderak galdetzeko epeak. Eta noski, eragile horien artean adostu beharko dituzte prozesu guzti hori burutua izan dadin ezinbestekoak diren baldintzak.
Hitz egite hutsak ez du emaitzarik bermatzen. Eta gerta liteke ere borondate politikoa edukita ere elementu konkretu guzti horietaz proposamenak egiten hasi eta amankomuneko planteamendua ezinezkoa izatea. Bederen, proposamenak mahai gainean izateak soluzio definitiboa inoiz baino gertuago jarriko lioke herri honi, lehenaldi hurbilean ezagutu dugun blokeo egoera lazgarri hori ahantzia. Proposamen horiek eskatu behar zaizkie eragile politiko eta sindikal nagusiei. Independentistak izan edo ez. Konstituzioan sinetsi ala ez. Esfortzu horretan ari da eta arituko da Nazio Eztabaidaguneak martxan jarritako Gatazkaren Mahaia Sustatzeko Batzordea. Inoren iritzi politikoa aurre-epaitu gabe eta herri honetan dauden planteamendu politiko guztien proposamenak eskatuz eta eskertuz. Emaitzarik agian ez du lortuko batzorde horrek, baina lehen esan bezala: kontrajarriak izanda ere, bi proposamen mahai gainean ditugun unean soluzio definitiboa gertuago dago. Eta bakailaoaz gozatzeko momentua hurbilago.