Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-07-18 -- 1953.zenb

Jakoba Errekondo

Lupinuaren gara segailak tente ditut etxe aurrean eta sua ekarri didate gogora. Yellowstoneko Parke Naturaleko 9.105.435.000 metro koadroetatik 823.601 akre ûmilioi bat goldeû bisitatu omen zituen 1988ko uztailetik irailera bitarteko sute famatuaren ondorengo argazkietan, suaren panorama beltzari buelta emateko lupinua da, antsiaz, lehen azaltzen den landarea.
Ordura arte soilik zientzialari batzuen tesia zenak gero eta indar handiagoa hartu zuen: mendiak, lakuak, ibaiak, urjauziak, geiserrak, belazeak, artzak, bisoiak eta abar bezala, sua parkeko osagarri garrantzitsua zela, alegia. Fosilek, enborren eraztunek eta lurreko errauts pilaketek konfirmatu zuten gero, azken glaziazioaren aurretik ere baziren honelako suteak.
Surik gabe milaka urte bizi diren sekuoien ordez izei zuriek hartu zien, honez gero, gaina, erraldoiei fruitua suak irekitzen baitie eta argi asko jasotzen dutenean soilik ernetzen baitira haien haziak. Era berean suak orbel, egur eta abarren degenerazioa azkartzen du. Landareen hazi, errizoma, sustrai, bulbo, kormoek, hau da, lurpeko egitura edo etxeek, irauten dute eta lupinuaren eran laster kolonizatuko dute ingurua.
Egunero atmosferan zartatzen diren zortzi bat milioi tximistak dira lurreko latitude epeletako su-piztaile nagusiak. Landare koadrila bereziak, klima eta tximista, Ipar Ameriketako suen sortzaile den hirutasuna. Sekuoia erraldoiak, Pinus contorta eta Pinus ponderosa, Cladium jamaicense belarra, Serona repens palmondoa, Taxodium distichum, eta abar luze bat dira suen onuradunak. Berorik gabe irekiko ez diren fruituak, ongarri gisa eta txori eta kattagorrien begi zorrotzetatik babesteko errautsa behar duten haziak, basoaren garapenean aurrea hartuko liekeena erretzen laguntzea... estrategia asko garatu dituzte milioika urtetan landare suzaleek.
Sua ekosistema jakin batzuen parte dela jabetu direnean basozainak beraiek hasi dira sua zabaltzen. Kontrolpeko sute txikien bidez lurrean pilatzen den egurra pixkanaka erreaz, handiek eragindakoaren antzeko oreka ekologikoa lortzen dute, baina hondamendi ikaragarriak saihesten dituzte. Basozain piromanoen pagotxa... Jon Benitoren poesiak nituen begietan lupinuen ondoan: "...Badaki gerraren egoerarik krudelenak/ hurbilduko direnean/ arima ahulduko zaiela soldaduei/ etsaien artean ere elkar besarkatuko dutela..."

Jabier Agirre

Belgikako bi unibertsitatetan egindako azterketa medikoak frogatu omen duen bezala, bada loturarik igerilekuetan erabiltzen den kloroaren eta asma izateko joera duten haurtxo txikietan agertzen diren biriketako gaixotasunen artean.
Kloroaren eragin kaltegarriei buruzko eztabaida ez da oraingoa, urte asko dira lehenengo alarma-deiak jo zirenetik. Baina orain hiru bat urte, Belgikan bertan osasun-agintariek arazoa nolabait baretzea lortu ondoren, herrialde horretako Ingurumenaren Kudeaketarako Institutuak ikerketa bat eskatu zion Lovainako Unibertsitate Katolikoan Toxikologia Unitateko arduraduna den Alfred Bernard irakasleari. Txostena ûfrantsesez irakurri nahi duenak Interneteko www.ibgebim.be helbidean eskura dezakeû udaberri amaieran kaleratu zen, eta bertan Brusela inguruko ume talde batekin egindako proben berri ematen da.
Bernard irakasleak egindako ikerketaren arabera, asma eta biriketako hantura izateko arriskua nabarmen gehitzen da klorodun igerilekura maiz samar joanez gero. Txostenak dioenez, gaixotasun horiek izateko joera duen ume bat astean ordubete joaten bada igerileku kloratu batera bi urtetan, arrisku hori %60 handiagoa da. Eta umea 2 urtetik beherakoa baldin bada, arriskua are gehiago hazten da. Izan ere, txostenak dio bi urteren inguruan dagoela arnas gaitzak jasateko arriskurik handiena. Adibidez asma, bronkitisa, ekzemak eta arnas sintomak ûtxistu-hotsak, katarroak eta abarû jasateko arriskua.

Joxerra Aizpurua


Saguekin saiakera gero eta zailagoak
Animaliekin saiakerak egitea gero eta zailagoa da, aldeko eta aurkakoak gero eta borroka gogorragoan murgildurik baitaude. AEBetako Harvard-eko unibertsitateko ikerlariek OncoMouse izena erregistratu zuten, sagu transgenikoak adierazteko. Jakina denez, sagu hauek batez ere tumoreak garatzeko eta aztertzeko erabiltzen dira, minbiziaren aurkako borrokan.
Berriki, Saiakeren Bulego Europarrak murriztu egin du saguen erabilera laborategietan. AEBetan 1988an hasi ziren OncoMouse-rekin egindako saiakerak mugatzen eta 1992an Europan. Arteko mugaketa "gizakia ez den animalia ugaztunei" zegokien eta marraskarietara mugatu ziren saiakerak. Baina joan den uztailaren 6an beste erabaki estuagoa hartu zen, ia-ia saguaren erabilera erabat mugatzeraino. Erabaki hau Kanadako Epaitegi Nagusiak hartutakoari jarraituz dator, hark horrela zioen 2002an: "Bizi-maila garatua duen edozein izaki ezin da saiakeratan erabili".
Eztabaida mahai gainean dago, batzuek animaliak behar dituzte frogak egiteko eta beste batzuentzat animaliekin lan egitea ez da etikoa. Gatazka honen jarraipena egingo dizuegu lerro hauen bidez.

Atmosfera goitik behera aztertu nahian
NASAk Aura deituriko satelitea espazioratu zuen joan den uztailaren 10ean, ondoko galderei erantzun ahal izateko: ozono-geruza berrosatzen ari al da? Arnasten dugun airea zein neurritan degradatzen ari da? Eta nola eboluzionatuko du klimak?
Datozen 5 urtetan Aurak atmosferako goiko eta beheko geruzak aztertuko ditu. Troposferan, hots, Lurretik 10 kilometrora zabaltzen den atmosfera zatian, sateliteak ozono, aerosol eta nitrogeno oxidoen bidezko poluzioa aztertuko du, beste hitz batzuekin esanda, guk arnasten dugun airearen kalitatea aztertuko du. Goraxeago, hots, estratosferan, Aurak ozono geruzaren egoera aztertuko du, ea zuloak sortzen diren, zulo horiek finkoak ala iragankorrak diren, zein beste konposatu kimiko azaltzen den. Aurak aipatu bi geruzen artean gertatzen denaren berri ere emango digu. Zientzialariek hobeto ezagutu nahi baitute aerosolek, ozonoak eta ur-lurrinak kliman duten eragina.
Satelite honen aurretik beste bi gutxienez aritu dira gai hauek ikertzen Terra, 1999an espazioratua eta Aqua, 2002an.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan