Xabier Telletxea
Errenterian dago Eresbil musikaren euskal artxiboa. Euskal musikagileen ekoizpena biltzea, gordetzea, babestea eta zabaltzea da zentroaren jarduera. Bertan, antzinako eta egungo 200.000 soinu erregistro aurki ditzake musikazaleak. Musika errepertorio bila bazabiltza hau da zure aukera.
guztia irakurri
Mikel Asurmendi
Joanes Urkixo idazleak abentura oso gogoko zuen gaztetan. Bulegari, leiho-garbitzaile, egunkari banatzaile ibili zen, baita Europan barrena bidaiari ibili ere; Dinamarkan hiru urtez. 1978tik 1980ra bitartean Pott bandako kideekin ibili zen. Harrezkero, letren munduan aritu da etengabe. Abentura maite zuen eta abentura nahiz fantasia bizi ditu egun literaturaren bidez. Genero hori lantzen du bereziki.
Generoak genero, euskal literaturaren paisaiari buruzko bere ikuspegia, baita bere burua bertan nola ikusten duen azaldu digu hasteko: "Euskal literaturaren paisaia oparo eta nabarra ikusten dut, kolore askotarikoa. Paisaia anitz horretan nire burua ikusi soilarekin konformatzen naiz. Ez da gutxi. Fantasiazko edota abenturazko generoa lantzen dut, gazteentzako batez ere. Genero honek euskal literaturan esparru txikia du, baina gustura ari naiz. Ezaguna naiz. Ez dut gehiago eskatzen".
Gerlari zuria liburua hizpide. Nondik nora liburu hau? Zer da berau zure ibilbidean?
Kondaira edota historia zaharren zalea naiz. Liburuaren ideia, batetik, Jaun Zuriaren eta kondairaren liburu batetik sortu zitzaidan. Orain dela zortzi urte euskaraz argitaratua. Fikziozko istorio polit bat izango zelakoan erosi nuen. Pertsonaia honen inguruan istorio zatiak aurkitu nituen, baina elkarrekin lotura handirik gabe, uztartu gabe nolabait. Ez zegoen nik fikzio egingo nukeen moduan edo nik liburu honen istorioa fikzionatu nahi nuen legez. Alegia, Jaun Zuriari buruzko zerbait egiteko gogoa nuen eta hutsune moduko bat egin zitzaidan. Ideia horrekin ibili nintzen luzaroan, buruan bueltaka, harik eta behin batean, Interneten beste zerbaiten bila nenbilela, Irlandako kondaira batekin topo egin nuen arte. Irakurri eta berehala konturatu nintzen hura zela nire ideiari falta zitzaion hanka, istorioa osatzeko zatia nolabait.
Apirila Sarian euskaraz izan den lehen saritua. Zer-nolako prozesua izan zuen liburuak?
Euskal Herritik aurkeztutako hautagaiak ûnormalkiû euskaraz idatzitako liburuak izaten dira. Ondoren erdaratu egiten dira epai-mahaikoek ulertu ditzaten. Nik argumentua edo sipnosia idazteko sei orrialde inguru behar izaten dut, ondo borobilduta eta zehazkizun guztiez. Hori da argitaletxeei aurkezten diedana. Liburu honekin horrela egin nuen eta argitaletxeak eta biok hautagai moduan aurkeztea erabaki genuen. Beraz, erabaki hori hartu genuenean liburua idatzi gabe zegoen. Gerora erdaratu egin behar zela jakinda, editoreak eta biok zuzenean erdaraz idaztea erabaki genuen. Alegia, nire bizitzan lehenengo aldiz gaztelaniaz idatzi nuen eta gero euskaraz. Euskaraz beste bertsio moduko bat egin nuen. Ez da itzulpena, ez da izaten ahal gainera.
Historia dramatiko eta fantastikoa. Irlanda eta Euskal Herrian ûBizkaiko Urdaibai ibarreanû kokatua.
Komeni zaigu gogoratzea Jaun Zuria Bizkaiko kondaira dela. Oker ez banaiz, Bizkaian lehendabiziko Jauna edo buruzagia izandakoa. Jaun Zuriaren kondairek oinarri historiko bat dute bere baitan. Kondaira hau XIV.-XV. mendean sortu zen. Lope Garcia de Salazar egilearen Andanzas y fortunas liburutzarrean agertzen da. Bertan Europako hainbat leinuen jatorriak aipatzen dira, besteak beste, Jaun Zuriarena. Liburuan esaten denez, Jaun Zuria Eskoziako printzesa baten eta deabruaren semea zen.
Bestalde, istorioak badu sustrai historiko bat: Asturias eta Leon erresumak, XVII eta XVIII. mende aldean, Bizkaia okupatzen saiatu ziren. Hango demografia handitu bide zen eta erresuma hartako nagusiak lur berrien bila etorri ziren hona. Bi aldiz saiatu ziren, lehenengoz itsasoz heldu ziren, Bakiora, eta hurrengo urtean, lurrez. Araba aldetik, hegoaldetik, etorri eta Arrigorriagaraino igo ziren. Horrelako arrisku egoera batean, Jaun Zuriak bizkaitarrak asturiarren inbasioaren aurka batu omen zituen.
Zein bide landu zenuen berau idazteko?
Hasieran zalantza bat eduki nuen. Istorioa hautatu ostean zein generori ekin behar nion edo istorioarekin zein genero landu eta uztartu behar nuen zalantza izan nuen. Lehenik, bertsio honen lauzpabost orrialde idatzi nituen, abentura historikoa zen, edo aurre historikoa nahi baduzu. Baina ez zeukan fantasia heroikoaren ezaugarririk.
Gero, Madrilgo lagun bati eman nion irakurtzeko. Aurreneko bertsio hartan etsaiak asturiarrak ziren! Lagunak horrela esan zidan: "Hau argitaratzen baduzu ez irten istorio honekin Euskal Herritik kanpo. Nazionalista hauekin beti berdin, beti kanpokoaren kontra borrokatzen ari zaretela esango dizute". Zer pentsa eman zidan, eta aldez aurretik zalantza hori neukanez, berehala erabaki nuen. Fantasia heroikoaren generoa aukeratu nuen eta honek dituen ezaugarri konkretuak erabili ditut.
Irlandako klanen izenak benetakoak al dira? Alegia kondairan azaltzen diren biscayne eta mornatar, kasu.
Izen guztiak benetakoak dira, biscayne klanak badu berezitasuna. Nik dokumentatzeko joera handia daukat. Idazten dudan edozer gauza dokumentatzen dut eta kasu honetan erruz dokumentatu naiz. Pilo bat irakurri dut eta, hartara, hainbat testu antzinako irlandar errege eta leinuen izenekin aurkitu nuen Interneten. Hortik hartu ditut izen guztiak, baita biscayne ere. Fionne pertsonaia nagusiari buruz aurkitu ditudan kondairen artean bere klana Byscne zela esaten da eta hortik biscaynera pauso oso laburra dago. Hori aurkitu eta buruan neukan ideiarekin bat zetorrela ohartu nintzen.
Zein dira gakoak irakurlea harrapatzeko? Nola gainditzen da istorioaren hasieran izaten den anabasa hori?
Teknika oso zorrotz erabili behar da. Badago egitura bat, erabiltzen ahal dena eta askotan erabiltzen ez dena. Nik, nire ofizioarengatik, argi daukat egiteko hori. Gazteentzat idazten dudan bitartean teknika honetaz baliatuko naiz zehatz-mehatz. Irakurlearen arreta harrapatzeko arau nagusi bat daukat: lehen kapituluko lehenengo bi orrietan bai generoa bai protagonista zein diren nabarmen geratu behar dira, baita istorioaren lehenengo zantzua zein den ere.
Gazteentzako abenturazko istorioek iniziazio bidea eta amaiera biribila behar omen dituzte.
Nonbait irakurria daukadanez, literaturan eta ahozko literaturan erabiltzen diren iniziazio bideak antzina-antzinako gizarteko erritoetan errotuta daude. Gaur egun oraindik ere, beste kultura batzuetan mantentzen dira errito horiek. Iniziazio erritoak benetako erritoak dira. Nerabezarotik heldutasunera pasatzeko errito bat gainditu behar dugu, eta hain zuzen ere, iniziazio bidea esaten dugunean horren lehen arrastoa aipatzen ari gara. Literaturan hori oso hedatuta dago, garai guztietan erabili da, eta azken batean, istorio honetan jatorrizko errito horretara nahiko hurbildu naizela uste dut.
Abentura eta fikzioa. Fantasia heroikoa. Batzuek generoa indartsu dagola diote, beste askok muzin egiten diote, ez dela genero hau idazteko garaia diote.
Bada garaia. Noski, zeinek irakurtzen du genero hau? Gazte jendeak. Indartsu dago, baina hein batean. Asko ikusten den generoa da, baina detaile batzuk ezagutzen dituzunean, indartsu delako hori ez da hainbesterako. Espainia mailan gehien irakurtzen dena ingelesetik gaztelaniara itzulia da, eta tiradak nahiko txikiak izaten dira: 3.000 alekoak. Orduan, pentsa nirea. Gaztelerazko bertsioa ez dut uste asko saltzen ari denik. Beraz, nire itxaropen guztia euskarazko bertsioan jarrita daukat.
"Gaizkia" eta "ongia" bitasuna. Batzuek gutxietsi izaten dute gaia.
Tira, nire uste apalean, literaturak tarte on bat pasatzeko balio behar du. Irakurleak goza dezan, entreteni dadin batez ere. Gero, jakina, idazleak idazten duen edozein gauzatan ezinbestekoa du bere barrutik zer edo zer ipintzea. Zentzu horretan, nire subkontzientetik zer edo zer adierazi dudala uste dut, lerro artean zerbait ipini dut, alegia. Tira, azken batez, gaizkia eta ongiaren arteko gatazka literatura bezain zaharra da, eta nik kontzienteki eta apropos iturri horretara jo nahi izan dut.
Azkenik, genero hau hizpide. Zer iritzi duzu J.R.R. Tolkien-en Eraztunen jauna istorio fantastikoez?
Ni genero honen zale izan naiz betidanik, J.R.R. Tolkien-en lanak aspaldi irakurri nituen eta eztabaida nahiko ahaztuta daukat. Gaur egun, beste genero bat bezala onartzen bada ere, gehienbat bigarren genero bezala ikusia da beharbada. Gehienetan genero honetan idazten dena ez omen da literatura jasoa, ihesbideko literaturatzat joa da. Baina azken batean, zer behar dute gazteek irakurtzeko ihesbideko literatura ez bada?
Hasier Etxeberria / David De Jorge
Osagaiak:
2 itsas kabra edo kabrarroka ertain, ezkatarik, alboko hezurrik eta errairik gabe -kasu, arantza pozoitsuak ditu eta-
Baso erdi bat ardo zuri
6 koilarakada oliba olio
4 baratxuri ale, xerratan moztuak
3 koilarakada sagardo-ozpin
Perrexil pikatua
Gatza
Gatza eman eta labeko erretilu batean paratuko ditugu itsas kabrak. Ardo zuria eta oliba olio pixka bat isuriko dugu ondoren. Aldez aurretik 180º-tan berotutako labean sartuko ditugu, eta hantxe edukiko ditugu 25 bat minutuan. Arrainaren zukuaz garaztatuko ditugu aldiro-aldiro itsas kabrak, alde mamitsuak erdiko hezurretik aise askatzeko moduan daudela ikusi arte. Heze egongo da beti erretiluaren hondoa, eta ura erantsiko dugu ardoa lurruntzen bada. Egizu kontu kilo bakoitzeko15 bat minutu egin behar dituela arrainak labean. Bukaera aldean, itsas kabrak ia eginik direnean, zartagin batean olioa su bizian berotu eta baratxuri xerrak gorrituko ditugu hartan. Txigortu direnean, sagardo-ozpina eta arrain errearen zukuaren parte bat gaineratu eta irakiten edukiko dugu guztia segundo batzuetan. Erne zipriztinekin! Perrexila erantsi eta baratxuri-olio hori garaztatuko dugu erretiluan zabalik egongo diren itsas kabren gainean. Mahaira beldurrik gabe!
Pilar Iparragirre
Nori zuzendua dago zure kontakizuna?
Haurrentzako formatuan egina dagoen neurrian, haientzako dela esango nuke, baina amentzako eta aitentzako ere bada. Beraz, hiru hartzaile-edo izango lituzke ipuin honek eta zehazki hiruretan pentsatuz idatzitakoa da. Familian irakurtzeko ipuina da. Lehenik eta behin gurasoek irakurri beharko luketela iruditzen zait, eta euren irakurketa propioak egin eta gero seme-alabekin irakurri. Izan ere, haurren ikuspegitik mezu zehatz bat izango du segur aski, baina amaren eta aitaren ikuspegitik irakurrita beste mezu batzuen aukera ere irekia uzten du.
Istorioaren mamiaz zer azal dezakezu?
Kontua da amak umeari plastakoa ematen diola eta umeak ez duela ulertzen zergatik. Orduan, zergati horren bila abiatzen da. Hasteko bere buruari galdetzen dio, eta gero izeba Maikari, amonari, gelako lagun bati eta andereñoari ere, eta neskatoak egiten duen galdeketa horretan zehar ikusten da erantzun posible bi daudela: arrazoi bidez-edo pertsonaiak aurki dezakeen erantzuna, batetik, eta amari nolabait maite duela esan beharko liokeela erantzunez andereñoak agertarazten dion gatazka posiblearena, bestetik. Eta nik uste dut momentu horretan irakurleak inplikatu beharra daukala.
Aitari ez al dio umeak ezer galdetzen?
Umea aitaren zain dago, aita bidaian dagoelako, eta badirudi aitaren itzulera hori dela gatazkari amaiera eman diezaiokeen giltzarria. Halaxe gertatzen da, eta azkenean umeak ulertzen du amak zergatik eman dion plastakoa.
Pilar Iparragirre
Aire beltza
Agustin Fernandez Paz
Elkar
229 orrialde
11,60 euro
Koldo Izagirrek itzulitako nobela
Gazteentzako lanak idatziz makina bat sari irabazia da Agustin Fernandez Paz galiziarra, Koldo Izagirrek euskaratu duen Aire beltza nobelaren egilea. Psikiatriko batean dagoen emakume baten istorioa azaltzen du bertan. Beira Verde klinika punta-puntakoa da buruko eritasunen trataeran, han saiatzen eta ikertzen baitira besteetan porrot eginak diren kasuetan arrakasta lortzen duten prozedurak. Baina badute ezinezkoa gertatzen ari zaien kasu bat ere, Laura Novorena, hain zuzen. Ahaleginak egin arren, ozta egon da emakume gazte horretan aipatzeko moduko aurrerapausorik. Kontratatu berri duten mediku gazte bat jarriko dute haren arimaren baitan sartzen saiatzen. Eta lortuko du, baina era berean errealitate izugarri bati zabalduko dio atea.
Asi no me vales
Biktor Abad Agirre
Ttarttalo
111 orrialde
10,40 euro
Biktor Abad Agirreren ipuin hautatuak
Hamabost ipuin zeharo ezberdin eskaintzen ditu Biktor Abad Agirrek Ttarttalo argitaletxearen eskutik kaleratu duen Asi no me vales liburuan. Emakume baten bihotza bereganatzeko gizon zirraragarria izaten ikasten duen potoloarena; izurrite bati aurre egiteko orduan klarinete joleek izan zuten rola; beren artean batuko dituen ezeri uko egitea erabaki duten elkarren ondoko bi herrien istorioa; itsasoz bestaldera doazen merkatal hegazkinen gainean inork agertzen ez duen egia; zailtasunak gainditzen laguntzen zuen ermandadearen mendeku beldurgarria; laringektomia ebakuntza egin zioten gizonak izan zuen aldaketa; bere amodioa defendatzeko mundu guztiari gezurrak esatea erabakitzen duen bikotearena...
Oficios tradicionales VIII
Carmelo Urdangarin
Gipuzkoako Foru Aldundia
183 orrialde 6 euro
Aspaldiko ofizio haien aztarna
Poliki-poliki desagertzen edo guztiz aldatzen joan diren hainbat lanbideren berri ematen du Carmelo Urdangarinek lan honetan. Portuetan ontzien amarratzea zuzentzen duten praktikoek, angulatan zein txitxardinak eta aingirak harrapatzen dabiltzan arrantzaleak, igeltsua ateratzen diharduten harginak, mea zamatzen duten langileak, sukaldean erabiltzeko zurezko tresnak egiten dituztenak, tornuan lan egiten dutenak, zaldi eta behorrei zama garraiatzeko bizkar gainean jartzen zitzaien basta egiten diharduen jendea, fideo eta makarroi egile ibiltariak, olibondoaren egurrarekin hamaika tresna egiteko gai diren horiek, eskultore bilakatutako harginak eta beste artisau asko aurkitu ahal izango ditu irakurleak Oficios tradicionales VIII liburuan.
Karmel 246
Batzuen artean
Euskal Herriko Karmeldarrak
322 orrialde
12 euro (Urteko harpidetza)
Aita Emilianori eskainitako alea
Euskal Herriko Karmeldarrek plazaratzen duten Karmel hiruhilabetekariaren 246. zenbakia euskal idazlea eta musikaria izan zen Aita Emiliano Barandiarani eskainia dago. 1904. urtean sortua zen Aita Emiliano, eta beraz bere jaiotzaren mendeurrena ospatzen da aurten. Hori dela-eta Karmelek eskaintzen ditu egingo zaizkion omenaldien berri; haren bizitza eta jarduera karmeldar bezala; Aita Emiliano eta Eskoriatzaren harremana; gizon honek euskal idazle gisa, hala nola itzulpengintzan eta atsotitzak zein esapideak jasotzen egin zuen lana; bere olerkiak eta bertsoak; musikarekin izan zuen lotura; Markinan Emilianoren musika akademia, eta Aita Emiliano eta Ansolatarren harremanak, besteak beste. Amaiera gisa, berriz, 1960an inprimatzeko prest zuen Eresi-ikasbidea argitaratu dute.
Azken giltza
Ruben Ruiz
Desclée De Brouwer
62 orrialde
5 euro
Ezagutzen ez dena ezin da maitatu
Horixe da Ruben Ruiz gasteiztarrak idatzi eta Enrique Morentek marraztu duen istorio honen irakasgairik garrantzitsuena: ezagutzen ez dena ezin dela maitatu. Protagonista mutiko bakarti bat da, txontxongiloak dantzan ikustea atsegin duen Xabier. Bere gelako neskek eta mutilek kantariak eta futbolariak dituzte gustuko. Xabierrek ez, futbolariek eta kantariek aspertu egiten dute Xabier, eta baita baloiaren atzetik kilometroak egiten eta zapatilak zulatzen ibiltzeak ere. Gauzak horrela, jolas orduan bakarrik egon ohi da beti gure mutikoa, eta beti da lehenengoa eskolara sartzen. Ahalik eta gelako neskato baten adiskidetasuna bilatzen saiatzea erabakitzen duen arte.
Jakin 142
Batzuen artean
Jakin
100 orrialde
9,10 euro
Euskal kultura eta literatura globalizazio aroaren aurrean
Elkarren artean lotura zuzenik ez duten lau artikulu eskaintzen ditu Jakin aldizkariak bere 142. zenbakian. Koldo Izagirrek euskal kultura eta literaturaren egungo egoeraren inguruko zenbait alderdi jorratzen ditu, Agurtzane Juanenak Biblioteka Nazionalaren egitasmoak Euskal Herriarentzat daukan balio estrategikoa azaltzen du, Amaia Alvarez Uriak hizkuntz sexismoaren gaia aztertzen eta Juan Bautista Bengoetxeak Eskuin filosofikoaren aldeko alegatu bat egiten duten bitartean.
Amak plastakoa eman dit
Ana Urkiza, Jokin Mitxelena
Aizkorri
36 orrialde 5,25 euro
Arrazoirik gabeko zigorraren aurrean
Ana Urkiza ondarrutarrak idatzi eta Jokin Mitxelenak marraztutako Amak plastakoa eman dit kontakizunean, ama batek bere alabatxoa zigortzen du plastako bat emanez, eta umeak ez du ulertzen zergatik egin duen hori. Arrazoien bila abiatzen da, ezer baino lehen bere buruari galdetuz. Baina badirudi berarentzat arrazoizkoak izango liratekeen zergatietan ez duela erantzunik aurkitzen, eta gauzak horrela, etxeko besteei galdezka hasten zaie. Aita kanpoan duenez, izeba Maikari eta amonari galdetzen die, eta haiek erantzuten diote beti gauza bera esaten diela, eta arrazoiren bat egongo dela amaren zigorraren atzetik. Neskatoa ez da horrekin konforme geratzen, ordea, eta bere gelako lagun bati komentatzen dio arazoa. Lagun hori astindu asko hartutakoa da, baina, eta bera etxean egunero jotzen dutela erantzuten dio, plastako horien balizko arrazoiak azalduz. Baina istorioko protagonistak ikusten du lagunak komentatzen dizkion arrazoi horiek beregan ez direla gertatzen, eta jarraitzen du galdetzen: zergatik jo nau amak? Azkenean andereñoari kontatzen dio bere kezka, eta hark erantzuten dio amari nolabait maite duela esan beharko liokeela.