Daniel Udalaitz
Hazkunde motel samarreko testuinguruan, «Mondragón Corporación Cooperativak zenbait sektoretako eskarian gertatutako moteltzearen ondorioak jasan ditu; baina, oro har, salmentek hazkunde polita izan dute, lanpostu ugari sortu da, nazioartera zabaltzeko prozesuan aurrera egin dugu eta apustu sendoa egin dugu berrikuntzaren alde, globalizazioak dakartzan erronkei aurre egiteko tresna den aldetik». Hala jartzen du 2003an taldeak izandako emaitzen aurrerakina eskaintzen duen Euskadiko Kutxaren memorian. Hori horrela dela ikusteko, taldearen datu orokorrak ikusi besterik ez dago: aurreko urtearekin erkatuta, %4,6 gehiago saldu zuen; %2,5 lanpostu gehiago sortu; eta %24 inbertsio gehiago egin zituen. Koadroan ikus daitezke datu zehatzagoak.
Etorkizun hurbilera begira, atzerriko lantegiei eman die garrantzia eta 2008. urtera bitartean 17 lantegi irekiko ditu Txinan, Mexikon, Brasilen eta Europako Ekialdean. Ehuneko 50era heldu bitartean erosketa gehiago egingo du atzerrian eta balio erantsi gutxien duen ekoizpenaren zati bat deslokalizatuko du. Dena den, jarduera horrek enpleguan eragiterik ez dute nahi eta beraz, kooperatibak hazi beste erremediorik ez du izango.
Finantza taldea eta banaketa
MCCko finantza taldeak hiru jarduera hartzen ditu bere baitan: Banka, Lagun Aro BGAE eta Lagun Aro Aseguruak. Euskadiko Kutxak kaudimen bikaina dauka. Bere baliabideak 1.053,5 milioi eurokoak dira. 479,7 milioi euroko superabita daukala adierazten du horrek. 2003ko abenduaren 31n %14,81eko kaudimen koefizientea zuen. Erraz gainditu zuen, beraz, %8ko gutxienekoa. Kreditu inbertsioa %22,4 handiagoa izan zen 2003an, aurreko urtearekin alderatuta. Hau da, 5.973,8 milioi eurotik 7.311,6 milioi eurora pasatu zen. Hazkunde hori gehienbat etxebizitzako hipoteka kredituaren bilakaeran oinarritu zen. Irabaziak %3,4 handiagoak izan ziren, 103,4 milioi euro lortu baitzituen 2003an eta 100 milioi euro aurreko urtean.
Lagun Aroko mutualisten taldeko kide gehienak MCCko bazkideak dira. Taldekideen eta haien familiarteko onuradunen gizarte babesaz arduratzen da batik bat. Gaur egun, 113 kooperatibatan banatutako 28.204 pertsona daude bertan, eta urtetik urtera 1.002 pertsona gehiago sartzen dira. 2003an 54,8 milioi euro banatu zituen prestaziotan ûepe laburrerako prestazioak ematen dituû. Kopuru horretako %54 aldi baterako ezintasuna zutenei eman zien eta %39 osasun laguntza emateko erabili zen. Lagun Aro Aseguruakek 181 milioi euroko diru sarrera izan zuen 2003an, aurreko urtean baino %9 handiagoa. Bere merkataritza sarea hedatu du beste lau sukurtsal irekiz. Gaur egun, 68 sukurtsal dauzka Euskal Herri osoan, Bartzelonan eta Valentzian, bere 240.000 bezeroen esanetara.
Banaketa taldearen buru Eroski da. Eroskiz gain, beste hauek daude taldean: Comercial Erein, Erosmer Ibérica eta Sofides ûazken horrek Frantzian dauka egoitzaû; Balear Irla, Galizia eta Madrileko aliatuekin batera sortutako beste zenbait baltzu; eta nekazaritza eta abeltzaintzako eta elikagaigintzako (Erkop) beste sei baltzu. Talde honen balantzea baikorra izan da: Jarritako helburuak bete ziren, lurrinen banaketa espezializatua finkatu zen, Distribuciones Mercat bere finkapen perimetroan integratu zen, eta Eroskiren ekarpenen bigarren jaulkipena arrakastarekin gauzatu zen. Alabaina, Valentziako Consum kooperatibaren baja ere gertatu da.
Eroski taldeak inbertitzeko ahaleginarekin jarraitu du, eta 60 supermerkatu, bederatzi hipermerkatu, 18 bidaia agentzia, bost aisialdirako denda eta lau gasolina zerbitzugune ireki ditu. Horrekin guztiarekin, 2.600etik gora lanpostu sortu ditu. Berrikuntza horien artetik aipagarrienak Gasteizko El Boulevarden eta Logroñoko Berceoren inaugurazioak dira. Emaitza ekonomikoak hauek izan ziren: Eroskiren emaitza bateratuak %21 igo ziren eta 108 milioi eurora iritsi ziren. Salmentak 2002koarekiko pixka bat igo ziren; 2002an 5.122 milioi euro izan ziren eta 2003an 5.204 milioi euro.
Marta Cardenas artistaren atzera begirakoa zabalik dago Koldo Mitxelena Kulturunean irailaren 25a arte. Donostiarraren marrazki eta bidaia koadernoek osatzen dute erakusketa.
Txokolarte kolektiboak Grabatudantza ekimena taularatuko du larunbat honetan, hilak 17, Donostiako Trinitate plazan. Ikuskizuneko 10 dantzariek paper gainean egingo dute dantza, euren pausoak tintaz grabatuz.
Emeterio Arrese hil zela 50 urte bete direnean, bere hainbat poema ezezagun topatu dituzte David Azurza eta Joxemari Iturraldek. Susak Interneten ipini ditu www.susa-literatura.com/emailuak/arrese/koad.html helbidean.
Galtzaundi Tolosako euskara elkarteak Martxaundi IV diskoa kaleratu du, bertako musika bultzatzea helburua duen egitasmoaren laugarren emaitza da.
Aitor Mazo eta Patxo Telleriaren Por amor al arte testuak irabazi du TV2ko Version española saioko gidoi lehiaketa. Film laburren La Navaja de Buñuel saria, berriz, Aitzol Aramaioren Terminalentzat izan da.
Mikel Asurmendi
Nola deskribatuko zenuke Frantziako estatuaren eredu kolonialista Iparraldean?
Ez dut uste Frantziako estatuaren eredua ûIparraldearen kasuanû eredu guztiz kolonialista izan denik. Nik lurralde honekiko politika, menpekotasunezko politika periferiko gisa deskribatuko nuke. Adibidez, Hego Euskal Herriaren erdigune politiko nagusia Madrilen izanda ere, Hegoaldea ûKataluniarekin bateraû estatuko erdigune ekonomiko nagusia da. Erdigune ekonomikoa izateaz gain, Hegoaldeak erdigune politiko izatea bilatu du historikoki. Zeregin horretan, gizartearen hainbat elitek herriaren osagai etnikoak diskurtso politiko bihurtu ditu. Testuinguru horretan jalgi zen nazionalismoa berealdiko lanabesa izanez. Iparraldean ez da halakorik izan. Frantziako erdigune ekonomikoa nahiz politikoa Parisen dago. Iparraldea ekonomikoki nahiz politikoki periferia izan da, eta ez da eliterik sortzeko abagunerik izan.
Testuinguru horretan nolakoa izan da Iparraldeko herritarren eta Estatuaren arteko harreman eredua?
Iparraldea Parisko erdigune politikotik urrun izanik, notableak ûHegoaldean jauntxoakû Paris eta periferiaren arartekoak dira. Notable hauek garatu dute Iparraldeko diskurtso politikoa. Notableek herritarren sentimenduak estatu zentralistaren estrategiara egokitu izan dituzte, eta halaber, estatuaren estrategia bertako populazioaren sentimenduetara.
Zein da notable hauen soslaia?
Notableek dependentzia bikoitza dute: populazioarekiko nahiz Parisekiko. Boterearen baliabideak behar dituzte herritarren boza lortzeko. Ararteko hauek batzuetan diskurtso baskista erabiltzen dute, populazioaren enpatia dute, baina aldi berean, diskurtso jakobinista darabilte. Honek diputatu edo hautetsi hauen "izaera eskizofrenikoa" azalarazi du. Politikoen ezaugarri honi erlijioa eta tradizioa lotu behar zaizkio. Iraganean, elite ekonomikorik ezean, kleroak «maneiatu» zuen bertako errealitate politikoa. Alta, gerora, euskarak garrantzia galdu zuen neurrian, estatu zentralista eta laikoa inposatuz joan ahala, sekularizazio prozesua azkartu zen eta notableek are garrantzia handiagoa irabazi zuten.
Frantziako estatuaren eredu aldaketak izan dira. Charles de Gaullen ereduak, adibidez, nola eragin zuen Iparraldean?
De Gaulle diskurtso nazionalista indartsu batean oinarritu zen estatu eredu berri bat eraikitzeko. Eredu honek behartu zituen notableak logika lokala utzita logika nazionalarekin funtzionatzera. Euskal demokrazia kristauak indarra galdu zuen eta RPRko sektore gaullistak indartu ziren. 60tik 90era bitartean notableek estatuaren exijentziak bete egin behar izan zituzten.
Orainera etorriz, nola hasi zen Iparraldean abertzaletasuna ernatzen?
Bertako eta kanpoko faktoreek eraginda. 1950. urteetan euskal hizkuntza eta identitate ezaugarriak oso egoera larrian egon ziren, euskal krisia gogor eta oso nabarmen agertu zen. Euskararen transmisioa eteten hasi zen familietan eta hainbat kultur adierazpideren gainbehera etorri ere bai. Honi guztiari krisi ekonomikoa gehitu zitzaion. Egoera kaotikoa izan zen. Alta bada, nazioartean nazionalismo iraultzailea agertu zen. Enbata eta ETA Aljeriako independentzia garaian sortu ziren. Aldi berean, sektore gaullisten aurkako borrokak ere lagundu zuen abertzaletasuna ernatzen. Hasieran jite askotariko abertzaletasuna ernatu zen. Baina, ernamuina argitzen hasi orduko ûberandu sortu izanagatikû abertzaletasunak ezkerreko izaera agertu zuen.
Bertako abertzaletasuna ulertzeko Iparretarrak (IK) erakundea ezinbestekoa da. Kontraesanen eta eztabaiden iturri.
1973. urte aldean IK sortu baino lehen jada, batzuek indarkeria erabiltzea errefuxatu zuten, arazo etikoengatik. Beste batzuek, ordea, borroka armatua sostengatu zuten. Abertzaletasuna ildo sozialdemokrata, kontserbadore eta marxistaren artean zatitu zen Enbataren garaiatik. Joera horien barruan indarkeria erabiltzeari buruzko eztabaida lantzen hasi zen. Hegoaldeko ezker abertzaleak ez zuen kontraesanik ikusi erakunde armatu bat Hegoaldean eta beste bat Iparraldean izatearen artean. 80ko hamarkadan alta, Hegoaldeko ezker abertzaleak borroka markoa Hegoaldea zela hobetsi zuen, Iparraldean borroka armaturako tokirik ez zegoela esanez. Honek EB eta EMA sortzea ekarri zuen. Hura izan zen egungo abertzaletasunaren haustura edo zatiketaren jatorria. Beranduago, Hegoaldeko ezker abertzaleak Iparraldean izan zuen "eskuartzea"ri buruzko nolabaiteko autokritika egin zuen. Geroago, abertzaletasunaren batasuna ABren baitan gauzatu ahal izan zen.
Autokritika nolakoa izan zen?
Ezker abertzalearen barne agirietan nolabaiteko autokritika agertu zen, baina ez zen guztiz sustraitu. Horren lekuko 2001ean Batasuna Iparraldera zabaldu izana. Azkenik, ABko kideen gehiengoaren nahiari muzin eginez gauzatu zen. ABk, bere barne kontraesanak argitu aldera, eztabaida eta prozesu hura geldiarazi nahi izan zuen. ABk ezker abertzale batua nahi du, baina baldintza zehatz batzuekin. Iparraldeko Batasuna osatu zuen sektoreak eta Hegoaldeko Batasunak aurreko garaian izan bide zen autokritika ahaztu zuten nonbait, edo ez zuten aintzakotzat hartu, behintzat.
Zuk nola ikusi duzu zatiketa hau?
Abertzaletasuna politikaren ertzetatik erdigunera bide egiten ari zen unean gertatu zen ABren zatiketa. Abertzaleak politikan baztertuak izatetik pisu eta eragina izatera pasatzen ari zirenean. AB beste alderdi politikoen diskurtsoa baldintzatzen hasi zen unean zatitu zen. Abertzaletasunarekin ohitua ez den hautesleriak abertzaleen diskurtso eta erantzun garbiak behar ditu. Azken bozetan, ordea, iritziak erdibanatu eta boto-emaileak sakabanatu dira.
Artean Elgar-ensemble mugimendua sortu da. Nola baloratzen duzu berau?
Tradizionalki ûnazio gatazken testuinguruanû harreman identitarioak modu birpolarizatuan ematen dira. Iparraldean ere hala da, alta, askotariko identitate bat sortzen ari da. Euskalduntasuna leku zabala hartzen ari da euskal eta frantses bitasunean. Horietako askok ûabertzale izan gabe eta frantsesa izakiû Batera plataformaren aldarrikapenak bere egin dituzte. Frantziako estatuaren aurka mugitzen hasiak dira. Elgar-ensemble erakundekoek euskal bezain frantsestzat dute beren burua, baina ez dute jarrera frantsesa sostengatzen, baskita baizik. Abertzaletasunaren aliatuak dira, nolabait.
Demoen fenomenoa sendotuko al da?
Hala nahi nuke, behar-beharrezkoa baita. Demoek bide eta alternatiba itxaropentsua zabaldu dute, tradizionalisten joera motelaren eta biolentziaren agerbide garratzen artean. Politikaren sukalde berria asmatu dute, aurreko biak baino askoz zaporetsuagoa. Estatuaren joera injustu eta errepresiboaren aitzinean desobedientziaren bidea urratzen ari dira, mugitzen ez ziren sektoreak kontzientziatzen eta mobilizatzen. Demoak jokatzen ari diren partidan asko dugu jokoan euskaldun guztiok. Beren bidea gailenduko balitz, herri honek bizi duen gatazka egoera gailendu liteke. Bestelako alternatibarik ez dagoela esaten dutenen aurrean, ekimen onuragarria litzateke. Herri honek pairatzen duen injustiziaren aurrean, demoen alternatibak biolentziaren bidean eta inmobilismoan segitu nahi dutenei erantzuten die. Paradoxikoki, Iparraldean alternatiba desobediente bat altxatu da, non eta jubilatuen txokotzat jotzen den lurraldean.
Unai Brea
Gauza jakina da Francoren diktadurak ûehun urte lehenago, eta Bidasoaz bestaldean, Iraultza Frantsesaren oinordekoek bezalaû guztiz debekatu zuela euskara Hego Euskal Herriko eskoletan. Francok ez zuen ezer berririk asmatu ordea, Gerra Zibilaren aurreko egoera ere parekoa baitzen Espainiako Estatuan: irakaskuntzak gaztelaniaz izan behar zuen derrigorrez. Zelangura, mende hasiera hartako lege-betearazleak ez bide ziren geroagokoak bezain zorrotzak izan, eta hala, abertzaleak ûez eurak bakarrikû gauza izan ziren Bizkaian eta Gipuzkoan ûNafarroan bakanen bat ere baiû nolabaiteko euskal eskola sortzeko.
Euskarazko lehen eskola haiek une berezi samarrean agertu ziren. Paulí Dávila EHUko irakasle eta euskarazko testu-liburuetan adituak dioenez, "XX. mende hasieran, Kuba galtzeaz geroztik, espainiar nazionalismoa ahul zegoen. Arrazaren kalitatea ezbaian zegoen; æEspainia gaizki dabilÆ, æEspainia galbidean daÆ eta jite bertsuko ideietan oinarritutako autokritikak eskola ûgaztelaniazkoa noskiû indartu nahi izatea ekarri zuen ondorio, besteak beste. Estatuak hiritar eskolatuak nahi zituen, bere burua indartze aldera". "Testuinguru hartan", jarraitu du, "Euskal Herriko zein Kataluniako abertzaleak hezkuntza-sistema espai- niarrari kritika egiten hasi zitzaizkion, eta hemen, Sabino Arana izan zen kritika horren buru".
Mugimendu hark lehen euskarazko eskolak sortzea eragin zuen. Gutxi, artean. Jakina, eskola haietako umeek euskarazko testu-liburuak behar zituzten, eta horretara jarri ziren zenbait. Sabino Aranak berak, esaterako, euskal gramatika bat idatzi zuen, eta aleren bat gehiago izan zen mendearen lehen hamarkada bietan, baina testu-liburugintzak urte batzuk geroago hartu zuen benetako indarra, Eusko Ikaskuntzaren eskutik. 20ko hamarkadatik aurrera Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundiek herri txikietan sortutako eskoletan erabiltzeko ekoitzi ziren liburuok, batez ere.
Paulí Dávilaren esanetan, euskarazko liburu haiek ez ziren ume askorengana iristen. Kontuan izan behar da Araban, ia Nafarroa osoan eta Iparraldean usainik ere ez zietela hartu, erdarak baitziren jaun eta jabe hezkuntzan. Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, egoera zertxobait hobea izanagatik ere, gaztelaniazko eskola zen nagusi. Batez ere hiri handietan, baina baita herri txikiagoetan ere. "Ez dugu ahaztu behar guraso gehienek nahiago zutela euren seme-alabek erdaraz ikastea, hura baitzen ospea zeukan hizkuntza", ohartarazi du Dávilak. Bestetik, ezin dugu garai hura gaurko irizpideen arabera aztertu. Jende asko analfabetoa zen, eta eskola derrigorrezkoa izan arren, derrigortasun hori ez zen gaur bezain erabatekoa. "Normaltzat hartzen zen umeak, baratzean jardun behar zutenean, eskolara ez joatea".
Ideologia barra-barra
Eusko Ikaskuntzak testu-liburuak sustatzeko lehiaketak antolatu zituen. "Haien kezketako bat euskal curriculuma sortzea zen", diosku Dávilak, "eta hala, irakurtzeko liburuxkak, euskara ikasteko gramatikak, Euskal Herriko historiari eta geografiari buruzko liburuak eta antzekoak argitaratzen hasi ziren. Aberriarekin harremana zeukatenak".
20ko eta 30eko hamarkadetan Umearen laguna, Martin Txilibitu, Txomiñ-Ikasleà agertu ziren. Liburu haietako asko eta asko Ixaka López Mendizabalek Tolosan zeukan inprimategian egin ziren. López Mendizabalek testu-liburugintzan eduki zuen garrantziaren berri eman digu Paulí Dávilak: "Bilbon argitaletxeren bat egon zen, baina esan daiteke euskal testu-liburuen industria López Mendizabalekin hasi eta bukatzen zela ia". Horrek, besteak beste, liburuak idazteko erabiltzen zen hizkeran eragin zuen. 20ko hamarkadaren aurretik, eta Sabino Aranaren eraginez, bizkaiera izan zen nagusi. López Mendizabal liburuak argitaratzen hasteaz (eta kasu askotan, idazteaz) batera, ordea, gipuzkera gailenduz joan zen. Zelangura, liburu asko euskalki bietan egiten ziren. Argitaraldi desberdinetan, hori bai.
Ideologia ûabertzalea, edo jeltzalea zehatzago esandaû bete-betean ageri zen liburu haietan. 1932an plazaratutako Lutelesti ûhots, geografiaû izeneko batean, esaterako, Euskal Herria maitatu beharra zegoela esaten zen, bihotz baten itxura daukalako. Liburu hartan, geografiaz ziharduten gainerakoetan bezala, zazpi herrialdek osatutako Euskal Herria ikus zitekeen. "Euskal sena azpimarratzen zuten", azaldu du Paulí Dávilak, "txapelaz eta bertoko jantziz jantzitako mutilak, baserriko bizimoduaà halako gauzak agertzen ziren irudietan". Garaiko abertzaleengan nagusi zen pentsamoldeari jarraiki, erlijio katolikoak ere berebiziko garrantzia zeukan liburuotan: "Xabiertxo ireki eta lehen ikasgaia Jaungoikoa da". Xabiertxo, izan zen, hain justu, liburu haietan guztietan arrakastatsuena, 60 eta 70eko hamarkadetako ikastoletan erabili izanak adierazten duen legez.
Garai hartako euskarazko testu-liburuak sei eta hamabi urte bitarteko umeentzat eginda zeuden ûhortik aurrerakoentzat euskarazko eskolarik ere ez zegoenû, eta azpimarratzeko moduko kalitatea zuten. "Ondo marraztuta zeuden, irudi argiekin, eta oso itxura modernoa zeukaten, koadernaketa dotorea eta guzti". Irudi gehienen egilea Jon Zabalo "Txiki" izan zen. Liburuak, bestalde, txikiak ziren û15x20 zentimetrokoakû, eta orrialde kopuruari dagokionez urriak.