Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 09:39:43
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-07-18 -- 1953.zenb

Xabier Sarasua

Euskal Herria zirt edo zart egiteko une historiko garrantzitsuan dago. Hegoaldeari dagokionez, 1978an ekindako ziklo politikoa agortuta eta ziklo berriari ekin ezinik, bitarteko egoeran dagoela esan daiteke. Ziklo berria irekitzeko, aurrekoa markatu zuten eta dagoeneko agortuta dauden bi fenomeno nagusiak itxi behar dira: batetik, Gernikako Estatutuaren bidezko "emandako autonomia"ren etapa; bestetik, ETAren bide militarra.

Zikloa agortu arren, Espainiako Estatuak kontrola indarrez mantendu nahi du, eta, ETAk eskaintzen dion koberturaz baliatuta, aurrekaririk gabeko eskalada errepresibo, autoritario eta eskubideen murrizketa eragin du. ETAk, bere aldetik, eutsi egiten dio bide militarrari, nahiz eta oso ahulduta eta militarki kontrolatua egon eta aspaldian ez duen ekintza militarrik gauzatu.

1998an Lizarra-Garaziko Akordioak ziklo aldaketaren beharrari bere osotasunean egin nahi izan zion aurre: etapa autonomikoa itxi, ETAren borroka militarra amaitu eta ziklo berria subiranotasunezko oinarrietan ireki. Baina prozesuak nahastu egin ziren eta aurreko zikloa ixteko zailtasunak agertu. Orain aztertuko ez ditudan arrazoiengatik, ahaleginak porrot egin zuen. Eta porrot honek bi ondorio nagusi utzi zituen: bide autonomikoa ixteko prozesua eta ETAren bide militarra ixtekoa bereizi beharra, batetik, eta bestetik, su-eten baldintzatuaren aukera agortzea. ETAk ezin du dagoeneko su-etenaren trukean ezer eskatu, ezker polo zibil soberanistaren berrantolatzea ez bada. Planteamendu honekin dator Ibarretxe Plana, lehen prozesuari erantzuna eman asmoz.

Batasuna ere ondorio hauetaz jabetzen zela ikusi nahi izan genuen Bergarako proposamenean. Otegiren uztail hasierako adierazpenek ez dute zalantzarako tokirik utzi. Pozgarria benetan, aspaldi samarretik nazio eraikuntza eta gatazka gainditzeko prozesua bereizteko bide politikoa aldarrikatzen genuenontzat.

Ibarretxe Planera itzuliz, amaitutako zikloa gainditzeko gehiengo soziala bilduko duen proiektu komuna izan nahi omen du. Eta hori behar dugu. Baina ezinbestean zuzendu beharreko hutsuneak ditu. Aurrebaldintza guztiak ezabatu behar ditu, ETA zein estatuari beto eskubidea kenduz eta euskal herritarren hitza errespeta dezaten exijituz.

Hala ere, ezin hobeto letozke ETAren eta Espainiako Gobernuaren distentsio keinuak eta, giza eskubideen defentsan, herritarrok zera exijitu behar diegu, ozen eta tinko: ETAri behin betiko su-etena, eta Gobernuari Alderdien Legea, Sumario errepresibo justifika ezinak, euskal presoen dispertsio eta urrutiratzea eta Terrorismoaren aurkako Legea bertan behera uztea.

Burujabetzazko prozesuaren zilegitasuna Euskal Herriko herritarren borondatea da eta Nazioarteko Zuzenbidearen araberakoa, gainera, Quebec-i aitortu zitzaion bezala. Horretarako, hiru zutabetan sakondu beharra dago: erabaki subjektua ûeuskal herritar oro, jaioterria eta bizilekua edozein dela ere, baina egungo hiru errealitate administratibo bakoitzak behar du izan erabaki subjektu, zilegitasunez beste egoera batera igaro ahal izatekoû; lurraldetasuna û7 herrialdeetako subjektuek erabaki beharko dutenaû; eta burujabetza ûarlo juridiko, administratibo zein politikoanû.

Prozesuak irekia izan beharko du, dinamikoa eta progresiboa, herritarren borondatea eta giza eskubideekiko begirunea dituena muga bakar. Horregatik, aukera guztiak zabalik utzi behar ditu, ezin da mugatu Espainiako Estatuarekin elkarren arteko banatzearen estatus aukerara. Batzuk independentziaren aldeko hautua egingo dugu: burujabetza behar dugulako Europan zuzeneko parte hartzea bermatzeko, demokrazia murriztu eta giza eskubideak zapaltzen dituzten legediak ezabatu ahal izateko eta herritarren integrazioa, ongizatea eta askatasun indibidual zein kolektiboak bermatzeko eskuduntzak izateko.

Ibarretxe Plana batetik, eta EAEko hauteskunde autonomikoak direla bestetik, une erabakigarrian gaude eta hasi dira mugimenduak. PNVren baitan Imazen garaipenak eraikuntza nazionalerako zailtasunak areagotuko zirela iragarri zuen. Ibarretxeren ezkutuko telefono elkarrizketak eta Donostiako udalean PSOErengana hurbiltzeko ahaleginek argi erakusten dute nondik datorren arriskua: PNVk muzin egin diezaioke gatazka gainditzeko ezinbestekoa dugun burujabetza ariketari ûez naiz ari nazio eraikuntzazû eta estatutu aldaketa soilean utzi Plana, blokeatuta egon diren zenbait eskuduntzaren truke eta hurrengo agintaldirako gobernagarritasun bide berriak zabaltzearen truke. EAren baitan ere nabaria da ildo ezberdinen arteko tentsioa. EB-IUk ere mugimendu estrategikoa egin du IUrekiko status aldaketarekin. Batasuna aldiz, duela bi urteko diskurtsoarekin zerikusirik ez duen dialektika posibilista begi-bistakoa eginez.

Aralarrek bere aldetik, urrian egingo du II. Biltzarra eta bertan helburu nagusi bat izango du: ezker zibil soberanistaren alternatiba berreraikitzeko bidea markatzen joatea. Izan ere, eraikuntza nazionalean PNVri hegemonia borrokatuko dion ezker bloke soberanista indartsua behar baitugu, autodeterminazioaren aldeko norgehiagoka politikoari tinko ekingo diona eta eraikuntza nazionala parametro sozialetan egingo duena. Berrantolaketa horri begira, hona kontuan hartu beharreko zenbait ekarpen:

- Ezker abertzaleak ûbere osotasuneanû 1999tik hona izan duen boto hustuketa ikaragarria, ETAren indarkeriazko ekintzarekiko dependentzia harremanaren ondorioa izan da.

- Ezker zibil soberanistaren berrantolaketak borroka armatuarekiko autokritika sakon batez abiatu behar du. Hori egin gabe ezin da lidergo politiko berririk eraiki.

- Ezker abertzaleak azken urteetan bere politikaren azken mailara zokoratu ditu aldarrikapen sozialak.

- Ezker polo abertzale plural horrek, gehiengo sindikalarekin bat egiten du, burujabetza nazionalerako antzerako proiektuan eta baita gizarte ereduan ere. Horregatik, errealista da gure herriko lidergo politikoa zentroko eta eskuineko indarrei borrokatzeko xedea.

- Ezker zibileko bloke abertzaleak sindikatuekiko eta gizarte mugimenduekiko elkarlan eta autonomiazko harremana landu behar du, lehentasunez.

- Ezker identitatea ez da eraikitzen abertzale kontserbadoreen programa nazionala erradikalizatuz, eraikuntza nazionalerako egitasmo demokratiko eta sozialista bat bultzatuz baizik.

- Ezin da helburu politikoez hitz egin, bideez, jarrerez, jokabideez hitz egin gabe. Helburua bide egiteko ahaleginak berak bihurtuko du berau errealitate, unez une, pausoz pauso.

Eta horretan ari da Aralar. Epe luzera lanean, bidea egiten, ezker alternatiba izateko bokazio osoz, baina erresuminak baztertzeko borondatez eta bide horretatik joan nahi duenarekin elkarlanean aritzeko eskua ûeta bihotzaû zabalik.

Jexux Mari Irazu

Bentiladore saltzaile eta haize freskotik bizi direnek iaz baino ere bero handiagoa iragarri ziguten. Beroan ohituxeago dagoen beste bat, berriz, udara lasai hartzeko eginez dabil, oraingoan beroak onik ekarriko ez balu bezala. Martxoaren 11koan adinakoa ez, baina, bere lasaitua ematen du horrek ere. Jon Idigorasek orain dela gutxi aitortu zuen oso zaila dela zenbait kolperi buelta ematea. Adibideak ulergarriak izateaz gain ûAlcalá hoteleko atentatua, besteak beste, baina, baita HBren kontrako prozesua ereû aitortza eta frankeza horrek erakusten duen ausardiak ere balio du zerbait.
Muturrekoa jaso eta lehen baino indartsuago gaudela erakusten saiatzea gehienoi, neroni aurrena naizela, ia barrutik ateratzen zaigun gauza da. Askotan, egiten baino kontra egiten gara hobeak, eta azkenean irabazi egin dugula iruditu gainera. Lehendik dagoena aipatu beharrik gabe "Berriaz gain, lau egunkari gehiago daude orain euskaraz kalean, eta beste bi ere badatoz", zioen Uriak, kartzelatik eta Egunkariak itxita jarraitzen duela. "Azkeneko tantoan gaude" zioen Otegik, eta ozen azpimarratzen du ilegalizazioak frakasatu egin duela. Eta, panoramari begiratuta, sakonean, litekeena arrazoi izatea. Litekeena da kontraesanaren bigarren partearekin errazegi kontsolatzea ere.

Jose Luis Alvarez Enparantza 'txillardegi'


Azkeneko hauteskundeetan abertzaleok munduaren aurrean eskaini dugun "ekitaldia" lotsagarria izan da. Eta Mayor Oreja eta Rosa Diezen eskutik Europarako lortu dugun hautetsi taldea, bere buruz mintzo da garbiki.

Dimisioak eta autokritikak, noizko? Abertzale jendea zain dago, nik uste.

Honengatik edo hargatik, Hegoaldeko alderdi abertzale guztiek bilatu dute -baita lortu ere- espainiar aliaturen bat. Iparraldean, berdintsu.

Oñaztarrak eta ganboarrak, agramontesak eta beaumontesak, karlistak eta liberalak, betiko erdibiketa eskaini zaigu gori-gori.

Handik aste batzutara, bide berberetik, "alarde"en istorio txatxu azkengabea jasan behar izan dugu, eskopetak eta guzti. Eta San Martzialetan frantses gabatxo nazkagarri horiei guk, españolok, eman genien jipoia ospatu dugu harro-harro. Milagarren aldiz. Baina, hori bai, ongi zatiturik: alarde mixto, alarde tradicional. Elkarri "alu hori!" deituz.

"Bapo mutillak! Ongi gatxiaztik!" ...

Krutwig-ez oroitu naiz: "Herri honek ez du euskara miresgarria merezi" esan ohi zuen hark. Egokiro pentsatua, ene ustez.

Eta Jesus Lezaunen etsipena sentitzen dugu abertzale askok (ikus "La unión es necesaria" Gara, uzt.4 ): "Ni un solo partido de aquí -dio- se ha unido con otro también de aquí". Egia baita.

Eta irizkide nauka ondoren azaldu duen beste ideia honekin: "La unidad no es posible ni positiva pero la unión entre distintos para obtener unos objetivos es absolutamente necesaria".

Eta hau irakurtzea guztiz pozgarri eta beharrezkoa da.

Orain arte beste hau egon baita modu iraunkorrean: "Izquierda no hay más que una".

Hots, hori entzundakoan, "zein" galdetzea arrunt gaizki hartua izan da gure artean.

Baina ezker sozialista, hemen eta non-nahi, bi multzo nagusitan banaturik dago. Batean, alderdi marxista-leninistak daude; eta bestean, alderdi ez marxista-leninistak.

Beste puntu minbera bat ukitzen ausartu da apaiz nafarra : PNVren aginte-aldiari amaiera emateko tenorea iritsia dela, alegia.

Eta honetan ere, argi eta garbi aitortuko dut: erabat naizela ados Lezaunekin.
Euskal egoera politikoa errotik aldatu gabe, PNVaren papera barne, hemen ez dagoela zulotik irteterik.

Euskal Herria ez da Txetxenia, ez Irak, ez Palestina, eta ez Nikaragua. Hemen ezker zibila azkartu behar da. Hau batetik.

Baina horretarako, ETAk su-etena aldarrikatu behar du.

Segidan Auto-determinazioaren aldeko herri-mugimendua antolatu behar da. Ez batasunean eraikita, bateratasunean baizik .

Badirudi EAk amaiera eman nahi diola PNVrekiko morrontza-aldiari; eta, nolazpait, ezkerretara jotzekotan dagoela. Hori baieztatzen baldin bada, eta PNVarekiko ezkontzari eustearen aldekoak benetan alderdiaren barruan gailentzen badira, EArekin kontatu behar litzateke.

Ezker Abertzale ofizialaren oinarri soziologikoa Auto-determinazioaren alde dago osotara. Arazo bakarra ETAtik datorkio. Baina menia lortuta, korapilorik ez.

Sindikatu abertzaleak, eta ELA eta LAB bereziki, funtsezko oinarriak dira gaur egun ûLizarra-Garaziren garaian izan ziren bezalaxeû Auto-determinazioaren aldeko frontea eraikitzeko. Gauza bera euskal kulturaren alorreko erakundeak.

Neure "etxekoez", nolabait adierazteko, zer esango? Nafarroa Bai elkarketa arrakastatsua izan dela ûeta, agian, izangoû. Euskal Herrian euskal ERC bat beharrezkoa da guztiz. Berriro ere, hau ez da Hirugarren Mundua. Ez daukate zertan txepelkeriatan eta ahalketan ibili beharrik. Ene ustez, jakina.

Eta PNVz, zer? Badela garaia PNV oposiziora pasatzeko -Katalunian CiU pasa den bezala-. Benetan diot hau.

Behin eta berriz zapuztu gaitu abertzaleok, anti-euskaldunik nabarmenekin bat eginez. Independentziaren inguruko arazoarengatik bota zituen EAkoak Eusko Jaurlaritzatik.

Orain berton ere, beste elkarraldi bat ari da prestatzen PSOErekin, lotsarik batere gabe. Nahiz honek Partiduen Legeaz, eta PPrekin bultzatu dituen akordioetan, ez hautsi. Eta abar, eta abar.

Zer da, funtsean, eta orbelaz bestaldean, Ibarretxek proposatzen duen "Vascongadentzako" Estatutua, Auto-determinazioari uko maltzur bat besterik?

Auto-determinazioari bai.

Eta orduan: abertzaleok elkarturik, ezkerretik aurrera!

Xabier Portugal

Duela hilabete, gutxik espero zuen dokumental batek Canneseko Urrezko Palma irabazi ahal izana, baina horrela suertatu da aurten. Michael Moorek buruturiko Fahrenheit 9/11 filmeak lehen saria jaso du munduko zinemaldirik garrantzitsuenean. Harrigarria gertatu bada ere, dokumentalek egun lortu duten inportantzia frogatzera etorri da albistea.

Duela bi urte ikusleok zinegile berak eginiko Bowling for Columbine filmari eskainitako harrera, batetik, eta gure artean hautsa dezente harrotu zuen Medem-en pelikula, Euskal Pilota, larrua harriaren kontra bestetik, horren adibide argiak izan ditugu.

Orain arte salbuespen izan arren, gaur egun dokumentalak pantaila handira iristen zaizkigu, ia normaltasun osoz. Hor dugu, esate baterako, egunotan ikusleon bihotzak kuzkurtzen dituen Andrew Jarecki-k buruturiko Capturing the friedmans, eta gogoan ditugu oraindik ere Sintel-eko langileen borrokari buruzko El efecto Iguazú, Jaime Caminoren Los niños de Rusia, Carles Bosch eta Josep Maria Domènech-ek arrodatutako Balseros, Ana Diez-en Galíndez edota Agnes Vardaren Los espigadores y la espigadora, besteak beste.

Filme horiek direla medio, dokumentalak, genero bezala, berpizkunde interesgarria lortu du. Dokumental horien helburua memoria berreskuratzea eta gordetzea da, iragana eta orainaldia hobeto ezagutu ditzagun sortuak dira.

Gure kasuan, inoiz baino beharrezkoago zaigu dokumentalek eskaintzen diguten aukeraz baliatzea. Gurea bezalako herri kolonizatuei lehendabizi boterea kentzen zaie, gero hitza, guri euskaraz hitz egitea debekatu ziguten bezala eta, azkenik, irudia lapurtzen diete, herriaren nortasuna, identitatea eta historia betiko desagertarazteko asmoz. Modu horretan historia bakar bat idatziko litzateke, garaileena, hain zuzen.

Duela egun batzuk Ikastolen Elkarteak "Euskal Curriculuma: Kultur Ibilbidea" izenburupean, adituek egindako ekarpenaren inguruko proposamena aurkeztu zuen. Bertako hitzaurrean oso datu interesgarriak aurki ditzakegu, baina honekin geldituko naiz, oraingoan: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailan û15-16 urteû ziharduten Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleen lagin errepresentagarria diseinatu eta aukeratu zen. Curriculumaren euskal dimentsioa neurtzeko ebaluatzaileek prestatu zituzten 83 galderetatik, ikasleek batez beste 34´5 galdera zuzen erantzun zituzten, hau da, %41,3; Curriculumaren Europar Dimentsioa neurtzeko prestatu ziren galderetan, aldiz, erantzun zuzenak %63 izan ziren.

Gogoeta xume bat baino ez dugu behar jendeak AEBetako historia geurea baino hobeto ezagutzen duela frogatzeko. Eta harrigarria bada ere, ezagupen maila hori, hein handi batean behintzat, zinemari zor diogu.

Bidezkoa, beharrezkoa eta zuzena da euskaldunok geure ondarea ezagutzea eta ondorengoei horren transmisioa ziurtatzea. Edgar Morin pentsalariak zioenez, "Batasunaren eta aniztasunaren aldi bereko fenomeno bikoitza garrantzi handikoa da. Gizabanakoaren berezko identitatea kulturari eskerrak mantentzen da eta giza taldeen berezko identitatea kulturei eskerrak (...) Horrela, kultura komuna kultura ezberdinetan txertatuta dago, baina kultura desberdinen ekarpenik gabe ez dago kultura komunik". ("Les sept savoirs nécessaires à la education du futur". Seul, Paris).

Baina nola sendotuko dugu gure lurrean errotuta dagoen zuhaitza, bere sustraiek ez badituzte inon aurkitzen beharrezkoak dituzten ur eta elikagaiak?

Guk, euskaldun bezala, egunero irabazi behar dugu existitzeko eskubidea. Erasoak etengabe sortzen dira. Horregatik da estrategikoa euskal zinemaren erronka, euskaldunok geure memoria kolektiboa berreskuratu eta garatu behar dugulako, guri baitagokigu gure historia idaztea, eta ez besteei.

Botereak beldurra die irudiei. Azken adibidea Abu Ghraib-eko irakiar kartzelan frogatutako torturen afera dugu. Ordura arte presoek jasaten zituzten torturek eta tratu txarrek ez zuten Bush gehiegi kezkatzen. Argazkiak publikoak egin direnean hasi dira eskua sartzen, gertatutakoa, irudia dela medio, problema bihurtu delako beraientzat. Gauza bera gertatu da gure artean Joseba Arregi, Gurutze Iantzi eta Unai Romanoren kasuetan, besteak beste.

Gure artean Au pays des basques, Los hijos de Gernika, Ama Lur, Navarra, las cuatro estaciones, Gipuzkoa, El proceso de Burgos, Las guerras carlistas, Ikuskak, Galíndez, Euskal Pilota, larrua harriaren kontra eta beste zenbait dokumentalek jorratutako ildoa ureztatzen jarraitu behar dugu.

Egileek proposatutako azterketatik abiatuz guregan sortutako gogoetak argi izpi bat proiektatuko du gure iragana eta orainaldiaren gain. Modu horretan, behar bada, ez zaigu hain zaila izango askatasunera eta bakera eramango gaituen bidea egitea.

Juan Kruz Lakasta


Heldu dira merkealdiak Corte Inglesera, Zarara, Mangora. Eta guztiok ûni neu barne, jakinaû amua irentsiko dugu. Zerbait erosiko dugu. Zer gara gu, nor gara gu, kontsumitzaileak gara gu. Kontsumitzaileen Elkarteetako ordezkariek, urtero bezala, erostera joan aurretik behar ditugun jantzien zerrenda prestatzeko gomendatu digute, zerrenda horretan ageri ez den ezer ez erosteko aholkatu. Baina gu, urtero bezala, zerrendarik gabe, edozer gauza erosteko prest hurbilduko gara dendetara. Seguru pagotxaren bat topatuko dugula: elastiko bat bederatzi eurotan ûberdin dio etxeko armairuan kamisetak sobran izateaû, edo praka batzuk 18tan ûagian guretzako txikiegiak dira, baina, merkeak direnez, zer axola dioû. Eta harro kontatuko diegu lagunei zer nolako maukak erosi ditugun, haien gibelean dagoenaz batere arduratu gabe.

Egunotan Intermon Oxfam erakundearen txosten bat irakurri dut, hain zuzen ere Espainiako enpresa arropa ekoizleen jardueren ingurukoa. Ebazpena, Inditex (Zara), Induyco (El Corte Ingles), Cortefiel edota Mango bezalako enpresentzat arropa egiten duten tailerretako langileen baldintzak esklabutzatik gertu daudela. Tailer gehienak Marokon daude. Langile gehienak emakumeak dira ûtxirotasun katearen azken kate-begia emakumea izaten da betiû. Txostenak adibide ikaragarriak eskaintzen ditu: 16 orduko lan jardunaldiak, hilero ordaindu gabeko 150 ordu estrak, sindikatuak osatzeko eskubiderik ez, segurantza sozialik ez, gaixotasun baja hartzeko eskubiderik ez, areago, lan jardunaldi maratonianootan komunera joateko aukerarik ez.

Salaketa horren aitzinean transnazional espainiarrek esan dute haiek dekalogo etikoak sinatzen dituztela haien arropa egiten duten tailerrekin. Dekalogo bat, baina, paper bustia da, baldin eta tailerrei ezartzen dizkiezun ekoizpen baldintzek ezinbestean esklabutzara bultzatzen badute. Transnazionalek ekoizpen handiagoa, azkarragoa eta merkeagoa nahi dute. Eta Munduko Banketxeak eta Nazioarteko Moneta Fondoak txiroturiko herriak eskaera horiek onartzera bultzatzen ditu. Duela hiru urte Marokoko tailerrek 3,3 euro kobratzen zuten praka bakoitza. Egun, 2 besterik ez ûkontuak egiten hasten bagara, jabetuko gara 18 eurotan erosi ditugun prakak pagotxa direla, batez ere multinazionalarentzatû. Inditexek mundu osoko entrega eperik motzenak inposatzen dizkie tailerrei: bost egun. Xedea, erakusleihoko arropak astero aldatzea, guri amu erakargarri gehiago eskaintzea.

Guk, jakina, amua behin eta berriz irensten dugu. Herritarrak baino gehiago kontsumitzaileak gara. «Kontsumoak libre eginen zaituzte». Horixe da egungo erlijio nagusiaren leloa. Jaungoikoa, Merkatua. Kontsumitzaile itsu izatearen errua, nolanahi ere, ez da guztia gurea. Txikitatik garbitzen baitigute burua erosle porrokatuak izan gaitezen. Gurea bezalako gizarteetan, herritar bakoitzak egunero 1.500 publizitate-mezu jasotzen ditu, telebistako, irratiko, prentsako, errepideetako, karriketako iragarkiak, gehi beste mezu ez horren zuzen asko: paperezko eskuoihaleko lelotxoa, aurreko autoaren marka, lankidearen elastikoaren logoaà Beste datu bat, haurrak dira publizitatearen xede nagusia, haien buruak harkorrenak baitira. Prozesua, gainera, ez da atzo hasitakoa. XIX. mendearen amaieran hasi ziren, eta harrez geroztik urtetik urtera munduan gero eta diru gehiago gastatzen dute publizitatean. Coca-Cola aitzindaria izan zen publizitatearen alorrean. "Errepikapenak indar ikaragarria du. Tanta batek harria zula dezake", aipua hain zuzen ere Coca-Cola enpresako buru batena da. Beldurra ematen du.

Burua garbitu digute, edo zikindu, nondik begiratzen zaion, baina ez dugu zertan ezer egin gabe geratu. Herritarrok kontsumitzaile bilakatu gaituzte. Horrek, baina, boterea ematen digu, kontsumitzailea kontsumo gizartearen oinarria baita. Beste modu batean esanda, kontsumitzaileak kontsumitzen ez badu, akabo. Bada ideia horren inguruan lanean diharduenik. Globalizazio neoliberalaren aurkako mugimenduaren baitan, alor bat marken aurkako borroka da. Transnazionalen aurkako kanpainak antolatzen dituzte. Baita publizitatearen kontrakoak ere. Naomi Kleinen No Logo liburuak ederki azaltzen du haien diskurtsoa. Asko laburbilduz, tesi nagusia da zenbat eta jende gehiagok jakin zer dagoen arestian aipaturiko espainiar arropa transnazionalen atzean, edo Nike eta Microsoft bezalako multinazionalen gibelean, orduan eta jende gutxiagok erosiko dituela beren produktuak. Nik, baina, badut zalantza bat: transnazionalen gibelean zer dagoen jakinda ere jendeak ez ote duen berdin-berdin kontsumitzen segituko. Eztabaida klasikoa: gizakia izatez ona ala gaiztoa da? Zu zeu, irakurle.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan