Astekaria

 Kultura 

Bakailaoa pil-pilean

Hasier Etxeberria


David De Jorge


1952. alea
2004-07-11
alde 0    kontra 0

Osagaiak:

4 puska bakailao beratu eta lehor, 250 gramo bakoitzak

Oliba olioa, gradu batekoa (1º), puskak ongi estaltzeko moduan

8 baratxuri ale oso

Kaienako pipermina, mutur bat

Bakailao puskak ongi sartuko diren kazola batean isuriko dugu olioa eta gaineratuko ditugu baratxuri aleak eta pipermina. Su eztitan edukiko dugu kazola, baratxuriak potxatzen eta kolorea hartzen hasi direla sumatu arte. Su ezti-eztitan, 30 bat minutuan. Atera, xukatu eta gordeko ditugu baratxuriak, olioak kazolan dirauen bitartean. Olioa epel dagoela kazolaratuko ditugu bakailao puskak, azala gora, eta ezti-ezti gozatzen utziko ditugu 8 bat minutuan. Sutatik aterako dugu ondoren kazola.

Ongi xukatu ondoan, arestian erabilitakoaren antzeko kazola batean jarriko dugu bakailaoa, baina olio xorta batez ûlehen erabilitako olioa bideratuko dugu berriroû. Kazola su eztitan jarri eta leunkiro eragingo diogu kazolari, arian-arian arrainaren gelatina olioa loditzen joan dadin. Horitu egingo zaigu saltsa. Hori lortutakoan, olio epela erantsiko dugu aldiro, eta maionesa baten moduan landuko dugu pixkana-pixkana olio-saltsa, pil-pilean betiere. Ongi oratu behar dugu saltsa, baina arras loditu gabe. Aurrez konfitaturiko baratxuriak pusken gainean ipini eta mahairako prest edukiko dugu bakailaoa.

Bakailaoa beratzeko era


Bakailaoa prestatzeko gakoetako bat, bakailaoaren beraren kalitateaz gain, ongi beratzea da, ongi gezatzea. Ahal dela, hozkailuan egingo dugu. Bakailaoa ur hotzarekin sartu eltze batean. Ura, gutxienez, bakailaoa halako hiru izan dadila. Ahal bada, bakailao xerrak denak antzekoak izan daitezela. Batzuk beste batzuk baino askoz lodiagoak badira, xerra lodiak gazi geldi litezke, eta meheak geza.

Tamaina ertaineko xerrentzat, 36 ordu dira bakailaoa beratzeko denbora normala. Oso-oso lodiak badira, denbora luzeagoan eduki eta nolako gatz-puntua duen erreparatzen joan. Garrantzi handikoa da, jakina, gezatzeko denboran hiruzpalau aldiz aldatzea ura.

Jende gehienak, bestalde, sukaldean bakailaoarekin hasi baino 6 ordu lehenago ateratzen du hozkailutik xerrak dituen eltzea, epeldu daitezen. Beste aholku bat: komeni da ur barrenean xerrak azala gora begira dutela jartzea, bestela azalak muga egingo du, ez dio gatzari ongi ateratzen uzten eta inguru horretan metatzen da gatz gehiena.


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1951
 
azala1950

1952 zenbakia.
2004ko uztailaren 11a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia