Jakoba Errekondo
Soka, lista, txikota, zinta... material ugari erabili izan da beti lokarri jendea osatzeko. Ez dakit xingola (Chlorophytum comosum) inoiz erabili izan den lan honetarako, baina bere hostoaren formagatik, ezin uka.
Xingola jaioz geroztik etxean ezagutu izan dugun landare apaingarri horietako bat da, baita gure aurrekoek ere, erraz mantendu eta ugaritzen den horietakoa baita. Zurtoin edo enborrik gabe, lurretik bertatik, landarearen lepotik hosto estu luzexka erdi-makur mordo batek osatzen du landare hau. Bi motatakoak ditugu ikusienak: hostoa erabat berdea dutenak eta hostoaren luzeran marra berde eta laruak tartekatuta dituztenak.
Xingolak hosto mototsaren artetik, txorten meheen mutturrean bere kolore bereko loretxoak zabaltzen ditu, baina alferrik antzera... Loreekin bateratsu herrestadarrak edo estoloiak luzatzen ditu, marrubiak egiten duenaren gisa berean, ea inguruan kolonizatzeko moduko lurrik topatzen duen. Lurrik ukituz gero, herrestadarraren punttan doan landaretxo itxurako hosto ttikiz osatutako motots nanoak sustraiak emango ditu, eta hara! landare berria. Herrestadarrak aurrera jarraituko du honela etengabe... Honexegatik, bere xingola klonak sortzeko duen erraztasunagatik ez ditu, noski, lore deigarriak garatuko. Intsektuak erakartzeko loregintza lan hau energia gastu handia da, eta hazitik beharrean klonak erabiliz ugaltzen denez, ezin indarra alfer alferrik galdu...
Betikoa dugu bai xingola, etxeko kasta ia, baina landareekin lan egiten dutenek etengabe probatzen dituzte landare berriak, forma edo estetika berezien bila, hor baita negozioa... Oraingoan gure xingolaren bestengusu bat sortua dute: "Chlorophytum orchidastrum Green Orange". Hosto zabalagoak ditu, xingolarenak ez bezala tenteak eta berde ilunago batez jantziak eta txortenak laranja kolore bizikoak. Kolore hauen konbinazioa deigarria da eta arraroa da landareen artean. Erdi itzalean jartzea eta astean pare bat alditan ureztatzea besterik eskatzen ez duen landare horietakoa izaki, nobedade honek arrakasta izango du.
Jabier Agirre
Medikamentuak alkoholarekin batera hartzen direnean, bi substantzia horiek lehian aritzen dira, gibelean metabolizatu eta prozesatzen dituzten mekanismoak berberak direlako. Lehia horren ondorioz, medikamentuen indarrak nabarmen egin dezake gora edo behera. Normalean, alkohol gehiegi hartzen duten pertsonen gibeleko makineria garbitzaileak bere potentziarik handienean egiten du lan. Horregatik, botika-dosi altuagoak beharko ditu. Baina ez da hori ondoriorik txarrena: edale kronikoen gorputzean dauden entzima batzuk gai baitira botikak osagai toxiko bihurtzeko.
Ikerketa estatistikoek diotenez, larrialdietara iristen diren gaixo guztien %20 ûalegia, bostetik batû alkohola eta botikak nahasteagatik izan daitezke. Adineko pertsonak dira arriskurik gehien dutenak, horiek kontsumitzen baitute botika gehien.
Ikus ditzagun alkohola eta botiken elkarrekintzarik ohizkoenak:
3 Alkoholak elkarrekintza arriskutsuak ditu antikoagulatzaileekin, antihistaminikoekin, diabetes, ultzera eta bihotzeko gaitzen botikekin, analgesikoekin (parazetamolarekin edo aspirinarekin), lo egiteko pastillekin, eta beste hainbat botikarekin.
3 Antibiotikoak. Alkoholarekin batera hartzeak goragaleak, gorakoak, buruko minak eta konbultsioak sor ditzake. Tuberkulosiaren kontrako antibiotikoekin, berriz, alkoholak horien eraginkortasuna gutxitzen du.
3 Antidepresiboak. Botika hauekin, alkoholak batzuen eragin lasaitzailea indartzen du eta besteena, ordea, gutxitu. Gainera, presio arterialaren igoera arriskutsua ekar dezake.
Alkohola + botikak koktel arriskutsua izan daiteke. Zalantzarik izanez gero, galdetu zure medikuari edo botikariari.
Joxerra Aizpurua
Euliek zapore mikatza ezagutzen dute
Eulietan mihiaren papera betetzen duen organoaren zentzu-mapa egin berri da lehen aldiz. Badirudi organo honek hobe bereizten dituela zapore mikatzak ugaztunen mihiak baino. Zientzialarien arabera, informazio hau oso erabilgarria izan daiteke plagen aurka ekiteko.
Duke University Medical Center-eko ikerlarien arabera, eulien organo berezi hau ezpain itxurako zelula iletsuez osaturik dago eta jaki gozo zein mikatzen aurrean erreakzionatzen du, gizakiaren mihiaren zelulek egiten duten antzera.
Ugaztun desberdinek mikaztasunarekiko erreakzionatzeko dituzten zelulak oso antzekoak dira, baina euliek hargailu diferente gehiago dituzte. Hargailuek proteinak detektatu eta seinaleak garuneko nerbio-zeluletara bidaltzen dituzte eta hauek zapore hau ala bestea sortzen dute.
Genetika irakasle den Hubert Amrein-en arabera, zapore-zelulen egitura berezi honen eraginez, intsektuek gizakiak baino zapore mikatz gehiago bereiz ditzakete.
Hau ez da kasualitatea, zapore mikatza beti zapore txarreko jakiekin edo pozoiarekin lotzen baita, beraz, euliek bereiz ditzakete jaki onena edozein jaki-multzotatik. Honela, jarri hainbat sagar ustel elkarrekin bakterio desberdinekin infektaturik, eta eulia kalte gutxien egingo dionaren gainean jarriko da.
3D irudiak konprimituta
Kaliforniako University of Sothern-eko zientzialari batek hiru dimentsioko irudiak konprimatzeko algoritmo bat sortu du. Artxibo hauek erabiltzen dira, adibidez, animazioetan, bideojokoetan eta ordenadoreko aplikazio grafikoetan.
Argazkia, soinua eta bideoa nahikoa ongi konprimitzea lortu bada ere, orain arte ez da gauza bera gertatu hiru dimentsioko artxiboekin.
Desbrun ikerlariak, beste kolaboratzaile batzuekin batera, VSA deituriko teknika lortu du eta honekin sare sinplifikatuak lortzen dira. Teknika berri hau garai onean dator, industria informatikoak honen gero eta premia handiagoa baitauka. Adibidez, saltzaileek beren web-orrietan produktuak hainbat angelutik ikustea behar dute. Zer esanik ez museo birtualetan edo bideojokoetan.
Teknika honek lehen frogetan emaitza onak eman ditu eta badirudi etorkizun hurbilean hobekuntza nabariak egiterik egongo dela.