Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2004-07-11 -- 1952.zenb

Ainara Gurrutxaga

Boccaccioren Decameronea klasikoan oinarritutako antzezlana estreinatu du Adosek. Garbi Losadak zuzendu duen komedia osatzeko, idazle italiarraren ipuin erotikoenak hautatu dituzte. Ekainaren 3an estreinatu zuten Donostiako Antzoki Zaharrean
guztia irakurri

Ainhoa Lendinez

Erromerien inguruko jaiek tradizio aski zabala dute Euskal Herrian, baina urteek aurrera egin ahala indarra galdu dute. Antzina danbolinaren soinuan dantzatzen ziren jai haiek berreskuratu nahian azkenaldian egindako lanak zeresan handia eman du. Gazte eta helduen enkontrurako gune ziren haien moldea deskubritu uste du askok eta horren harira jaiak antolatzen dituzte. Egokitzea ezinbestekoa dela uste dute, iraungo badute. Beste batzuek asmakizunak asmakeria direla uste dute, eta auzoko erromeria txikiak Erromeria Egunen itzalean gelditu direla. Hango eta hemengo saioen berri jaso nahi izan dugu guk.
guztia irakurri

Hasier Etxeberria / David De Jorge


Osagaiak:

4 puska bakailao beratu eta lehor, 250 gramo bakoitzak
Oliba olioa, gradu batekoa (1º), puskak ongi estaltzeko moduan
8 baratxuri ale oso
Kaienako pipermina, mutur bat

Bakailao puskak ongi sartuko diren kazola batean isuriko dugu olioa eta gaineratuko ditugu baratxuri aleak eta pipermina. Su eztitan edukiko dugu kazola, baratxuriak potxatzen eta kolorea hartzen hasi direla sumatu arte. Su ezti-eztitan, 30 bat minutuan. Atera, xukatu eta gordeko ditugu baratxuriak, olioak kazolan dirauen bitartean. Olioa epel dagoela kazolaratuko ditugu bakailao puskak, azala gora, eta ezti-ezti gozatzen utziko ditugu 8 bat minutuan. Sutatik aterako dugu ondoren kazola.
Ongi xukatu ondoan, arestian erabilitakoaren antzeko kazola batean jarriko dugu bakailaoa, baina olio xorta batez ûlehen erabilitako olioa bideratuko dugu berriroû. Kazola su eztitan jarri eta leunkiro eragingo diogu kazolari, arian-arian arrainaren gelatina olioa loditzen joan dadin. Horitu egingo zaigu saltsa. Hori lortutakoan, olio epela erantsiko dugu aldiro, eta maionesa baten moduan landuko dugu pixkana-pixkana olio-saltsa, pil-pilean betiere. Ongi oratu behar dugu saltsa, baina arras loditu gabe. Aurrez konfitaturiko baratxuriak pusken gainean ipini eta mahairako prest edukiko dugu bakailaoa.

Pilar Iparragirre

«Orain galdera berriak ditut» liburuaz


Nola ekin zenion istorio sorta hau idazteari?
Ohore handia da niretzat liburu hau argitaratu izana, literatur ariketa bat izateaz gain, bizitzan zehar pilatutako ehundaka sentimenduen lekukotza eta batez ere nire inguruko jendearen gaineko hausnarketa delako. Kartzelan nengoela pentsatu nuen nire inguruko jendeak bizi zituen gauza guztiak oso inportanteak zirela eta goraipatzekoak. Asko miresten ditudan pertsonak dira, eta sentimendu horietatik abiatuta erabaki nuen istorio sorta hau idaztea.

Eta saridun gertatu zara berarekin. Zer sentitzen da?
Deitu zidatenean saria jaso nuela esateko, nire bizitzako unerik onenetakoa izan zen. Jakitea niretzat mito direnak nire lana hobestu zutela beste lan batzuen gainetik, eta are gehiago, plazerrez irakurri zutela, ezusteko zoragarria izan zen, oraindik ere nire egin eta sinetsi ez dudan gauza.

Liburuari dagokionean, zer da esateko duzuna?
Manikeismoaren eta faltsukeriaren aurkako aldarria da, trazo lodiaren aurkako aldarri ozena. Bizitza ez da trazo lodiz osatutako koadro zatarra, baizik eta oso pintzelada txikiz eta zehatzez betetako koadro konplexua, eta gu guztiok, euskaldunak eta euskaltzaleak garen neurrian, ohituta gaude grafittien artean bizitzera; eslogan politiko bilakatu dituzte, estigmatizatu nahi izan gaituzte, eta nik gure gizatasunaren aldeko aldarria egin nahi izan dut, iruditzen zaidalako, zoritxarrez, beharrezko ariketa dela. Liburuan galdera asko dago, zalantza asko ere, eta aseberazioak baldin badaude, inolako harrokeriarik gabe egindakoak dira.

Pilar Iparragirre


Burua txoriz beterik
Iñaki Irasizabal
Elkar
131 orrialde
11 euro



III. Zubikarai saria

Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatu ohi duten nobela laburrentzako Agustin Zubikarai sariaren azkenengo edizioa bi lanek jaso zuten batera: Fernando Morilloren Glorias Mundik eta eskuartean dugun Iñaki Irasazabalen Burua txoriz beterik. Bertan, hirurogei urte betetzera doan gizon batek bizitzan gehien maite izan dituenen estimua nola doan galtzen sentituko du, eta, aldi berean ûeta bere harridurarako bada ereû faltan sumatzen duen bihotz berotasun hori aintzakotzat gutxien hartzen zituenen aldetik eskuratuko du. Irakasle alargun baten, haren seme- alaben, berauen bikotekide eta haurren, eta alargunak dauzkan auzoen zein lankideen erreakzioak islatu ditu Iñaki Irasizabalek bere azkenengo idazlan honetan.

Los mejores pintxos de Donostia
Pedro Martin
Ttarttalo
191 orrialde
18,50 euro

Donostiako 180 pintxo gozoenen errezetak eta argazkiak

Ez omen du lan makala izan Pedro Martinek Donostiako 54 tabernetan eskaintzen diren azkenengo pintxorik gozoenen artean 180 aurkeratzeko orduan. Hala aitortu zuen berak Los mejores pintxos de Donostia liburua aurkezterakoan, eta zinez sinesteko modukoa da mokadu hauen errezetak eta Juantxo Egañak egin dien argazkiak ikusteko aukera duen edonorentzat. Baina aukeraketa beharrezkoa zen, diren guztiak ez direlako inolaz ere liburu batean kabitzen, eta ondorioa Los mejores pintxos de Donostia izan da. Ohizko zein ezohizko osagaiez eginiko pintxoak dira. Marrazo edo kanguro haragiarekin eginikoak, bakailaoa zein arkumea hamaika eratara, txangurroa, txanpinoiak, pateak eta abar asko ahaztu gabe.

Onan
Aitor Arana
Hiria
138 orrialde
11,50 euro

Aitor Aranaren Onan gaztelaniaz

Nerabezaroan bere sexualitatez debekurik gabe gozatzeko aukera duen baten gorabeherak azaltzen ditu Aitor Aranak Euskal Herriko gayen artean hedapen handia izan duen nobela honetan. Mutil gazte baten heziketa sexuala eta bizipenak umore onez kontatzen dituen idazlan hau euskaraz idatzia izan zen aurrenekoz, eta 2000. urtean kaleratua, Txalaparta argitaletxearen eskutik. Orain Hiria argitaletxeak aurkezten digun gaztelaniazko bertsioa, berriz, Aitor Aranak berak egina izan da, Juan Karlos Merino idazlearen laguntzarekin. Hamaika urte ditu Onanek nobelaren hasieran, sexuaren hastapenak bere etxean bizi den osaba batek irakasten hasten zaionean. Osaba hori, mutil gaztearen maisu eta lagun bilakatuko da, nobelaren hamar kapitulutan zehar.

Karramarro
Batzuen artean
ETB, Ibaizabal, Ika Kultur Elkartea
48 orrialde
2 euro

8-12 urte bitartekoentzat

Karramarro aldizkaria 8-12 urte bitarteko gaztetxoei dago zuzendua, eta haiei interesa dakizkien gaiak lantzeaz gain, irakurleek beren ekarpenak aldizkarira bidaltzea nahi luke, elkarrekintza dinamika bat sortuz. Kaleratu berri den zenbakian era guztietako artikuluak, bitxikeriak, elkarrizketak, teknologia berriei buruzko lanak eta beste aurki daitezke, gehi sexitokia, jolasak, musika, zinema, DVDa, telebista, eskulanak, ibilaldiak, animaliak edota errezetak gai dituzten orriak, eta horoskopoa, agenda, lehiaketak eta sari banaketak. Gainera, Betizu klubari buruzko berriak ez dira bertan falta, ez eta uda nondik nora joan daitekeen, kartera edo diru-zorroa egiteko beharrezkoak diren osagaiak, tatuajeren bat egiteak izan ditzakeen ondorioak, Cyberaquariuma eta komikiak ere.

Ixone isilik
Maite Franko
Aizkorri
47 orrialde
5,95 euro

Isiltasun grebak egiten dakien neskatoa

Zortzi urtetik aurrerakoei zuzendua dagoen kontakizun honen protagonistak Josune du izena, baina Ixone deitzen diote etxekoek, norbaitekin haserre bizian jartzen denean gerra isila deklaratzen diolako. Norbait hori maiz bere ama izan ohi da, Luisa, alaba isiltasun greban sumatu orduko sutan jartzen den emakumea. Hitz bat esan gabe auskalo noiz arte egoteko gai baita alaba, eta gainera pentsatzen duen guztia idazteari ekiten dio. Luisak ez du batere gogoko alabak idaztea, nahikoa eta gehiegi duelako bere senar idazlearen temekin: oraindik ez diote liburu bakar bat ere argitaratu, baina ordaintzen zioten lana utzi du bere idazle grina asetzeko. Eta Luisa sutan dago horregatik ere.


Bapatean 2003
Batzuen artean
Euskal Herriko Bertsozale elkartea
303 or.+ 2 CD

Bat-bateko bertsoak idatziz emateko irizpideak

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak plazaratutako lan honetan, 2003 urtean zeharreko bertso saioen mugimendua dago jasorik ûherrialde mailako txapelketak, eskolartekoak, beste sariketak, bertsopaper lehiaketak...û, eta gainera bat-bateko bertsoak idatziz emateko azken irizpideak eskaintzen ditu. Irizpide horiek bertsoak argitaratzeko eta artxibatzeko pentsatuta daudenez, testuari bete-betean dagozkionak adierazteaz gain, bertso saioak eta bertsoaldiak nola kokatu behar diren ere zehaztu dute.

Orain galdera berriak ditut
Lander Garro
Txalaparta
180 orrialde
15 euro

Joseba Jaka IV. Literatur Bekako sariduna

Zailtasunaren erdian bizi diren pertsonak islatu ditu Lander Garrok Joseba Jaka IV. Literatur Bekako sariduna gertatu zen Orain galdera berriak ditut narrazio bilduman. Idazlea kezkatua azaltzen zaigu, jakin nahian zerk egiten duen pertsonaia bat interesgarri, zerk ematen dion testu bati zinezko bizitasuna eta non demontre aurkitu behar den istorio zehatz batek behar duen erritmoa. Azken batean, nola bilaka daitekeen hosto baten erorketa istorio gogoangarri eta nola hilketa baten narrazioa interes gabeko istorio txatxu litzateke bere jakin-mina ase zezakeen galdera. Idazleak bere buruaren iragazkitik aztertzen du dena, bere ezintasunean besteen ezintasuna ikusten du, eta besteen ezintasunean, berea. Horregatik ageri dira idazlearen sentimenduak istorio hauetan, eta baita bere ingurukoenak ere. Hiru narrazioetan espetxe barruko eta inguruko giroa azaltzen da, ama bat bere alaba presoa bisitatzera doanean, edo beste pertsonaietako baten torturari buruzko gogoetak islatzerakoan. Beste kontakizunak, berriz, Euskal Herrian daude kokatuak, bere egunerokotasun zail eta zalantzatian.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan