Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-07-11 -- 1952.zenb

Tere Irastortza


Alamartsoak izaten ziren gure ume garaian San Joan bezperan. Auzune guztietan pizten ziren eta kaletik begiratuta Biosolan, Gorriñen, Olalden, Ibargunen pizten hasi ahala abiatzen ginen Goiko Kalera, Txamarretxe aurrera. Han izan ohi zen alamartso txikientsuena eta hara bildu ohi ginen ume jendea, gu baino kozkorrago zirenak alamartso gainetik saltoka ikusteko itxaropenarekin, ilatia hartu eta su printzekin izar-dardartien dantza irudikatzera.

Guk sua erabat indarge geratu arte ez genuen salto egiten eta auzokoek esandakoak kantatu eta errepikatze genituen su garrek indar gehien zutenean:

Gora San Joan bezpera!
Zapoak eta sugeak erre, erre!
Artoak eta gariak gorde, gorde!

Edo bestela Gora San Joan bezpera! Sorginak eta lapurrak erre, erre! Artoak eta gariak gorde, gorde!

Oihu, iji eta uju artean izanik ere egur eta zakarrek erretzean sortzen zuten txaplata, hezurrek egiten dutena bezalakoa zela iruditzen zitzaigulakoan nago, gogoan dut, bederen, gure buruak estutzen eta beldurtzen genituela sorgin edo lapur, zapo eta sugeak bizirik erretzeko egindako deiadar artean.

1970ko hamarkadaren atarian edo aurreneko urteetan izango ziren kontu hauek. Artean zuzenetsitako hizkera politikoa asmatu gabe zegoen. Artean, XIX. mendean jaiotakoek kanta zitzaketen bere guraso eta aiton-amonei ikasitakorik. Inkisizioa ezagutu zutenen berri ere bazuketen, agian. Plaza hartako Iztuetari gertatutakoaren berri, esate bateraà Baina gu umeegi, entzunda ere horrelako ezer ulertzekoà edo haiek zaharregi ezer esanda ere inork jakin minik eduki zezakeenik sinisteko.

Ez dakit Martin Arotzaneko sua beranduago pizten zen, ala koxkortuago ginenean hasi ginen harantz joaten. Balkoitik soinua jotzen zuen Iñasiok eta guk alamartso ondoan dantza egiten genuen, barre-algara batean, egun hartako kantatuarekin imintzio artean irudikatzen genuenarekin: La raspa la inventó/al cura en camisón/su novia que la vió/a poco se desmayó/Trai larai laralaralai/Trailarai laralaralai...

Soinujolea ere, "Lapurrak eta sorginak erre, erre" oihukatzen zutenen adinekoa zen, beren seme-alaben seme-alaben adinekoei otu zitzaienean, halakoren batean, San Pedro bezperan Larraitzen akelarrea antolatzea. Ez dok amairu zen tarteko. San Pedro bezpera hura bustia izan omen zen, eta akelarre hartara inguratu zirenek hotz galanta pasatu omen zutenà baina orduko prentsak «lizunkeria eta apetarako larre bilakatu zela Larraitz» aldarrikatzen zuen. Muga guztien gainetik egin zuen salto berriak. Hartaraino non, Hego Amerikan, Balendiñe Albisuk, irribarrez idatzi zuen hemengo gazteen aldeko poema bat, aberri-minetik ulertu beharrekoa ziurrenera. Honela hasten zen: "Nora zoaz Amagoia?/Larraitz mendira!/Illargi betea degu taà/nere semeak an/bilduko dira (à) Beren abesti t'eresi eztitsuetan/naute sentituko,/gaurtik aurrera/illargi betean/mendi gaillurrera/dira igoko,/eundaka urteetan/lozorrotik gaur/esnatuko diralako".

Guk, bitartean, horren berri ere izateko umetxo, sobra ere, parre egiten genuen La raspa la inventó kantatuz.

Bakarren batek galdetuko du zertara datozen oroitzapen guztiok, eta egia esatekotan zera adierazi nahi nioke: gezurrari buruz idazten hasteko hamaika hasiera erabili ditudala aste honetan oroitzapen hauei ekin aurretik.

Gezurra badirudi ere, horrenbeste ospakizun eta horrenbeste alamartsoren ondoren, orain iruditzen zait, egiak bakarrik dirudiela errausturik gure gizartean. Egia begiradaren araberakoa omen delakoa nagusitu da gure artean egia bakartzat. Egia da gertatutakoari ez diogula denok garrantzia bera ematen, ez zaigula guztioi batera eta modu berean itsasten memorian ûitsasten bazaiguû. Baina hori oroimenari dagokio.

Batzuetan zaharregi eta besteetan umeegi garelako, batzuetan ulertuko ez delakoan eta beste batzuetan esateko beldurragatik, kontua da, azken boladan egiarik ez omen dagoela sinistuta bezala bizi garela. Egiarik eza eta gezurrik eza txanpon beraren bi aldeak baizik ez dira, ordea.

Orain-orain indarrean dagoen erlatibotasunaren metaforak beti erdi hutsik edo erdi beteta dagoen botilaren adibidea jartzen du. Agian, San Pedro egun honetan, otu zait, egia egarriz idatzitako mezu bat sartu behar dela botila horretan. Eta mezua irakurri gabe botila erdi hutsik edo erdi beterik dagoen eztabaidatzen hasten den giza taldeak, izatekotan, abstinentzia sindrome larria duela. Egiaren abstinentzia sindromea.

Joxemari Agirre

Azkeneko aste hauetan bizitzen ari garen boladan inoiz baino arrazoi gehiago dago euro-etsipenerako, Europa zale porrokatu bezala agertzeko baino. Europar hauteskundeetako porrotaren uhinak agerian ipini ditu Europako Batasunaren ahuleziak eta gabeziak. Erdira ere ez da iritsi bozketan esku hartzea 15en Batasunean eta lautik hiruk ez dio jaramonik egin sartu berri diren 10 kideen artean. Europa elbarritasunak jota, Europa matxuraturik, kastigatua eta bizkar emana... eta antzeko hitzak erabili dituzte komunikabideetan, gertatua adierazteko.

Hala ere, egia osoa aitortu behar bada, bide luzea, bihurgunez betea, neketsua eta eztabaidatsua egin du Europako Batasunak 50 urte hauetan. Kontuan hartzekoak baitira, besteak beste, honoko urrats hauek balantzea egiterakoan: 1985eko Akta Bakarra, 1987ko Jacques Delors-en neurri-paketea, 1989ko eskubide sozialen eskutitza, 1991ko Maastricht-eko itun entzuna, 1992ko barne merkatuaren irekiera eta 2002ko euroaren sorrera. Aurten bertan, urrutirago joan gabe, bi gertakizun mardul erantsi zaizkio balantze honi: hamar kide berrien sarrera eta konstituzioaren onarpena.

Baina balantze horrek ez ditu duda-muda eta zalantza guztiak uxatzen eta, are gutxiago hauteskundeetan izan den porrota kontuan hartzen. Lehenagotik zetozen kezka eta urduritasunak piztu dira berriro eta oraingoz erantzunik ez duten galdera asko sortu da, berriro ere. Zer motatako Europa ari da osatzen? Gaindituko al du inoiz estatuen menpekotasuna? Etengo al du estatuek ezartzen dioten morrontza?

Egia da eremu ekonomiko zabal bat osatu dela, 450 milioi biztanle dituen esparru edo merkatu handi bat gorpuztu dela, baina, aldi berean, egia da baita ere estatuek kontrolatzen duten elkarte bat dela. Adibidez, egokiena izango zen Europako konstituzio berria bertako parlamentuak onartzea baina estatuetako ordezkariek eman diote balekoa, eztabaida askoren ondoren. Gainera, orain estatu bakoitzak egingo duen erreferendumetan ikusiko da zer-nolako babesa jasotzen duen eta, agian, leku batean baino gehiagotan gerta daiteke aurten ere pazko erramu baino lehen.

Europako parlamentua hautatzerakoan izan zen abstentzioa errepikatzen bada konstituzio erreferendumetan, behin eta berriro agertuko da aspaldidanik nabarmentzen den gertaera: herritarrek oso urruti ikusten dutela Europako Batasuna, beraiekin gehiegi kontatu gabe norbaitek ûestatuekû egindako sozietate anonimo baten moduan eta herritarren borondateak lekurik ez balu bezala.

Europako Batasunaren sortzaileek uste zuten, lehenengoz, Europa ekonomiko bat bultzatu behar zela eta ondorioz etorriko zela batasun politikoa, baina azken urteotan garbi ikusten da batasun ekonomikoak ûmerkatu bakarrakû ez duela berez batasun politikorik ekartzen, jauzi hori egiteko borondate tinkoa behar dela, gidaritza politiko nabaria behar dela, bestela ezinezkoa izanen dela estatuen interesak gainditzea.

Herritarren ahotsa guztiz bitartekatua eta itoa gertatzen den bezalaxe, gauza bera gertatzen da estaturik ez duten herri edo nazioetan, gure kasua lekuko.

Nire ustez, Europako Batasunean egotea, oso mesedegarri izan da Euskal Herriarentzat arlo ekonomikoan batez ere. Gure kanpoko salmenten heren bi Europako Batasunean egiten ditugu, lehenago estatuko merkatuari lotuago geunden, eta orain ekonomia irekiago eta lehiakorrago bat daukagu. Estatuen arteko mugak desagertzean batuago aurkitzen da Euskal Herria. Txanpon berdina, euroa, erabiltzen dugu Euskal Herri osoan e.a. Alde horretatik begiratuta gure mesedetan izan da eta da gure kidetza. Arlo politikoan ezin da gauza bera aitortu, protagonista bakarrak, ahotsa dutenak estatuak izanik, estaturik gabeko nazioak nahiko umezurtz geratzen gara. Horixe bera gertatzen da konstituzio berriarekin ere. Alde batetik onuragarria da Europako Batasunak oinarrizko lege bateratu bat izatea, baina, bestalde, ez zaie jaramonik egiten eta ez dira aintzakotzat hartzen estaturik gabeko nazioak. Aspaldiko leloa zen askorentzat Herrien Europa egitea baina, gaur gaurkoz, Estatuen Europa osatu da eta batasun politikoak urrats gehiago eman arte zaila izango da herrien eta herritarren Europa. Europa politikorik ez dago herritarren parte hartzerik gabe, eta herrien Europarik ez da osatuko Europa politikorik gabe.

Aitor Zabaleta


Urteetako barealdiaren ondoren, astindua hartu du Kataluniako politikak. Hiruko gobernuak aro berria ireki du, eta Katalunian ez ezik, Espainian ere ezinbesteko erreferentea izango da aurrerantzean.

Euskal Herrian eragin nabarmena du eszenatoki berriak.

Kataluniar "epelen" aldean, euskal abertzaletasuna sendoago eta aurrerago zegoela uste izan dute askok gure artean. Aldarrikapen nazionalisten bidea euskaldunek zabaldu, eta kataluniarrak atzetik zetozelakoan geunden, harro pentsatuta gainera, gutxiespen puntu batekin zenbaitzuen ahotan.

Kontrako egoeran gaudela esango nuke, ostera.

Katalunia oso aintzakotzat hartzeko eredua da orain, Quebec edo Irlanda baino ispilu garbi eta hurbilagoa.

Maragallen proposamenak lasaitua ekarri dio EAJri. Dagoeneko, lehendakaria ez da bakarra aldaketa eskatzen. Ibarretxeren kontrako erasoak, bigundu, desbideratu egin ditu Maragallek, lehen batentzat bakarrik zen presioa biren artean banatuz. Ajuria Enera egindako bisitan, Maragallek argi utzi zuen bere egitasmoak eta lehendakariarenak helmuga bera dutela. Baina elkar-lanerako eta akordiorako borondate horrek ez du EAJ guztiz poztu. Hirukoak CiU aliatua kendu du agintetik, eta hemen gauza bera edo antzekoa gertatu daitekeela pentsatzeak kezka puntua sortu du jeltzaleengan.

Eta zer esanik ez, euskal sozialistak ere begira-begira daude Kataluniako ispiluan. Ikusi besterik ez jarduera politikoari eman dioten ukitu euskaltzalea, ez oso sendoa egia esan, baina behingoz, testimonio hutsetik harantzago joan daitekeena. Maragallen arrakasta ikusirik eta Redondo Terreros Espainia zalearen gainbehera sufrituta, euskal sozialistak konturatu dira jokaera berezi eta berezkorik gabe, ezin daitezkeela alternatiba moduan azaldu Euskal Herrian. Hasi besterik ez dira egin, keinuak baino ez ditugu ikusi, eta ikusteko dago zenbaterainoko sakonera duen jarrera horrek. Nazio askoko estatuaren aldeko apostua egin zuten sozialistek Santillanako bileran. Hitzetik ekintzetara pasatzeko aukera ezin hobea daukate, aitzakiarik gabe, behin Alderdi Popularraren nazionalismo espainiar sutsua atzean utzita. Santillanan Maragallen tesiak nagusitu ziren, baina Ibarra, Bono, Vazquez eta konpainiaren geriza ez da lehengoa baino laburragoa. Euskal auzia konpontzeko bigarren aukera daukate sozialistek. Agintean egin zituzten hamalau urteak alferrik galduta, barkaezina litzateke hobeto ez jardutea. Lehen horrenbeste oker eginda, ez zaie zaila izango.

Abertzale independentistek ere arretaz begiratzen diote Mediterraneo aldeko iraultza txikiari. Esquerra Republicanaren (ERC) jarduerak, eta batik bat emaitzek, zer pentsatua eman dute. Pozten naiz Esquerraren tesiek abertzaleen artean hain harrera ona izatea, badago eta zer ikasirik.

Carodek independentzia nahi du, eta garbi-garbi azaltzen du, beti ere Kataluniako aniztasun politikoa, kulturala eta identitarioa errespetatuz. Ez dago iruzurrik bere hitzetan, moral bikoitzik, maximalismorik, zalantzan ipintzen gaituen hizketaldi aldrebesik. Eta hor dago emaitza.

Euskal Herriko independentista askoren aldean, Kataluniakoak pragmatikoak dira, errealistak, posibilistak. Munduaren kontra bakarrik aritu beharrean, ez daukate arazorik Espainian eta Europan lagunak egiteko, ahalegintzen dira behintzat. Gobernu autonomikoan sartu dira, eraikuntza nazionalerako eta politika egiteko tresna ezin hobea dela pentsatuta. Presarik ez, baina gelditu gabe, 2010erako independentziaren aldeko apustua Katalunian oso zabaldua eta onartua egongo dela esan du Carodek. Independentismoari "prestigioa" ematea du helburu, eta hori lortzeko bidea argi dauka: etsaien zerrenda gehitu beharrean, mezua zabaldu eta konplizitateak sortu.

Dokumentu, foro, eztabaidagune eta antzekoen faltarik ez daukagu Euskal Herrian. Buelta eta buelta betiko kontuei, pauso bat bera ere ez aurreratzeko.
Bat-batean Katalunia, eta isil-isilik nola aurreratu gaituen!!!

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan