Batasuna eta Ibarretxe Planaren hitzaurrea
Batasunak Ibarretxe Planaren hitzaurreari buruzko proposamena egin ondoren, izandako erantzunek egoera bere horretan utzi dute, azaletik begiratuta bederen. Sukalde lanean egoera zertan den asmatzea, ordea, korapilotsua da, nahiz eta proposamenak mugimenduak egon badaudela irudikatzen duen. Edozein eratan, argi dago proposamen honen ardatzak protagonismo berezia izango duela irailetik azarora, tarte horretan hirukoak Sozialista Abertzaleen sostengua lortu beharko baitu Eusko Legebiltzarrean Ibarretxe Planak aurrera jarrai dezan. Hirukoaren buruan da azaroan Plana onartzea Gasteizen eta, beranduenez, urtarrila-otsailean Madrilgo Gorteen eskuetan izatea. Hauek atzera botako lukete eta, jadanik bete-betean EAEko hauteskunde autonomikoetan, Ibarretxe Plana litzateke kanpainaren ardatza, izaera plebiszitarioa izateraino ia. Kontua, orduan, zera izango da: ea Planak gaur egun ordezkatzen duena izango den, edo bere inguruan beste zerbait egituratzea lortu duen.
Elorza, Egibar eta Sudupe
Donostiako Udala elkarrekin kudeatzeko EAJ eta EAri Odon Elorzak egindako proposamenak berriz harrotu ditu hautsak EAJko lerroetan. Joseba Egibar, Roman Sudupe eta Josu Jon Imaz dira oraingoan ika-mikaren lekukoak eta EAJren barne egoeran tentsioa ez dela baretu erakusten dute. Jarduera politikoan tentsio honek har dezakeen itxura irudikatu du udal pasadizo honek.
Erreferentzia guneetako bat
Urtebete lanean aritu ondoren, bere garaian pentsatzen zena baino ibilbide luzeagoa eta sakonagoa egiteko gai dela erakutsi du Nazio Eztabaidaguneak eta bere lehenbiziko emaitza sendoak dira Nazio Garapenerako Biltzarra eta Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Batzordea. Ezker abertzaleko pertsona eta talde zenbaiten ekimenez bultzatuta, esparru abertzalearen eremu bat da bertan bildu dena: Batasuna eta EA dira indarrik handienak, baina hor izan dira baita ere AB, EHNE, Zutikeko ordezkariak eta, so egile gisa bada ere, batzuetan Aralar. Indar garrantzitsuak falta dira, baina hasieran inork gutxik hartzen bazuen oso serio ekimena, denborarekin, Elkarriren Bake Konferentziarekin batera, Euskal Herri mailako bakegintzaren bi gune esanguratsuenak bihurtu dira. Gainera, gaurkoz behintzat, ez dira elkarren baztergarriak.
Oinarriak-en haserrea
Duela gutxi Europako Kontseiluko Erregio zein Gutxiengo Hizkuntzen Itunaren jarraipenerako batzordeko kideak Iruñean izan ziren, Espainia Ituna zein neurritan ari den betetzen aztertzeko. Nafarroako hainbat eragilerekin egin zituzten bilerak eta Oinarriak taldea gonbidatu ez izanaz kexu da. Beraien ustez Oinarriak kanpoan geratu izana ez da «inolako intentzio txar gabeko deskuidoa izan». Europako Kontseiluaren bisita bideratu zuen erakunde edo erakundeei egozten die bazterketa. Erakundeak bisita «erabateko opazidadez kudeatu» duela dio. Bi galdera bota dizkie kudeatzaileei: Nork kudeatu zuen bisita? eta Nork proposatu zituen deituriko taldeak eta zein irizpideekin? Europako Kontseiluari gertaera honen berri eman dio Oinarriak-ek.
Euskaltegia on-line
Euskara ikasteko euskaltegi birtuala larunbatetik abian da. kaixo.com/euskaltegia helbidean aurkituko du erabiltzaileak Aitor Lopez de Aberesturik prestatutako gunea. Euskal Herriko erabiltzaileentzat baino atzerrian bizi direnentzat prestatu du euskaltegia. Makina bat zerbitzu ditu webgunean euskara etxetik mugitu gabe ikasteko: hitz multzoak argazki eta soinuarekin, esaldi berri bana egunero eta gramatikari buruzko hainbat dokumentu. Irakasleari zalantzak galdetzeko aukera ere badago. Doan erregistratu daiteke. Udabiltzak lagundu du diruz proiektua eta edukiaren alorrean HABEren laguntza izan du.
Rikardo Arregi kazetaritza sariak
sari Nagusia BERRIAko Mundua saileko erredaktoreburu Jose Mari Pastorrek irabazi zuen. Kazetari Berriaren saria Euskadi Irratiko Madrilgo berriemaile Aritz Agirrek jaso zuen. Aipamen Berezia EITBko Postdata saioko Isiltasunaren zama izeneko lanarentzat izan zen. ETBko euskarazko kateari emandako Ohorezko Saria Ramon Labaienek jaso zuen.
Epaileak euskara ikasten
2004-2005 ikaskurtean euskara ikasteko 25 epaile eta sei fiskalek izena eman dutela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak. Euskara ikasiko duten kopurua urrun dago 2001eko zifretatik.
Daniel Udalaitz
Erretiroan eta premiazko egoeran dauden herritar guztiei ematen zaien pentsioa da. Haren baitan sartzen dira diru-laguntza bat, laguntza mediko eta farmazeutikoa, eta bestelako zerbitzu sozial osagarri batzuk. Horrelako pentsioa jaso dezakete Segurantza Sozialari inoiz kotizatu ez diotenek edota langile-denboran pentsio "kontributiboa" deritzona jasotzeko eskubidea izateko behar adina kotizatu ez diotenek ûgaur egun, beharrezkoa da gutxienez hamabost urtez kotizatu izateaû. Pentsio ez kontributiboa jasotzeko eskubidea dute Espainiako Estatuko herritarrek eta, beste herrialderen bateko nazionalitatea izanik ere, egoitza legala han dutenek, betiere baldintza hauek betetzen badituzte: behar adinako diru-sarrerarik ez izatea ûkobraturikoak ezin dira urtean 3.762 eurotik gorakoak izanû, eta 65 urte edo gehiago izatea. Baliaezintasunagatik kobratzeko beharrezkoa da 18 urte edo gehiago eta 65 baino gutxiago izatea eta %65eko edo gehiagoko elbarritasuna edo ezgaitasuna izatea. Baliaezintasunagatiko pentsio ez kontributiboak kobratzeko eskubidea erkidego autonomoek aitortzen dute, nahiz eta haien finantzazioa Estatuko Aurrekontu Orokorren kargura izaten den. Aurrekontuen Legean ezartzen da pentsio horien zenbatekoa. Orain artean, erkidego autonomoek kopuru osagarriak bakarrik eman diezazkiekete beren pentsiodunei.
Iñaki Uriaren baldintzapeko askatasunari 450.000 euroko bermepea jarri berri dio Juan del Olmo epaileak. Uriaren defentsak dagoeneko jarri dio erreforma helegitea epaileari berari. Defentsak aurkezten duen hirugarren askatasun eskaria da hau eta orain arteko bidea jarraitzekotan, Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko 1. Salak erabaki beharko du bere askatasunaz. Del Olmoren erabakiak, epaileak bere gogortasunarekin jarraitzen duela erakutsi du, orain inoiz baino aukera hobeagoa baitzuen Uria askatzeko. Justizia administrazioan sarri gertatzen den bezala, «aske uztea erabakitzekotan, erabaki dezatela goragokoek». Hori da erabakiak irudikatzen duena.
Javier Madrazo atera da berriz ere Ezker Batuko koordinatzaile joan den asteburuan egindako VI. Biltzarrean ordezkarien %62,8k hala erabakita. Biltzarrak, halaber, Espainiako Izquierda Unidan jarraituko du nahiz eta harekiko burujabe izatea erabaki duen.