Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-07-04 -- 1951.zenb

Katixa Garate


Mendebaletik Tropikoraino

Musikaz gozatzeko aukera ugari izango da asteotan Bizkaian. Elorrion abian da dagoeneko Musikaire udako jaialdia. Uztailaren 31 bitartean musika, dantza eta kale antzerki saio andana izango da Elorrioko hainbat gunetan. Hasi Moskuko Ganbera Orkestrako bakarlarietatik eta Txinako Folklore dantza talderaino. Asteburu honetan (hilak 2 eta 3), Mendebalari, Sopuertan egiten den Kantauriko Kulturen eta Musiken Jaialdiari helduko zaio txanda. Xarnege eta Oskorri euskal taldeez gain, Asturiasko Gatos del Forno eta Galiziako Susana Seivane eta O Jarbanzo Negro izango dira taula gainean. Datorren astean (uztailak 10-17), Bilbao Tropikal jaialdiak mundu osoko musikariak ekarriko ditu Bizkaiko hiriburura, Milton Nascimento brasildarra eta Ginea Bissauko Nino Galissa tartean.


30 urte hilarriak babesten

Euskal ehortz harriak zerrendatzen, babesten eta ikertzen lan eskerga egina da Lauburu elkartea, azken hamarkadetan. Horren fruitu da oraintsu argitaratu duen Hil harriak (Elkar) ikerketa liburua. Frantsesez eta euskaraz osatutako liburuan, 264 argazki, 285 eskema eta dokumentu argitaragabe bildu dituzte Jon Etxeberri-Aintxart, Mixel Duvert, Marcel Etxehandi eta Claude Labatek. Hilarrien sinboloen irakurketa da lanaren ekarpen handiena. Oro har, Iparraldean dago hilarri gehien û6.000 inguruû eta haiek leku handia hartzen dute liburuan. Bestalde, Larzabalen hilarriaren zentro bat irekiko duela adierazi du Lauburu elkarteak. Gune bizia sortzeko asmoa dutela adierazi dute eta harri arte honen sorkuntza garatzeko nahia.


Ama lurra arte bihurtuta Izuran

uda erakusketaren hamabosgarren aldia abiatu da Izuran. Urtero bezala, hamabi artista gonbidatu dituzte euren obrak paratu ditzaten. Aurten Jean-Pierre Indart omendu nahi izan dutenez eta hark lurrarekin lan egiten duenez, ama lurra da aurtengo gaia. Bitan banatzen da erakusketa. Izurako Haize Berri kultur etxean aurtengo omenduen lanak erakutsi dituzte: Jean-Pierre Indart eta Iñigo Ormazabal. Izurako kale eta soroetan hamar artisten ûGonzalo Etxeberria, Iñaki Olazabal, Odile Lascaray, Maia Curutchet, Miren Latxague eta Juan Luis Goenaga, besteak besteû obrak barreiatu dituzte. Abuztuaren 20ra arte izango da ikusgai.


Espaloia kafe antzokia zabaldu dute Elgetan

Kultura herritarrei hurbiltzea, euskararen normalizazioan laguntzea, adin guztientzako ekimenak antolatzea... Asko dira azken urteetan Euskal Herrian sortu diren kafe antzokiek (Lasarte-Oriako Jalgi, Bilbo eta Ondarroako Kafe Antzokiak, Durangoko proiektua) egiten dituzten lanak. Elgetako Udalak Espaloia kafe antzokia zabaldu du, herriko kultur eskaintza zabaltze aldera. Lehiaketara atera zuen aretoaren kudeaketa orain gutxi eta Herriko Goibeko kultur elkarteari egokitu zaio. Taberna eta jantokia izango ditu Espaloiak eta ekitaldi andana eskainiko du.


MagNet

kultura elektronikoarekin lan egiten duten aldizkarien (paperezkoak nahiz elektronikoak) europar sarea da. Kultura elektronikoa definitzea eta haren egoera aztertzea du xede. Zazpi aldizkarik osatzen dute: 3/4 Revue Magazine, Acoustic Space, Balkon Magazine (gaurko IDEA), De:Bug Magazine, Flirt Magazine, Mute Magazine, Neural Magazine, Springerin Magazine, Umelec Magazine eta Artelekuk kaleratzen duen Zehar. Kultura forma berri baten alde ari diren aldizkarien berri izateko, jo magne-ecp.org helbidera.


Antzerkia kalera

Uda iristearekin batera, antzerkiak kalea hartzen du gurean. Herriko jaietan kale ikuskizun mordoa izaten da, baina uztaila, bereziki, kale antzerki jaialdien sasoia dugu. Euskal taldeek lan ugari prestatu dituzte jada uda honetarako, beraz, izango da zer gozatu. Uztailaren 5ean Bilboko Kalealdia abiatuko da eta bost egunetan egitarau betea eskainiko du; Frantziako Transe Express taldearen Errege alferrak lanak emango dio amaiera. Uztailaren 8tik 10era Kalerki jaialdia izango da eta dantza eta kale antzerki saio andana izango da. Uztailaren 9an hasiko da Euskal Herriko jaialdirik beteranoena Lekeition: Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdia. Hilaren 11 bitartean euskal nahiz atzerriko taldeak izango dira kale, plaza nahiz itsasoan. Izan ere, Ilotopie konpainia frantsesak ur gainean eskainiko du Narcisse Guette obra. Donostian ere hil osoan izango dira kale agerraldiak. Pena da guztiak data bertsuan izatea, baina plazarik behintzat ez da faltako antzerkiarentzat. Ea eguraldiak laguntzen duen.

Katixa Garate


Maider Ansa aranoarra suertatu da Euskal Kantu Txapelketako garaile. Epaimahaiak emandako hiru sari berezietatik bat, adierazkortasunarena, ere eskuratu du.
Koldobika Jauregik Klaustro izeneko bi erakusketa paratu ditu Donostian. Ekain galerian koadro eta piezak jarri ditu eta San Bizente elizaren atarian hiru erliebe eta zurezko eskultura bat.
Andoni Urzelaik Zirkulua eleberria plazaratu du Ereinekin. Psikopata baten pentsamendu eta motibazioak ditu hizpide bigarren nobela honetan. Irakurterraza izateko helburuarekin idatzi du.
Amaia eta Aitor Parrondo anai-arrebak nagusitu dira Seguran jokatutako Euskal Herriko Dantza Askatuko Txapelketan. Txapelketa irabazten duten hirugarren aldia da.
Imanol Larzabal kantaria hil da. Odol isuria eta bihotzekoa izan zituen joan den astean eta ostiral gauean hil zen Orihuelako (Alacant) erietxean. Euskarazko sehaska kanten disko bat grabatzekoa zen irailean.

Katixa Garate

Amets Arzallusek eta Sustrai Colinak esanak Bertsozalean: «Tabladuan gaudenok saioa geure eskutan sentitzen dugunean ematen dugu onena. Horregatik funtzionatzen dute libreko saioek eta lagunartetik ateratako ekoizpen bereziek».

Lluis Pasqual Arriaga antzokiko zuzendari artistikoa Berrian: «Arriagak beti eskaini ditu euskarazko lanak, eta aurrerantzean ere hala izango da».

Joxe Juan Ugaldek zera adierazi zion Garari: «Txapelketei esker, dantza sueltoa salbatu ahal izan dugu gainbeherako urte hauetan (...) Nik esango nuke gaur egun, txapelketan-eta, hanken urratsak inoiz baino perfektuagoak direla, baina, oro har, aire gutxiagorekin dantzatzen dela».

Karlos Linazasorok adieraziak Beterriko Liburua aldizkarian: «Euskal Irakurlearen soslaia edo maila eskasa eta murritza da, oso. Eskasa, eskakizun-neurri jakin batetik gorako liburuak ez dituelako irakurtzen; murritza, bost edo sei irakurleren lanak besterik ez direlako irakurtzen, eta hauenetatik nobelak direnak soilik, jakina».

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan