Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2004-07-04 -- 1951.zenb

Hasier Etxeberria / David De Jorge

Osagaiak
- 8 berdel txiki edo 4 ertain
- Irina
- Gatza
- Oliba olioa, frijitzeko
- 2 baratxuri ale
- Litro bat tomate saltsa
- Pitxar bat sargardo-ozpin
Ongi garbituko dizkigute berdelak arrandegian, tripak, burua, alboko hezurrak eta isatsa kendurik. Txikiak badira, bitan zatituko ditugu; ertainak badira, lautan.
Oliba olioa isuriko dugu zartaginean, bi hatzeko neurria harturik. Su eztitan gozatuko ditugu baratxuriak, erre gabe olioa ongi kutsa dezaten. Minutu gutxi batzuen ostean, baratxuriak atera, sua biziagotu eta berdelak sartuko ditugu, gatza eman eta irinetan azaletik igurtzi eta gero.
Buelta eta buelta frijituko ditugu ondoren, minutu batez alde bakoitzetik. Bizpahiru txandatan egingo ditugu berdelak, olioaren tenperatura apal ez dadin.
Gorri eta kurruskari daudela xukatu eta tomate saltsa berotan murgilduko ditugu. Sagardo-ozpina erantsi eta irakinaldi bat emango diogu kazolari.
Gau batez edo utziko dugu kazola pausatzen, berdelak ongi busti daitezen. Mikrouhinetan berotu ondoan jango ditugu.

Nere Lujanbio


Donostiako erdigunean has genezake arte garaikideari eskainitako ibilbidea, Koldo Mitxelenako erakusketara inguratuaz. Sven Augustijnen artista belgikarraren bideoek egingo digute harrera. Johan eta François izeneko lanek, afasiaz, hausturaz, memoriaz eta memoriaren galeraz dihardute, ikuslearengan itolarri moduko bat eraginez. Bideoak dira Koldo Mitxelenako artelan gehienak, baina bada bestelakorik ere. Misha Stroj eta Cathy Wilkesek beraien instalazio bitxiak ipini dituzte erakustokiko patiotan eta Manifesta 5ek eskaintzen dituen margolan bakarrenetakoak ere bertan ikusi ahal izango ditugu, Michaël Borremansen margoak eta Johannes Kahrsen ikatzezko marrazkiak hain zuzen.

Beharbada, lehenengo egoitza hau da denetan "klasikoena", gainontzekoek, egoitza eta artelanen arteko harremanagatik, kontrasterako eta harridurarako aukera handiagoa ematen dute. Honen harira, San Telmo Museoa adibide garbia da, erabat itxuraldatu baitute bertako eliza, Manifestako lanak erakusteko. Serten mihiseak esaterako, ilunpean geratu dira, elizan kokatu dituzten bost bideo lanen mesedetan. Ikusleak batetik bestera dabiltza, itsututa, elkar jotzeko beldurrez. Baina gauza guztietan bezala, iluntasunean ere, ohitzea da kontua.

Gillian Wearing, Maria Lusitano, Darius Ziura... lan gehienak, nazio identitatearen gainean dihardute, gaia ikuspuntu anitzetatik landuz, noski. Beste zenbaitek, gai subjektiboagoak jorratzen dituzte, norbanakoaren identitatearen eraikuntzan sakonduz. Adibide paregabea dugu Mark Mandersen Gela isolatu txikia, bisitari bat baino gehiago aho zabalik utzi duen instalazioa. Ez nituzke aipatu gabe utzi nahi, bestalde, Külli K. Kaats estoniarrak txorien hizkuntzaren inguruan egindako hausnarketa eta John Bocken bideoko untxi jostalaria ere.

Nahiz eta baztertu samar geratu, ez dugu ahaztu behar, Aquariumeko sotoa ere erakusleku bihurtu dela Manifestari esker. Garret Phelan irlandarrak espazio berri bat sortu du bertan, errotulagailu beltzen laguntzaz soilik. Horma zein altzarietan egindako marrazki eta grafikoen bidez gizarteari buruzko nolabaiteko azterketa eta gogoeta egitea izan du helburu.

Ibilbidearekin jarraituz, Kubo Kutxa Kursaal dotorea izango dugu hurrengo geltokia. Kartoi mendixka baten aurrean topatu ditugu bisitariak, harrituta. Albo batean, argibide gisa, iragan hurbilaren berri ematen diguten irudiak ditugu, kartoi mendixka hori izan zenaz eta behin-behinekotasunaz hitz egiten digutenak. Bat-batean, Carlos Bungaren kartoiak txabola baten zimendu bilakatzen dira, eta beraien esanahia are esanguratsuago bilakatzen zaigu Donostia burgesaren irudi bihurtu den eraikinaren barruan. Eraikuntza eta espazioaren jabekuntza dira Kuboko lan gehienek jarraitzen dituzten ildo nagusiak. Espazioaren jabekuntzarekin eta esanahiarekin harreman berezia du Eyal Sivan israeldarrak eta Michel Khleifi palestinarrak elkarlanean egin duten Route 181 dokumental luzeak. 1947an Nazio Batuek Israel eta Palestina artean ezarri zuten muga, inoiz errespetatu ez dena, zeharkatzen du alderik alde, gatazka zahar eta latz baten aurpegi berria erakutsiz.

Industrigunea arte leku

Donostia ponpoxoarekin kontrastean, Pasaian beste bi erakustoki kokatu ditu Manifestak: bata, Ciriza Etxea, garai batean arrain biltoki izandakoa, eta bestea, Ondartxo, lehengo Azkorreta Ontziola.

Bisitariaren jatorriaren arabera ezberdina da Ciriza Etxera edo Ondartxora sartzean jasotzen den inpresioa. Lekuarekin aurretik harremanik izan ez dugunontzat, erakustoki zoragarri bilakatutako guneak dira. Bertakoentzat aldiz, iraganaren oihartzuna dira, itxuraldatuta. Erabilera berria eman zaie bi guneei, jatorrizko eraikinak berrikuntzarik gabe mantenduz. Honexegatik bereziki interesgarria da erakustoki bihurtutakoa lantegi bezala bizi izan zutenen ikuspegia ezagutzea.

Ciriza Etxean, lau solairutan banaturik, hogei artista baino gehiagoren lanak topatuko ditugu: bideoak, instalazioak, eskulturak eta abar. Zaila da hainbeste lanen artean aukeratzea, asko baitira interesgarriak. Adibidez, Iliya Chichkan eta Kyrill Protsenko ukrainarrek beheko solairuan egindako proiekzioa ederra da oso. Aipagarria da halaber, Paola Pivik sortutako eskultura bitxia, ikuslearen hurbiltasunaren arabera mugitzen dena edo Micol Assaëlen instalazio itogarria. Manifesta 5en parte hartu duten lau euskaldunen lanak ere hemen topatuko ditugu. Asier Mendizabalek, objektu, argazki eta bideoz osatutako instalazioa aurkeztu du, Ińaki Garmendiak aldiz, bi pantailaz osatutako bideo proiekzioa. Bai batak zein besteak, talde identitatearen gaia lantzen dute lan hauetan. Azkenik, D.A.E.-k iragana berrikusteko proposamen bat zuzentzen digu, Nestor Basterretxeak 1963an zuzendutako Operación H filmaren proiekzioaren bidez.

Ciriza Etxeko artista pilaketatik urrun, Ondartxon, artista bakar bat aritu da lanean bi hilabetez, Jan de Cock belgikarra. Ondartxoko eraikinaren barruan eta inguruan, ezaugarri arkitektonikoak dituen zurezko eskultura erraldoia eraiki du. Arkitekturaren mugan, barrualdea eta kanpoaldearekin jolasean, Ondartxoko eraikinarekin eta lekuarekin harreman estua duen lana sortzea izan da bere asmoa.

Pilar Iparragirre

Nola sortu zitzaizun nobela honen hazia?
Joana Albreten bizitzaren gaineko materiala biltzen hasi nintzenean, hari buruzko antzezlana paratzeko, konturatu nintzen bazela Nafarroako Erresumaren historiaren alde bat euskaldunok neurri batean galduta geneukana, beharbada erresuma hori erdi bitan zatituta gelditu zelako Erdi Aroan, Errege Katolikoak mugaz honantzako zatia bereganatu zutelako, eta bestea erresuma protestantea zelako, eta orduan, bada, ez zen oso ondo egokitzen Euskal Herrian gerora nagusitu zen joera katolikoarekin.

Eta zergatik ez genuen geure egin Henrike Albret?
Pentsatu izan delako errege hura, azken batean, Frantziako Henrike IV.a zela, nahiz eta guretzat Nafarroako III.a izan. Gainera bazuen zama bat: berak erabaki baitzuen bere agindupeko Nafarroako Erresuma Frantziaren barruan desegitea.

Nolakoa da zure Henrike Albret?
Hauxe galdetu nion neure buruari: nola ikusiko zuen euskaldun protestante batek Henrike, erlijioz aldatu zuen, bere erresumaz ahaztu zen, eta halako konkistatzaile fama zeukan erregea? Gainera hor bazen munduan garrantzi handia izan duen gertaera bat, San Bartolome gaueko hilketa. Henrike eta Margot Medici ezkontzera zihoazenean, Nafarroako gortesau gehienak Paris aldean zeudela baliatuta, katolikoek hiria itxi eta 30.000 higanota-edo hil zituzten. Katalina Medicik, Margoten amak eta garaiko Frantziako erreginak abiarazitako konplota zen, higanotak zapaltzeaz gain, Nafarroako Erresuma bere mendean izateko.

Pilar Iparragirre

Patata soro bat
Josetxo Azkona
Alberdania
169 orrialde
13 euro


Hirurogei ipuin laburren uzta

Josetxo Azkona ezaguna da letren munduan, besteak beste 1997an Rikardo Arregi kazetaritza saria irabazteagatik eta hiru olerki bilduma kaleratuak izateagatik. Orain aurkezten duen liburuan, berriz, hirurogei ipuin labur eskaintzen ditu. Era guztietako kontakizunak dira Patata soro bat liburuan azaltzen direnak. Kazetari gazte batek bere elkarrizketatuaren aitormenik zintzoena zakarrontzira botatzearen arrazoia, Noeren ontzi barruko gorabeherak, bosgarren pisutik tiroka ekiten duen hiltzailearena, ingelesa bakarrik mintzo daitekeen munduaren gristasuna, bere emaztea beste batekin ohean harrapatu uste duenak egindakoa, igogailuko zulotik erori zen neskatoarena, okerreko santuari laguntza eskatu zion gizonarena eta beste asko.

Eseté
Batzuen artean
Amasté Comunicación
162 orrialde

Eseté aldizkarikoen Donostiari buruzko zenbakia

Bilboko Amasté Comunicaciónek kaleratzen duen Eseté aldizkariak Donostialdeari eta bertan bizi diren hainbat lagunei eskaini die udako zenbakia. Easotarra izenburua duen zenbakia hau Manifesta 5ekin elkarkidetzan egina izan da. Nola ikusten ote du Gipuzkoako hiriburua eta bertan bizi den fauna kanpotik datorrenak? Bidaiari bakoitzak bere erantzuna izango du, jakina, baina Esetékoek diotenez, hiri honen espiritua elebiduna, bi nazioduna eta batik bat bipolarra da. Auzoz auzo ibili dira hura ezagutzen, Orioko itsasertzean agertu, Donostiako Kontxa aldean hainbat urte pasa eta orain Pasaian-edo dabilen Pakito izurdearen ibilbidea egin nahi izan balute bezala, eta honetaz eta hartaz mintzo zaizkigu aldizkarian zehar.

Satelite bidezko nortasunak
Josu Amezaga Albizu
Utriusque Vasconiae
213 orrialde

Latinoamerikako Canal Vasco

Josu Amezagak Utriusque Vasconiaeren eskutik plazaratu duen saio honen izenburu zehatza Satelite bidezko nortasunak. Latinoamerikan Canal Vasco ikusten da, eta Latinoamerikan diren euskaldunek satelite bidez jasotzen duten Canal Vasco telebista nola eta zertarako erabiltzen duten galderari erantzuten dio. Baina euskal diasporari buruzko ezagutzara mugatu gabe, talde nortasunak nola eraiki ohi ditugun ulertzen lagundu nahiko lioke irakurleari. Josu Amezagak euskal kultura eta bestelako kultura herrikoien arteko dialektikak aztertu zituen doktorego tesian, eta geroztik hainbat ikerketa burutu ditu gizarteko komunikazioaren gainean. Azken urteotan talde nortasunen eraikuntzan komunikabideek daukaten lekua jorratzen du bere ikerkuntzan.

Helloak Txinan
Jon Abril
Txalaparta
194 orrialde
14 euro

Bi euskaldun Txinan zehar

Kanpotik etorritako edonor omen da helloa Txinan, horrela deitzen omen dituztelako bertakoek itxuragatik hangoak ez direla sumatzen dituztenak. Hori kontatzen du Jon Abrilek Helloak Txinan lanean, Asier Gogortza argazkilariarekin batera berrogei egunetan zehar Txinan barrena eginiko bidaien kronika osatzerakoan. Leku ugaritan ibili ziren, eta haietan aurkitu eta ikusitakoak azaltzen dira liburuan: hizkuntzarekin izandako zailtasunak, zeruari erreparatu beharra, hiri handiak, nekazari herriak, jende uholdeak, Txinako gizartea eta historiaren gaineko gogoetak, paisaiaren edertasuna, tearen zeremonia, eltzerako prestatzen dituzten txakurrak, euskal enpresek Txinako merkatuan dituzten egitasmoak, bertsolari txinatarrak, askotariko kulturak...

Karramarro txiki
Batzuen artean
IKA Kultur Elkartea
8 orrialde

0-7 urteko haurrentzako aldizkaria

Ibaizabal argitaletxeak IKA Kultur Elkartearekin eta ETBrekin elkarlanean argitaratutako aldizkaria da Karramarro txiki, 0-7 urte bitarteko haurrei zuzendutako kazeta. Marrazkiak, inguruaren ezagupenari buruzko jolasak, natura errespetatzeko egin behar diren eta egin behar ez diren gauzak, zabor bakoitzak daukan edukiontzia bereizten ikasteko erak, lehiaketak, denbora-pasak, matematikarekin erlazionatutako jolasak eta beste hainbat alor lantzen dira bertan. Karramarro txiki aldizkariaren helburu nagusia, haurrak ondo pasa dezaten lortzeaz gainera, neska-mutikoei euskara txiki-txikitatik era erakargarri batean aurkeztea da, euskaraz jolastuz euskal irakurketarako zaletasuna sor dakien.


Henrike
higanota
Karlos del Olmo
Hiria
273 orrialde
21 euro


Karlos del Olmoren lehen nobela historikoa


«Parisek balio du, bai, meza bat» esaldiarekin egin zen etorkizunean ere ospetsu Nafarroako Henrike III.a edota Frantziako Henrike IV.a. Eta errege hori dugu Karlos del Olmok idatzitako nobela historiko honen ardatz. XVI. mendean Nafarroako Erresumak bizi behar izan zituen garai latzetara garamatza Henrike higanotak, eta nobelan fikziozkoak diren pertsonaiak ere agertzen diren arren, ugariagoak ditugu Albreteko Joana, Leizarraga edota Katalina Medici bezala benetakoak diren pertsonaiak. Bere Nafarroako Erresuma Frantziaren handitasunean desegitea erabaki zuen Henrike Albret euskalduna zen, eta bere bizitzan hiru-lau aldiz erlijioz aldatu zuen. Hasiera batean higanota zen, gainera bere amak-eta sinesmen horretan oso estu hazitakoa, baina Margot Medicirekin ezkondu ahal izateko katolizismora pasa zen; handik gutxira damutu eta atzera ere higanota bihurtu zen, baina azkenean űeta hortik dator hain ospetsu egingo zen esaldiaű Frantziako errege izateko katoliko egin zen. Aldaketak aldaketa, erlijio gerrekin amaitzea lortu zuen, eta horregatik-edo, asko omen dira diotenak Frantziak inoiz izan duen erregerik onena izan dela.

Gorbeia
Miguel Angulo,
Malu Egiluz
Sua
96 or.+ mapa/ 7,90 euro

Gorbeia natur parkearen gaineko gida

Miguel Angulo eta Malu Egiluzen artean osatutako gida honek Gorbeia natur parkea aurkezten digu, bertako geologia, fauna eta landaretzari buruzko xehetasunak emanaz. Gorbeiaganera Areatzatik Pagomakurretik, Barazardik, Ubidetik, Zaratetik zein beste hainbat tokietatik igotzeko ibilbidea; Pagomakurretik Lekandara, Gorostetara eta Ipergotara igotzekoak; edo Lamindaotik Urragikoatxara, makina bat ibilaldi, txango eta paseo gehi hiru zeharkaldi sendo proposatzen dizkigute egileok.
Gorbeia natur parkearen gaineko gida
Miguel Angulo eta Malu Egiluzen artean osatutako gida honek Gorbeia natur parkea aurkezten digu, bertako geologia, fauna eta landaretzari buruzko xehetasunak emanaz. Gorbeiaganera Areatzatik, Pagomakurretik, Barazardik, Ubidetik, Zaratetik zein beste hainbat tokietatik igotzeko ibilbidea; Pagomakurretik Lekandara, Gorostetara eta Ipergortara igotzekoak; edo Lamindaotik Urragikoatxara, makina bat ibilaldi, txango eta paseo gehi hiru zeharkaldi sendo proposatzen dizkigute egileok. y

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan