Iban Zaldua
Javier Cercasek dioenez, "bidaiatzea, berez bidaiatzea deritzona, jadanik ez du ia inork egiten, turismoa bidaiaren suzedaneoa bihurtu denez gero". Eta paradoxikoa da: turismoak bidaia ordezkatu duen aro honetan, bidaia-liburuak inoiz baino ugariagoak dira. Gero eta urrunago, gero eta merkeago abiatzen gara oporretan mendebalde postmoderno-aberats honetako hiritarrok, baina, aldi berean, badirudi sekulako grina sortu zaigula gure lekualdaketa horien berri emateko, paper inprimatuan ahal izanez gero. Onartzen dut ez dudala guztiz ulertzen kontua: Marko Poloren garaian, jendea baserriko ataritik apenas lekutzen ez zenean, bazuen zentzurik bidaia-literaturak, eta hala izan zen XIX. mendera eta are, akaso, XX. mendearen lehenengo erdialdera arte; ez da ahaztu behar, bestalde, garai haietako esplorazio-literatura eta koloniakuntza-prozesua estuki lotuta zihoazela: bidaia-kronikak, misiolariak bezala, inperialismoaren zartakoaren aurrekariak izan ohi ziren.
Egun, ordea, National Geographic-eko DVDek munduko paraje guztiak egongelara ekartzen dizkigutenean, kioskoak bidaien inguruko aldizkariez josita daudenean, hamabi orduren buruan antipodetan utziko gaituen abioirako txartela erosi dezakegunean, Interneten bitartez jaso daitekeen informazioarekin egonaldi newyorktar bat xehetasun guztiekin eraiki dezakegunean -egonaldi erreal batek eskaini dezakeena bezain emaitza errealista lortuz, bestalde-... inoiz baino bidaia-kronika gehiago argitaratzen dira. Azkeneko oporraldiaren diapositibak erakutsi nahi izaten dizkiguten adiskide astun horien sindromeak jota dirudite zenbait idazlek: ez dute etsiko beren etxera eraman eta saio guztia irentsarazten diguten arte -argazki digitalen aroak halakoen amaiera ekarriko zuelakoan geunden, baina bizkorregi poztu ginen: orain etxera bidaltzen digute saioa, e-mailez, posta-kutxa elektronikoa guztiz blokeatuz, gehienetan-...
Euskal liburugintza ez da gaitz horretaz libratu, aipatu bezala, eta urtetik urtera gora doa ildo honetan koka daitezkeen liburuen ekoizpena. Zalantzarik ez daukat honetan inguruko literaturen joerei jarraitu baino ez diegula egiten, eta kontuak izan dezakeela baita sustrai soziologiko bat ere -badakizue, egun, oporretan bidaiarik egiten ez baduzu, eta ahal izanez gero urrun, ergeltzat hartzen zaituzte-. Baina ez dakit zein puntutaraino ez den ere irentsi dugula, amua eta guzti, hainbestetan errepikatu zaigun leloa, "nazionalismoa bidaiatuz sendatzen den gaixotasuna" dela dioen hura; ba gu, zer demontre, kosmopolitenak eta errarienak -abertzale izateari utzi gabe, noski-, eta hortxe dituzue frogak, paper kilotan neurtuta. Uholde honen aurrean euskal bidaia-kronikariei eska dakiekeen gutxienekoa koordinatzea da, nik uste: ez dakit zer zentzu duen Ekialdeko mamuak bezalako lan bat argitaratzea (Elkar 2002), ia bidaia bera kontatu baziguten, ikuspuntu originalago batetik gainera, Txirringaren aienean liburuan (Txalaparta 1998); tira, halakoetan garraiobidez aldatzea komeniko litzateke, gutxienez: ez dakit zergatik txirringarekiko obsesio hori, 4x4koa edo patinete elektrikoa existitzen direlarik...
Norbaitek esan lezake halako liburuak ez erostearekin nahikoa litzaidakeela -baina hain da handia tentazioa, eta, bestalde, kanona ezartzen ez duten bitartean behintzat, hortxe daude bibliotekak...-. Arazoa da generoak aldizkari espezializatuen eta liburuen mugak gainditu eta nonahitik egiten digula eraso, posta elektronikoz igorritako argazki-saio horien antzera; azken aldi honetan, bereziki, egunkarietako zutabeetatik. Egileak sinetsita daude Euskal Herriko mugetatik kanpo egiten duten irtenaldi ñimiñoena guri kontatzeko eskubidea dutela, eta Ponto Euxinoan, Syldavian edo aurrerabideak gaiztoki mehatxatutako Hirugarren Munduko auskalo zein lekutan kokatzen dituzte beren parabola gatzgabeak, horrekin interes handiagoa eransten dietelakoan. Zer esanik ez, ez da zertan hala gertatu behar, ezta gertatzen ere, askotan.
Jakina, badaude salbuespenak. Gehiago badira ere, nik bi aipatu nahiko nituzke hemen. Bata Juanjo Olasagarreren Mandelaren Afrika liburua da (Susa, 1998): apartheid osteko Hego Afrikara egindako bisitaren kontakizuna, bizia, anitza, umore tantarik falta ez duena, eta, funtsean, gure gatazkaren orainaren eta etorkizunaren bihotzerainoko bidaia baizik ez dena, azkeneko orrialdeak garbi uzten duen bezala. Bestea, tamalez arrakastarik ukan ez zuen Jokin Muñozen Atlantidara biajia (Alberdania, Zerberri, 2000), bidaia-genero honen benetako ifrentzua, munduko zokorik exotikoenera ez ezik, Nafarroa sakonean zehar oinez egindako ibilaldia kontatzen zaigulako bertan, bidaiaria bera zipriztintzen duen ikuspuntu ezin kritikoago -eta dibertigarriago- batetik.
Jorge Riechmannek dioen bezala, "bidaia beti da, batik bat, barne-bidaia: planetaren mugetara heldu garen -masa-turismoaren- aro honetan, bada garaia intuizio hori aintzat hartzeko, zinez".
Unai Iturriaga
Joan den ekainaren 19an izan zen, Mungian. Euskal Herriko eskola arteko bertsolarien txapelketako finalak jokatu behar ziren eta gai-emaile -ez jartzaile- egiteko baiezkoa aspaldi emana nuen. Bertsotan azkenekoz parte hartu nuenetik halako batera itzuli gabe nengoen, baina gaien papertxo madarikatuak nire dislexia parkinsondarrarekin ganoraz erabiliko nituen kezkarekin, ez nintzen gai izan gaztetxoek kantuan hasi aurretik nik izan ohi nuen kokomarro hori barruan zuten ala ez bereizteko.
Zuberotarrak salbu, gainerako Euskal Herrietako ordezkariak izan ziren gaztetxoetan zein gazteetan. Orain hamabost urte gipuzkoarren eta bizkaitarren arteko afera zen hura. Bost atzerago joz gero, gipuzkoarrena soilik. Eta Mungian ez zegoen lastozko gonbidaturik.
Horrek ez du esan gura bertsolaritzak egoera bera bizi duenik herrialde guztietan, badakit, ez naiz inozoa. Baina oso hunkibera naiz gai horri dagokionez, bertsoez harago ere. Nire zuntz abertzalea, euskaltzalea, existentziala beharbada?, sastatzen duelako izango da, auskalo. Badakit, baita ere, hori dela benetan interesatzen zaidana, balizko mecano politiko batek eskaini diezadakeenaren gainetik. Beno, ez. Gainetik ez, azpitik edo barrutik baizik. Baina Mungian nengoen estratosferan partikulatan desegin aurretik eta, itzuli nadin bertara.
Ez naiz hasiko honen edo haren bertso maila epaitzen neu tarteko izanda. Esango dut gaztetxoek harritu egin nindutela biziki eta gazteek ez hainbeste. Ulertzekoa bestalde -eta ez dauka eman zuten mailarekin zerikusirik-, gazteen mailakoak gertuago ditudalako adinez eta gure, gure aurrekoen, albokoen edo ondorengoek antzak hartuago dituztelako. Eta hori diodanean ez diot inolaz ere zentzu txarrean. Gaztetxoenen inozentziaren ondorio den orijinaltasuna, bizitzako edozein alorretan, adinean gora egin ahala desagertzen den dohaina da. Galera hori pairatzen ez dutenetatik batzuk dira jeniotzat hartzen ditugunak eta, besteek, izen ezberdinak hartzen dituzte herriaren arabera. Gainerako gizabereok copy-pastea ahalik eta gutxien igarri dadin saiatzen gara. Baina berriz ere lebitatzen ari naiz.
Mungian gauza onekin geratu nintzen. Eta ez ziren gutxi izan. Bizitzan, oro har, mantendu beharreko jarrera dela deritzot alderdi onekin geratzearena -ez dut lortzen-, baina are gehiago gaztetxo eta gazteekin. Baita bertsolaritzan ere. Gustatuko litzaidake bertsoa bere luze-laburrak dituen kortse bat bezala baino, plastilina lez kontsideratuko balitz batzutan. Hala zirudien zenbaitzuen ahotan eta, hargatik, irri egin genuen, hunkitu egin ginen eta arnasari eutsi genion beste zenbaitetan.
Sumatu nuen beste gauzetako bat nesken nagusitasun morala, intelektuala... ez dakit nola arraio definitu!- izan zen. Zirin samarra izanda, esango dut gozatu egin nuela zenbaitetan mutilak soken kontra estutzen zituztela ikustean -nik babes diplomatikoa nuela jakinda, noski-. Adinaren gorabeherak omen dira, baina horrek ez du inor gorritu bat edo bestetik libratzen. Ez lehen eta gutxiago orain.
Arestian (ia) Euskal Herri guztietako ordezkaritzaz eta nire zuntz existentzialaz ari nintzela, ez dut aipatu horrek guztiak berarekin badakartzala hizkuntza eta erreferentzia mailako zenbait krikikraka. Hegoaldeko bertso, hizkuntza eta erreferentzia ereduaren nagusitasunak hor dirau inolako zalantzarik barik. Baina, ai! Zorionekoak eta ongietorriak krikikrakok! Ez daudela esatea, itsua eta gorra izatea baita. Daudela onartzea, berriz, elkar igurtzi duten seinale. Eta igurtziak, ez dira beharbada dagoen gauzarik ederrena izango baina bai ederrenetarik.
Berriz ere Mungian, jokatu ziren bi finaletan parte hartzaile guztientzako txaloak izan ziren. Beharbada, euretarik asko herrira itzuli eta euren inguruan jendeak ez zuen han izan zirenik ere jakingo. Agian, ezta bertsotan egiten zutenik ere. Gertatu izan zaigu hori eta, niri neuri, sentimendu bitxi bat sortzen zidan, ekintza klandestino batean parte hartu izan banu bezala. Ikasgelan, ingeleseko akademian, ingurutik igarotzen ziren haiek ez zuten ideia putarik, niri, Euskal Herriko beste punta batean txalo jo zidatela.
Muturrera eramanez gero, egolatria arazo larriak sortu ditzakeen sentimendua izan liteke, baina bere neurrian gozoa da eta badu mendeku punttu bat. Aurpegiera larregi behartzen ez duen poz horietarikoa da.
Bada, horixe: zorionak Mungian izan zineten eta izaterik izan ez zuten guztiei. Baita haiekin eguneroko lanean ari direnei ere. Egiten dutenaren garrantziaz gainera, behingoz, inoren kontra ezer esan gabe eta bertsolaritzaz idaztera ekarri naute.
Itxaro Borda
Ingalaterraren kontrako partiduan Zinedine Zidanek Frantziako futbol taldea salbatu duela erratea ez da gutxi: bi ostikoz irudiz Frantzia osoari eman dio duela bi urteko munduko txapelgoan, lehen lehiaketatik beretik jasan galtzearen ahalkearen mendekua. Ez ote du berdin egin Valeron jokalariak Espainiak Errusiaren aurkako jostaldian, herria peko errekara amiltzetik ekidinez? Zizouk, hala ere, badu frankoren ustez, anitzek ez duten kalitatea: izugarrizko balentriak obratzen dituen arren, telebistetako pantailetan umildade erraldoia erakusten du. Badakigu, halaber, kirolarietan gehien ordainduetako hiruetarik bat dela.
Barthez atezainak Bekhamek tiratu penaltia gelditu zuen. Bera ere apaletarik dela ematen du, ezen nola egin duen galdatzen dion kazetariari ihardesten dio «atezain izan eta izanen ez delako ez dezakeela ulertu!» Zizou, Lizarazu eta Barthez-ek osatzen zuten 1998an Parisen nagusitu zen taldearen ardatza eta itxuraz, jokoan gero eta joanago, futbola misterio mistiko bihurtzen zaie. Zizouk ere ez dezake esplika bi golak nola sartu dituen denbora gehigarriaren azken bi minutuetan. Kirola ote da? Erokeria agian? Herio mehatxuagatik hondar hatseraino eroaten den biziaren ikurra behar bada?
Maila horretan frantses futbol taldea sostengatzea baino ez zaigu geratzen. Eta Greziakoa, bistan dena...
Xabier Aierdi
Europar azken hauteskundeek europeitis gaixotasunaren sintoma guztiak azaleratu dituzte, eta ez dut uste emaitza elektoralek garrantzi handia dutenik. Ulrick Beck soziologoari iritzi harrigarri bat irakurri nion aspaldi. Bere ustetan, Europak Europako Batasunean sartzea eskatuko balu, ez liokete aukerarik emango, ez baita demokratikoa. Hor dago bere hutsunea, hor bere akatsa eta, neurri handi batean, Europako populazioak fenomeno hori hauteman egiten du, Europaren ustezko idealaren eta errealitatearen arteko aldeak ez baitio ezer esaten biztanle europarrari, ez baitu bere bihotza berotzen, ez baitu inolako leialtasunik sortarazten.
Europak munduan ideal handiak bete gura ditu, kantiano izan gura du giza eskubidearen baloreen eramaile izanik, baina aseguro etxe batek bezala jokatzen du: ekonomikoki erraldoia baina politikoki ipotxa. Europako izaera bikoitz honek ez dio permititzen jokatu beharko lukeen rolari heltzen: nazioarteko politikan boxeolari txarrak bezala mehatxu iragarpena egiten du, baina ezin jo. Europak zerbait izan nahi badu parametro berrietan, politikoetan, bere izaeraren errebisioa egin beharko du. Europar politikarien etsipenak euren izaera baino ez du islatzen: kasta burokratiko tekniko ulertezin bat izatea. Egunotan, Konstituzioaren inguruko eztabaidetan argi ikusi da gehiago dutela subasta batetik, erronka serio bati aurre egitekotik baino. Bruselatik bueltan Zapaterok honela esan du: "Espainiarren interesak ondo defendatuak geratu dira".
Haatik, ekonomikoki egin dena politikan bikoiztu egin behar dute. Zalantza barik, gure bizitza oso afektatua geratu da Europako Batasunean hartu izan diren erabaki ekonomikoengatik: hainbat sektore produktibok berrespezializatu beharra ikusi du, beste batzuk desagertu, gure eguneroko harremanak ere aldatu egin dira, baina eremu politikora heltzean Europa antzua da. Hori zioen Kaganek orain dela urtebete bat, eta horretan datza Europaren ezintasuna Kosovoko edo Ekialde Hurbileko egoeran. Interbentzionismo ekonomikoari ez dio politikoak jarraitu.
Baina Europa ezin da egungo estatu-nazioen ereduaren hedadura hutsean oinarritu. David Heldek mundu mailako sozialdemokraziaren -kosmopolita- beharra aldarrikatu du (Foreing Policy, 3). Baina Heldek argi dakusa horrelako sistema batek era guztietako subjektuen partaidetza eskatzen duela, ez bakarrik estatuak. Hor leudeke, besteak beste eta estatuez gain, aniztasun kulturalari ûnazionalariû dagokion errepresentazio politikoa, nazioarteko erakunde erregulatzaileak, gobernuz kanpoko erakundeak, eta beste hainbat agente transnazional.
Egun, ordea, planteatzen ari diren Europa estatu metaketa bat baino ez da. Egungo estatuzentrismoan oinarrituta ezinezkoa da Europaren ideia erakargarri bat sortu eta sozializatzea. Horrela, sinatu berri den Konstituzioaren lehen artikuluan Europako estatuek eta europar hiritarrek fundatzen dutela esaten da. Kontraesan in terminis nabaria. Hiritarrena ala estatuena, baina zirkulu koadratura ez da ezagutzen eta ezinezkoa omen da. Europako Parlamentuan partidu estatalek agintzen duten bitartean, Europa sozialdemokrata -soziala- ez da posible izango, eta egun daraman dinamikarekin antzutasunerako biderik zuzenena da.
Honek guztiak izan den abstentzioa azaltzen du. Gero politikarien leloak etorri dira: «Ez dugu jakin komunikatzen zertan ari garen». Ezereza komunikatzea oso zaila izan behar duelakoan nago. Egun politikariek makinaria ekonomiko koipetu bat nahi dute, eta, jakina, indarrean dagoen mundializazio neoliberalean, ekonomiak biharko abantaila konparatiboak ekar ditzake, baina etzi eta etorkizunean mundu miseria baino ez du ekarriko. Egungo Europak bide bera darama, eguneroko praktikarekin ezeztatu egiten ditu munduan ordezkatu gura dituen baloreak, bere eraketa ez delako demokratikoa.
Europaren rapto berria? Zeus andrezalea zezen zuri eder batean bilakatu zen Europa neska ezin ederragoa bahitzeko. Egungo ikuspegi neoliberal eta estatuzentrista izango ote da balore unibertsalen eta ederren zezen zuri bahitzaile berria? Badirudi baietz.
Koldo Izagirre
Oraindik luze gabe, malgutasun soziala kaltegarria zela uste nuen nik. Badakizue "malgutasun soziala" enpresari jendaila horren ideologoek asmatutako hitz-ordeko bat dela, "kaleratze librea" edo "jendea langabeziara botatzea" ez esatearren. Halatan, egonkortasuna hobesten nuen nik sozial arloan. Baina konturatua naiz, noizbait, gizarteak ez duela onik egonean.
Nik lehen protesta eginen nukeen inor kalera botatakoan, baina egun ez.
Nire lagun bat malgutu dute, hogeita bost urte lantegi berean jardun ondoren. Ez da bakarra izan, berrogei langile jo ditu mailu handiak. Kaleratu horiek lau multzotan bildu dira, abokatuak hartzeko. Lau abokatuok langileak defendatu dituzte Lan Magistraturako Epaitegian, lanetik kasatzea arrazoirik gabekotzat har dadin, albait indemnizazio handiena kobratzeko. Metalgintzako beteranoak baitira, 30.000na euro gehienez.
Gipuzkoan behintzat, berezia da lan-epaitegien modua: zenbat abokatu, hainbat epaiketa. Horra hor lehen onura. Nola da posible, esanen duzue zuek, kasu bakarra izanda? Nik ere ez dakit, baina hala da, sinets egidazue, paperak dauzkat etxean. Burgosko epaiketa hogei aldiz egin izan balitz moduan, baiki. Sekulako onura dakar horrek, epaileak epaitzen eta abokatuak defendatzen jartzen dituelako, Justizia Jauregi berriko aretoak betetzen direlako...
Horra hor malgutasun sozialaren onuretarik bat.
Ez dira defendatzeko kasu zailak izaten, oro har, handizkako kaleratzeak. Baina ez da hori abokatua ordaindu gabe uzteko arrazoia. Abokatuak ehuneko hamar kobratzen du. Adibide honetan, 3.000 euro. Malgutasunaren beste ondorio polita dugu hau, dirua korrituan jartzea. Izan ere, abokatuak ehuneko hamar kobratzen du... kalte-ordaineko. Baiki, baiki. Hamar langile defendituta, langile bakoitzaren indemnizazioaren ehuneko hamar, alegia... 30.000 euro lan-epaiketa bakarragatik, hala dio etxean daukadan paper txukunak. Ez al da zoragarria? Langileak lau multzotan zeudenez, kausa bera lau aldiz epaitu da -sinets egidazue, epaiak ez dira derrigor binkulanteak-, eta ondorioz lau abokatuk kobratzen ahal zuten hogeita hamarna mila euro epaiketa batengatik, metalgintzan hogei urtez izerditu izan balira bezalaxe! Esadazue, asmatu ote liteke identifikazio hoberik defendatuen eta defendatzailearen artean?
Gauza ederra dela malgutasuna.
Eman dezagun metalgin xume bat zigortu dutela hogei egunerako, nire beste lagun bati gertatu bezala. Halako lagunak, bai. Hogei egunekoa gabe, defentsa on baten ostean abokatuak lortzen badu zigorra bost egunekoa besterik ez izatea, langileak 788 euroko gehigarria kobratuko du, zigortuta egon zen hilekoan jaso zituen 40 euroez gain. Badago aldea! Baina oraingoan abokatuak ez du ehuneko hamar kobratuko, ezta hogei ere, tarifa jakin bat baizik: 460 euro. Hara non langilearen soldataren erdia baino gehiago abokatuak eramanen lukeen, barrenik ez balu. Abokatuak, ordea, borondatezko merketze bat egiten dio langileari, eta 300 euro besterik ez dizkio kobratu (BEZa barne, 348). Langilea irabazian atera da orain ere, malgutasunak beharginak ez ezik abokatuak ere kutsatu dituelako!
Hauek ditut inor malgutzen dutelarik ûlagun mina banu ereû ez protestatzeko arrazoiak. Malgutasun sozialaren aldekoa naiz, besteak beste, langileek beren interesak defenditzeko daukaten armada pozik edukitzen laguntzen duelako.
* * *
Irakurle bizkorrak, zuek guztiok alegia, ohartuak zarete honez gero ironiazko konbertsioa izan dela neurea, batekoz bestera ulertu beharrekoa, eta hauxe ibiliko duzue gogoan: baina zein abokatu ote da halakorik...?
A, irakurle maiteok! Abokatu laboralista bat, langileen defendatzaile bat, ezkerreko egunkari batean etikaz eta munduko injustiziei buruz aritzen dena, adibidez.
Etxean dauzkadan paperak zeharo faltsuak ez badira behintzat.