Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-07-04 -- 1951.zenb


Arzalluz eta Ibarretxe Plana

Kurtso instituzionala ixtear dagoela, berriari begira jarrita dago dagoeneko klase politikoa eta irailetik aurrera Ibarretxe Planaren inguruan egituratuko da euskal politikagintzaren ardatzetako bat. Datorren astean, ARGIArekin batera banatuko den LARRUN aldizkariak Xabier Arzalluzi egindako elkarrizketa mamitsua plazaratuko du. Gai ugari jorratzen dira bertan, horien artean Eusko Jaurlaritzaren Estatutu erreformarena. Ibarretxe Plana euskaldunoi ahotsa emateko tresna ezinbestekotzat jotzen du EBBko lehendakari ohiak. Arzalluzek sendo ikusten du plana, «behintzat Ibarretxek jarraitzen duen bitartean». Edozein eratan, Arzalluzen hitzetan, EAJn ere «bat baino gehiago dago Plana ikusten ez duena, eta zain daude noiz egingo duen porrot, beste alternatibaren bat plazaratzeko». Ibarretxe Plana gatazkari irtenbide orokorra bilatzeko tresna gisa ere ikusten du eta ezker abertzalearekin akordioa bilatzeko funtsezkoak ikusten ditu datozen hilabeteak.


Maragall, El País eta herritarrei kontsulta egitea

Pasqual Maragall gogor astintzen zuen joan den ekainaren 28ko El País egunkariaren editorialak. Estatutuen erreformetan noraino egin, horra hor koska. Maragallek nagusiki ERCrekin adostu beharko du hori, baina bi zutoin garrantzitsu behintzat badira: Kataluniaren finantzazioa eta herritarren kontsulta eskubidea, eta azken puntu honek pizten du benetako beldurra PSOEn nahiz eta oraindik ez den horrela azaleratu, ezta editorialean aipatu ere.


Posta eleaniztuna kanpaina

Eleaniztasunaren aldeko Erakundeak Galiziako, EAEko, Nafarroako, Kataluniako Valentziako eta Balear Uharteetako udal guztietara bidali du kanpainari buruzko informazioa. Kanpaina honen helburua Espainian gaztelera ez den gainerako hizkuntzak zigiluetan eta posta-efektuetan agertzea da. Hori lortzeko hainbat modu proposatzen dituzte: gaztelania ez den beste hizkuntzak dituzten autonomia erkidegoetan posta autonomia izatea, Estatuko hizkuntza bakoitzean zigilu bana ateratzea edo lau hizkuntzetan ateratzea zigilua.
Munduko 80 estatuk baino gehiagok ateratzen dituzte zigiluak bi hizkuntzatan edo bi alfabetotan baino gehiagotan, hala nola, Belgikan, Suitzan, Kanadan eta Finlandian. Euskarari dagokionez, 1850etik gaur arte, euskarazko hitzak zituzten bost zigilu egin ditu Posta eta Telegrafoen erakundeak. Euskara hutsean idatzitako zigilurik ez da sekula atera.


Adolfo Arejita euskaltzain oso berria

Andolin Eguzkitza euskaltzain osoa martxoaren 24an hil zen eta haren tokia hartuko du Arejita bizkaitarrak. Itziar Laka eta Arejita ziren Eguzkitzaren posturako hautagaiak eta joan den astean bigarrenak gehiengo osoa lortu zuen lehenengo bozketan. Arejita Xabier Kintana, Jose Luis Lizundia eta Andres Urrutiak proposatu zuten postu horretarako eta Itziar Laka berriz, Miren Azkarate, Beñat Oihartzabal, Pello Salaburu eta Piarres Xarritonek. Euskaltzain berria Filologian eta Letretan lizentziatua da eta gaur egun Deustuko Unibertsitatean ematen ditu eskolak.


www.bilalan.net atari berria

Lana euskaraz egin nahi baduzu edo langile euskaldunak behar badituzu webgune honetan sar zaitez. Euskara enpresetan eta zerbitzuetan normalizatzeko ahaleginean ari den Euskalkidetza kooperatibak sortu du webgune hau, eta lan bila zein lana eskaintzen dabilenak erabil dezake. Azalean bertan, azken lan eskaintzak aurkituko ditu erabiltzaileak eta ezkerreko zutabean berriz, besteren artean, curriculuma uzteko aukera.



Udalbiltzaren adarrak batzeko deia

Udalbiltza berrantolatu eta batzeko deia egin berri dute Getxon 200 herrietako 350 bat hautetsik. 1999an sortu zen Udalbiltza, Lizarra-Garaziko Itunaren magalean eta alderdi abertzale guztietako ordezkariak biltzen zituen bere baitan. Su-etenaren hausturarekin bat, Udalbiltza ere bitan banatu zen: ezker abertzaleko hautetsiak batetik, eta EAJ eta EArenak bestetik. Harrezkero, Udalbiltzaren bi adarrek ez dute lortu ekimen bateraturik bideratzea. Iaz, bestalde, Espainiako Justizia Administraziotik ezker abertzalearen Udalbiltzaren aurkako eraso gogorra egin zuten eta adar hau ukitua utzi zuten. Nazio Eztabaidagunearekin batera, ezker abertzaleko hautetsi ugarik berriz hartu du ipartzat 1999ko Udalbiltza bateratua eta berau berrosatzeko deia egin du, egungo unea horretarako aproposa dela iritziz.

Daniel Udalaitz

Langilearen nahiaz besteko kausaren batengatik lanik ez izatea da. Termino horren sinonimo erabiliena desenplegu hitza da. Urtaroaren edo egoera ekonomikoaren arabera ager daitekeen fenomeno bat da; esate baterako, nekazaritzako zonetan, eta gaur egun baita arrantzako zonetan ere, nekazaritzako edo arrantzako lanetarako behar diren langileen kopurua gehitu edo gutxitu ahala. Euskal Herrian, horrelako langabezia aldian-aldian gertatzen da, arrantzan batez ere. Bada langabezia estrukturala esaten zaiona ere. Izaera iraunkorragokoa edo iraupen luzeagokoa izan ohi da eta langilearen bizitzan hainbat urtez manten daiteke. Langabezia mota horrek ere hamarka mila pertsonarengan du eragina Euskal Herrian. Badira bestelako langabezia batzuk ere, hala nola ezkutukoa eta teknologikoa. Ezkutukoa, konparazioz, gutxiago garatuak dauden edota oso burokratizatuak dauden herrialdeetan ageri da gehien. Herrialde horietan langile asko dago oso produktibitate gutxikoa. Langabezia teknologikoak teknologia berrien inpaktuarekin du zerikusia; lan gutxiago dago eta, beraz, desenplegu handiagoa. Desenplegu teknologikoak ez luke egoera koiuntural soil bat izatetik harago joan behar; esperientziak, ordea, erakusten digu horrelako desenplegua, azkenean, iraupen luzeko langabezia bihurtzen dela.

Datorren urteko EAEko hauteskunde autonomikoetara EA bakarrik aurkeztuko den edo, 2001eko maiatzean bezala, EAJrekin batera, hori da Begoña Erraztik zuzentzen duen alderdian azken asteotan ibili den albisteetako bat. ARGIAk jakin izan duenez, erabakia datorren irailean hartuko du EAko zuzendaritzak eta, printzipioz, azken kongresuan erabaki bezala, asmoa bakarrik aurkeztearena da. Beste kontua izango da, hilabeteek aurrera egin ahala, erabaki horri eusteko gai izango den edo ez.

Nafarroa Bairen erakundetze prozesua udan azkartu egingo zela iragarri zuen Uxue Barkosek ARGIAn maiatzean egindako elkarrizketan. Bide hori berretsi zuten joan den larunbatean Burlatan NBko lau alderdiek eta independenteek egindako batzarrean. Norabide horretan, NBk laster batean egoitza berria izango du Iruñeko Gazteluko Plazan, iaz poliziak itxi zuen ezker abertzaleko Udalbiltzak erabili zuen egoitzan.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan