Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-12 14:27:06
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-07-04 -- 1951.zenb

Jon Garaño


Bhutan 70eko hamarkada arte erabat itxia egon zen turistentzat, eta ondorioz, Bhutanen sartzeko aukera askorik ez zegoen ordura arte. Lan bereziak egitera zihoaztenek edota Bhutaneko erregearen bisatu berezia eskuratzen zutenek baino ez zuten Tibet eta India artean kokatuta dagoen herri honetan sartzeko aukerarik.

Turismoa onartu denetik, gainera, gauzak ez dira hainbeste aldatu. Izan ere, urtean 6.000 turista inguru baino ez baitira sartzen bertan. Sartu nahi duen turistak eguneko 200 amerikar dolar ordaindu behar izateak zerikusi handia izan dezake. Zein da hain garesti izatearen arrazoia? Euren tradizioa eta kultura mantentzeagatik egiten dutela erantzungo du beti bhutandar batek. Herri berezia izaten jarraitzeko egiten dutela. Turismoaren masifikazioak kultura honekin bukatu dezakeelakoan. Nepal eta Tibet dira euren erreferentzia aipatuenak. Ez dute euren herria Nepal edota Txinaren menpe dagoen Tibet bezala ikusi nahi.

"Pribilegiatu" bakan batzuen esku geratzen da, hortaz, Bhutanen sartzea eta "pribilegiatu" horietako bat izateko aukera izan nuen nik, nirekin dokumental bat egitera joan ziren beste sei lagunekin batera.

Bhutanera bidaia

Bisatu eta paperekin hainbat buruhauste pasa ostean, Bhutanera iristeko bide desberdinak daude. Orain dela gutxi arte denak hegazkinez joaten ziren, lurreko mugak turistentzat itxita baitzeuden. Delhitik, Calcuttatik, Katmandutik edota Bangkoketik hartu daiteke Bhutaneko aireportu bakarrera -bertako mendiek ez dute askoz gehiagorako lekurik uzten- doan hegazkina.

Bidaia hegazkinean bertan hasten dela esan daiteke. Eguraldi ona egiten badu Himalayako mendi tontor altuenak ikus daitezke-eta, batik bat Katmandutik irteten den hegazkinean. Baina ikusgarriena, dena den, Paroko aireportura gerturatzen goazen heinean ikusten dena da. Mendi tontor izugarri handiz inguraturik jarraitzen dugunean, hegazkineko komandanteak lur hartu behar dugula esaten digu. Ezin liteke! Menditzar eta laino horien artean ezin da lur hartu! Baina bat-batean hegazkinak maniobra azkar bat egin eta Paroko aireporturako bidea hartzen du. Hegazkinean goazen gehienek ezin dugu sinetsi, baina pilotuak inongo zailtasunik gabe hegazkina aireportuko zoruan jartzea lortu du. Inoiz izan dudan lur hartzerik emoziozkoena, dudarik gabe.

Hegazkinetik irtetean jendearen artean satisfazio aurpegiak nabarmenak dira. Eta ez bakarrik lur hartzetik airoso irten direlako. Gehienek jende askok iristerik izan duen leku bat bisitatzen ari direnaren sentsazioa dutelako, baizik. Nabaria da. Gainera, ikusten diren lehen irudiek ez dute bidaiaria dezepzionatzen. Aireportua bera harrigarria da. Bhutandar estilo arkitektonikoko eraikina dugu, motibo budistez josia, mendiz inguraturik. Bhutandarren janzkerek ere atentzioa deitzen dute. Den-denek jantzi tradizionala daramate soinean. Gizonezkoek gona moduko batean bukatzen den Gho izeneko jantzia, eta emakumezkoek, berriz, pieza bakarreko tela luzea, Kira.

Aireportutik irten eta turista bakoitzak bere gidaria eta laguntzailea zain dauka. Bhutanen derrigorrezkoa da bidaia agentzia baten bidez mugitzea eta agentziek gidari eta laguntzaile bat jartzen dute beti turisten esanetara. Chetri eta Kentcho, gure kasuan.

Paroko aireportutik Thimphura

Irribarre batekin agurtu gaitu Kentchok. Chetri isilagoa da. Kentchok oso ingeles ona hitz egiten duela deigarria da. Baina are deigarriagoa da jende gehienak ingelesez hitz egiteko inongo zailtasunik ez duela ikustea. Bhutan beti izan da independente, ez da inoiz ez britainiarren ez beste inoren kolonia izan. Zergatik hitz egiten dute, bada, hain ondo ingelesez bhutandarrek? Eskolak dzongkha, tibetar dialektoa, eta ingelesez ematen dituztelako. Garai batean ez zegoen Bhutanen behar adina irakasle, eta bere isolamendu politikaren salbuespen moduan Ingalaterra eta bereziki Kanadatik irakasleak ekarri zituzten Bhutanera eskolak emateko. Emaitza: Ia jende denak ingelesez ondo hitz egiten du.

Kentchok gure ehunka galderei erantzuten dien bitartean, Chetrik bidezidor batetik gidatzen du, mutu, furgoneta. Bide ertzak jendez gainezka daude Paroko herritik irten garenean. Gehienak umeak dira, eta den-denak jantzi tradizionala soinean daramate.

Thimphura goaz, kapitalera, baina ezin izan dugu furgonetatik atera gabe gelditu, ume batzuek eurekin jolastera joateko keinuz gonbidatu gaituztenean. Futbolean aritu gara pixka batean, denen gozamenerako. Hasierako mutil talde txikia handitzen doa, inguruko umeek mutil talde bat gu bezalako atzerritar batzuekin jolasten ari direla ikusi dutenean. Segundo batzuetan hasierako zortzi bat laguneko taldea berrogei bat inguruko talde bihurtu da. Eta, jakina, futbola baino kaos txiki bihurtu da jolasa. Horrelako batean, baloia bidetik irten eta sasi batzuetara erori da. Baloiaren bila joan eta sasiak marihuana landareak direla ikusi dugu. Txerri-jana bezala ezagutzen dena Bhutanen, txerriei jateko ematen zaien sasia baita marihuana. Txerri-jan ugari dago Bhutanen.

Txerri-janaren "shocka" eta gero, furgonetara sartu eta Thimphurako bidea hartu dugu. 65 kilometro baino ez dira, baina errepideen ezaugarriengatik, kurbaz beteak, 3 ordu inguru behar dira Thimphura iristeko. Chetrik beste turista batzuei entzuna die Europan eta Ameriketan 180Km/h-tik gora ibiltzen direla kotxeak, baina bere errekorra Paroko aireportuko bide zuzenean egina dauka: 80Km/h.

Thimphu, hiriburua

Thimphura iritsi garenean, ezin dugu burutik kendu munduko hiriburu txikienetako batean gaudenaren sentsazioa. Semafororik ez duen munduko hiriburu bakarra da. Egia esan, orain gutxi arte ez zegoen kotxe askorik eta, ondorioz, ez zuten inongo semafororen beharrik. Baina azken urteetan trafikoa nahiko hazi da eta motibo budistez dekoraturiko kabina moduko batetik poliziak trafikoa alde batetik bestera gidatzen du, mugimendu elegante batzuen bidez.

Trafikoko kabina ez beste, motibo budistak nonahi ikus daitezke Bhutanen. Kaleetan ere monje askotxo ikus daiteke. Eta Bhutanen beste bereizgarri bat munduan beste inon ez dauden moja budisten eskolak dira. Budismoa airean dagoen zerbait da, eta gainera airean dagoen espiritualtasun hori politikara eramaten saiatu dira bhutandarrak. Horren emaitza da Bhutaneko erregeak 1971n Nazio Batuen egoitzan plazaratu zuen Barne Zoriontasun Gordinaren ideia, zeinaren arabera nazioen aberastasuna Barne Produktu Gordinaren arabera neurtu beharrean, euren hiritarren zoriontasun mailaren arabera neurtu beharko litzatekeen. Horrez guztiaz gain, gaur egun Bhutaneko monarkia munduan dagoen estatu konfesional budista bakarra ere bada.

Budismoarekin lotuta daude, Bhutanen ia dena bezala, dzong izeneko etxetzar erraldoiak. Zuriz margoturiko tenplu izugarriak dira dzongak. 20 distrituetako bakoitzak bere dzong-a du eta bertan administrazioa zibil zein erlijiosoa biltzen da. Thimphukoa da, hiriburua den heinean, handiena.

Punakha, Trongsa eta Bhumthang

Thimphuko dzonga ikusgarria da, baina Punakhakoa are ikusgarriagoa. Batik bat herria bera baino handiagoa delako dzonga. 1955era arte Bhutanek bi hiriburu zituen, udakoa Thimphu eta negukoa, berriz, Punakha. Eguraldia tropikala da Punakhan eta Thimphuko neguko hotzetik ihesi, estatu buruak leku batetik bestera mugitzen ziren. Gaur egun Thimphu da hiriburua, bai negu eta bai udan, baina monjeek Thimphutik Punakhara mugitzen jarraitzen dute eguraldi sasoiekin batera.
Thimphutik Punakhara 70 bat kilometro dago. Egun erdia behar da bidea egiteko. Eta beste egun oso bat behar da Punakhatik Trongsara joateko. Bidea Bhutaneko bakarra da, estutzen joaten dena, eta amildegia ere nabariagoa egiten da.
Trongsako Dzonga ere ikusgarria da. Hau ere herria bera baino handiagoa eta herrira iritsi baino askoz lehenago ikus daiteke, dzongaren teilatu horia oso deigarria baita. Dena den, Trongsan ez genuen denbora askorik egin. Gure helburua Bhumthangera iristea baitzen, eguzkia sartu aurretik.

Bhumthang berez ez da herri bat, hainbat herri biltzen dituen komunitatea baizik. Bhutanen erdi-erdian kokatzen da, eta bertan, berez Bhutan osoan oso nabaria den espiritualtasuna nabariago egiten da. Dzong, monasterio eta erlijio jaialdi kontzentrazio handiena duen lurraldea da. Tsethu izeneko jaialdi erlijioso hauetako batera joateko aukera izan genuen, non herriko jendearen aurrean monjeek euren dantza abileziak plazaratu zituzten. Mendeetan zehar egin izan diren dantza akrobatikoek herri xehe guztia biltzen dute euren baitan. Dena den, gazteen artean, 1999an telebista legalizatu zenetik, onarpena galtzen joan da.

Bhumtango erregioko beste berezitasun bat da, adibidez, airea ez kutsatzeko ez dela lurralde osoan tabakoa saltzen. Gainera ezin da ez inongo animaliarik ezta landarerik ere hil. Budismoaren esentziatik araututako lurraldean gaudela dirudi.

Eta azkenean, Taksang

Gure bidaiako azken egunetan mendebaldera jo, edota aireportutik gertu dagoen Taksango monasteriora joateko aukera genuen. Asmoa mendebaldera, Mongarrera, joatea zen. Baina bisitatzen genuen lekuetan pentsatutakoa baino egun gehiago egin genuenez, azkenean atzera-buelta egitea erabaki genuen. Taksango monasterioa ikustekoa zela behin eta berriro esaten zigun Kentcho gure gidak, eta azkenean Taksangera joatea erabaki genuen.

Taksangerako bide luzea txanpan egin genuen. Gauez, Bhutanen hain ugalduak dauden luxu gutxiko baina xarma handiko hotel batean lo egin, eta hurrengo egunean, Taksango monasteriora doan bideari ekin genion.

Furgoneta mendi magalean utzi eta hortik aurrerako bidea oinez egin behar da. Mendian ibiltzen denarentzat mendi-buelta, baina makina bat izerdi bota genituen hain ohituak ez gaudenok. Taksango monasterioko lehen arrastoa ikusi genuen arte. Egia esan, lehen aldiz ikusi nuenean, oraindik urruti, dezepzionatua sentitu nintzen, eta nire buruari sinetsarazi nahian nenbilen ikusten ari nintzena ederra zela.

Bidean gora egin genuen monasteriora gehixeago gerturatzeko. Momentu nahiko luze batean begi-bistatik galdu egiten da monasterioaren erreferentzia, baina berriro begiz begi ikusten denean... izugarria da ikusten dena! Monasterioa arroka batetik eskegita dagoela dirudi. Behin eta berriro galdetzen diozu zure buruari, nola den posible monasterio bat hor eraikitzea. Taksangerako bidean botatako izerdiek merezi izan dute, eta baita Bhutanera joan izanak ere.

Josu Iztueta


Gehienek uda oporrekin lotzen dute. Gauza jakina da, bestalde, gero eta gehiago direla opor guztiak batera egin ordez, Gabonetan eta Aste Santuan lanari eten luzexeagoa ateratzen diotenak.

Opor bezperatan gaudenez, honako galdera luzatzen dio jendeak elkarri: «Nora zoazte oporretan?». Oporrak bidaiekin lotzearen ondorio da, ziurrenik, galdera egiteko modua, bakaziotan norabait joatea beharrezkoa eta ia obligazioa balitz bezala. «Zer egingo duzue oporretan?», galdetzea egokiagoa litzateke eta jasotako erantzunean garbi geratuko litzaiguke solaskidearen asmoa.

Batzuek atseden egunak nekatzeko erabiltzen dituzte eta beste batzuek, berriz, atseden hartzeko. Hondartza, adibidez, etzanda egotearekin irudikatzen dugu eta mendia ibiltzearekin. Aurrenekoa aukeratzen duenari bakarren batek alfer itxura hartuko dio eta bigarrena hautatzen duenari beste norbaitek kirolari traza antzemango. Bata zein bestea norberak erabakitako lekuak izan badira, biak onak; eta halabeharrez eta gogoz kontra izan badira aukeratuak, biak txarrak.

«Oporrak=Bidaia=Urrutiko Herrialdea=Exotikoa», jende askoren planteamendua da. Nik besteen oporretatik nire bizimodua egitea lortu nuen, gutxi gorabehera. Kanpoko paraje askotara joateko aukera behin eta berriro izan dugunok eta urtean behin bidaia luze bat egiteko modua duzuenok, ez dugu, ziurrenik, berdin jokatuko. Nik beti pentsatzen dut hurrengo batean ezagutuko dudala oraingoan ezagutu ez dudana, baina agian neure burua engainatzen ari naiz. Kuba, Islandia, Venezuela, Namibia, India, Txina, Kenya, Tanzania... eta abar luze-luze bat da zain daukadan herrialdeen zerrenda. Horren ordainetan Laponian, Saharan, Himalayan, Alaskan, Patagonian, Ertamerika eta abarretan hilabete asko eman ditut.

Oso ondo ulertzen dut bidaia bat egiteko ilusio eta kuriositatea. Bidaia bat ez da gastu bat, inbertsio bat baizik. Abiatu aurretik eta ia konturatu gabe, galdera mordo bati erantzuna eman beharko diogu: Noiz? Zenbat egun? Norekin? Nola? Zenbat diru? Etxera itzulitakoan, beste galdera piloa ekarriko dugu erantzuteko.

Eguraldiaren araberako ekipaia

Oporrak egiteko aurrekontuari adina begiratuko diogu bertako klimari. Egun, kanpoko herrialdeak bisitatzeko informazio ugari eskura genezake. Uztaila-abuztuan Afrikako basamortuan bero egingo duela edo Nepalen euria erruz botatzen duela jakiteko ez dago bertaraino joan beharrik.

Etxe inguruan gelditzea erabakitzen dutenek zailago daukate eguraldia asmatzea, iazko udan bero latzak egin zituen gurean, burmuinak lehortzeko modukoak, diotenez. Pare bat urte lehenago ez zen ia eguzkirik ikusi eta belarri atzetan goroldioa ateratzeko gutxi falta izan omen zen. Hogei urte lehenago, berriz, sekulako uholdeak izan ziren Euskal Herriko hainbat eskualdetan, zaharrek agorrila deitzen dioten hilabetean, gainera. Norbaitek esango luke oporretarako eguraldi klase guztiak direla onak eta lanerako, berriz, denak txarrak. Oporrik, "barkaziorik" ez zegoen garaian, «zer eguraldi dator!» onartzea zen erremedio bakarra. Orain, aldiz, eguraldia ezin dugu aukeratu baina askok nora joan bai, eta ondorioz, neurri handi batean, eguraldi onaren bila mugitzen da jendea. Ekipaian zer sartu eta zer ez erabakitzea ez da erraza, eraman beharreko jantziak eguraldiaren araberakoak beharko dute izan. Poltsa, maleta edo motxila egiterakoan "badaezpada ere" esateak bolumena bikoiztea ekar dezake, eta gauzak sobran eramatea falta izatea baino hobe den arren, neurria bakoitzak aurkitu beharko du.

Kontuz, gero, "eguraldi ona" esaldiarekin, ona izan liteke kaletarrentzat eta oso txarra baserritarrentzat, "giro espeziala" oporretan daudenentzat eta "guztiz kabroia" suhiltzaileentzat edo eraikuntzan ari direnentzat.

Irlak, espazio mugatuak denbora jakin baterako
Oporrak urtean zehar egutegian kokatzen ditugun "denbora-irlak" dira, lan egunez inguratutako jai egunak. Uharteak, berriz, urez inguratutako espazioak dira eta horietara joateko proposamen batzuk doaz segidan:

- Euskal Herrian, irla gutxi eta txikiak ditugu: Billano, Izaro, San Nikolas Aketx, Santa Klara eta beste bakarren bat. Ezingo dugu hauetako inon gaurik egin. Batzuetan lur hartzea ere oso zaila delako, eta besteetan debekatua dagoelako. Itsasoa lehorretik ikustea ederra da baina lehorra itsasotik ikusteko aukerak, ahal baduzue, ez itzazue galdu.

- Balear Uharteak bisitatzeko eskaintza merkeak urtean zehar egoten dira. Mediterraneoko uharte hauen izenak buruz ikasi genituen eskolan ûMallorca, Menorca, Formentera, Eivissa, Cabrera, Conillera eta Dragoneraû. Bertara joateko aukera zabala bakoitzaren neurrira egokitzeko modukoa da.

- Kanarietan inoiz egon gabea naiz, bere afrikartasunak erakartzen nau eta joateko arrazoiak sobran dauzkat. Zein baino zein ezberdinago dela diote eta guztiak politak, gustuen arabera. Kanaria Handiak ez omen du zerikusirik Lanzaroterekin, Hierrok ere ez Teneriferekin eta Gomera, Fuerteventura eta La Palmak zer esanik ez. Zazpi irla hauek ezagutzeko hamaika aitzakia badago eta ez naiz beste hamabi hilabete itxaroten egongo.

- Korsika, Sardinia eta Sizilia ez daude urruti, mila kilometro gidatuta, kotxea edo furgoneta itsasontzi batean sartu beharko dugu. Modu horretan autonomia asko izateaz gain, diru dezente aurreztu genezake. Irla izateak sortzen du hainbat arazo bertakoentzat, baina bestalde, izaera gordetzen laguntzen du, nortasuna mantentzea errazago suertatzen da. Nabarmen da hori Mediterraneoko hiru irla hauetan, hala ere, bisitarion iritzia eta bertakoen nahia baliteke bat ez etortzea.

- Irlanda eta Islandia hortxe daude Atlantiar Ozeanoan, zein baino zein interesgarriago. Irlandara kotxea eramateak merezi du, hegazkinez joan eta bertan alokatzea izan liteke beste aukera. Islandiara, berriz, airez iristea da normalena eta merkeena baina, behin hara ailegatutakoan, dena da garesti.

Isilik eduki dut orain arte irla ezberdinak bizikletaz ezagutzeko aukera. Mapa bat aurrean hartu eta bira ematea da lehenengo burutazioa... zein norabidetan da, ondorengo zalantza. Erlojuaren antzera edo alderantziz. Batetik bestera zeharkatzeko ibilbideak ere egin daitezke. Iparretik hegora edo alderantziz, ekialdetik mendebaldera edo alderantziz. Pedalei eragitean hasi aurretik haizearen nondik norakoari erreparatzea da egokiena.

Aurten zer?

Uda honetarako, fisikoki mapa batetik ez ateratzeko irla bat aukeratuko nuke. Behin han egonez gero, itsasoarekin topo egin arte ez nintzateke geldituko, eta hondartzara iritsitakoan, tripaz gora etzan eta kieto hantxe! Justu kontrakoa egitea ere ez da txarra. Etxe inguruko bazterren batean lasai-lasai liburutxo bat hartu, eta munduari buelta eman.


Asier Sarasola


Ekuadorrera iristeko imajina litezkeen bideen artean bat hautatu genuen guk: sormenarena. Errenteriako Mikelazulo Kultur Elkartearen ekimenez poeta, margolari, aktore eta musikariz osatutako taldea elkartu eta ideiak ereiteari ekin genion. Ekuadorrera zerbait berezia eraman nahi genuen. Hilabete batzuk beranduago, hazitakoari lehen kimuak irten zitzaizkion: Zubibegibidezu izena jarri genien kimu horiei guztiei. Besteak beste, Zer ote da Ekuador? ikuskizuna sortu genuen, txotxongilo, poesia, musika eta margoa uztartuz. Ekuadorren igarotzera gindoazen hamabost egunetan, ikuskizuna gu eta haien arteko zubi izatea nahi genuen.

Ameriketara abiatu aurretik, ordea, lan eskerga egin behar izan genuen. Posta elektronikoa mezulari fidel bilakatu zitzaigun, Ekuadorreko kontaktuekin komunikazio eguneratua ahalbidetuz.

Kontaktuak aipatu direnez, horra hemen lehena: CONAIE (Confederación de Naciones Indígenas del Ecuador). Elkarte honek herri amerikarren -kitxuen, txatxien, guaranien, shuarren- duintasunaren defentsan lanean dihardu hainbat esparrutan. CONAIE altxamendu zenbaiten bultzatzaile izan da azken urteetan, beti ere indigenen ahotsa bozgorailuz aldarrikatzeko. Hauteskundeen zirrikituetan ere Lucio Gutierrezekin koalizioa osatu zuen konfederakuntzak, hau gobernura iristean helduko zitzaien ekaitza sumatu gabe. Egun hausturak lotzen ditu.

Kontrastez betetako hiriburua

CONAIEko kideak zain ziren aireportura iritsi ginenean. Lehen agur bizkorraren ondoren, generamatzan maleta eta kaxa guztiak jeep batean sartu eta autoetan ekin genuen Quitorantz. Sumendiz inguratutako 40 kilometroko bailaran kokatuta dago hiriburua. Suzko mendien oin, belaun eta izterretaraino kasik, etxeak uholdean jausten dira goraka. Iluntzear zen larunbata. Kalean trafikorik ez apenas. Planifikazio karratuaren eredua jarraituz, amaitu gabeak ziruditen etxe eta espaloien artean galtzen ziren etorbide zabalak. Hormek, ahots anonimoen kaligrafiaz, hamaika aldarri egiten zituzten urtutako margoez.

Bidaia-lagun paregabeak izan genituen Nidia, Nelly eta Enperatriz. Etsipen hitza ezagutzen ez duten emakumeak, herrien eskubideen borrokalari gartsuak, komunitateen duintasunaren ahotsa.

Quiton egin genuen lehen gau hartan ezagutu genuen Marialuz Albuja olerkaria. Adiskide izan ginen, oroituz, sei soka, rona... eta poesiak, eztarriak urratu arte. Berari esker, hurrengo egunean, Trilce izeneko kafe antzokian Ekuadorreko hainbat olerkari, margolari, abeslari eta abarrekin saio inprobisatu bat egin genuen, txalaparta eta gitarraren erritmora.

Pichiyaku basatia

Emanaldi eta hiriko urduritasunetik atera ginen. Goizeko 6etan, zerua argitu berritan, iparralderantz jo genuen, Esmeralda probintziara. Izen bera duen hirian hitzordua genuen, Bizitza eta Hitza Fundazioak zenbait hezkuntza arduradunekin batera Txatxi herriko eskolentzat prestatutako eskola liburuen aurkezpena egiteko. Hurrengo geltokia: Borbon izeneko kaia -Cayapas ibaian garrantzitsuena omen da-. Esklabutza garaian Afrikatik heldutako itsasontzi batek hondoa jo eta bertan bizitzen gelditutakoen oinordekoek osatzen dute bertako populazioa. Borbondik motorezko enbor-ontzian ia hiru orduko bidea egin genuen. Landaretza lotsagabe azaldu zitzaigun, berde koloreko ñabardura guztiekin. Ipurtargiek bi ertzak distiraka markatzen zituzten, gauero lez, Pichiyakura iristeko.

Pichiyakun txatxiak zain genituen. Ibaiaren saihetsean, etxola, palmondo eta lokatz. Argi-indarra, gure gisan, iritsi berria zen. Han, emazteak lanean: ez bazen baratzean, sukaldean; ez bazen seme-alabekin, ibaian. Bestela, apaiz ebanjelista estatubatuarrari entzun beharrean. Gizonezkoak, aldiz, kanoekin atzera eta aurrera.

Etengabe airean ibili gintuztenak haurrak izan ziren. Nonbait, hamahiru jostailu berri ginen haientzat. Haurrekin gauzatu genuen gure egitasmoa hein handi batean. Oiartzungo Haurtzaro ikastolako haurrek Euskal Herriko ipuinak marrazki bidez ezagutarazten zizkieten Pichiyakukoei, eta alderantziz. Ipuin mordoa ilustratu genuen bertako kondairekin. Emanaldia ere egin genuen. Bertakoen erreakzio bitxiak oraindik ere ematen digu zer pentsatu.

Joateko garaia ailegatu zen eta irteterakoan, enbor-ontzian korronteari segika gindoazela, pittin bat gatzatu genuen Cayapas ibaia, gure malkoekin.

Artoaren errebolta

Atzera hego-mendebaldera jo genuen ondoren, Andeen buztana igurtziz, Ibarra hiritik gertu dagoen Pucahuaico geltokira joateko. Kitxuak ezagutzeko beta izan genuen han. Artoaren inguruko herria dugu izatez, eta beste herrien antzera, gutxietsitako kultura topatu genuen bertan. Hiri bortitzaren aurrean hizkuntza, usadio eta lur propioak mantendu nahi dituen herria. CONAIEk lagunduta, tailerrak egin genituen eskola mordo batean. Gure egonaldiaren bigarren aste osoa igaro genuen bertan.

San Clementen eta Pucará-San Roquen oso emakume bereziak ezagutu genituen. Gobernuaren aurkako altxamenduaz hitz egin ziguten amona eder zenbaitek eta berreskuratu beharreko estimaz, aldiz, gazteenek. Bisita horietatik guztietatik bat gogotik ezin kenduan gabiltza oraindik ere: Yuracruzeko komunitatekoei eskaini genien emanaldia, hain zuzen. Paramilitarrek basatiki zigortutako jendea ikusle izan genuen. Txaloak jo zituzten eta baita hitza hartu ere. Beren iritzi zorrotz sentituekin, ederki biluztu zituzten gure miseriak. Haien malkoak gure egin genituen.

Quitora itzultzeko ordua heldu zen. Aireportuan maletak aurrekoan baino astunago nabaritu genituen. Nork dio emozioek ez dutela pisurik? Ereindako fruitua besapean genuela itzuli ginen etxera. Ekuadorretik itzultzeko bide askotarikoen artean, ederrenetik.

Jon Kortazar


Abioiak lurra hartu zuenean, ez nekien nolakoa zen hartzen ninduen herria: Finlandia. Goitik ikusita pinuek eta izeiek ematen zioten berde kontrapuntua lakuen eta itsasoaren urdinari. Baina aireportuaren hoztasunak bat egiten zuen, eguzkiak diz-diz egin arren, kanpoan zegoen hotzarekin.

Helsinki! Ez nekien nik Hamelin (Hämeenlinna), txirulariak haurrak eraman zituen herria, Finlandian zegoenik. Hamelin bezain arrotza zitzaidan Helsinki. Ez dut ondo gogoratzen aireportutik tren geltokirainoko bidea. Ordenagailuko disketean grabatzen duen artxiboak beste artxibo bat estaltzen duen moduan, hiri moderno guztiek erakusten duten anonimotasunak estali zuen lehen irudi hori. Helsinkiko tren geltokiak nagusitasun berezi bat du: operako dekoratu baten parte balitz bezala, bere fatxada borobilarekin, bere dorre bereziarekin, eta art nouveau-ren barnean koka ditzakegun bere eskultura erraldoiekin. Dorrearena misterio bat zen niretzat, ez zuen hark inguruarekin lotura askorik, gero jakin nuen Finlandiako Turku herrian bat dagoela eta finlandiarrek izaeraren sinbolo gisa hartu dutela.

Erritmo txikiko hiria

Tranbia duten hiri guztiek bezala, erritmo bereziko hiria da Helsinki: lasaia, motela, erritmo txikikoa, petit poéte bat eskatzen ari balitzaigu bezala, txikia eta motela den bezala presidentearen etxea, soldadu bakar batek zaindua... Helsinkik argi bereziarekin hartu ninduen. Agian, argi hori ni hartu ninduen taldetik ere bazetorren. Alemaniako unibertsitateetan badira erakunde bereziak, Collegium deituak, -hain bereziak ezen izena ere ez baitute alemanez- zeinetan irakasle doktoreak eta ikasle doktoregaiak gai bakarra lantzen duten. Nire Collegium honen izena Imaginatio borealis da eta kideek lantzen duten gaia "Iparra": "Iparra Borgesen literaturan", "Iparra Suediako literaturan". Eta hantxe zen talde osoa, irakasle eta ikasleak Helsinkin "Iparra" sinbolotik errealitatera ekarri nahian. Poetak idazten duenez: "Bidaia guztietan beti dago bidaiari ikusezina, maleta ezkutua, inork begiratzen ez duen aurpegia". Bidaia horretan horixe zen nire funtzioa, ezezagunarena, arrotzarena. Ezin da paisaia begiratu, bizi duzun eta bizi zaituen bidaia-taldearen begietatik ez bada.

Eta ikasleok eta irakasleok, ene lagunok, lanera zetozen Helsinkira. Lehen egunean -halaxe dira alemanak- ez genuen bazkaldu, eta zuzen-zuzen joan ginen Finlandiako Museo Nazionalera (Kansallismuseora). Egia esateko Museo Nazionala bat-batean bihurtzen da Museo Etnografikoa. Herri gaztea da Finlandia, eta Erdi Aroko elementu asko eta asko zurezkoak ziren eta galduak daude. Erdi Aroko artean bikingoen eta lehen aro baten aztarnak ikustean, zirrara berezia izan nuen, denborarik denbora hatz batek marra bera egin izan balu bezala. Eta handik, arnasa hartu gabe, bizitzaren indarrak bultzatuko balitu bezala, ikasle-talde alemaniarra Alvar Aaltok egin zuen Finlandia-talo-ra (Finlandia Jauregia), Orkestra Filarmonikoak jotzen duen egoitzara. Han, sarrerako zutabeak eta estalkia denborak janda agertzen badira ere, areto nagusiak ikaragarrizko soinu argia uzten du, sentiberatasunak agertzeko arkitekturaren teknikaren beharra balu bezala. Aalto hitzak olatu esan nahi omen du, eta halakoxeak dira bere eraikinak, malgutasunari, uhinari omenaldi egiten diotenak...

Museoz museo

Gerora beste hiru museo ikusi nituen Helsinkin, dena jakin nahi zuten ikasle eta irakasle haien erdian, Iraken kazetariak joan ziren bezala, talde hartan "enpotratua". Ateneumin taidemuseo-a, Arte Ederretakoa, zen bata. Finlandiako mitoak azaltzen zituzten margoak zituen, baina baita Van Gogh arraro bat. Oso gomendagarria den Kiasma, Arte Garaikidearen Museoa (Nykytaiteen Museo) bestea. Benetan estimagarria da, bertan bisitariak arte garaikidean parte hartzeko beta baitu, eta tokiaren eta artearen subjektu sentitzen da maiz, Alizia berri bat balitz bezala, lurralde miresgarrian. Eta hirugarrena Designmuseoa (Diseinuaren museoa) izan zen, bere egunerokotasuna edertzeko ahaleginean gogoangarria egin zitzaidana; beti miretsi ditut gure bizitza errazteko tresna egokiak egin dituztenak. Badute begia, nik ez dudana, baina idatzi behar honek moteldu dizkit praktikarako aukerak. Horregatik, agian, beti geratzen naiz eguneroko tresnei begira, nork asmatu zituen pentsatuz, nola ikusi zuen lehenago ez zegoena...

Diseinua kirol gorena da Finlandian. Marimekko edo iittala marka ezagunak dira eta nonahi aurkitzen dira, baina Pohioiesplanadi kaletik abiatuz gero, denda bereziak ikusteko beta du bisitariak. Ikea etxeak Finlandian eginiko diseinua hartzen omen du maiz, gero merkeago eta zabalago guri eskaintzeko asmoz. Artek dendak (Eteläespalanadi-n) adibidez, sukaldeko altzariak eskaintzen ditu eta ehunak, eta poltsak, Alvar Aaltoren alabak diseinaturik egoitza harrigarri batean.

Alokairuan hartu nuen gelak horman zuen posterrean "Helsinki, mila aurpegiko hiria" jartzen zuen -ingelesez, noski-, eta etxeen atarietan agertzen diren eskulturazko aurpegien berri ematen zuen. Mendearen hasieran arkitektura zibil berezia asmatu zuten finlandiarrek, eta Erdi Aroko legendak kontuan hartuz hango pertsonaiak zizelkatu zituzten etxeetan: mamuak, ogroak, pertsonaia bereziak... eta mila lekutan (Aleksanterikatuko -katu, kale da finlandieraz- etxe dotoreetan) agertzen da Erdi Aroko lilura hori, fantasia hori... legendak harri bihurtu izan bailiran.

Ahozkotasunaren nagusitasuna agertzen da, neurri berean, poesiari eta musikari zor dioten ezagutzan. Nire jakinzale taldeak beste bidaia bi egin zituen. Bata Porvoo herrira, han datza Runeberg poeta -bere jaiotzaren berrehungarren urtemuga ospatzen dute aurten-, suedieraz Finlandiako identitatea babestu zuena. Bestea Heinolara, hemen Joan Sibelius musikariaren etxea dago, eta baratzean bere hilobia, izeiez inguraturik, basoaren erdian...

"Bidaia guztietan dago ikusten ez den bidaiaria", esan zuen poetak, "eta bere ekipajean daude ametsak, gertatu ez zena, baina inoiz posible izan zena, albora utzi genuena, beste bizitzak; berak gordetzen du bidaiako sekretua". Agian, bidaia honetan niri tokatu zitzaidan papera hori betetzea, eta paperean sekretuaren bila abiatzea.

Asisko Urmeneta


Lagun bati begiak estali, eta Shinjukura eraman. Kendu tapakia eta joan zaitez ihesi. Munduko populatuena duzu Tokioko metro geltoki hau, milaka langile eta ikasleren lasterraren juntagune, koreografia xauli izugarrian, bakoitza bere lerro ikusezinean barrena kurri, elkar ukitu ere egin gabe. Xinaurritegi handiaren muinean zaude.
Begiratu istant batez atlasean: herri lukainka da Japonia, eta lehorraren faltan, lurpean zulatu behar izan ditu hiriak eta korridoreak -eta itsasoan aireportuak, Osakakoa nola, zabor gainean-.

Honenbertzez, laguna larri duzu, eta argibidea eskatzekotan inurri presatu hauetako edozeini, hura bere lerrotik aterako da, bereak eta bi eginen ditu haren galdea konprenitzeko, eta bertzeren bat geldiaraziko du ez baditu guztiak berekin. Oharra: japoniar gutik daki ingelesez, eta hobe dukezu sakelean kaiera eta arkatza eramatea, komunikatresna. Halaber, gure esku-keinuaren kodeak ez du bertan martxatzen. Orokorrean: Europan ikasitako pitokeria sozial guziak ahantzi, eta saia zaitez hangoak ikasten... jostabidearen ederra!!!

Bidea

Eraman ezazu zure txartel pertsonala, biziki preziatzen baitute elkarri trukatzea. Bi eskuez jasotzen dute, goitik behiti aztertu, aldez eta ifrentzuz, OOOOOOOOOOOOOOOOO barna batez estimatuz. Gero, kontu handiz sartzen dute, hondatuko ez den nonbait, eta erreberentzia dotorean makurtzen dira.

Esplika iezaiozu zure lagunari zerk bereizten gaituen japoniar eta europar: Hemen Machiavellik errana utzi zigun Helburuak duela Bidea justifikatzen. Hau da, ez du inportarik kakaz edo odolez iristen zarenentz tronura, tronua zure egiten duzun ber. Zer inporta dio katu zuri edo beltz, saguak harrapatzen baldin baditu, zioen Gonzalez presidenteak estatu terrorismoaz mintzo. Jomuga jo.

Japonian, ordea, Bideak du garrantzia. Manerak. Japoniarrak luzaz ari daitezke eztabaidan, gaiari muntarik eman gabe. Lagunartean aritzeak du lehentasuna, solasteko moduak, partikatzen den denborak. Gereziondoak loratzen direlarik, udaberri hatsarrean, ikusiko dituzu hiritarrak parke eta baratzetan bilduak, zuhaitzei so. Hiru egunez irauten du lilialdiak, eta irratiak erretransmititzen dizu bedatsearen pasea, eskualdez eskualde, Okinawatik Hokkaidoraino. Gau eta egun ospatzen da ederraren efimerotasun hori, jende artean, aire agerrean; Sakuraren edo gerezitzearen urrin sotila giroan.

Erran lagunari ez dezala adaxka hori ukitu: berez erori behar baita lilia, hil eta, haize meheak eramanik. Garai bateko samuraiek ere Bushido, edo Bidea zeukaten filosofia. Manera. Edertasuna. Efimerotasuna. Hobe norberaren buruaz bertze egitea, bizi arteko desohorea eraman behar izatea baino.

Harakiria bezain lazgarria eginen zaio zure lagunari Japoniako bertze ohitura bat: xapinena.

Etxe batean sartzean, zapatak ezkaratzean utzi behar dituzu, eta koxka batera iganik, etxeko xapinak edo txinelak eman. Logelara joanez gero, tatami gainekoa bera, etxeko xapinak atean utz, eta oinutsik sar. Demagun komunera joan behar duzula: orduan, etxeko xapinak eman, komuneraino joan, ate aurrean xapinak utz, eta komunekoak eman, orokorrean plastikozkoak. Komuneko lana bururatu eta, ez ahantz plastikozko xapinak bertan uztea, etxeko xapinetan joan logelaraino, eta ez sekula barrenera sar oinustu aitzin. Egin kontu zeremonia bera errepikatu behar duzula etxe, tenplu, gaztelu eta ostatuetan; eta hargatik ere, beti agertuko da euskaldun bat komuneko xapin plastikozkoez tatami gainean, bertakoen eskandalagarri.

Pausa eta lana

Ohitura goxoen artean Onsen, edo bainuetxeak.
Egunaren bukaeran japoniarrak lasatzera jotzen du: dutxa luze eta ardurazko baten ondotik, xaboia eta xanpua behin eta berriz, putzu beroan sartzen dira goxo goxo. Bertan solaz, meditatu, harreman sozialak egin... Burua murgiltzea ordea, gaizki ikusia da.

Ez da ez harritzekoa pausatu behar hori: xinaurri diziplinatu hauek leherturik finitzen baitute eguna, lan eta lan egin beharrez. Gizonezko gehienak argitu gabe ateratzen dira etxetik, emaztea eta seme alabak esna ikusi gabe -andre gehienak etxeko bilakatzen dira ezkondu eta, ordura arteko lanbidea utziz-. Gizonak metroan gosaltzen du, eta metroan afaltzen gero, lanetik atera ondorean. Etxerako orduko, denak lo daude berriz. Eta pasa gau on! Igandean sobera unatua dago familia zernahi egiteko, eta indarrak biltzen ematen du eguna. Eta haste berriz. Eta urtean aste bat opor.

Izan ere, Bigarren Munduko Gerratik desegina atera zen Japonia, superpotentzia duzu gaur egun; 60 urtetan, nola egin du? Aisa! Jendearen bizkar; ultraliberalismoa, maskararik gabea. Metroan jendea zutik, lozorroan. Edo 9. belaunaldiko ordenagailuan azterka. Nekaporraturik. Neskei ohartuz gero, konturatuko zara oin puntak barru aldera dituztela, geldirik berdin ibilki. Zer ote, eta edertasun kanona: inuzentzia puntua omen dizu. Eta bide batez, erraiozu lagunari neska bat ezagutzean, musu parerik ez duela eman behar. Adierazpen intimotako baitute musuak, esparru pribatuko afektu, eta asaldatu egiten dira pot kasto bi emanez gero. Gazte zein xahar. Erreberentzia lunbarra harren, neskei eta mutilei. Unisexa.

Ainuen xerka

Meiji izeneko aroan, Japoniak modernizatu nahi izan zuen bere burua, eta Mendebaldearen pare eman; aria horretaz, Samuraien izpiritua errotik ezabatu, armada erregularra eratu, eta Ainu herria masakratu egin zuten, bertzeak bertze. Biziki Mendebaldeko. Yezo izeneko uhartearen inguruan bizi ziren Ainu iletsuak, ehiztari eta arrantzale, beren hizkuntza eta zibilizazio propioak dituztela. Eta Japonia harroak dena kendu zien: ehiza eta arrantzarako eskubidea, hizkuntza, duintasuna. Bai eta Herriaren izena bera ere: Hokkaido bataiatu dute Yezo uhartea,"Ipar Itsasorako Bidea" edo halako zerbait. Gaur gero, nazioaren ordezkapena ia erabatekoa da, eta zenbaitzuek ukatu ere egiten dute badenik ere. Ainu Herriaren aldeko elkarteburuek ere ez dakite Ainueraz, eta kultur ekimenak artesania eta museistikara mugatzen dira. Tokioko unibertsitatean, berriki arte, aritu izan da Euskara eta Ainuera irakasten zituen irakaslea. Erretiroan da egun.

Sapporo hiriburua eski estazio makro eta makabroa da: diskoteka, putiklub eta barez josia.

Jateko berezitasuna: bildoskia. Edateko: bertako garagardoa. Perbertsio posibleak: denak.

Baina hainbertze konturekin ahatzendu dugu zure laguna! Kezka guti gero; Shibuian zehar dabil, neoizko iragarki zigantepean, xinaurri festalierren artean, bertako pitokeria sozialak ongi ikasirik. Eta hala deskubritu du populu jendakina, eskuzabala, prestua eta irrizua. Hala ere, zure lagunak daramatzan plastikozko xapin horiek...

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan