Jakoba Errekondo
Lore zaletasuna burmuineko bi hemisferioetan txertatua daraman lagun batek harrituta aipatu dit aurtengo lora-urte oparoa. Erdipurdiko giroa, epel eta ura aukeran, aproposa da berezko gure lurretarako moduko landareen ugaltzeko erabakiaren hautua egiterakoan. Loreak ez baitira gure gozamenerako, loretik fruitua emango duen landare amaren antzeko berriak sortuz, bere espeziearen iraupena bermatzeko baizik. Gure begiak eta sudurra tartean izatea kasualitate huts jo behar dugu.
Aurtengo oparotasunaren kontua, oinlodi edo peonia (Paeonia sp.) ederren antigoaleko usainaz mozkor ginela izan genuen hizpide. Txoratzen naute peoniek, eta beraiek bezala beste inoren loreek ez.
Ranunculazeoen familiakoak dira peoniak eta berez Asia ekialdetik badatoz ere, jende asko txoratu dute eta mundu osoko mintegi ugari peonia hibrido berriak sortzera emanak dira, ehunka urte direla. Peoniak lurpeko zain lodietan pilatzen dituzte jakiak eta hauek dira urtetan eta urtetan irautearen bermea. Gaur egun bi multzo dira nagusi: zuhaizkarak eta zuhaixka-erakoak. Lehenak hostajea galtzen dute neguan, baina egurrezko zortenak irauten du eta udaberrian zorten honetako kimuak ireki eta lora eta hosto berriak ematen ditu. Zuhaixka-erakoek aldiz, ez dute egurrezko adarrik eta neguan hostajea galtzen dutenean, lurpeko zain lodikoteak soilik irauten du, udaberrian landare osoa berria azaltzen delarik. Loreen kolore farfailetan izugarrizko aukera dago, milaka. Usaina da lore hauen beste ezaugarri ezagun bat. Bien nahasketa egokiak, kolorea eta usaina, sortzen du txoramena, finean animalion txoramena. Loreak oso handiak dira eta pipitatzarrak irekitzerakoan txingurrien bisitaleku izan ohi dira; pipitek jariatzen duten eztiaren biltzera doazela diote batzuk, beste batzuk, aldiz, txingurrien xaxatzerik gabe loreak ez liratekeela irekiko diote...
Loreak ebaki eta txarroan jartzeko egokiak dira oso. Aspaldiko partez ustekabeko hasperena eragingo dizutela egingo nuke dema: probatu Mme de Verneville, M. Jules Elie, James Pillow edoa Bev barietate usaintsuak... Peoniaren lore, sustrai eta haziak karranpak eta hezueria lasaitzeko erabiltzen dira. Txoramena eta lasaitasuna dakartzanari txatxu batzuk arrosa madarikatua ere deitzen diote.
Joxerra Aizpurua
Pentsamenduak agintzen
Bideo jolasetan laster ez da eskurik behar izango. Garunaren inguruan kokatutako hainbat elektrodoz baliatuz, lau pertsonak bideo joko bati aginduak eman dizkiote pentsamendu soilarekin. Saiakera hau gauzatu duten ikerlariek elbarrientzat edo paralisia dutenentzat lagungarri izan daitekeen sistema bat garatzea izan dute helburu. Saiakera honen talde burua AEBetako Saint-Louisko Barnes-Jewish Ospitaleko Eric Lethard neurozirujaua izan da. Talde honek epilepsia duten lau gaixorekin egin ditu saiakerak eta elektrodoak ustez krisien sortzaile diren garun zatiaren azalaren gainean kokatu dira. Lau gaixoek 24 minutu baino gutxiago behar izan dute ordenagailua kontrolatzeko. Baina hauek ez dira alor honetan aritzen diren ikerlari bakarrak, adibidez, Miguel Nicolelis doktoreak Parkinson gaixotasuna jasaten ari diren hamaika gaixorekin antzeko saiakerak egin ditu eta baita emaitza itxaropentsuak lortu ere.
Uholde gero eta larriagoak
Bi mila milioi pertsona uholdeen mehatxupean bizi izango dira 2050. urtean, hau da, egun baino bi aldiz gehiago. Hiru dira Nazio Batuen Unibertsitateak (NBU) horretarako emandako arrazoiak: klima berotzea, baso-hustuketa eta presio demografikoa. Uholdeen eraginez urtero 25.000 pertsona hiltzen dira, gehienak Asian, eta azken hogei urteotan kontinente honetako 400 milioi pertsonak urtero jasan behar izan dute uholdeen eragina.
Koralak nola berreskuratu
Koralak bizi eta hazi ahal izateko erlazio sinbiotikoa dute zelulabakarreko alga batekin, honek ematen baitie koralek behar duten elikadura. Batzuetan ingurugiroaren tentsioagatik sinbiosia apurtu egiten da eta Buffaloko Unibertsitateko ikerlariek sinbiosiaren errekuperazioari buruzko ikerketa baten emaitza kaleratu berri dute. Itsasoko tenperatura edo argiztapena handitzean koralak zuritu egiten dira, kolorea eta pigmentazioa galduz. Une horretan alga eta koralaren arteko sinbiosia apurtzen da eta, horren ondorioz, korala hil egin daiteke. Hala ere, kasu batzuetan korala aurrera ateratzen zen eta ikerlariek ez zekiten hori koralean geratzen ziren beste alga batzuei esker zen, edo ingurutik hartutako algei esker. Arestian aipatu ikerlariek uste dute koralek alga berriak eskuratzeko ahalmena dutela. Horretarako Karibeko espezie bateko ale batzuei pigmentazioa kendu zieten laborategian 12 astean itzalpean mantenduz. Ondorengo sei astetan sinbiosia egiteko gai ziren algak erantsi zituzten koralak zeuden uretara. Denbora hori igaro ondoren, algak pigmentazioa hartzen ari zirela ikusi zuten, sinbiosia gertatu zenaren seinale. Ikerketa honen hurrengo urratsa itsaso zabalean froga egitea da, baina nola finkatu zona batean alga sinbiotikoak itsas korronteetatik salbu?
Jabier Agirre
Bilboko Euskalduna Jauregian egin du Espainiako Erradiologia Elkarteak bere XXVII. Kongresua, eta bertan bildutako adituek bizkarrezurraren gaitzik nagusiena den lunbalgia (gerriko mina) jorratu zuten. Eva Llopis eta Maria Alcaraz espezialistek gidatutako eztabaidan nabarmendu zen bezala, gerriko mina da medikuarengana joateko bigarren arrazoia, eta 45 urtetik gorako pertsonen artean laneko baja hartzeko arrazoi nagusia.
Llopis eta Alcaraz doktoreek bizkarrezur lunbarraren endekapen-gaixotasun edo gaixotasun degeneratiboaren historia naturala azaldu zuten, bizkarrezurra aztertzeko metodo zaharrak eta berriak elkarrekin parekatuz. Historia naturala da, inolako esku-hartze edo terapeutikarik gabe, behaketa eta kontrol hutsez zer-nolako eboluzioa duen gaitzak. Beraien hitzetan, "konpresio-eragina eta substantzia kimikoek eragindako nerbio-narritadura edo irritazioa dira seguruenik gaitz honen erantzuleak", prozesuaren mekanismo fisiopatologikoa oraindik zehatz-mehatz ezagutzen ez den arren.
Gaur egun, gerriko minaren diagnostikoa egiteko, erradiologoentzat oso eraginkorrak dira irudi bidezko teknika berriak, eta gorputzarentzat berriz, garai bateko teknikak baino bigunagoak, gainera.
Hernia edo etenei dagokienez, hiru kasutik bitan berorien historia naturala onerako da: atzera egitea ûerregresioa edo sendaketa partzialaû eta baita erabat sendatzea ere. Baina kasuen %35ean, gutxi gorabehera, metodo kirurgikoetara jo beharra dago, mina erabat desagertzea nahi baldin bada, behintzat. Dena den, Euskalduna Jauregian bildutako espezialistek erradiologoen zeregin protagonista aldarrikatu zuten gerriko minean, tratamenduak emaitza onak izateko ezinbestekoa baita aldez aurretik diagnostikoa zehatz-mehatz egitea. Eta hori erradiologoaren ardura da.