Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-08 16:30:26
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-06-27 -- 1950.zenb

Jon Torner


Eusko Jaurlaritzak eman berri duen pausoak etorkizunean boto sistema elektronikoek izan dezaketen garrantziaz ohartarazten gaitu. Jaurlaritzak hilaren 14an onartu zuen boto elektronikoa emateko lege-proiektua. Hala, Eusko Legebiltzarrak oniritzia ematen badu, udaberriko hauteskunde autonomikoetan Demotek sistemaren bidez bozkatu ahal izango du hainbat herritarrek. Izan ere, lege-proiektuak aurrera eginez gero, aipatu sistema ez da Autonomia Erkidegoko hauteskunde zentro guztietan aplikatuko. Hasiera batean, hautesleku bakar batzuetan baino ez da izango botoa Demotek sistemaren bidez emateko aukera.

Boto sistema elektronikoez hitz egitean, funtsean, bi sistemez ari gara: hautestontzi eta boto txartel elektronikoak nahiz pantaila ukigarriak bezalako bitartekoak erabiltzen dituenaz eta Internetez. Europako hauteskundeetan, hainbat herrialdeko hautesleek erabili ahal izan dute pantaila ukigarria oinarri duen sistema, nahiz eta orokorrean proba pilotu gisa aplikatu den. Portugal eta Frantziako sei hauteskunde kolegiotan, esaterako, Indra konpainia espainiarraren Poin&Vote sistemaren bidez bozkatzeko aukera izan zuten herritarrek, proba pilotu moduan. Hautesleek nahikoa izan zuten pantaila batzuetan agertzen ziren alderdietako baten izenaren gainean behatza jartzearekin. Gainera, Vandoeuvre-lés-Nancy udalerrian sistema hau modu ofizialean aplikatu zen, emaitzak aintzat hartuz.

Bestalde, hautestontzi elektronikoak erabiltzen dituen sistemaren ezaugarriek, arrazoi desberdinak direla-eta, hedabideetan oihartzun dezente izan zuten EHUko errektoretzarako hauteskundeetan. Aurrerago berriz ere hizpide izango ditugun hauteskundeotan erabilitako hautestontziek ohikoen aldean ez dute desberdintasun nabarmenik, azken finean, hautesleek bertan sartu behar baitute boto txartela. Alde horretatik, Demotek sistemak ez dakar berrikuntzarik. Botoa eman nahi duenak derrigor joan behar du mahaira. Hara iristean, nortasun agiria erakutsi eta botoa ontzian sartuko du. Hori bai, boto txartel elektronikoa ez da kartazal batean sartu behar. Nahikoa da hura markatutako lekutik tolestearekin. Txartelak banda magnetiko bat dauka eta hura irakurtzen du hautestontziak.

Internet bidezko boto sistemari dagokionez, ordea, sarera konektaturiko edozein ordenagailutik bozka daiteke. Interneti esker, abstentzioa murriztu egiten da, atzerrian bizi diren herritarrek zein mugikortasun arazoak dituztenek botoa emateko aukera gehiago baitaukate. Gurean, gainera, bada bozkatzeko askatasuna benetan berma dadin lortzeko Internet beharrezkoa dela dioenik, arrazoi politikoak direla-eta mehatxupean bizi diren herritarrek botoa askatasun osoz emateko zailtasunak izaten omen baitituzte sarri.

Boto sistema elektronikoek bozketa prozesua izugarri arintzen dute eta hori da duten abantaila nagusia. Botoak kontatzeko zein emaitzak helarazteko unean denbora dezente aurrezten da, bi prozesuak automatikoki egiten baitira, hautestontziak itxi eta berehala.

Mesfidantza sortzen dute

Hauteskunde prozesu demokratiko guztietan, badira derrigorrez bete behar diren baldintza batzuk: pribatutasuna, fidagarritasuna, gardentasuna eta anonimotasuna bermatzeaz gain, botoak sekretua izan behar du, norberak behin bakarrik bozka dezake, botoa ezin da faltsifikatu ez saldu, azken emaitzetan boto guztiak azalduko dira (nuluak barne) eta emaitza horiek konprobatzeko aukera izan behar da. Ezaugarri horiek dira, hain justu, boto sistema elektronikoarekin mesfidati agertzen direnek euren kritikak arrazoitzeko aipatzen dituzten argudioak. Askorentzat, sistema hauek ez daukate guztiz ziurtatzerik norberaren botoa sekretupean geratuko denik edo emaitzak manipulatzerik ez dagoenik.

Gainera, Internet bidezko bozketa sistemari buruz zalantzak are handiagoak dira, hackerren nahiz birusen erasoez gain, kontuan izan behar baita norberaren benetako identitatea ezkutatzea posible dela. Alegia, ez dago ziur jakiterik botoa ematen ari dena benetan izena erregistratu duena denik.

Zalantza horiez gain adituek beste puntu bat ere aipatzen dute. Herritarrek teknologia berrien inguruan duten ezagutza. Boto emaileak sistema onartu eta ezagutu egin behar du, honek mesfidantzarik ez sortzeko, eta oraindik bide luzea egin behar dela argi dago. Herritarrak konbentzitzea ez da hain erraza. Are gutxiago askori arrotz zaien bozketa sistema baten inguruan. Hautesleek ez dute mutur aurrean jartzen zaien edozein makina erabiliko.

Gainera, bada aipatutakoarekin lotura duen beste ezaugarri negatibo bat, batez ere Interneten kasuan nabarmentzen dena: haustura digitala. Teknologia berriak ez daude guztion eskura eta horrek zatiketa digitala handituko ez ote duen galdetzen du zenbaitek.

Eta boto nuluak?

Aurrez esan dugu bozkatze sistema orok bete beharreko baldintza dela boto guztiak kontuan hartzearena. Bada, boto elektronikodun sistemek ez dute hau bermatzen, boto nulurik ezin baita eman. Botoa aukera konkretu bati eman behar zaio derrigorrez. Euskal Herrian, zenbait alderdi politikok hauteskunde prozesu desberdinetan boto nuluaren aldeko boza eskatu duela kontuan izanik, aipatutakoak garrantzia berezia hartzen du. Europako hauteskundeetan, adibidez, Demotek sistema erabili izan balitz, Hego Euskal Herriko hautesleek ezin izango zioketen botoa Herritarren Zerrendari eman. Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen lege-proiektuak ere ez du boto nulua aurreikusten eta alderdi politikoek lege-proiektua Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzean, ez da dudarik aipatutakoak zeresan franko emango duela.

EHUko errektoretzarako hauteskundeetan ere boto nuluak ez ziren onartu eta horrek eman zuen zeresanik.

EHUko errektoretzarako hauteskundeak

EHUko errektoretzarako hauteskundeak iragan martxoan eta apirilean egin ziren. Aurreneko itzulian zazpi hautagaietako batek ere ez zuen botoen erdia lortu eta, ondorioz, boto gehien jaso zituzten biak (Juan Ignacio Perez Iglesias eta Iñaki Antigüedad) igaro ziren bigarren itzulira. Bigarren itzulian Juan Ignacio Perez Iglesiasek irabazi zuen. Hauteskunde horietan Eusko Jaurlaritzako Hauteskunde Prozesuen eta Agirien Zuzendaritzak bultzatutako Demotek sistema erabili zuten. 78 hautestontzi elektroniko paratu ziren EHUko Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko campusetan eta guztira bi milioi boto-txartel egin ziren. Demotek sistemak ondo funtzionatu zuen, baina hala ere hainbat kritika jaso zuen. Haserre handiena lehen itzulian hirugarren lekuan geratu zen Francisco Doñate hautagaiak erakutsi zuen. Askorentzat sektore konstituzionalista ordezkatzen zuen hautagaiak Demotek sistemaren fidagarritasun eza salatu zuen: "Sistemak ez du garantiarik. Botoak ez dira eskuz kontatu; elektronikoki kontatu bezain pronto boto txartelak apurtu egin dituzte. Ez da emaitzak inpugnatzeko aukerarik izan". Doñatek "putxerazo" baten itzala ere ikusi zuen bozkatze sistemaren atzean.

Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak argi utzi nahi izan du kexarik egonez gero mahaietako presidenteek mekanikoki kontatu ziren botoak atzera berriz ere eskuz kontatzeko obligazioa zutela, baina halakorik egiteko eskaerarik jaso ezean, legeak txartelak apurtzeko baimena ematen duela. Bestalde, Iñaki Goirizelaia EHUko Elektronika eta Telekomunikazio Saileko irakasleak ere botoak manipulatzea ezinezkoa dela adierazi zuen eta mahai batzuetan botoak eskuz ere kontatu zirela ziurtatu zuen.

Boto sistema elektronikoek sorrarazten dituzten zalantzek argi erakusten dute horiek aplikatzen hasi aurretik gauza dezente hartu behar direla kontuan. Gainera, oraingoz hauteskunde legeak ez ditu sistema hauek onartzen.

www.euskadi.net/botoelek helbidean, boto elektronikoari eta Demotek sistemari buruzko informazio gehiago.

Maider Zapirain


Bizkaiko golkoko eremu zabalean baleak edo izurdeak bezalako zetazeo ederrak bazeudela aspalditik zekiten arrantzaleek, hainbat arrantzalditan elkarrekin lehian aritu baitira. Baina orain arte arrantzaleen erreferentzi soilak genituen, Bizkaiko Golkoko zetazeoen inguruan ez baita ikerketa sakonik egin. Badaudela jakin badakigu, baina espezieak eta populazioak zehaztea zaila gertatzen da. Ezin dugu populazioak ugariak ala urriak diren zehaztu. Hala ere esan behar da, aditu askoren arabera, uste baino populazio handiagoak eta dibertsoagoak izan daitezkeela. Baina ugaztun itsastar hauek ikertzea ez da lan erraza, are zailagoa populazioen jarraipenak egitea, ea populazio finkoak diren, migratzen duten, non ugaltzen diren... jakitea. Zetazeoen ugaritasunak itsasoaren osasun egoeraren zantzuak eman ditzake, gure itsas ekosistemaren egoera hobeto ulertzen lagunduko luke.

Euskal Herriko kostan baditugu ikerketa honetan diharduten elkarteak. Batetik Bizkaialdean AMBAR (Itsas-faunaren Ikerketa eta Babeserako Elkartea) izenekoa dugu, 1996a geroztik datu bilketan dabilena. Ikerketa lerro desberdinak garatu dituzte, batetik hilik harrapatzen dituzten zetazeoak aztertzen dituzte, kausak aztertuz. Bestetik, Euskal kostako puntu desberdinetan lur-finkotik egindako ikusketen inguruko datuak biltzen dituzte. Badute itsasontzi bidezko ikerketa programa berezia ere. Bestetik, Gipuzkoan E.I.B.E. (Euskal Izurde eta Baleazaleen Elkartea) dugu, orain gutxi sortua baina dagoeneko ekarpen garrantzitsuak egin dituena gure kostako zetazeoen inguruan. Zehazki Hondarribitik Bilborainoko kostaldea aztertu dute elkartekoek, kostatik 20 milia inguruko itsasoan barneratuz. Bi elkarteek Espainiako Zetazeo Elkatearekin (S.E.C.) harremana dute, eta antzeko ikerketa patroi eta metodologia jarraitzen dute.

Gure kostako zetazeo espezieak

E.I.B.E.-ko kideek Euskal balearik "oraingoz" ez dutela ikusi ziurtatu digute, baina 10 espezieren inguruko datu eta argazkiak eman dizkigute. Esan beharrik ez dago emaitzak ikusgarriak direla. Zetazeoen ikerketa zaila eta neketsua dela jakinarazi digute, ordu askotan nabigatu behar dela honelako argazki ederrik lortzeko. Baina emaitzak ikusita, egindako lanak konpetsatzen duela dudarik ez dugu egiten. Batetik, izurde mular eta izurde arruntak aipatu ditzakegu. Orain gutxi arte Donostiako badian ikusten genuen eta duela aste batzuk Pasaian topatu zuten Pakito izurdea, izurde mularren espeziekoa omen da. Esan digutenez, Pakitoren moduko kasuak ezagutzen diren arren, honelako portaerak zetazeoetan oso arraroak omen dira. Izurdeen artean izurde marradunak ere topatu dituzte gure uretan.

Kalderoi espezierik ere aurkitu dute; kalderoi arruntak, kalderoi grisak eta gure uretan espero ez zituzten kalderoi tropikalekin ere topo egin omen dute, badirudi aurtengo udako tenperatura altuak erakarri dituela-edo. Zifiorik ere begiztatu dute, hauek zailak izaten dira ikusten, sakontasun handitan ibili ohi dira normalean. Rorkualei buruz ere hitz egin digute, eta hauen artean bi espezie ikusi ahal izan dituzte.

Euskal balearen bila

Atzean geratu dira euskal balearen presentzia ohikoa zen garai haiek. Orain mende batzuk euskal baleek euren migrazio luzeetan geldialdi garrantzitsua egiten zuten gure kostan. Izan ere, negualdian kumeak izatera hurbitzen baitziren, bertako urek ezaugarri paregabeak eskaintzen baitzizkieten. Baina balea-arrantzak, euskal balea erabat urruntzea lortu zuen gure kostatik. Guztiok ezagutzen ditugu azken baleari dagozkion bertso famatu haiek. Donostiako Aquariumean, berriz, azken aurreko balearen eskeletoa ikus dezakegu, 1878. urtean Zarautz eta Getaria artean harrapatua izan zena. Gaur egun euskal balearen ale bakan batzuk ditugu Atlantiko eta Pazifikoko uretan. euskal baleak, gupida gabe, izugarrizko jazarpena jasan behar izan baitzuen Bizkaiko Golko osoan. Balea arrantzaren lehen erreferentziak X. mendekoak dira. Balea populazioak erabateko gainbehera jasan zuen, ondorengorik gabe uzten baitzituzten kumeak, balea emeak akabatuz.

XVI. mendean berriz, Groenlandia eta Ternua aldera abiatu behar izan omen zuten balea bila, espedizio izugarriak antolatzen zituzten. Balea arrantzaleek ondo ezagutzen zuten balea hau, geldoa da oso, horregatik dauka gaztelerazko ballena franca izena, ondo zekiten balekumea akabatzen bazuten, ama atzetik etorriko zitzaiela. Gainera, hil ondoren flotatu egiten duenez, erraza zitzaien portura eramatea. Balea arrantza diru iturri izugarria zen, balea baten aprobetxamendua muturrekoa zen, den-dena zen erabilgarri. Hain adierazgarri zaizkion bizarrak korseak, zepilloak, erratzak egiteko erabiltzen zituzten. Haragia oso preziatua zen eta gantza urtu egiten zen; olio, xaboi eta era guztietako kosmetikoak egiten zituzten. Hezurdura ere altzarigintzan aprobetxatzen zen.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan