Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2004-06-27 -- 1950.zenb

Pilar Iparragirre

KilimAmuak
Batzuen artean
Mikelazulo, gakoa liburuak
148 orrialde+ CD
15 euro


Mikelazulokoen Letren kilimak

Dagoeneko badira bi urte pasatxo Oreretako Mikelazulo kultur elkartekoek Letren kilimak ikuskizuna Euskal Herrian zehar eskaintzen ari direla. Ikuskizun horrek esperimentazioa du xede eta hitzordu bakoitzean parte hartzeko prest dauden idazle, musikari nahiz pintoreek erabakitzen dute zein tankerako ikuskizuna egin. Bat-bateko olerkigintzaren ildotik abiatu izan da esperimentaziorako bide nagusietako bat. KilimAmuak liburua eta diskoa Letren kilimak berri bat izateko asmoarekin sortutako lana da. Mikelazuloko 25 pertsonak hamar taldetan elkartuta hilabete batez diziplina artistiko ezberdinak harremanetan jarriz sortu dute, talde bakoitzak pintura, eskultura, poesia, antzerkia edo musika hartu duelarik oinarri gisa.

CaliforniaÆko bertsolari eta musikari
Pedro Juan Etxamendy
Auspoa, Gipuzkoako Foru Aldundia
295 orrialde


Pedro Juan Etxamendyren bertsoak eta doinuak

Pedro Juan Etxamendyk idatzitako bertso eta konposizioez eta bildutako ele zaharrez gain, Etxamendy beraren bizitzako pasarterik gogoangarrienak ezagutzeko aukera eskaintzen digu Jose Mallea Olaetxek hitzaurrean. 1914an jaio zen soinujole eta bertsolari hau Udirienia baserrian, berez Arnegikoa baina elizaz Luzaidekoa den Ondarrola auzoan. 1950ean Ameriketara joan zen, familiarekin, bizimodua atera nahian. Eta hantxe jarraitu zuen bizitzen 2002ko urriaren 26an hil zen arte, zenbaitetan Euskal Herrira bisitan itzuli zen arren. Musikari bikaina genuen, nahiz eta mutil koskorra zela hiru hatz galdu lehergailu batekin. Konposizio askoren egilea ere izan zen Pedro Juan Etxamendy, eta horietako batzuren doinuak jasoak izan dira liburuan.

Sakanako Hiztegi Dialektologikoa
Jose Luis Erdozia Mauleon
Euskaltzaindia, Nafarroako Gobernua
413 or. / 18 euro


Sakana haraneko lexikoa bilduta

Jose Luis Erdozia Mauleonek lan ugari argitaratu du toponimiaz zein Sakanako dotrina eta herrietako euskara aldaeren ikerketei buruz. Oraingoan, berriz, Nafarroako mendebaldean, Araba eta Gipuzkoarekin muga eginez dagoen Sakana haraneko lexikoa bildu du, jasotako hitzak aztertuz, eta sarrera bakoitzari buruzko hainbat datu esanguratsu eskainiz. Lexikoa biltzeko orduan, oraindik gure artean bizi direnen lekukotasunak baliatu ditu, eta baita aurretik Sakanako lexikoaz argitaratu diren beste lan ugari ere. Frantzisko Ondarra euskaltzainak liburuaren hitzaurrean adierazten duenaren arabera, herriaren ahotik jasotzen ditu hitzak eta hitz inguruak, erreminta bezala euskara batua erabiliz eta Orotariko Euskal Hiztegian hitz bakoitzak duen sarrerara bidaliz irakurlea.

Euskera
Batzuen artean
Euskaltzaindia
1.248 orrialde


Euskeraren 48. liburukia

Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala den Euskeraren bigarren aldiko 48. liburukian, Jose Mari Satrustegiri eta Rudolf P. G. De Rijk ohorezko euskaltzain zendu berriari egindako omenaldiak jasotzen dira, baita Euskaltzaindiaren barne-historia (IV), eta erakunde honen azken agiriak ere. Era berean, Manuel Inchausperen mendeurrena eta Bartolomé de Carranzaren V. mendeurrena zirela-eta egile ezberdinek osatutako hainbat lan, Nafarroa Oinez 2003an Euskaltzaindiak antolatutako VII. Jagon Jardunaldietan Xabier Lasak aurkeztutako Euskararen erabilera Nafarroako elizan. Iruñea eta Tuterako elizbarrutietan egiten den euskararen erabilerari buruzko azterketa soziolinguistikoa eta Pello Apezetxeak osatutako Elizaren euskararekiko jarrera Nafarroan.

Bi ipotx gure etxeko sofan
Arantxa Iturbe + Jon Zabaleta
Elkar
44 orrialde
6,65 euro


Ipuinak irakurtzea maite zuten ipotxak

Arantxa Iturbek idatzi eta Jon Zabaletak marraztu duen ipuin honetako kontalariari ezusteko polit bat gertatu zitzaion lehengo batean, eskolatik itzuli zenean. Bi ipotx aurkitu zituen bere etxeko sofan eserita, telebista ikusteko gogo izugarriarekin. Ez zekiten tramankulu hura nola piztu, ordea, eta gure neskatxak piztu zien telebista. Baina ea zer demontre egiten zuten han eta horrelakoak jakin nahirik, galdezka hasi zitzaienean, ez zioten kasu zipitzik egin, hain zeuden telebistari lotuak. Gure neska kezkatzen hasi zen. Izan ere, zer esango zuen bere ahizpa nagusiak ipotxak han zirela ikustean? Eta aitak? Eta amak? Badaezpada, Edurnezuriren ipuina irakurtzea proposatu zien ipotxei.

Hizpide
Batzuen artean
HABE
108 orrialde
5,09 euro


Hizpide aldizkariaren 55. zenbakia kalean

HABEren euskalduntze-alfabetatze aldizkariaren 55. zenbakian aurki daitezkeen lanen artean, Iñaki Pikabearen Ikas-estiloetan eta ikas-estrategietan oinarritutako esku-hartze programa bat, Josu Peralesen Adina eta hizkuntzen ikaskuntza, Mitxel Kaltxakortaren Galdegaia-lekua testu hastapenetan lanaren bigarren zatia, Matilde Sainz eta Pili Sagastaren artean osatutako Eleaniztasunaren konpetentziaren arkitektura eta konplexutasuna, eta Pello Esnalen Preskripzioa: oinarrizko hizkuntza ekintza daude.

Elezaharren bidetik
Marrtin Anso
Alberdania
222 orrialde
13,50 euro


Martin Anso altxor kutxaren barrura begira

Elezahar kontutan oso aberatsa dugu Euskal Herria, eta altxor horretan arakatu zuen Martin Ansok Gara egunkarian argitaratzeko istorio hauek idazteko orduan. Zazpi euskal lurraldeetako legendak dira batzuk, ipuin tradizionalak besteak, gertaera historiko apokrifoak ere ez dira bilduman falta, ez eta beste motako kontakizunak ere. Amodio istorio triste bezain gozoekin batera, badira berean gertaera gogorrak islatzen dituzten makina bat kontakizun, Euskal Herrian ere ez baitira gutxi izan historian zehar gertatutako bortxaketak, mendekuak, horma arteko zigorrak, urkamenduak eta beste abar luze bezain ankerrak. Horietako askoren berri ematen digute Martin Ansok umore ukitu galantaz idatzitako istorio hauek. Chambre dÆAmour-en ito ziren gazteen maitasun sutsuarekin hasi, eta hor garamatza, San Adriango bideetan barna, traidoreei aterpe ematera ukatzen den Nafarroako lurretatik, pirata baionar baten gorabeheretara, gauez Maddi eta egunez oreina zen neskatilaren kasua ahaztu gabe, euskal etnologo eta folkloristen liburuetan zein egungo idazleen lanetan aurkitu dituen elezahar polit hauek kontatzerakoan.

Pilar Iparragirre

Laburbilduko al zenuke liburu honen mamia?
Legenda bilduma bat da. Guztira, 53. Testuak Garan argitaratzeko idatzi nituen eta laburrak dira, halabeharrez. Istorioak inguru-minguru handirik gabe kontatu behar izan ditut, edo, Inazio Mujikak esaten duen moduan, «estilo zoliaz» (hala bada, hala bedi). Hori bai, duten bere-berezko ezaugarria barietatea da.

Zertan datza barietate hori?
Ezertan baino lehen, generoetan eta gaietan: maitasuna, mendekua, abertzaletasuna, saldukeria.... Garai eta giroak ere oso ezberdinak dira: erromanizazioa, Ameriketako konkista, karlistadak... Protagonistetan ere badago barietaterik, Napoleon, Matalas edo Villalba koronelaz gain, emakume-oreina, adarbakarra edo jauntxo ankerrak azaltzen baitira. Eta erabili ditudan iturriak ere bariatuak dira, istorio bila Vinson, Barandiaran, Azkue, Satrustegi edo Jimeno Jurio bezalako etnologo eta folkloristengana jo baitut, baina baita Sarrionandia edota Agustin Monterrosoren lanetara ere, eta jakina, XIX. mendeko «benetako» legendisten liburuetara. Horra hor Iturralde, Arakistain, Bizente Arana, Campion, Trueba....

Nori zuzendutako liburua da Elezaharren bidetik?
Legendok edonoren gustuko izan daitezke. Hala ere, gaztetxoei bereziki gustatuko zaizkielakoan nago. Gaztetxoei diot, eta ez umeei, hor badirelako politikoki behintzat beraientzat batere zuzenak ez diren hainbat gauza. Izan ere, legendak, sarri, anker samarrak izan ohi dira, eta hain justu, zergatik uka, hori da beren xarmetako bat.

Pilar Iparragirre

Zure lana polikromiaren aldarrikapena da. Zu ere polikromoa al zaitugu?
Baietz uste dut. Ortodoxia gustuko dut literaturarako, baina gero, egunerokotasunerako eta praktikarako erabat kaltegarria iruditzen zait.

Txalaparta argitaletxean lan egiten hasi aurretik hala geroago ekin zenion liburuan agertzen diren ipuinak idazteari?
Aurretik. Duela bost bat urte hasi nintzen liburu honekin, eta Txalapartan hiru urte daramatzat lanean. Liburuarenarekin jarraituz, sei edo zazpi ipuin idatzita neuzkanean, Koldo Izagirreri pasa nizkion. Badut halako zor moral bat berarekin, asko lagundu baitzidan, gomendioak emanaz-eta. Izan ere, ipuinak idatzi eta pentsatu nuen, «nori pasako diot hau?» Joseba Sarrionandia, Bernardo Atxaga eta Koldo Izagirre dira nire idazle kutunenak. Sarriri ezin nizkion ipuinak pasa, Atxaga ez dut gertukoa, eta Koldo, berriz, ezagutzen nuen Pasaian ibili nintzen garaietatik, eta berari bidali nizkion.

Joseba Sarrionandiari ezin zenizkion ipuinak bidali, baina berea da zure liburuan agertzen den hitzaurrea, eta han dioenagatik ondo irakurriak ditu. Nola moldatu zinen hala izan zedin?
Karanbola pila bati esker. Durangoko Azokan Aitor Sarrionandia ezagutu nuen, Josebaren anaia. Liburua bukatua nuela komentatu, eta ea utziko al nion irakurtzen galdetu zidan. Nik baietz, noski. Liburua pasatzerakoan, esan nion: «Egidazu hitzaurrea eta zure abizena bakarrik agertuko dugu». Handik denbora batera, baina, bere anaiaren hitzaurrea ekarri zidanà.

Mamu bihurtu zarela esaten du Joseba Sarrionandiak hitzaurre horretan. Eta abisatu behar dela zure liburuan mamuak dabiltzala. Egia al da hori guztia?
Beste batzuk ere galdetu izan didate, zergatik idatzi duzu? Edo, zer behar daukazu? Egia esan, ez dakit. Baina lehengoan irakurri nion bati, berari mundu erreala txikia gelditu balitzaio bezala zela, eta horregatik behar zuela fikziozko mundu bat. Horixe gertatzen zait niri ere, eta jakina, fikziozko mundu hori beti da mamuzkoa, ez baita erreala, ukigarria.

Baina liburuan aipatzen dituzun gaiak errealitatean ondo txertatuak daude...
Erabat! Baina uste dut Joseba Sarrionandiak esaten duela mamu partearena gauzak kontatzeko maneragatik. Egia esan, ez dut oso ondo ulertu mamuarekin zer esan nahi duen. Beharbada errealitatearen alde iluna harrapatzen saiatu naizela dio, eta egia da nik atentzio berezia ematen diodala beste alde hori aurkitzeari.

Xehetasun txikienei ere asko erreparatzen diezu, ez da hala?
Hori da kontzienteki egiten ez dudan beste gauza bat, baina, bai, horrelako xehekeriak, funtsik gabeko xehetasun horiek gustatzen zaizkit.

Loreekin ere egin al daiteke mendeku?
Jakina. Mendekua egiteko ez da behar ez labanik, ez gauza potolorik. Batzuetan, hitzaren ukazioa bera izan daiteke mendekua. Horregatik Eta handik gutxira gaur narrazioko protagonistak mendekua egiten du loreen bitartez, eta nire ustez oso modu sotila da mendekua egiteko, eta era berean bortitza, sotiltasunak ez baitu bortizkeria gutxiagotzen. Mendekua askok gaitzetsi egiten dute; kristautasunaren eraginez-edo, badirudi ez dela gauza ona ere, baina nik uste dut barrutik usteldu beharrean, hobe dela mendeku polit bat egitea, gauzak pasatzen uztea baino.

Politika albisteak ipuinak umore izugarria dauka, baina era berean denetan tristeena da. Ados al zaude?
Ipuin hori dela-eta, esan izan didate: badakit nori buruz ari zarenà Ez da egia. Nik ez dut gertutik ezagutu, baina halako hainbat kasu dago. Mutila edo neska errefuxiatzen da, urteak pasa eta hemen gelditzen denak jarraitzen du oraindik maiteminarekin. Hortik atera da istorioa. Eta umorez idatzi nahi izan dut, uste dudalako gauzak umore pixka batekin hartzea beti dela ona, umorea oso arma potentea delako, iraultzailea izan daiteke. Umorea galtzen baldin badugu, orduan bai galdu dugula gerra.

Hamasei ipuinotan badira elkarren artean nolabaiteko lotura duten batzuk ere, nobela laburraren bokazioa izango balute bezala, Sofako amodioak, kasu. Hori ez zaizu hain alaia atera, edo?
Ez. Niri ortodoxia ez zait gustatzen, eta berdin zait faxista, edo munduko ortodoxiarik iraultzaileena den. Adibidez, kontraesankorra iruditzen zait iraultzailea eta ortodoxoena izatea batera. Kontraesana, dena den, biziaren muina-edo iruditzen zait niri, eta ipuin horretako protagonista beharbada benetan beste batekin dago maiteminduta, baina objetiboki bestea askoz interesanteagoa da, besteak maiteko du, bestearekin hobeto biziko da, eta beste horrekin gelditzen da. Hori kontraesana da, bai, baina, beno, kontraesana ez dakit gure emozioen erdia den, baina garrantzi handia dauka, eta beti mespretxatu-edo egiten da. Kontraesana onartzearen aldeko aldarria egin nahi nuen hor, bestea moralina faltsua iruditzen zaidalako.

Ipuinen bukaerak beti irekiak uzten dituzu.
Gustu kontua da. Irakurtzen dudanean gustatu egiten zait hori, eta zerbaitetan ahalegindu banaiz narrazio hauetan iradokitze ahalmenean arreta berezia jartzen izan da.

Beste narrazio batean, handiagoa ematen du haur bortxatu bati amaren utzikeriak egin dion minak aitaren bortxaketak egindakoa baino. Horrela interpreta al daiteke?
Bai. Gaizki deitutako pedofiliaren afera oso interesgarria iruditzen zait. Nire liburu kutunetako bat Jon Miranderen Haur besoetakoa da, eta uste dut oso modu kristauan egin diogula aurre gai horri bai Euskal Herrian, bai Europako parte handi batean, eta benetan kezkagarria da. Horregatik egin nahi izan nuen ipuin hau ikuspegi horretatik, moral kristauaren kritika pixka bat egiteko.

Ninfomania ere ukitzen duzu...
Beno, ez dakit berez emakume hori ninfomano kataloga genezakeen. Emakume horrek baditu hutsune batzuk, bera sentitzen ez den momentu batzukà baina nire ustez jende askori gertatzen zaio hori. Batzuk ozpindu eta etxean komunak garbitzen gelditzen dira, beste batzuk mozkortu egiten dira, beste batzuk tabernara joan eta titiak barra gainean ipintzen dituzte; emakume horrek sexua erabiltzen du bera dela sentitzeko.

Lagun imaginarioak ere badira zure ipuinotan. Hori ez al da haur garaiko irtenbidea izaten?
Nik txiki-txikitandik eduki dut lagun imaginarioa. Gero urte askoan ez dut izan, baina Parisen ikasten ari nintzenean konturatu nintzen berriro banuela. Komentatu nuen psikologiaz zekiten batzuekin, eta esan zidaten kaltegarria zela. Erabat hipokondriakoa naizenez, neure burua Mondragoen giltzapean sartuta ikusten hasi nintzen, eta orduan, hori uxatzeko, ipuin bat idazteari ekin nion.

Batek lagun imaginarioa izan dezakeen bezala, beste batzuk ohekide imaginarioa dute...
Bistan da. Bakoitzak bere lagun imaginarioa egiten du; batzuk zientziaz arduratzen dira, beste batzuk amets egiten dute ez dakit nolako etxea edo autoa izatearekin, beste batzuk egunkari bateko zuzendari edo alderdi politiko bateko bozeramale izan nahi duteà modu asko daude lagun imaginarioak edukitzeko.

Tentsio askoren iturri ikusten al duzu ohiko bizimodua?
Tentsioa inportantea da, bai lan harremanetan, bai bikote harremanetan, bai lagun harremanetan, bai literaturan. Tentsioa bizigarria da, eta eguneroko bizitza tentsiorik gabe, hori bai dela gristasuna eta asperdura! Iruditzen zait tentsioa dela krisiaren antzeko zerbait, beste pauso bat hobera egiteko edo okerrera egiteko, baina aldatzeko. Eta aldaketa ona da gehienetan, batez ere egunerokotasunaren homogeneotasunetik ateratzeko. Eta bai, ipuinotan saiatu naiz tentsio hori bilatzen.

Ainara Gurrutxaga


Materiak ba al du arimarik? Giza gorputzak zer espresa dezake mugimendu kateatu hutsen bidez? Galdera hauei erantzuna aurkitu nahian sortu du Blanca Arrieta bilbotarrak 3600 dantza pieza berria. 1999.ean lehen koreografia lana aurkeztu zuenetik (Y fui feliz 14 días... pero no seguidos), giza gorputza eta haren mugimenduak behatuz gizakiaren esentzia azaleratu daitekeela defendatzen du koreografoak: "Obsesio txiki bat daukat gorputza eta gizakiarekin. Giza gorputzak begiratuz, zer garen deskubri daitekeela uste dut. Nolakoak garen eta zergatik jokatzen dugun jokatzen dugun moduan", dio. Urteetan oholtza gainean dantzari aritu ondoren, koreografo moduan ibilbide propioa aurkitu duela dio: "Prozesu antzeko bat izan da. 99an aurkeztutako koreografia nahiko aldrebesa izan zen, pentsa, sei dantzari jarri nituen taula gainean... ez nekien ia ezer. Gauza ezberdinak probatu ostean, baina, uste dut topatu dudala bidea, badakidala nondik jarraitu bilatzen".

Apirilaren 16an Barakaldo Antzokian estreinatu zuen 3600, diziplina artistiko ezberdinen elkarrizketatik sortutako dantza pieza. Orain arte jorratutako ildoari eutsi dio lan honetan ere, dantzarien mugimenduen detaileak bereziki landuz, giza anatomiaren formak mikroskopioz aztertuz.

Blanca Arrietak Borja Ramosekin batera zuzendu du pieza, aurreko Zero lanean musikariarekin sortutako harreman bikaina dela medio. Ramosek esperientzia luzea du dantza garaikideko beste konpainia batzuekin. Ondoren Oscar Grijalba ere gehitu zitzaien lantaldera, argiztapenarekin ikuskizun borobila sortuz. Borja Ramosek berak sortutako bideo proiekzio batzuekin borobildu dute lana.

Gorputz beteak

Irudi iradokitzaileek betetzen dituzte piezaren lehen minutuak. Agertokia ilunpetan dela, oholtzaren atzeko aldean jarritako pantaila handian inprimatzen dira imajinak, musikaz lagunduta: haizeak etengabe astinduta ere, beren izaerari eusten dioten adartxoak; ondo begiratuta zainak diruditen forma bereziko ile adatsak... Amona baten hitzak ere entzuten dira. "Bideo guztian ez da pertsona fisikorik agertzen. Haragi gosea piztu nahi izan dugu horrela ikusleengan. Dantzariak ikusteko beharra probokatzeko, alegia", azaltzen du koreografoak.

Ondoren datorrena behatzeko, 3600 segundo eskaintzen dizkigute pieza honetako bi dantzariek: Blanca Arrieta berak eta Fernando Hurtadok. Denbora horretan intentsitate, energia eta erritmo ezberdinekin jolasten dute bi protagonistek. Bi gorputz dira, inongo iraganik gabe, ezer justifikatu behar izanik gabe bihurri ageri diren bi gorputz: "Ez dut ikusleak emakume eta gizon bat ikusterik nahi. Bi gorputz ikustea nahi dut, nola mugitzen diren belaunak, aldakak, besoak... eta nola nahasten diren euren artean", dio Arrietak. Dena den, taula gaina ez da hutsik nabari, tentsioz beterik baitaude une gehienak: "Tentsioak sortzea asko gustatzen zait. Dantzarien atzean beti dago zerbait, mugimendurik apenas egon arren, badago karga bat, tentsio bat. Dantzariak beteta ageri dira".

Dantza ikuskizun oro bezala, hau ere interpretazio anitzeko ikuskizuna da. Poetek hitzekin jolasten duten moduan, dantzariek euren gorputzarekin egiten dituzte euren proposamenak. Eta poesiak bezala, dantzak hartzaile bakoitzarengan eragin arras ezberdina sortuko du. Hala iritzi dio Blanca Arrietak ere: "Baina zeren inguruko pieza da? galdetzen dit maiz jendeak. Kontua da dantzan norberak bere interpretazioa egin behar duela, eta horixe da lan honek daukan gauzarik ederrenetakoa, ikusle bakoitzari leku ezberdinera bidaiatzeko beta ematen dio".

Josu Iztueta

Ondo pasatako urtebetea oinazez igarotako 24 ordu baino laburragoa izan liteke. Sail honetako lehen kronika Italiatik bidalia izan zen eta hamabi hilabeteko zikloa berriro itxi da. Bakoitzak bere erreferentziak izango ditu, Sanjuanak, Sanferminak, Frantziako Tourra, UEU... eta nik, hamaika Nagoen Lekutik idatzita osa dezaket hamabi hilabeteko urtea. Kasualitate hutsa izango da berriro Italiatik bidali behar izatea. Horrela suertatu denez hango gogoetak dira honako hauek.

Veneziako Vogalonga, aitzakia aproposa

Venezia hiri bitxia da. Urez inguratuta, uretan eraikia. Etxetik 1.500 km-ra dago eta askotan egona naizen arren, beti nonbaitetik bueltan geratu izan naizenaren ustea eduki dut. Oraingoan ez, oraingoan propio joan ginen bertara, horretarako lagun artean arrauna hartu genuen aitzakia: Vogalonga.

Lehiaketa kutsurik gabeko arraun festa da Vogalonga, Venezia inguruko irla eta kanaletatik egiten den 30 km-ko estropada. Gondola izeneko ontzia da Veneziako txalupa ezagunena. Postal irudi tipikoa osatzen dute dozena erdi bat turistek, hilkutxaren koloreko itsasontzian eserita. Marradun kamiseta eta lastozko sonbreroa daraman arraunlari bakar bat doa zutik, "oh sole mio" edo antzeko zerbait kantatuz. Euskal Herrian arraunketa jezarrita egiten den ariketa irudikatzen dugu, ez tipo batek oinak ordulariaren 10:10 posizioan egiten duena. Praktikotasunari begiratuta ordea, hango kale estuetatik nabigatzeko diseinu ezinhobea du gondolak. Parte hartu zuten 1.500 ontzietatik ia erdiak gondolak izan ziren eta 5.000 arraunlarietatik %40 ere bai, bai baitaude 2, 4, 6, 8, 10 edo 16 lagunek batera arraun egiteko moduko gondolak.

Lagun koadrila bat elkartu eta hara abiatzea bururatu zitzaigunetik, trainerila furgoneta gainera igo arte sei aste igaro ziren. Eskifaia osatzea zen zailena, lana dela medio zenbat egun eta zeintzuk aukeratzea ez zen samurra izan. Gainera arraunlari kopuruak baldintzatuko zuen eraman beharreko ontziaren neurria. Azkenean sei lagun: Lalo getariarra, Markox Pasai Donibanekoa, Urko Iparraldekoa, Patxi bidaniarra, Aitor eta ni tostetan eta Gaspar lemazain -azken hirurok tolosarrak-. Trainerila berriz Bonantza izenekoa, zaldi batentzat izen egokiagoa dirudi itsasontzi batentzat baino. Geu ere lasaitu ginen Bonantza Gipuzkoako Pasai Donibaneko auzo baten izena dela jakitean.

Venezia urperatzen ari dela diote adituek eta mundu mailako teknikariek arreta berezia eskaintzen diote. Agintariek milioika eurotako diru laguntzak bideratzen dituzte. Munduaren beste aldean, berotze globalaren ondorioz itsasoak gora egin duela eta, Pazifikoko zenbait irla dagoeneko laguntza eske ari da. Kiribati herrialde txikia dugu horren adibide. Lanean gogor dihardute, atoloi gainean eratutako lur-eremua itsasoak irentsi ez dezan.

Italiako prentsa arrosa

Gurean argitaratzen diren egunkari gehienak paper zurian kaleratzen dira, beste kolore bat hartzekotan gehigarri bezala agertzen dira eta ia beti ekonomia izaten dute ardatz nagusia. Aldizkari honek berak astero Erdiko kaiera bereizten du erdiko orrialdetan, hilean behin Larrun aletxoa banatzen denean ere nabarmen geratzen da bai formatoa, bai kolorea.

Paper zurian inprimatzea da normalena, paper zurian ordea denetarik idazten da, "prensa amarilla" eta "prensa rosa" deiturikoak barne. Prentsa horiak sentsazionalismoa bultzatzen badu, prentsa arrosak sentimentalismoa bultzatzen duela esan liteke, nik dena den, ezin ditut bereiztu eta ziur behin baino gehiagotan bata bestearekin nahasten direla. Bost axola didala esan arren, hainbeste jendek, bata zein bestea, hain hurbiletik jarraitzeak bai kezkatzen nauela. Maila bereko kezka -ez harridura- sortzen didate kirol egunkariek: normalean %75 futbolaz aritzen dira. Eurokopako golak Europako bozkak baino gehiago inporta zaizkio herritarrari, partehartzea ikusita behintzat horrela dirudi.

Marca kirol egunkaria estatuko salduena da, L'Equipe, Frantzian, irakurriena eta zabalduena, La Gazzetta dello Sport Italiakoak antzeko arrakasta lortzen du. Marcaren formatoak erosoa dirudi, autobusean estu samar eserita doazenek irakurtzeko modukoa. L´Equipe eta La Gazzetta dello Sport berriz, handi horietakoak dira. Mahaian gosaltzen zaudela aldamenekoaren kafesnetan orrialdea sartzeko arriskua daukazu edo bestela eguraldi haizetsuarekin ezin dira airelibrean ireki.

Aipatu egunkari italiarra paper arrosean inprimatzen dute, kioskoetan nahiz besapean, nabarmen geratzen den kolorea. Geuk ere erosi genuen Veneziara gindoazela. Giroko etapen ibilbidea ez zegoen autopistatik urruti eta Gavia mendate gogorrera hurbildu ginen, aurtengo "Cima Coppi"n lasterketa zuzenean ikusteko aukera baikeneukan. Txirrindularien prozesioan hantxe ziren Juanma Garate, Patxi Vila eta Igor Astarloa euskaldunak. Bide bazterretik hemendik joandako jarraitzaileen animoak ere entzun zitezkeen. Asfalto beltza bi elur horma artetik pasatzerakoan nabarmen geratzen zen elastiko arrosa zeraman ziklista: Damiano Cunego 22 urteko gaztea, bi egun beranduago Milango helmugan, podiumaren altuenera igo zen "Maglia Rosa" italiarra.

Marco Polok burua altxatuko balu

Gaurko Veneziaz, eta gehienez, duela 25 urtez geroztik ezagututakoaz aritu naiteke. Mende laurdena ezer gutxi da 1.500 urteko historia duen hiri batentzat, baina gizakion bizitza itxaropen eskalan, heren bat da. Aspaldiko Veneziari buruz asko idatzi da, marrazki eta pintura bidez artisten irudiak ere badaude, fotografia teknikari esker duela ia 150 urteko argazkiak ere ikus genitzake.

Irudimena gauza ederra da. 1271. urteko Venezia imajinatzeko ariketa egin eta Marco Poloren larruan sartu nahiko nuke. 17 urte besterik ez zituen hark bere aita eta osabarekin itsasoratu zenean. Veneziako portutik Palestinako Acrera jo zuten aurrena eta handik lurrez Asia misteriotsuan barrena. Afganistango mendikate elurtuak zeharkatu, Gobiko basamortu kiskalgarria gurutzatu, eta hiru urteren buruan, Cambaluc-era iritsi ziren 12.000 kilometrotako bidea egin ondoren -gaurko Pekin ingurura-. Kuriositate egarria ase nahirik Polotarrak batera eta bestera ibili ziren, 1291n Sumatran itsasoratu arte. Etxera itzultzerakoan Marcok 41 urte zituen. Bidaiak beraz, guztira 24 urte iraun zuen! Garai hartan veneziarrak gerran zeuden genoarrekin eta Marco Polo atxilotu eta preso hartu zuten. Han, espetxean, Rusticello izeneko tipo bati urte haietan guztietan ikusi eta bizitutako istorioak kontatu zizkion eta horren emaitza izan zen idatzitako izkribu hura. Askotan entzun eta inoiz irakurri ez dudan liburuari heltzeko aitzakia aproposa dut oraingoan.

Guk Marco Poloren garaiko bidaiak ulertzea zaila daukagu, baina berak gureak entenditzea ere ez zukeen batere erraza. Bost egunetarako Euskal Herritik Veneziara joatea ezinezkoa irudituko litzaioke, guri bidaia bakar batean hogeita lau urte pasatzea sinesgaitza iruditzen zaigun proportzioan.

Venezian parte hartzeko bost egun hartu eta 150 euro behar izan ditugu bakoitzak, joan, jan eta lo, arraunean egin eta berriro itzultzeko. Lagun baten ezkontza gonbidapena dela eta sobrean sartzen "omen" den diru kopuruagatik, nahiago hurrengoan ere, lagun koadrila elkartu eta aitzakia berri bat asmatzea. Bizitza laburregia da era guztietako "Vogalongak" alde batera uzteko.
Josu Iztueta Azkue, Venezia

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan