Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2004-06-27 -- 1950.zenb

Daniel Udalaitz

Azken hilabeteotan, hainbat grebaren lekuko izaten ari gara EAEko lurralde guztian. Horietako batzuk, gainera, hainbat hilabetez luzatzen ari dira: Araban, Caballito eta Newell enpresetakoak, haietako zuzendaritza multinazionalek instalazioak itxi edo pertsonalak murriztu nahi baitituzte; Gipuzkoan, eraikuntzakoak aurreakordio batera iritsi dira Adegirekin, 5 asteko grebaren ondoren; Bizkaian, posta-zerbitzukoak eta garbiketakoak, ehundaka familiari erasaten dietenak. Horiez gain, ez ditugu ahaztu behar beste enpresa txiki batzuetako grebak, beren hitzarmen kolektiboen negoziazioagatik gertatzen ari direnak. Horri guztiari Sestaoko La Naval ontziolako egoerak sorrarazten ari duen gatazka-giroa gaineratu beharko diogu, haren etorkizunak oso zalantzazkoa izaten jarraitzen baitu eta, langileei eta familiei ez ezik, ontzigintzaren sektoreko beste enpresa txiki eta ertain askori ari baitzaie erasaten, bai eta horietako langileei eta haien familiei ere. Gatazka-giro hau, beraz, EAEko milaka langileri eta familiari ari zaie erasaten.

Bitartean, datu estatistikoak EAEko enpresen egoera arrakastatsua abalatzen ari dira, mozkin galantak eskuratu baitituzte "behi gizenen" azken urte hauetan. Eta ez da onartzekoa egoera horren erdian EAEko administrazioak enpresariei eta haien patronalei sostengua ematea eta, bizkitartean, grebalariekin mintzatzeari uko egitea. Horrela gertatu da, esate baterako, Caballitokoekin, bederatzi hilabetez baitaude greban. Ez da onartzekoa, halaber, horrelako egoeran zenbait bankari aho betean agertzea, hala nola Alfredo Saenz euskalduna, Banco Santanderko kontseilari delegatua, zeinek ongizatezko estatua desmantelatzearen alde hitz egin baitu. Ez dugu ahaztu behar langileek azken garaiotan egindako borrokari esker lortu dugula ongizate hori, eta borroka horiek zenbaitetan heroikoak ere izan direla.

Caballito, grebarik luzeena

Araba da, dudarik gabe, laneko gatazkek gehien erasan dioten Euskal Herriko probintzia. Egoera hori bi enpresa multinazionalen jarreragatik gertatu da. Batak pertsonala nabarmen murriztu nahi du; besteak, berriz, instalazioak itxi nahi ditu. Araban kokatutako Pferd Rüggerberd multinazional alemana, abrasiboak fabrikatzen dituena eta Caballito izenaz ezagunago dena, 140 laguneko pertsonalarekin, grebarik luzeena daraman enpresa da. Dagoeneko, sei hilabete daramatza, hitzarmen kolektiboaren negoziazioagatik eta pertsonala ez murrizteko eskakizunagatik. Bi urtez hitzarmenik gabe egon eta gero, multinazionalak pertsonalari lau urterako hitzarmena exijitu zion, eta, horrekin batera, soldatak osagarri kontsolidaezinen bidez igotzeko politika mantentzea eta pertsonala 25 lagun murriztea.

Langileek grebaren hasieratik esan dute edozein pertsonal-murrizte errefusatuko dutela, baina prest agertu izan dira soldaten igoerak eta beste alderdi laboral batzuk negoziatzeko. Greban zehar multinazionalak sei langile kaleratu dituenez gero, grebalarien errebindikazioaren muina pertsonala ez murrizteko eta kaleratutako sei lagunak berriro onartzeko eskakizunean mantentzen da. Greba horrek Arabako beste enpresa batzuen solidaritatea piztu du. Une honetan, laudo edo arbitraje baten peskizan dago. Multinazionalak arbitrajea bakarrik onartzen du, nahitaez bete beharreko laudoarekin; langileek, berriz, bitartekotza proposatu zuten.

Araban kokatua dagoen eta errezeletarako gidak fabrikatzen dituen Newell multinazionaleko langileak ere gatazkan dabiltza joan deneko zenbait hilabetean, instalazioak itxiko dituela iragarri baitu, bai Gasteizkoak (ehun enpleguri erasango lieke), bai Martorellekoak (Bartzelonako probintzian).

Gatazka luze horiek Arabari bereziki erasan badiote ere, Bizkaia eta Gipuzkoa ere ari dira lan-gatazkak nozitzen, sektoreko hitzarmenen negoziazioagatik edo enpresa txikietako hitzarmen partikularrengatik, hala nola Uren Partzuergokoa edo Artxandako Tuneletakoa, Bilbon. Laneko gatazka gehien sorrarazten ari diren hitzarmenak eraikuntzakoak dira, batik bat Gipuzkoan, eta kontuan izatekoak dira Metalekoak Bizkaian nahiz Gipuzkoan sorraraz ditzakeenak. EAEko 150.000 lagun baino gehiagori erasaten diete negoziatzeko zain dauden sektoreko hitzarmenek. Nafarroa, oraingoz, ez dute ukitu laneko gatazkek.

Patronala administrazioak sostengatua

Euskadiko patronalak (Adegi, SEA, CEBEK, Confebask) oso jarrera itxia ari dira mantentzen negoziazioari buruz; aldi berean, sindikatuak salatzen dituzte, "dialogo soziala" falta omen delako. Eta, jarrera horretan, sostengu baldintzagabea ari zaie ematen Gasteizko administrazioa, Ibarretxe buru duela, sindikatuek behin eta berriro salatu dutenez. Ibarretxeren jarrera horren adibide gisa, uko egin dio grebalarien ordezkariak hartzeari, eta, bitartean, Ertzaintzak hain kontra kargatu du. Sindikatuek salatu dutenez, enpresen mozkinetan eboluzio positiboa gertatzen ari den bitartean, enpresek prekaritatea, segurtasun falta eta ezkutuko ekonomia areagotzen eta sustatzen dute.

Pilar Iparragirre


Globalizazioa aztertzerakoan, Paul Bilbaok ezer baino lehen historiara jo zuen, gogoratuz XV. mendean 10.000 hizkuntza zeudela munduan eta, gaur egun, ikuspegi baikorrenen arabera 6.000 besterik ez direla. Horrek argi uzten du desagertze prozesua ez dela naturala izan. Globalizazioa, bere hitzetan, herri jakin batzuen bizi-ikusmoldeak eta hizkuntza baloreak gainerako herriei zabaltzea da, herri horiek nahi izan, edo ez. Eta abantaila bailitzan aurkezten zaigun arren, mundu guztiarekiko lotura edo elkarrengandik hurbilago egotea ahaltzen duela esanaz, kultur aniztasunarekin egiten du talka, atzean kulturaren uniformizazioa besterik ez duelako: pentsamendu bakarra, pentsatzeko hizkuntza bakarra, eta hortaz mundua ezagutarazteko ere hizkuntza bakarra. "Nik behin irakurri nuen globalizazioa 3 M handien mundua dela: MFB, Microsoft eta McDonalds. Eta ez da kasualitatea hiru izen horiek ingelesez egotea. Horrek islatzen du globalizazio honek ingeles hizkuntza ezartzea dakarrela", adierazi zuen Paul Bilbaok.

Urko Aiartza abokatuaren ustez, gaur egun bizitzen ari garen globalizazioa inperialismoaren fase berri bat da, historikoki kapitalaren prozesuarekin lotu beharrekoa. Estatu-nazioen sorrera kapitalaren/burgesiaren sorrerak ekarri zuen, eta burgesiak behar zuen merkatal-marko eta marko juridiko-politiko horrek hainbat eta hainbat komunitateren desagerpena ekarri zuen, hain zuzen ere burgesiak estatu-nazio bakoitzean beti ere hizkuntza bakarra erabili zuelako. Berak azaltzen duenez: "Gero etorri zen inperialismoaren prozesu guztia, batez ere Hirugarren Munduari begira, eta hor eman zen kolonizazio prozesua eta beste hizkuntz komunitate eta nazio guztien suntsiketa. Eta orain bizi dugu beste estadio bat, neoinperialismoa, berriro ere kapitalak beste marko bat behar duelako, eta horren baitan ari dira eratzen marko juridiko-politiko berriak, baita zabaltzen ari zaigun Europa hau ere. Ez da herrien Europa, Estatuen Europa, kapitalaren Europa baizik". Estatu-nazio bihurtzea lortu ez duten komunitateak mundu osoan egoera oso larrian, desagertze zorian bizi direla gogoratu zuen: "Ez dago ia desagertzera kondenaturik dagoen hizkuntzarik, Estatu bat edukita. Salbuespena gaelikoa izan daiteke, eta hortik asko daukagu ikasteko".

Euskal Kultur Erakundeko partaide Iulen Urbiolaren iritziz, euskararen normalkuntza ez da etorriko nazioartetik, gugandik baizik. Erabil dezakegun testuinguru bat baino ez da nazioartea, haizea bezala: "Mendira joaten garenean haizea kontra edo alde edukitzeak erraztu edo zaildu dezake gailurrera iristeko bidea. Eta nik horrela kokatuko nituzke nazioartetik etor ahal zaizkigunak, baina, berez, euskararen normalkuntza gure esku dago".

Nolanahi ere, aldeko gauzak ere ezagutu zizkion globalizazioari. Esate baterako, gaur egun gutxienez eleaniztasuna nahiko barneratuta dago.

Baina eleaniztasunari eta kultur aniztasunari ingelesaren nagusitasunak egiten die aurre. Eta gainera, etorkinen kasua dago. "Etorkinak etortzen ari dira gurera, eta beren hizkuntzak eta eskakizunak beraiekin datoz -esan zuen Iulen Urbiolak-. Gaur egun Iruńeko kaleetan entzun ahal duzu kroaziera ia-ia euskara baino gehiago. Arabiarrak ere hor daude, eta afrikarrak ere bai. Nola kudeatuko ditugu hizkuntza eta kultura berri horiek? Etorkinena erronka bat da guretzat ere".

Europako Batasuna dela-eta

Europako batasun prozesua, honek izango duen konstituzioa eta Europako Hizkuntza Gutxiagotuen Ituna izan zen hizpide ondoren.

Ituna dela-eta, zera gogoratu zuen Paul Bilbaok: "Espainiako Estatuak sinatu eta berretsi egin zuen, alegia konpromiso batzuk hartu zituen; Frantziako Estatuak, ordea, sinatu egin zuen baina ez berretsi, eta hortaz ez zuen inolako konpromisorik hartu".

Horrez gain, Paul Bilbaoren iritziz Itun honek ez ditu hiztunen eskubideak babesten. Eta gainera zehaztu beharko genuke zeri deritzon Europako Batasunak aniztasuna: estatuetan ofiziala den hizkuntzaren aniztasunaz ari den, ala estatu barruan dauden hizkuntza gutxiagotuen aniztasunaz. "Hizkuntz komunitateei izaera aitortu behar zaie lehenengo; eta eskubideak aitortu gero", zioen Paul Bilbaok.

Urko Aiartza abokatuaren ustez, Europar konstituzioa estatuen parametroetan eratzen ari da, eta beraz hortik gutxi espero dezakete hizkuntza gutxiagotuek. Iulen Urbiola bat etorri zen honekin.

Estrategia bateratua

Euskalgintzak aurrera eraman beharko lukeen estrategia azaltzerakoan, lehenik eta behin oinarrizko kontzeptuen definizioa bateratu beharra eskatu zion Paul Bilbaok euskalgintzari. "Europan hizkuntza guztiak dute tokia; mezu hori gizarteratu behar dugu", eta hiru lan ildo zabaldu beharra nabarmendu zuen: batetik, europar konstituzioari begirakoa; bestetik, Europako beste hizkuntza komunitateekin elkar lana jorratu beharra; eta azkenik, globalizazioa dela-eta sortu diren mugimendu paraleloetan (gizarte foroetan-eta) hizkuntza eskubideen gaineko hausnarketa sustatu beharra.

Urko Aiartza abokatua, honela mintzatu zen: "Zer egin behar duen herri honek? Bada, nire ustez ez dago formula magikorik: herri honek egin behar du beste herri guztiek egin behar izan dutena. Eta biziraupena lortu duten herriak burujabetzara jo duten herriak izan dira. Eta horrek, gainera, gurea bezalako hizkuntza gutxiagotu baten egoeran, ez du esan nahi biziraupena ziur lortuko dugunik ere!", esan zuen, Irlandako prozesua ekarriz gogora. "Herri honek soilik aurrera egin ahal izango du eta euskarak aurrera egin ahal izango du estatu bateko planteamendua egiten baldin badu" erabaki zuen.

Azkenik, Iulen Urbiolaren hitzak entzun ziren, eta ez zen oso baikor agertu Europako Batasunetik eta Europako Kontseilutik euskalgintzak lor dezakeenaz mintzatzerakoan: estatus juridiko batzuk, aldarrikapen batzuk egin ahal izatea, diru-iturriakŕ lor daitezkeela zioen, baina ez askoz gehiago. Nolanahi ere, zera gogoratu zuen Paul Bilbaok esandakoa kontuan harturik: "Ez gaude bakarrik. Europatik lor dezakegu gure egoera berbera bizi duten beste kolektibitateen indarrak biltzea, eta guztion artean joan gaitezke Europar Batasunaren aurrera eskaera batzuk egitera".

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan