Imanol Alvarez
Azken hamarkadan, medioek homosexualitatearen gaia jorratu nahi izan dutenean, beti, ia salbuespenik gabe, egin behar ote zen zorioneko bikote-legea izan dute hizpide. Autonomikoa zein estatu mailakoa, baina bikote-legea. Azken hilabeteotan, aldiz, Gasteiz eta Iruñean egin berri diren bikote-legeei eta Madrilen egin behar omen dutenari adopzioaren afera gehitu diete. Badirudi gay eta lesbianontzat, nolabait esatearren, bikotean bizitzea eta umeak adoptatzea direla kezka bakarrak.
Ez diet nik garrantzirik kenduko kontu hauei, ez. Argi dago transzendentzia handikoa dela parlamentu batek sexu berekoekin elkarbizitzeko eskubidea aitortzea. Lege aldetiko ondorio praktikoengatik ez ezik, gizartean izan dezakeen eragin errebultsiboagatik ere, edo agian, batez ere, azken honegatik, da inportantea holako legeak onartuak izatea.
Berdin esan nezake umeek daukaten maitatuak eta ondo heziak/haziak izateko eskubideaz, zeren horretarako argi baitago hezitzaileen gaitasuna dela aintzakotzat hartu behar dena, ez beren sexu biologikoa edo nahiagotasun sexuala. Halaber, nahiko errealitate zabaldua da, gehienbat emakumeen artean, aurreko erlazio heterosexualetatik datozen edo intseminazio artifizialez jaiotako umeak dituzten sexu berekoen bikoteena. Kasu hauetan gurasoetako bat bakarrik da ofizialki aita edo ama, eta honi zerbait gertatuz gero umeak guztiz indefentsioan geratzen dira. Legez soluzionatu beharreko bidegabekeria galanta.
Alabaina, gai hauei buruz berba egitean beste arazo batzuk -horiek bezain garrantzitsuak edo, beharbada, are garrantzitsuagoak direnak- ahazten direla pentsatzen dut. Apropos ahazten direla esatera ere ausartuko nintzateke, gainera.
Alde batetik, lege arloko aldaketa hauekin asko aurreratu duguneko irudia ematen delako, ia irudi idilikoa, errealitatea askoz gordinagoa denean. Aurrerapauso handiak eman ditugu, duda barik, baina oraindik sexu berekoenganako maitasuna edota grina sentitzen duten gehienek ezkutatzen segitzen dute eta ez dut uste apetagatik egiten dutenik, baizik eta beldurra diotelako ingurukoen erreakzioari. Honi erreparatu besterik ez da egin behar, gizartearen pentsamoldea aldatzea legeak aldatzea bezain inportantea dela eta arlo honetan oraindino asko egiteko dagoela konturatzeko. Gutxitarako balio dio bati legeak alde edukitzeak, gero egunerokoan ezin bada normaltasunez eta duintasunez aritu.
Beste aldetik, esandakoaz gain, bikoteari erabateko protagonismoa emanik oso gustuko ez ditudan beste bi ondoriotara hel gintezke. Alegia, gay edo lesbiana batek izan lezakeen gizabanako bezalako arazo guztiak, legez behintzat, soluzionaturik daudela eta bikotean bizitzea dela gay mugimenduak defendatzen eta bultzatzen duen harreman eredua.
Ustez, hel gintezkeen ondorio horiek biak okerrak dira, nabaria denez. Lehena, gorago aipatu dudan ageriko beldurraz gain, lege aldetik ere alorren bat oraindik konpondu barik dagoelako -homosexualitateagatik jazarriak direnei errefuxiatu estatusa ez ematea, kasu- eta bigarrena gay mugimenduaren parte handi batek harreman afektibo-sexual libreak errebindikatzen dituelako, eredu zehatzik proposatu gabe. Ez bikote, ez hirukote, ez ezelakorik... ez da defendatu behar; hori norberaren asuntoa da-eta. Batzuen iritziz, adibidez, onena bakarrik bizitzea da aldian aldiko harremanekin, eta honi ere guztiz errespetagarri deritzot, nahiz eta, dirudienez, gehienok, mimetismoz agian, bikotera jotzen dugun gehiegi hausnartu gabe.
Borroka antidiskriminatorioarekin kontsekuente izanik, bikote-legerik ez, baizik eta sexu bereko bi lagunek ezkontzeko eskubidea errebindikatzen dugu, baina honek ez ditu beste errealitate guztiak itzalean utzi behar. Askotan esan dudanez, agian behin eskubidea lortuta, ezkontzaren kontrako eta askatasun sexualaren aldeko kanpaina egin beharko dugu berriro ere, bestela bikotitisak jota gaudela emango luke-eta.
Alberto Irazu ( kazetaria)
Asko atsegin dut trenean ibiltzea. Are gehiago esango nuke, trena da gehien maite dudan garraiobidea. Autobusak bezala, trenak liburua zabaldu eta lasai irakurtzeko aukera ematen dizu. Tarteka, begirada hizkien trenbidetik jaso eta leihotik kanpora pausa dezakezu; herri, zelai eta arboletan zintzilikatzeko.
Azken bolada honetan, maiz joaten naiz trenez Donostiatik Tolosara. Buruz aita nitzake batetik bestera atzean utzi beharreko geltokiak: Loiola-Martutene-Hernani-Urnieta-Andoain... andoaindarra naiz ni, eta norabide batean zein bestean, mila aldiz egina nago ibilbide hori. Horrexegatik, nolabaiteko lotura sentitzen dut leihotik kanpoko fotograma multzoarekiko.
Azken boladan fotograma horiek zeharo aldatzen ari dira: Loiola-Martutene-Hernani triangeluan inguruak soilduta ikusi ditut, berdinduta. Ez da burua gehiegi estutu behar soiltze horren zergatia asmatzeko; han eta hemen, berdintze lan guztiak porlanezko izaki berriak altxatzeko izaten dira beti. Aurki, Urumeako autobidea, Donostialdeko bigarren errepide-gerrikoa, eta Abiadura Handiko Trena ikusiko omen ditugu orain garbitzen hasi berri diren lur sail horietan. Ez dakit nola, baina hori dena sartuko omen dute inguruan.
Kezkatuta martxa honekin. Kezkatuta nago daramagun martxa honekin; kezkatuta martxarekin, eta harrituta ûare gehiago, haserreû agintariek aipatu bezalako proiektuak gizarteratzeko darabiltzaten metodo propagandistikoekin. Abiadura Handiko Trenaren publizitate kanpaina modu propagandistiko horren adibiderik garbiena da.
Aspaldi honetan, iragarki bat AHTri bayetza emateko eskatzen ari zaigu. Iragarki horrek hilabeteak daramatza Euskal Y grekoari bayetza eman diezaiogun eskatzen. Sy a la Y griega vasca, diosku. Egia esan, iragarkiaren egileek lan txukuna egin dute. Horrelakoetan ezinbestekoa izaten den tonu goxoaz, i latinoa y grekoaz ordezkatu, eta jolas polita egin dute euskaraz zein gaztelaniaz: Bay. Sy.
Baina jolas hori aitatzearekin batera, esan dezadan buruan dabilkidana: iragarki horrek tranpa du, ez du garbi jokatzen. Edo hobe esanda: iragarki horren atzean garbi jokatzen ez duen pentsamolde eta jokabidea dago.
Bay-etza emateko... Hiritarrari proiektu bati baiezkoa emateko eskatu baino lehen, eskaera horrek hiritarrarekiko dakartzan betebeharrak daude. Proiektu baten alde baiezkoa eskatzen bazaio, lehenik eta behin, informazioa eman behar zaio hiritarrari: proiektuaren zergatiak, eragingo dituen kalteak eta ekarriko dituen onurak, eta zein alternatiba egon daitezkeen, besteak beste. Ez hori bakarrik: zaindu egin behar da proiektuaren kontra eta alde daudenek iritzia emateko aukera bera izatea.
Hemen, megaproiektuekin inoiz ez da hori gertatzen. Agintariek esaldi handi asko haizatu bai, baina datu gutxi jartzen dituzte mahai gainean. Esaldiak gogoan hartzekoak dira: "Esan bay etorkizunari. Esan bay y grekoari. Esan bay ingurugiroari"; "Abiadura Handiko Trena egiten ez bada merkantzien garraioa kolapsatu egingo da euskal errepideetan"; "Etorkizunaren trena galduko dugu..."; "Ordu erdi beharko da batetik bestera joateko".
Esaldiak ez bezala, datuak ezin dira gogoan gorde. Nola gordeko ditugu ez bazaizkigu ematen? Esaterako, zenbaterainoko kaltea egingo dio proiektuak ingurugiroari? AHTk benetan arinduko al ditu errepideak? Zenbat eta non? Behin betiko proiektua da, edo aurrerantzean ere sahiesbideak, autobide berriak eta gerrikoak eraikitzen jarraitu beharko al da? Zerk ekarri gaitu egoera honetara? Etorkizunari begira, eutsi al dakioke egungo sistemari?
Hori guztia hausnartu gabe, nik behintzat, ezin dut bayetza planteatu ere egin. Eztabaida eta informazio zintzoari, ordea, bai esan behar zaiela uste dut. Indar korrelazioak ikusita, entelekia dirudi.
Posible al da ezetza? Informazio eta eztabaida ezarena aitatu dut. Dena den, bada bestelakorik bayetza eskatze horretan.
Zerbaiten alde baietza eskatzen denean, ezezkoa emateko aukera dagoelako izango da. Aldarean bertan ûgaizki samar geratzeko arriskuarekinû, azken segundura arte ez ozen bat esateko aukera uzten zaie ezkongaiei. Ezezkoa emateko aukera benetakorik ez badago, baietza eskatzea tranpa baita. Aukera horrek egiazkoa izan behar du eskaera zintzoa izateko: zer nahi duzu? Bai ala ez?
Orain arteko esperientziak ikusita, garbi dago Abiadura Handiko Trenarekin ez dela hori gertatzen. Ezta antzeko proiektuekin ere. Are gutxiago etengabe horrelakoetara garamatzan sistema politiko eta ekonomikoarekin.
Hemen kontua oso bestelakoa da: bai ala bai. Ez, barkatu: bay ala bay.
Xabier Oleaga
Ezusteko gutxi ekainaren 13ko hauteskundeetan. Egosten ari den Europa instituzionalak ez du atxikimendu berorik sortzen, eta indiferentzia ez denean arbuio nabarmena. Honetan homogeneoa gara gero eta zabalagoa eta anitzagoa den eremu horretako populazioa.
Hiritar europarrari gehien interesatzen zaion gaietan, paradoxikoa badirudi ere, hiritarrak zuzenean dioenak ez du eraginik. Moketa eta txarolezko Parlamentua hutsala da. Estatuetako gobernuak dira, zuzen-zuzenean, jaun eta jabe, ongi genekien bezala. Eta gobernuek hirugarrenen aurrean hiritarren interesak ordezkatzen dituzteneko paradigma eufemistikoa, koartada historikoa, zein gezurra den ongi dakigu. Gaur inoiz baino gehiago.
Lekzioa argi dago. Europa instituzionalean zerbait izatekotan lehenago Estatu izan beharra dago, eta gero, bakoitzaren Estatuaren izaeraren arabera, hiritarra gehiago edo gutxiago izango da.
Eta estaturik ez dugun herrietako kide garenok? Gaitz bikoitza. Zorionez, euskal gizarteak osatzen duen kidegoak, euskal herriak emantzipazioaren bidea hartu behar duela uste dugunok, hots, inori baimenik eskatu gabe euskal hiritargoak bere erabakiak hartzearen alde gaudenok, herrien garapenari buruzko ikuspegi modernoa dugu eta, eragozpenak eragozpen, ikuspegi etnizista eta tribaletatik urrun, horregatik ongi barneratuta dugu geure estatu propioaren beharra. Zalantzarik bagenuen, Europako Batasunak horixe eskatzen digu.
Erronka zaila. Bai, hala da. Baina, nire lagun batek esango lukeen bezala, Europan herri bezala geure ordezkaritza lortzeko bide errazagorik ba al dago, beste modu batzuk errazagoak al dira, ikusiak ikusita? Hori bai, badaukagu beste aukera bat, amore eman eta herri bezala ordezkatuta egoteari uko egin. Eta horrek asko hitz egiteko aukera ematen du, baina beste baterako utziko diot.
Berez, hauteskundeetako emaitzei erreparatuta, gako europarra da gutxien interesatzen zaidana, eta barka bekit irakurleak, zentzuz kontrakoa baitirudi ekainaren 13ko gidoia kontuan hartuta. Baina nik esan dezakedana esanda dago jada, alor horretan.
Beste kontu bat da hauteskundeotako emaitzek bertako gakoei begira adierazten dutena. Gehiago interesatuko litzaidake, baina ez dute adierazpen berezirik egiten.
Alderdi bakoitza bere orain arteko horretan geratu da, azken hautesleriarekin izandako azken hitzorduaren arabera. Salbuespena, oraingoan ere, ezker abertzalearekin egin da, Herritarren Zerrenda debekatu egin dutelako. Baldintza horietan izateko, etekin ona lortu duela esan behar, batik bat Iparraldean, berak bakarrik 5.000 bozka erdietsi baititu, beste talde abertzale batzuk, beste talde batzuekin batera, 2.500 bozka gehiago baino lortu ez dutenean.
Ezker abertzalearen biziraupenerako berri ona izanik ere emaitzok, proiektu politiko baten helburua ez da biziraupena, proiektu horren eraginkortasuna baizik. Eta horretarako hautestontzien babesa bezain garrantzitsua da dagokion ganbaretan ordezkaritza eragilea lortzea. Eta horretan lehengoan geratu da ezker abertzalea, benetako garrantzia izango duten hurrengo deialdirako adierazle hobea emaitzetan ageri ez direla, inkognitarik argitu gabe.
Espekulazio asko egin daitezke etorkizunera begira, hemengo alderdien balizko asmoez. Aurrerapen arriskutsuagoak batzuk besteak baino, aldagai ugariren arabera. Baina proiektuen eremuan euskal subiranotasunaren aldeko indarrak, gaur egun atomizatuta daudenak, bilduko lituzkeena litzateke eszenategiaren gain eragin nabarmena egingo lukeena, hamarkadetako errutina politiko antzua irauliz, gatazken konponketari dagokionean.
Ildo zaharra amaitzear dagoen honetan, urte bete laburreko epea dago, 2005eko maiatzean EAEn izango diren hauteskunde autonomikoak direla eta, aro berri bati hasera ematea ahalbidetuko lukeen ekimen politikoa abian jartzeko. Edota betikoaren luzapen etsituan erortzeko, dena esan behar bada.
Mendetako jokaldiak ez dira partida bakarrean garbitzen. Hori argi dago. Baina urrezkoa da datorren aukera.