Aingeru Epaltza
Nonbait, Patxi Salaberri Muņoa ez dago arras seguru Perez de Lazarragaren eskuizkribuaren jatortasunaz. Ez da bakarra. Haren aurkikuntza haizatu zelarik, "ederregia" zirudiela adierazi zuen mesfidatiren batek baino gehiagok. Halakoekin bat eginen luke, nolabait, klasikoen zabalkuntza kasik apustu agirretar gisa hartu duen irakasle aramaioarrak. EHUko irakaslearen zalantzaren berri izatean, bizkarrezurrean horma lotu izanen zaio noski, hainbati. Hain ederra izan Larreko jaunaren bat-bateko agerpena gure literaturaren eszenategi apalean -XVI. mendekoa, arabarra, euskalkiz mendebaldekoa, sotanarik gabea, apur bat lotsagabea...- eta orain putza?
Nahiago nuke, duda guztiak ezabatuta, Perez de Lazarraga trankil demonio sar bageneza gure ikasle sufrituendako testu-liburuetan. Baina ziria sartu izan baligute ere, ez genuke zertan minduta eta zurtz sentiturik. Lehen-lehenik, kortesia: txalo iruzurgileari. Eta bigarrenik, iruzurra hobetzera saiatu. Niri, bederen, iradokizunez beterik begitantzen zait Barrundiako jauntxo ilustratu baten figura, Madrilgo tronuan Felipe II.a jartzen zen garaietan. Munduko bertze edozein bazterretan, gaurgero norbait lanean ariko litzateke, pagotxa tiki honi taxuzko nobela bat atera nahian.
Mikel Irizar
Tristura. Frankismo hondarrean serio amesten genuen Europa. Zeharo konbentzituta geunden aukera hobeak aurkituko genituela Espainiaz gaindiko esparrutan. Francok nahi bazituen Espainiako mugak harresi bihurtu, gu sinetsita geunden mugaz beste aldean zegoela nahi eta behar genuen guztia. Desideratum horri Europa deitzen genion.
Ia hogeita hamar urte beranduago izan berri ditugu europar hauteskunde garrantzitsuak, hautatzeko inoizko parlamenturik ahaltsuena, konstituzio bateratua onartzen denean. Une horretan, europar agintea izango da gure aginterik gorena, konstituzio europarra egongo da beste lege guztien gainetik. Eta hala ere, europarren erdi paseak ez du ezer jakin nahi izan, bizkar eman dio Europari.
Serio amesten genuen Europa hura mehe agertu da oraingoan, ezer gutxi. Ez dago ilusiorik. Horregatik tristura.
Esangura. Pena eman zidan igande gaueko politikarien jardunak, puntu laurdeneko gorabeherak aztertzen. Portzentajeekin bihurrikeriak egin daitezke, posible da errealitatea guztiz eraldatzea, baina hauteskundeotako kopuru absolutuak barregarriak izan dira kasu ia guztietan. Hiritarren bitik bat eta piku begira geratu da Europako herrialde kasik denetan.
Abstentzio handiak ez die legitimitaterik kentzen hauteskundeei, baina bakarrik horrela erabakia dagoelako. Gizarteko edo ekonomiako erakundeetan, gehiengo bereziak ezartzen dira erabaki garrantzitsuak hartzeko, eta prozesuak errepikatzen dira gehiengo horiek lortu arte. Imajinatzen duzue politikan gauza bera egingo balitz? Joan den asteburukoa bertan behera utzi eta hauteskundeak errepikatuko balira hamabost egun barru, noraino iritsiko litzateke abstentzioa?
Edozelan, gauza bat da nola-halako legitimitatea, eta bestea hauteskundeon esangura. Ez zaizkit interesatzen puntu laurdenak eta garaipen pirrikoak. Ez dut ikusten hipotesiak egiteko oinarri nahikorik.
Ardura. Eta, hala ere, europar parlamentua osatuko da eta agindu egingo digu, gero eta gehiago. Bistan da zerbait behar dela, gertatzen ari den bilakaera horrek ez gaitzan euskaldunak bazter utzi.
Bat. Pentsatu behar dugu aukera ona dugula aurrera egiteko. Gure ukazioaren gainean eraiki ziren estatuak ahuldu egingo ditu Europak. Oraindik hasi besterik ez da egin prozesua, eta oraindik ez da nabarmenegia, baina dagoeneko estatu horiek galdu dituzte mugak eta txanpona, eta laster Europaren mende izango dituzte legeak, banderak eta armada. Bilakaerak berez ez digu mesederik egiten baina aukerak irekitzen ditu.
Bi. Gure abildadea izango da erabakigarria. Europa ez da sortzen ari euskaldunak zoriontsuago izan gaitezen. Guk lortu behar dugu hori ere gerta dadin. Gure kemenak eta lortzen ditugun lagunek baldintzatuko dute gure tokia Europan. Kementsu eta lagunkoi agertzea hartu behar genuke euskaldunok helburu nagusi, beste guztien gainetik.
Hiru. Azti ibiltzea komeni zaigu. Europak ez du aparteko ilusiorik pizten, eta botoa eman duenak hurbileko helburuak izan ditu gogoan. Kasu gehienetan etxeko gobernua zigortu dute, gutxi batzuetan saritu. Ez dago oraindik europar indar artikulaturik, parlamentu erraldoian eragiteko balioko duenik. Alderdiak ez dira hasi bateratzen, apenas aurkezten den zerrenda trabeskakorik herri edo estatuen artean.
Ingurumari horretan, elkartzeko joerak balio bikoitza du. Zer gertatuko zen ekainaren 13an zerrenda bakarrean aurkeztu izan balira Euskal Herria Europan ordezkatuta ikusi nahi dutenak? Bada, agian ilusioa piztuko zutela, eta gurean abstentzioa txikiagoa izango zela. Eta, orduan, seguruenik milioi bat boto jasoko zituela zerrenda horrek. Eta besteen emaitzak ikusita, oihartzun izugarria izango zuela ekimenak.
Izan ere, zinez uste dut euskaldunok Europan toki duina izango dugula zerrenda bateratuan milioi bat boto biltzen dugunean. Hurrengoan beharko!