Xabier Letona
Duela urtebete eta lau hilabete, otsailaren 20an, hasi zen Iñaki Uriaren sufrikarioa, Guardia Zibilak Egunkaria itxi eta euskal kulturaren esparruko beste hamar pertsona atxilotu zituenean. Inkomunikazioko lehen bost egunak iragan ondoren Inma Gomila, Luis Goya, Martxelo Otamendi eta Fermin Lazkano baldintzapeko askatasunean utzi zituzten. Handik hilabetera Pello Zubiria atera zen eta aste batzuk geroago Txema Auzmendi eta Joan Mari Torrealdai. Atxilotu eta zortzi hilabetera atera zen espetxetik Xabier Oleaga. Denak bermepean atera dira.
Operazio hartan atxilotuetatik Xabier Alegria eta Iñaki Uria, «Egunkaria SA»ko kontseilari ordezkaria geratzen dira kartzelan. Xabier Alegriari iragan azaroan Juan del Olmo epaileak 50.000 euroko bermea jarri zion, baina ez zuen ordaindu Udalbiltzako auzia medio baldintzarik gabeko kartzela zuelako.
Iñaki Uriari, aldiz, bermearen atea ez zaio zabaldu iragan apirilaren 26ra arte: egun horretan, Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko 1. Salak 600.000 euroko bermea eta egunero poliziaren aurrean agertu beharreko baldintzak jarri zizkion bere askatasunari. Uriak eta bere abokatuek, aldiz, ate baino zerraila berritzat jo zuten berria, eta euskal kultura eta gizarteko eragile gehienak ere bat etorri ziren uste horrekin. Protestaren oihartzuna ez da gelditu harrezkero eta maila instituzionalera ere iritsi da: joan den astean bertan, Eusko Legebiltzarrak Uria aske uzteko eskatu zuen, horretarako behar diren neurri gauzagarriak har daitezen eskatuz. Lehenago Zarauzko Udalak bertako herritarra den Uriaren aldeko antzerako ekimena bideratu zuen, eta laster berdin egingo dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek.
Ahots asko dira isilik direnak, ordea, eremu askotakoak: «Justizia bere bidea egiten ari dela» entzun daiteke horietan. ARGIAk prentsaren esparruko zenbait egunkaritako goi kargutara jo du; oro har, Egunkaria auzian Estatuaren bertsioa zalantzan jarri ez dutenengana jo da, kasu honi buruzko beren iritzia interesgarri izango zelakoan. Bagenekien gaitza izango zela guretzat, eta hala izan da. Inortxok ez du ezer esan nahi, baina telefonoz izandako hizketaldietakoren batean, gu «biktima mota batekin bakarrik gogoratzen garela» adierazi zaigu eta haiek «jasandakoen aurrean isilik egoten garela» leporatu zaigu. «Gu» nor den eta «haiek» nor zehazteke geratu zaigu, baina eskuarki, komunikabide estatalistek euskal prentsa eta euskal kulturaren munduaz duten ikusmoldearen adierazle izan daiteke pasadizoa.
Askatasunaren atea zabalik?
Iñaki Uriaren askatasun eskaeren unea bere hirugarren zikloan dago gaur egun. Aurreko orrialdeko koadroan laburbiltzen da eskaera hauen kronologia. Orain, ikusi beharko da hirugarren saiakera hori zertan geratzen den. Pertsona bat espetxeratzen dutenean, abokatuak bere askatasun eskaera egin diezaioke auziaren instrukzioa daraman epaileari. Honek ezezkoa ematen badu, abokatuak erreforma helegitea aurkezten dio eta epaileak berak erabakitzen du onartu ala ez. Onartu ezean, apelazio helegitearen txanda dator, eta hau instrukzioa daraman salaz aparteko beste sala batek aztertu behar du, kasu honetan Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko 1. Salak; ohikoan hiru epailek aztertzen dute apelazioa onartu ala ez. Iñakiren kasuan, lehenengo apelazioan atzera bota zen baldintzapeko askatasun eskaera eta bigarren apelazioan 600.000 euroko bermea eskatu zen. Hirugarren zikloa ekainaren hasieran abiatu da: Del Olmo epaileari egin zaio askatasun eskaera eta honek erabaki behar du orain. 600.000 milioiko bermea jarri izana, aske ez uzteko neurri gisa interpretatu da argi eta garbi, baina hurrengo eskaerarako bermea jaisteko atea zabalik gera zitekeela ere bai. Auzitegi Nazionalean nagusiki hiru argudioren bueltan ukatu zaio askatasuna Uriari. Lehenik, Egunkaria auziaren ikerketarako arriskutsua izan daitekeela bere askatasuna; bigarrenik, askatasunean berriz delitu berberak egin ditzakeela; eta hirugarrenik, berari egozten zaizkion salaketekin sei urtetik gorako espetxe zigorra dagokiola eta, beraz, ihes egiteko arriskua dagoela.
Orain egindako askatasun eskari honetan, Uriaren defentsak ihes egiteko arriskurik ez dagoela argudiatzen du eta horretarako argudio ugari eskaintzen du: zigortuta ere, legokiokeen zigorra, sei urtetik beherakoa litzateke; balizko zigor handiagoarekin Entzutegi Nazionalak aske utzi ditu pertsona asko; Uriak ez du alde egin nahi, eta epaiketan bertan, bai bera bai Egunkariaren proiektuari egindako salaketekiko errugabea dela frogatu nahi du; eta, azkenik, Uria oso sustraituta dago sozialki eta jende esanguratsu askok bermatu du ez duela ihes egingo.
Del Olmo epaileak kaskagogor eta asto ospea du, eta presiorik onartzen ez duen horietakoa ei da, baina oraingoan arrazoi objektibo gutxiago dauzka Uria espetxean mantentzeko. Besteak beste, Egunkaria S.A. eta Egunkaria Sortzenen arduradunek, epailea beraren enkarguz, likidazioak bideratzen eta bukatzen ari dira eta, beraz, «delitu berean» erortzeko arrazoirik ez da izango. Eta Del Olmok berak askatasuna ukatuko balio, ez litzateke ulertzekoa apelazioan (bi, hiru, lau... hilabetera), 2. Salak ez atera ahal izateko moduko bermerik jartzea.
Bada esperantzarako arrazorik, beraz, baina ezin da ahaztu Auzitegi Nazionalaren izaera berezia eta orain arte epaileak Uriarengan deskargatu duela auziaren indar sinboliko osoa. Egunkaria itxi zuteneko egun latzen zurrunbiloan, abokatu batek ARGIAkooi esandako hitzak ere gogoan hartzekoak dira: «Ez bilatu logikarik Auzitegi Nazionalean».
Xabier Letona
Hamasei hilabete daramatzazu espetxean. Zer duzu kontatzeko esperientzia honetaz?
Gizartearen giza-zabortegiak dira hauek. Baztertuenen hondorategiak. Estatuaren agintekeria bere bisaia gordinenean ageri da hemen. Euskaldunekiko bereziki. Agintekeria hori bereizkeria ere bihurtzen da gurekiko. Bereziki zigortzen gaituzte. Eta, honen aurrean, aipatzeko da euskaldunon arteko elkartasuna, anaitasuna eta adiskidetasuna.
Nola ematen duzu denbora?
Ikasten, irakurtzen eta kirol pixka bat eginez. Horiez gain, kartzelaren politika zigortzailearen aurreko ekimen, batzar eta gogoetek ere bere denbora ematen dute hemen. Ez dut aspertzeko betarik, nahiz eta kartzelaz aspertuta egon.
Egunkaria auzitik zu bakarrik zaude espetxean. Zer diozu zure egoeraz?
Egunkariaren itxiera eta honen bueltako atxiloketa guztiekin gertatutakoa injustizia handia da. Oso poztu nintzen beste guztiak kalean zirela jakindakoan. Alegria eta ni kartzelan mantentzea injustiziari eustea da. Salaketa faltsua da, eta kartzelaldiarekin eutsi nahi diote haren ahultasunari.
Berrian aipatu zenuen Egunkariaren auziari erantzuteko Justizia Sistema Propioa behar genuela. Eta bitartean, nola erantzun?
Nik uste galdera horri kalean zaudetenok erantzun behar diozuela. Gauza asko daude egiteko, esaterako, euskal herritarren arteko adostasun oinarrizko bat lortzea, Espainiarekin harreman berria zein izango den erabakitzeko. Horren barruan Justizia Sistema Propioa, euskalduna eta beregaina behar dugula iruditzen zait. Hori bideratzeko lana bultza behar litzateke. Ausartago jokatu geurea eraikitzen eta Madrilen inposaketaren aurrean.
Egunkariaren auzian zer esango zenieke "Justizia lanean ari dela eta haren martxa errespetatu behar dela" diotenei?
Espainiako Justizia sisteman badirela Auzitegi (Audiencia Nacional) eta lege berezi batzuk "terrorismoaren" izenean euskal abertzaletasunaren aurka diseinatutakoak. Auzitegi eta lege berezi hauen bidez injustizia handiak ari dira gertatzen, Egunkariarena kasu, edota tortura bidez autoinkulpatu eta errugabe bi urte kartzelan eman duten lau gazte horiena. Justiziak berdina izan behar du herritarren artean. Espainiako justiziak ordea, nazioartean etsaiaren zuzenbidea deitzen dena aplikatzen du euskaldunontzat. Gu ez gara herritarrak. Gu etsaiak gara. Edo etsai potentzialak. Andaluziako gazte batek eta Durangoko batek ez dute zigor bera izango kutxazain automatiko bat erretzeagatik. Ezagutu dut kartzelan pertsona hiltzeagatik euskal gazte horietakoa baino lehenago libre irtengo den presoa. Eramangaitza egiten zait. Nik ulertzen dut erakunde zenbait Madrilgo aginte ezberdinen esanetara egotea. Estatutu honekin horrela tokatzen da. Kontua da hori gainditu nahi dugun ala ez. Eta nahi izanez gero... ausardia pixka bat eskatuko nieke horren kudeatzaileei. Legalki injustizia praktikatzen denean, Justizia Lege hori aldatuta bakarrik berrezar daiteke. Sistemari konfiantza egitea injustizia egoerari eustea da.
Askatasun eskaera berriro martxan dago. Eusko Legebiltzarrak zure askatasuna eskatu du. Oihartzun gero eta handiagoa du zureak...
Nire amak nahiago luke oihartzunaren ordez ni kalean izatea! Ama eta senide gehiegi ikusten ditut ordea astero-astero milaka eta milaka kilometro egiten, etengabe manifestazioak eta kontzentrazioak egiten, eta komunikabideen oihartzunik jaso gabe. Ni preso politikoa naiz baina beste zazpiehun daude Espainia eta Frantziako kartzela urrunetan sakabanatuta.
Berria kalean da, Egunkaria bera baino hobea seguruenik. Baina Egunkaria itxita dago. Zer gogoeta eragiten dizu horrek?
Euskarazko prentsa aurrera ari dela etengabe, eta hain zuzen horregatik itxi zutela Egunkaria, beregain izaten hasia zelako, euskal prentsarentzat merkatua irekitzen ari zelako, bai irakurleen merkatua, bai publizitate merkatua ere. Zabalkundea hedatzeaz gain, bere kalitate eta sinesgarritasunari esker, Egunkariaren eragina gero eta nabarmenagoa zen euskal gizartean. Eta horixe da itxi nahi izan dutena: euskalduna, abertzalea, zabala, baterakoia eta independentea izan nahi zuen, eta lortu zuen egunkaria. Del Olmoren autoek garbi erakusten dute hori. Baina itsasoan alferrik dira langak. Euskarazko prentsak aurrera jarraitzen du duela bi urte baino indar handiagoz. Berriaz gain lau egunkari gehiago daude kalean gaur egun euskaraz eta beste bi ere badatoz. Hitza proiektua Egunkaria eta herri aldizkarien garaia gainditzera dator haien elkarlanaren bidez. Apustu berri honekin biderkatu egingo da euskarak irabaziko duen irakurlegoa. Eta, halaber, biderkatu egingo da euskaldunok irabaziko dugun kalitatea gure prentsa produktuetan.
Asko falta da euskal komunikazio esparrua osatzeko... baina oinarriak ezartzen ari dira.
Torturatua izan zinen eta salaketa artxibatua izan zen. Irakeko torturen gaia atera da gero...
Eta demostratu da tortura errealitate bat dela Mendebaldeko herri "demokratikoek" erabilia. Eusko Jaurlaritzak onartu du Espainian torturak praktikatzen direla. Espainiako Gobernuak AEBak salatuko ditu Iraken deskubritu denagatik edo Guantanamokoagatik. Norberak berean, aldiz, itsuarena egiten du. Atzo bertan entzun nuen Espainiako Justizia ministro berria, Lopez Aguilar, PSOEkoa eta ustez progresista, eta zioen Espainian Justizia sistemak frogatu duela tortura salaketak faltsuak direla ehuneko ehunean. Horrela, torturaren instituzioa babesten da. Kalabozoetako poliziek ez lukete egingo egiten dutena babes judizial eta politikorik gabe.
Politika orokorrean, giro berriaz hitz egiten da. Barrutik nola ikusten da?
Barruan aniztasun handia dago euskal preso politikoen artean. Denetatik ikusten da eta ikuspegiak kalean bezain zabalak dira. Nire iritzian, kanpoan ilusio handiegiak egin ziren Zapateroren garaipenarekin. Ilusio handiegia sozialistengan eta haustura erabatekoa indar abertzaleen artean. PSOEk askatuko balu bezala gure herria! Egia da PPk ezarritako itolarria lasaitu egin dela eta zenbait sektorek arnasa hartu duela. HZ, ordea, legez kanpo utzi dute. Alderdien Legeak zutik dirau eta Itun Antiterrorista indarrean dago. Torturen kasuan eta presondegi politikan garbi ikusten da: lehengo lepotik burua. Sektore independentzia-zaleena lehen beste zigortua dago. Hori bai, une interesgarria bizi dugu. Aldaketa garaia da eta aukerak daude urrats berriak emateko. Ea gai garen batera eta aurrera emateko.