Katixa Garate
Oteizaren frontoiak eraikiko dituzte
Pilotak dituen modalitate guztiak praktikatu ahal izateko, Oteizaren lanetan oinarritutako diseinua duten sei frontoi eraikitzeko asmoa agertu du Azkoitiko Udalak. Aurrerago, frontoi ireki bat, interpretazio zentro bat eta museo bat egingo dituzte. Azken lana trinketea eraikitzea izango da. Guztira 12.000 metro koadroko lur eremua beteko dute eraikin berriek. Oteizak ûbere aita azkoitiarra zenû Azkoitiarekin zuen harremana eta herrian sortu den pilotari kopurua izan dira Udala proiektu hori egitera bultzatu dutenak. Antton Mendizabal eskultoreak egindako diseinuak izan arren, proiektuaren garapenean Oteizak parte hartu zuen hil aurretik.
Nafar kantuen altxorra
Nafarroako Unibertsitate Publikoko musika katedraduna den Concepcion Peñak XII. mendetik XV.era bitarteko kanten eskuizkribuak aurkitu ditu Nafarroa osoko artxibategiak aztertu ondoren. Egile ezezaguna duten 273 orri solte eta bederatzi kodex bildu ditu Peñak eta guztietan musika erlijiosoa agertzen da. Akitaniako eta Normandiako notazioak dituzte agiri horiek, beraz, entzun ahal izateko, haiek transkribatzea izango da lehenengo lana. Tartean, Orreagako eta Iruñeko Katedraleko ebanjelio liburuak, Iratxeko Monasterioko otoitz orduen liburuak, Fiteroko sakramentarioak eta San Saturninoko oharrak topatu daitezke, besteak beste. Musika katedradunak egindako lana Nafarroako Unibertsitate Publikoak argitaratu du, Fondos musicales historicos de Navarra. Siglos XII-XVI izenburupean.
Geure arbasoen janzkera ezagutzeko
Euskaldunek XVI. eta XIX. mendeen artean erabiltzen zituzten jantziak irudikatzen dituzten grabatuak bildu ditu Bilboko Euskal Museoak Baionako Euskal Museoaren laguntzarekin Jantziak paperean. Euskal Jantzien Grabatuak XVI-XIX mendeak erakusketan. Museoan ikus daitezkeen marrazkiak bi taldetan daude antolatuta. Lehenengoan, Jantzien liburuak deiturikoan, 79 grabatu ikus daitezke gizon eta emakumeen irudiekin. Bigarrenean, aldiz, garai hartako euskaldunen bizimodua ere irudikatzen duten 39 grabatu ikus daitezke.
Akordeoiaren Kongresua Zarautzen
Hogeita hamar urte bete ditu aurten Hauspoz Euskal Herriko Akordeoi elkarteak eta horixe ospatzeko I. Nazioarteko Akordeoi Kongresua egingo du, ekainaren 29atik uztailaren 3ra, Zarautzen, urtero herri horretan egiten den kultura astearen baitan. Mintegiak, hitzaldiak, kontzertuak eta akordeoi marka komertzialen eta argitaletxeen azoka prestatu dituzte okasiorako. Francisco Escuderoren obraren gaineko hausnarketak eta akordeoiaren eta herri musikaren arteko harremanei buruzko solasaldiak ez dira faltako.
Euskal liburutegi digitala osatzen
Euskal Liburutegi Digitalaren Ataria (www.euskadi.net/LiburutegiDigitala) zabaldu dute Eusko Jaurlaritzak eta Antso Jakituna Fundazioak. Bi erakundeen arteko akordioak euskal ondare bibiliografikoa herritarren eskura jartzea du xede. 3.000 izenburu eta 800.000 irudi biltzen dituen funts digitala Internet bidez kontsulta daiteke eta liburuetako orriak ikusi, handitu, txikitu, gorde eta inprimatzeko aukera eskaintzen du. 2.800 liburu daude digitalizatuta eta horietatik 1.800 euskarazkoak dira. XV. mendetik 1934 urtera bitartean argitaratutako liburuak dira, Espainiako Jabego Intelektualaren Legeak ez baitu baimentzen azken 70 urteetan argitaratutako liburuak Interneten paratzea. Antso Jakituna Fundazioak guztira 12.000 izenburu eta 4,5 milioi irudi dauzka digitalizatuta eta baliteke ondare horren zati bat Euskal Liburutegi Digitalaren Atarian barneratzea etorkizunean. Jaurlaritzak ondare digitala babesten duten beste erakundeei proposamena zabaltzeko asmoa agertu du. Bada aurrerapauso bat behintzat.
XX. mendeko artisten begiradak
Hogei herrialdeetako 18 argazkilari ezagunek (Michel Brabo, Gisele Freud, John Craven, Lucien Clerge...) XX. mendeko hainbat artista esanguratsuri (Pablo Neruda, James Joyce, Rudolf Nureiev, Simone de Beauvoir, Pau Casals...) egindako 68 argazki paratu ditu, Bilbon, Ispiluaren bi aldeetan erakusketan BBK Fundazioak. Argazkietako artisten koreografiak, poemak, margoak... oso ezagunak diren arren, artista beraien begiradak ez dira horrenbeste ezagutzen eta haiei egin diete leku Bilboko Kale Nagusiko erakusgelan.
Nazioarteko Antzerki I. Topaketak
Antzerkiak eta bestelako arteek sustapen eta ikerketa eremuak behar dituztela ohartuta, Nazioarteko Topaketak egingo ditu Antzerkiola Imaginarioak, irailaren 3tik 16ra, Urduñan. Norberaren sormen lanean aurrera egiteko, beharrezkoa da beste herrialdeetako antzerki tradizioak ezagutzea eta, hala, tailerrak eta mintegiak antolatu dituzte. Indiako Kalamandalan Haridasanek Kathakali dantza-antzerki tailerra eskainiko du, Italiako Roberto Romeik antzerki biomekanikari buruzkoa eta Antzerkiolako kide Aitor Agirianok musika esperimentazioaren gainekoa. Lluis Masgrau katalanak, gidatuko duen mintegian, antzerki antropologia izango du hizpide eta Laborategia eta Labirintoa du izenburu Ander Lipusek eskainiko duenak.
Katixa Garate
Jean Louis Davantek honela zioen Garan: «(Hegoaldean) unibertsitarioek unibertsitarioentzat idazten dutela iruditzen zait: olerki hermetikoa, oso modernoa eta hori guztia. Guk edonorentzat idazten dugu, hori da Iparraldeko tradizioa».
Xabier Erkizia musikariak zera adierazi zuen Berrian: «Gaur inoiz baino gehiago, musikariok berebiziko erantzukizuna dugula iruditzen zait, gurea baita azken erabakia, norberaren lana modu zuzenean erakusteko eta, zergatik ez, saltzeko ardura, baita hura defendatzeko lana ere. Tartekari gehienek, sortzez, ez baitute saltzen duten horretan sinesten, salmentan berean baizik».
Hasier Etxeberriaren hitzok jaso zituen Berriak: «Geure kultura erabat garatzeko moduko gizarterik ez daukagu gaur».
Aurora Beltranek Elkarrin: «Ez da inoiz banda bat nabarmentzen gizon bat buru duelako».
Alfonso Sastrek esanak Artezen: «Euskal antzerkia deitutakoa ez zen ûeta ez daû, salbuespenak salbuespen, antzerki espainiarraren kimua besterik».
Katixa Garate
Javi Pezek Javi P3z Orquesta osatu du eta Sports diskoa kaleratu du Hitop diskoetxearekin. Jon Lonbera, Jimmi Bidaurreta, Mikel Abrego, Luis Camino eta Igor Ruiz dira orkestrako kide batzuk.
Jose Mari Velez de Mendizabalek idatzitako Eskuak elkarri antzezlana estreinatu zen ekainaren 12an. Ehundik gora arrasatear izan ziren Amaia antzokiko oholtza gainean: musikariak, antzezleak, dantzariak...
Ben Kahn eta Tim Kahnek euskal artzainek AEBetan egindako bizimoduari buruzko dokumentala filmatu dute: The Last Link (Azken katea).
Ana Martinez de Agilar donostiarra Reina Sofia museoko zuzendari izendatu dute. Aurretik, Segoviako Esteban Vicente museoan eta Padro Museoan lan egina da.
Andu Lertxundik Konpainia noblean narrazio liburua kaleratu du Alderdania argitaletxearen eskutik. Ipuin, abesti, bertso, esaunda eta kondaira tradizionaletan oinarritutako 93 istorio atondu ditu.