Nere Lujanbio
Laocoonte irentsia: Artea eta indarkeria politikoa da Gasteizko Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak aurkeztu duen azken erakusketaren izena. Javier Gonzalez de Durana museoko zuzendari eta erakusketako komisarioak nazioarteko 34 artistaren lanak elkartu ditu, bortxakeria politikoaren gainean hausnarketa bultzatzea helburu duen erakusketan. Iparraldeko areto guzia eta sarrerako zati bat hartzen ditu Artiumek, Granadako Jose Guerrero Zentroak eta Salamanca Ciudad de la Cultura Fundazioak elkarlanean ekoiztutako proiektuak, eta uda osoan zehar, urriaren 3ra arte hain zuzen, ikusteko aukera izango da. Beharbada, harrigarri gerta liteke jatorrian "edertasuna" goratzeko sortutako gune batek indarkeriaren gaia jorratzea, baina bestalde, museoa gogoeta bultzatzeko lekua den heinean, ezin aurki zitekeen gure garaiarekin lotuago dagoen gairik.
guztia irakurri
Pilar Iparragirre
Tristes espectáculos: las mujeres y los Alardes de Irun y Hondarribia liburuaz:
Emakumezkoak festa batean parte hartu nahi izateak zergatik ekarri ditu halako istiluak?
Alardeak gizarte ordena garaikidea errepikatzen du, besteak beste, indarrean dauden hierarkiak islatuz eta bakoitzari bere erantzunkizuna, agintea eta boterea emanaz festan bezala eguneroko bizimoduan. Emakumezkoek soldaduen lerroetan parte hartzeari uko egitearena botere horren defentsa gisa uler daiteke, menperatze eta menpekotasun erlazioa mantentzeko estrategia bezala.
Gatazka hau Irunen eta Hondarribian gertatzearen arrazoia?
Ez da kasualitatez izan, baina argi utzi behar da beste leku askotan ere gertatu izan direla eta gertzen direla horrelakoak, bai Euskal Herrian, bai Europan, bai mundu mailan.
Arazoak ba al du konponbiderik?
Galdera horren erantzuna oraindik aurkitzeke dago. Gatazkan parte hartzen dutenen eta politikarien eskuetan dago, eta guztien arteko elkarrizketan, negoziazioan eta adiskidetze egintzan. Lan honi ez genion ekin arazoari konponbidea aurkitzeko asmoarekin, arazoaren zergatiak azaldu nahi genituelako baizik. Gure inguruan gertatzen ari zena hobeto ulertzeko ahalegina izan da gurea, eta gatazka eta aldaketa egoerak aztertzeko antropologia eta soziologia erabili ditugu. Arazoaren ikuskera ahalik eta zabalena eskaini nahi genuen, eta hori bai, beharbada gure ikerketa honen emaitzak lagun dezakete konponbidea aurkitzen. Garbi dago berdintasunaren errebindikazioa gutxiesteko tradizioaren erabileraren aurrean gaudela.
Jon Gurrutxaga
Antton valverderekin hasi zen estudioko lanetan, Lizardiren olerkietan oinarritutako disko batean hain zuzen ere. Orduz geroztik, hainbat kantarirekin ikusi ahal izan dugu bai oholtza gainean eta bai diskoetako kredituetan ere. Musikari profesional gisa eman dituen urte horien guztien ostean, bere estreinako bakarlana argitaratu du Karlos Gimenez pianojoleak. 12 Geltoki izeneko diskoan pianoa eta musikari ordiziarraren heldutasun eta trebezia dira protagonista. Izan ere, pianoan oinarrituriko lana baita 12 Geltoki. Eta beraz, ez du beste instrumenturik lagun disko osoan. César Ibarretxe teknikari zuela Gimenezek Elkar estudioetan grabatu du lehen lana eta Elkar diskoetxearen Laida azpizigiluak kaleratu du.
Biziaren pasaera
Ordiziako Kimetz Emakumeen Elkarteak proposaturiko kontzertu bat izan zen Gimenez bakarkako disko bat sortzeko tentatu zuen ideietako bat. "Emanaldi bat egitea proposatu zidaten eta, emakumea denez bizia ematen diguna, bizitzari buruzko zerbait prestatzea bururatu zitzaidan", diosku ordiziarrak. Horrela, errepertorioa haurdunaldia islatuz hastea erabaki zuen Gimenezek: "Hiru seme-alaba ditut eta momentu horiek oso ederrak izan dira niretzat, hortaz, garai horiek nire lanean agertzea nahi nuen". Kontzertu hartako zenbait kantek eta gero sortutako beste hainbat konposiziok osatzen dute Gimenezen estreinako bakarlana. 12 Geltoki lanean bizitzaren aro guztiek dute tokia, heriotzak izan ezik: "Beldurragatik agian, eta bestetik bukaera zelako eta ez nuen bukaera tristerik nahi".
Pianoa izanik grabatu beharreko instrumentu bakarra, 12 Geltoki bi egunetan grabatu zuen. Kanta bakoitzaren bertsio bat baino gehiago grabatu zituen Gimenezek, horietatik gero "espresiboena" edota "zuzenena" hautatzeko. Musikari ordiziarraren garai ezberdinetako kantak biltzen dira bakarkako lehen lan honetan. Gimenezen esanetan, abestien %50 dira, gutxi gorabehera, diskoa grabatzeko ideia otu zitzaion momentutik gaurdaino konposatutakoak: "La colegiala abestia, adibidez, oso zaharra da eta beste pare batek bost bat urte izango dituzte", azaldu digu.
Akuarelak aukeratu ditu Karlos Gimenezek diskoaren diseinua osatzeko. Maria Jose Argiñanoren obra aski ongi ezagutzen du musikari ordiziarrak, izan ere, diskoaren barnealdean ez ezik etxean ere bere hainbat margo baititu. Hasieran diskoaren azalean ere akuarela bat sartzea pentsatu bazuen ere, argazkiaren indarra erabiltzea hautatu zuen gero. Diskoaren liburuxkan, berriz, kolorea da nagusi. Kanta bakoitzeko akuarela bana eta entzulea abestiaren baitan sartzeko zenbait hitz paratu ditu.
Musika eta olerkia
12 Geltoki argitaratu duenez geroztik zenbait kontzertu eskaini baditu ere, Gimenez oraindik ez da buru-belarri murgildu zuzenekoetan diskoa promozionatzen. Bere emanaldietan piano konposizioak eta olerkia uztartuko ditu. Horrela, abestitik abestira musikari ordiziarrak berak Lizardiren zein bere olerki propioak errezitatuko ditu. "Olerkiekin jendea giroan sartzen dut, izan ere, ondo aukeratutako hitz gutxirekin jendearen arreta pizten da eta musika zuzenago iristen da. Nik orain arte ez dut inoiz hitz egin taula gainean eta hitzak indar handia duela konturatu naiz", diosku Gimenezek.
Eta ez da harritzekoa pianojole gipuzkoarrak hitza kontuan hartzea. Izan ere, diskoko kanten tituluen artean bi olerkari aurki ditzakegu: Lizardi eta Rilke. Antton Valverderekin lanean izan zen garaian ezagutu zuen Gimenezek Lizardiren obra: "Hasieran ez nuen ezer ulertzen, baina gero hiztegiaren eta Anttonen laguntzarekin berak sortzen zituen esamolde, hitz eta sintaxi bereziez ohartzen hasi nintzen. Batez ere euskararentzat poesian oso pertsona aberatsa zela iruditu zitzaidan". Rilke, berriz, Xabier Letek olerkari austriarraren liburu bat euskarara itzuli zuenean ezagutu zuen.
Karlos Gimenezek batez ere udazkenean aurkeztuko du zuzenean 12 Geltoki izeneko bere lehen bakarlana. Horrez gain, taula gainean Luis Camino perkusionistaren Abya Yala proiektuan ere ikus ahal izango dugu.
Hasier Etxeberria / David De Jorge
Osagaiak:
Txahal mutur bat, garbi
Baratxuri-buru bat
Porru bat, osorik
Tipulin bat, osorik
Oliba olioa
Ura eta gatza
2 eskarola, garbiak
Baratxuri ale bat, pikatua
Alliolli edo griviche saltsa ugari
Olio pixar bat kazolan isuri eta gorritzen ipiniko dugu muturra, alde guztietatik gorritu dadin arte. Erne ibili olio zipriztinekin!. Ongi xigortua gelditu behar du. Soberan dagoen koipea kendu eta erantsi egingo ditugu baratxuri-burua, porrua eta tipulina. Buelta batzuk eman eta ura isuriko dugu gainean, jakitik gora hiru behatz estali arte. Gatz pittin bat eman, kazola estali, eta utzi egingo dugu egosten, ezti-ezti, 2 bat ordu. Urez estalia egon behar du muturrak, eta ur gehiago isuriko dugu lurrintzen ari dela ikusten badugu. Ongi samurtu denean, sutatik atera eta iragazi egingo dugu sortutako zuku guztia. Zoparako edo uraren ordez gisatuari isurtzeko gordeko dugu egoste salda hori, zernahi, zakarretara bota baino lehen. Horren ostean, piezaren erdian duen kartilago gogorra kendu, eta zatitu egingo dugu muturra, xerra loditan. Gatza eman eta erretilu batean ipiniko dugu ondoren. Baratxuriarekin eta oliba olio birjinarekin ondu, eta aurrez egosi eta gatza emaniko muturraren gainean jarriko dugu eskarola. Ogi xigortua eta Hondarraitz edo allioli saltsa ugarirekin zerbitzatuko dugu entsalada, mutur zatiekin batera.
Pilar Iparragirre
Ez naiz pegata hutsa!
Batzuen artean
Zezengorri
62 orrialde
7 euro
Gladys Del Estal Ferreño gogoan
Hogeita bost urte igaro dira jada Gladys Del Estal Ferreño ekologista gaztea, Energia Nuklearraren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen ari zenean Tuteran, guardia zibil batek tiroz hil zuenetik, 1979ko ekainaren 3an. Urteurrena dela-eta plazaratu du Gladys Gogoan Taldeak Xirika kazetaren laguntzaz Ez naiz pegata hutsa! Gladys eguzkiarekin maitemindu zenekoa, Iñaki Martiarena «Mattin»en marrazkiak eta Sabino Ormazabal Elolaren testua daraman liburuxka. Hogeita hiru urterekin hil zuten Gladys del Estalen bizitza eta mundu hobeago baten alde egin zituen eginahalak gogoratzeaz batera, Euskal Herriko 70eko hamarkadatik aurrerako mugimendu antinuklearraren eta ekologistaren nondik norakoak jasotzen dira bertan.
Harribeltzeta nire gogoan
Joseba Aurkenerena
Gero
158 orrialde
11 euro
Harribeltzetaren gaineko trilogiaren azkena
Joseba Aurkenerenak Harribeltzeta nire gogoan liburuaren hitzaurrean azaltzen duenez, hauxe da Harribeltzeta herrian eta bere biztanleei gertatutakoen edo gerta zekizkiekeenen gainean idatzi duen trilogiaren azken emaitza. Harribeltzetako ipuinak eman zion hasiera, Makurmendiren magalean plazaratu zuen gero, eta oraingo honekin amaitzen da trilogia. Hogei ipuin bildu ditu denera, benetako lekuak, pertsonaia historikoak eta gertaerak egiazkoak ez diren beste batzuekin nahastuz. Eta bertan aurki daitezke atzoko tribu zaharrak, gerlariak, arrantzaleak, piratak, kortsarioak eta aztiak, egungo ikasleak, maisuak, tabernariak edo zapatariak, eta biharko soldaduak, bidaiariak eta zientzialariak.
Antso Nagusia, baskoien errege handia
Toti Martinez de Lezea
Txalaparta
64 orrialde
10 euro
Hamabi urtetik aurrerakoentzat
Antso Gartzesen biografia kontatzen du Toti Martinez de Lezeak irakurle gazteei zuzendutako lan honetan. 1004ko neguan ekiten dio bere zereginari, Antso Nagusia, baskoien errege handia izatera iritsiko zena, errege izendatu zuten unean. Hamabi urte baino ez zituen orduan gazteak, denborarekin Iruñea, Aragoi, Gaztela, Sobrarbe eta Ribagortza eta Gaskoniako errege izango zenak. Oso garai nahaspilatsua bizi behar izan zuen, baina poliki-poliki bere erresuma zabalean bakea ezartzea lortu zuen. Hil zenean, ordea, erresuma hura bere semeen artean banatu zen, berak agindu bezala, eta Naiarako Gartziak Nafarroa, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Errioxa jaso zituen; Fernando Handiak, Gaztela; Gonzalok, Sobrarbe eta Ribagortza, eta Ramirok Aragoako konderria.
Boletin LX 1 2004
Batzuen artean
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea
349 orrialde
12 euro
Boletinaren azken zenbakia
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak kaleratzen duen aldizkari honen azken zenbakian, honoko lan hauek aurki daitezke, besteak beste: Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak egindako iazko memoria; Maria Pura Gutierrezek On Diego Lopez Zuria, aurreneko De Haro, Bizkaiko hirugarren jauntxoa izandakoaren gainean idatzitako gogoeta; Antxon Agirre Sorondok Gipuzkoako sinesmen eta sineskerien gainean osatutako lanaren bigarren zatia; Ramiro Larrañagak Gipuzkoako Euscalduna arma fabrikaren garrantziari buruz egindako azalpena; eta Jose Manuel Etxaniz Makazagak 1921ean Galiziako Misio Biologikoa sortu eta geroztik zuzendu zuen Cruz Gallastegui Unamuno albaitari eta injineru agronomo bergararraren inguruan osatutako idazlana.
Amonaren
etxera noa
Bette Westera, Suzanne Diederen
Ibaizabal
18 orrialde
Etxeko txikienentzat ipuin aproposa
Marrazki oso handiak eta kontakizuna bertsoan eskaintzen duen album itxurako honen mamia etxeko txikienentzat da aproposa. Bertan, mutikotxo bat bere amonaren etxera doa, han egin behar duelako lo. Ez doa bakarrik, bere hartz txikiak laguntzen du. Mutikoa oso pozik doa amonaren etxera, baina hartz txikia erabat izuturik dago, etxe ezezagun hura oso arriskutsua iruditzen zaiolako, eta mamuak ikusten hasten da. Hartzaren ezinegona antzemanik, mutikoak ere ezin du lorik hartu, eta hartz txikia lasaitzeko asmoarekin sukaldera eramaten du, baso bat ur edan dezan. Sukaldean amona dago, ordea, eta bere ohera eramaten ditu biak. Geroztik inork ez du han beldurrik izango.
Euskal Herria
Batzuen artean
Sua
130 orrialde
5 euro
Euskal Herria, atzoko eta gaurko ibilbideetan barna
Sua edizioak argitaratzen duen Euskal Herria aldizkariaren azkenengo zenbakian, Euskal Herria 1004. urtean nolakoa izan zitekeen islatzen ahalegindu dira, Juan Luis Landa eta Iñaki Garcia Caminoren artean osatutako Antso III.a euskaldunon jauna lanean. Baina bidaiak maitatzen dituztenez, gaur egungo basanaturan hezegune ikusgarriak bisitatzeko aukera eskaintzen dute, baita Iruñea hirian barna ibiltzeko ezohiko gida bat ere. Halaber, euskal txirrindularitzaren egun handiak ekarri dituzte gogora.
Tristes espectáculos
Margaret Bullen, J. Antonio Egido
EHU
270 orrialde
14,60 euro
Emakumezkoak eta Alardeetan gertatutakoa
Margaret Bullen eta José Antonio Egidoren artean egindako azterketa honen izenburua Tristes espectáculos: las mujeres y los Alardes de Irun y Hondarribia da eta soziologia zein antropologia ezaugarriak ditu. Irun eta Hondarribiako zenbait emakumek beren herrietako jaietako Alardeetan parte hartzeko erabakia hartu zutenean, 1996an, gatazka sortu zen parte hartze hori ukatu zietenekin. Hori ikusirik ekin zioten Margaret Bullenek eta José Antonio Egidok bere azterketari. Gatazka horren arrazoiak jakin nahi zituzten, eta horretarako elkarrizketa sakonak izan zituzten parte hartzearen alde zeudenekin eta horren aurka agertzen zirenekin. Arazoari konponbidea bilatu behar bazitzaion, jarrera haien zergatia jakin beharra zegoen, eta ea zergatik zen hain garrantzitsua emakumeak Alardeetan parte hartzearena ere. Hiru atal nagusitan banatu dute azterketa. Aurrenekoan, testuinguruaren ezaugarriak eta beste lekuetan gertatutako gatazkekin daukaten antza aztertzen da, gatazkaren kronika eskaintzeaz batera. Bigarrenenean, gatazkaren azalpen osoa ematen da, eta hirugarrenean, gatazka horren arrazoi sakonak ageri dira.