Bixente Serrano Izko
Pegenaute-eta, Nafarroako hizkuntz politikaren arduradun horiek, Sapir, Whorf edo Wittgensteinen orrialdeetan murgilduz? Ezin imajinatu. Baina nonbaitetik iritsi zaizkie idazle horien ideiak, bulgarizazio galbahe batetik trakeski pasatu ostean. Demagun ideia bat, Sapir-Whorf hipotesi deituriko haren ildokoa: "Hizkuntzaz aldatuz gero, kosmosaren gure pertzepzioa ere alda daiteke". Mekanikoki galbahetuz eta hipotesi zientifikoa bertzerik ez zena dogma politiko bihurtuz, ideologia politiko eta hizkuntzaren arteko lotura askaezina ondoriozta dezake Pegenaute bezalako baten burmuin obsesiboak. Edo bertze ideia bat, Wittgensteinena orain: "Nire lengoaiaren mugek ene munduarena adierazten dute". Galbahe beretik pasaraziz, nire txoko ideologiko bakarrean itxi nahi baditut herritar guztiak, ene bazter horri egokitzen ez zaion bertze edozein hizkuntza desagerraraziko dut, di-da, eta akabo arazoa!
Gure mundua espainiar mugetan hertsi nahi digun Pegenautek urte batzuk daramatza euskararen desagerpen publikoa eta itxiera folklorikoa diseinatuz eta bultzatuz. Urte batzuk daramatza euskara paisaia sinbolikotik kendu eta lan mundurako alferrikako kontu bihurtu nahian, nostalgiko zenbaiten luxuzko horniduratzat edo apetazko bitxikeria kulturaltzat gehienez ere jo dezan nafar jendarteak. Bazirudien uzta biltzeko sasoian egonen zela. Horrela uste izanen ote zuen berak, behintzat. Dena dela, bere lanaren emaitzak neurtzeko orduan, ez zen gehiegi fidatzen ordura arteko inkestez, Euskal Herri osoan egindako haietaz, eta bidea jorratu zuen nafar gobernuak bere kontura eta foru-baratze honetan bakarrik egiteko 2001.etik aurrera. Horrela, ezagutzera eman berri duten Euskararen inguruko ikerketa soziolinguistikoa 2003.eko Nafarroan izenburukoa da, nafar gobernu honen konfiantzazko lehena. Eta, izan ere, ikerketaren seriotasuna goraipatu dute Pegenautek eta Campoy hezkuntza kontseilariak. Ezusteko galanta, alabaina, jaso dutena! Hainbertze neke euskararen ezagumendua lan munduan baliogabetzeko, eta nafar gehienek oraindik ere jarraitzen omen dute pentsatzen baliagarria dela lana lortzeko (%70,5), administrazioan sartzeko (%81,9), lagun artean ibiltzeko (%50,3) eta lan inguruan harremanak hobetzeko (%58,5)! Areago, ofizialki euskalduntzat jotzen ez den zonaldean ere bi nafarretatik ia batek (%46,1) baliagarri ikusten du euskara, lana lortzeko orduan!
Ez naiz, arruntean, inkesta soziologikoez gehiegi fidatzen. Nireak eta bortz bota ohi ditut horien kontra, erdi serio erdi txantxan, batik bat lanaren bultzatzaileen atzetik interes politikoak daudenean, agerian edo ezkutuan. Baina kasu honetan, nire ohiko mesfidantza aparte utzirik, badaude hiru gauza kontuan hartzeko: hasteko, ageriko interes politikoak, zeinek ikerketaren bultzatzaileak eraman dituzten azkeneko urteetan euskararen kontrako gurutzadan buru-belarri sartzera, goiko pentsalarien gogoeta antropologikoak euren neurriko ahi mehe eta ideologia merke bihurtu izan balituzte bezala; bigarrenik, bultzatzaileek beraiek nabarmendu dutela inkestaren fidagarritasuna; eta, hirugarrenik, ikerketaren emaitzek gurutzada horren porrota erakusten dutela, areago konparatzen baditugu aurreko urteetan egindako bertze ikerketekin. Argi eta garbi, "ez gainditua" jaso behar du Pegenautek ebaluazio-buletinean.
Baina pertsonaia horren egoskorkeria ezagutuz eta datuak errealitatearen ispilu leialtzat hartu dituenez, ai ene!, presta gaitezen gorriagoak ikusteko. Ekainaren 6ko manifestazioan Euskara Kontseiluari Iruñeko alkatesak emandako tratuak ez du damurik adierazten euskaltzaleon kontrako politikaz. "Ez gainditu" hori beren ezgaitasuntzat ez, abiapuntutzat hartuko dute Pegenautek-eta, errealitateari aurre eginez "bikain" lortzeko hurrengo ebaluaketan.
Gorka Urbizu
Zaila da sormen prozesua esplikatzen. Jarri bestela paper txuri baten aurrean, saia zaitez gitarra mutu bat engainatzen. Bada esaten duenik kantuak hortxe daudela inork hartzeko zain: baliteke. Kantagintza inspirazioaren eranztea balitz bezala ulertzen dutenak dira, diotenak buruan ûbihotzeanû dugun horren benetako esentzia destilatzen jakitea dela. Zelanbait enbor bat zizelkatuz irudi ederra sortzearen parekoa litzateke. Besteren ustez, sortzea eraikitze prozesu magikoa da. Hau da, ideia eta sentimenduen zurrunbiloa sistematizatzen jakitea baino, hura deskribatzen iaioa izatean datzala, horretarako ditugun lehengaiak behar bezala ordenatuz. Hein batean kontrajarriak izan arren, bi teoriok badute funtsik, eta ez noa ni bata ala bestea aukeratzeko apetan inor jartzera, azken finean inporta duena emaitza bera baita: artelana, kantua, poema. Euria esplikatzea bezain ezdeusa izan liteke, baina gaiak badu mamirik, aizue.
Nonbait leitu nuen poemak beti direla beste norbaiti irakurritakoari bakoitzak ematen dion erantzuna. Honatx sortzeari buruzko beste ikuspuntu interesgarri bat. Puntuka eginiko bertsoa dakarkit gogora. Edo azken bi lerroak emanik beste dena osatzeko prozesu bitxi hori, bestela. Kantuak idazterako orduan askotan erabilia izan da jokamolde hori: abestiaren hezurdura, hasiera, bukaera edo leloa argi izanda beste guztia asmatzeko joko zaila, alegia. Eskuarki kantu horiek biribilak baino eliptikoak atera ohi dira, konparazio grafikoa onartzen badidazue. Horrexegatik esku bakarrik egon ohi dira pieza bateko abestiak, denbora igaro eta zutunik jarraitzen duten horiek.
Sortzearen beharraz ere behin baino gehiagotan mintzatu izan gara musikariok. Askok kantuak sortzeari terapiaren itxura hartzen dio eta baliteke horrelako zerbait izatea. Esan nahi baita kantu bat amaitzeak antz handia duela barruak askatu eta lasaitzearekin. Skunk Anansie-k honela bataiatu zuen bere azken diskoa: Post Orgasmic Chill. Ez zebiltzan urruti musika sortzeak ematen duen sentsazioa deskribatzeko orduan. Zoritxarrez handik gutxira banandu egin ziren, baina tira, hori beste kontu bat da. Baina bai, lagunok, sortzea plazer handia da, ezinegonaren harra denboraldi baterako itotzea delako; haserrearen sugarra baretu ûinoiz ez guztiz itzali, haserrea ere beharrezkoa izakiû; maiteminaren eztanda kontrolatu, norberaren arimaren argazkiak errebelatu... hitz batean: behin behineko beharra asetzea baita. Gure taldean "zesarea" deitzen genion gure azken diskoari, hura erditzeak suposatu zuen esfortzua ezin ahaztuz.
Beharra beraz, eta ez halabeharra. Behar horrek afektiboa behar luke izan, benetakoa eta ez merkatuak markatua ûhitz jokoa eginezû, horrelakorik ere egon badagoelako. Lagun batek galdetu zidan behin ea Durangoko Azoka heltzen delarik euskal artisten inspirazioa automatikoki hanpatu egiten den. Engainatzen ari ote gintzaizkion errezeloa zuen. Ez da oharpen makala, ez horixe. Sormenetik diskogintzarako bide hori bihurgunetsua da oso. Gauza da egileak barne behar hori ase ez ezik, erantzuna espero duela entzuleriarengandik. Batzuetan harreman hau entzuleriarenganako esklabutzarekin nahasten du egileak eta horri komertzial deitzen diogu, nahiz eta hitz hau nahiko labainkorra den. Baina bai, musika azkenean sentimendu trukea da, transmisioa, komunikazioa. Nartzisismo ukitu bat ere badago eta kantuak bildumatan jaso eta kaleratu orduko artista umezurtz egon ohi da. Egindakoa erakutsi eta zabaldu beharra prozesuaren beste atal bat da, ume batek egindako marrazkia amari erakutsi arte isiltzen ez den moduan.
Hortxe sortzearen misterioa, hari buruzko mila gogoetak eta musika beraren magia. Dena dela, aizue, zenbat buelta euria esplikatzeko!