Edozein organizazio politiko, estatal, autonomiko edo enpresarialek, eta are familiarrek ere, behar bezala funtzionatuko badu, plan ekonomiko bat behar du urtero. Helburua gastuek sarrerak ez gainditzea da eta, ondorioz, desorekarik gabe funtzionatzea. Aurrekontuez hitz egiten denean, ordea, estatuko edo gobernu autonomikoetako ogasun publikoak edota bestelako botere batzuetakoak ûforu aldundietakoak edo udaletakoak, esate baterakoû ekitaldi ekonomiko baterako (eskuarki urtebetekoa) duen plan ekonomikoaren kontabilitateko adierazpenari egiten zaio erreferentzia. Ohikoena aurrekontuak bitan banatzea da: sarrerak eta gastuak. Sarreren atalean agertzen dira zergen, tasen, ondarezko operazioen eta zorpetzearen bidez jasotzeko aurreikusiriko kopuruak. Gastuen atalean, berriz, jarduerako departamentu bakoitzari dagozkionak agertzen dira, kapituluka sailkatuak: pertsonala, ondasun eta zerbitzuen erosketa, transferentziak, inbertsioak, kapitaleko operazioak... Aurrekontuen gaineko eztabaida, ogasun publikoaren kasuan, eginkizun behinenetakoa da edozein gobernurentzat edota herriaren subiranotasunetik datorren eta hura ordezkatzen duen edozein organorentzat. Edozein gobernuk, gobernatzen segituko badu, urtero atera behar izaten ditu aurrera bere aurrekontuak. Aurrera ateratzea lortzen ez badu, bakarrik edo beste indar politiko batzuen laguntzaz, lehengo aurrekontuak beste urtebetez luzatzen dira.
Jose Antonio Zurutuzaren aurkako estradizio eskaera berretsi du Frantziako Auzitegi Gorenak. Zurutuza preso dago Frantzian eta duela 22 urte Komando Autonomo Antikapitalistek bere gain hartu zuten Enrique Cuesta Telefonicako Donostiako ordezkariaren hilketa bat leporatzen diote.
Joseba Azkarraga EAEko Justizia, Enplegu eta Gizarte sailburuak Jesus Cardenalen aurkako neurriak eskatu ditu. Espainiako Estatuko Fiskal Nagusi ohiak Batasunaren legez kanporatzeari buruzko txosten bat
«ezkutatu» zuen. Txostenak zioenez, ilegalizazioak ez zuen Sozialista Abertzaleak (SA) talde parlamentarioan eraginik izan behar. Azkarragak «ardura politiko eta judizialak» exijitu ditu.
Jean-Marie Cavada ûFrantziako Hegoalde-Mendebalde Handikoû UDFko hautagaiak begi onez ikusi du Herritarren Zerrenda (HZ) Frantzian onartzea. Eskualdeko hizkuntzak babestu behar direla dio, Bruselan euskaraz egiteak ez ei du zentzurik ordea.
Iñaki Uriaren auzia Eusko Legebiltzarrean
EAEko gobernua osatzen duen hirukoak Iñaki Uria Egunkaria SAko kontseilari ordezkaria eta Aranjuezen preso dagoenaren aldeko ez-legezko proposamena aurkeztuko du Eusko Legebiltzarraren osoko bilkuran, hil honetako 18an. Mozio honen bidez , hirukoak Iñakiren aurkako tratu bidegabea salatu nahi du, baita bere askapena eskatu ere. Dagoeneko, abokatuek hirugarren aldiz eskatu diote Del Olmo epaileari Uriaren askatasuna.
Otazuaren heriotza hizpide
Berria eta Gara egunkarietara bidalitako txosten eta agiri batean, ETAk zalantzan ipini du Javier Balza Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo sailburuak Arkaitz Otazuaren heriotzaz eman zuen bertsioa. ETAko militante hau iazko irailean hilik agertu zen Herrera mendatean, Ertzaintzaren aurkako segada bati ekin ostean. ETAk emandako azalpenak behin-behinekoak direla dio, heriotzaren modua erabat argituko luketen datuak ez direlako bere esku. Javier Balzak, berriz, atentatua «tranpa zikina» izan zela berretsi du.
Unibertsitate Legeari helegitea
Espainiako Gobernuak helegitea jarri dio EAEko Uniberstitate Legeari. Jaurlaritzako Angeles Iztueta Hezkuntza sailburuak PPk bezala jokatzea aurpegiratu dio PSOEri.
Euskararekiko jeltzaleen jarrera sarkastikoa
EHUko Javier Díaz Noci irakasleak gogor kritikatu ditu Ortuondo, Rubalcaba, Olabarria eta Anasagasti jeltzaleak. Díaz Nocik kargu politiko hauek euskararekiko duten jarrera, sarkastikotzat jo du El Pais egunkarian.
Frankismoaren prisioneroen aldeko omenaldia Igarin.
Datorren larunbatean, ekainaren 19an, Espainiako Gerra Zibilaren osteko (1939-1940) urteetan derrigorrezko lanak egitera behartu zituzten prisioneroak omenduak izango dira Bidankoze herrian; Igariko gainean zehazkiago. Omenaldia Memoriaren Bideak elkarteak antolatu du. Igari, Bidankoze eta Erronkariko errepideetan aritu ziren prisioneroen memorian hainbat hitzaldi emango dira eta eskultura bat paratuko dute. Ekitaldia hainbat erakundeen sostengua jaso du. NUPko Historia Garaikidearen Sailarena, Geronimo de Ustaritz Institutuarena eta Nafarroako Fusilatu eta Desagertuen Senideen elkartearena, besteak beste.
Ingumak ia 6.000 egile eta 23.000 dokumentu ditu jasota
Inguma datu baseak azken 30 urteotan unibertsitateko zientzia eta jakintza gaietan euskaraz ekoitzitakoari buruzko oinarrizko informazioa biltzen du. Duela lau urte hasi ziren lan horrekin eta 5.900 egileren lanak eta 23.000 dokumentu daude katalogatuta. Informazio horren bilketa egiteko erakunde garrantzitsuenekin egin dituzte hitzarmenak urte hauetan, hala nola, Euskal Herriko Unibertsitatearekin, Deustuko Unibertsitatearekin eta Euskaltzaindiarekin. Azken honekin egindako lanen emaitzak ezagutarazi berri dituzte. Azken pausoa UZEIren lanak biltzea izango da. Hortik aurrera eguneraketa lanak egingo dituzte.
Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresua
500 profesional inguru eta 250etik gora hedabide ari dira lanean euskarazko kazetaritzan. Orain arteko ibilbideaz jabetu eta aurrera begirako erronkei erantzuteko asmoz antolatu dute kongresua. Antolatzaileak hauek dira: EHU, Euskal Idazleen Elkartea, UEU, Topagunea eta Berria. Kongresuan, profesionalak, Administrazioa, irakasleak eta ikasleak bildu nahi dituzte. Egitaraua segidakoa da:
Azaroak 9: Euskararen Komunikazio Esparrua.
Azaroak 10: XXI. mendeko Kazetaritza.
Azaroak 11: Elkarlanaren beharra: sinergia bila.
Azaroak 12: Aurrera begira.
Laster jarriko dute martxan www.ehu.es/kongresua helbidea.
Herriko Etxe euskaldunen Eguna
Azkainen, ekainaren 19an, egun osoko egitaraua prestatu dute. Hona hemen 10:00etan egingo duten mahai-inguruaren berri: Hizkuntza gutxituen erabilera tokiko administrazioan izenburupean hizlari hauek bilduko dira:
- Azkaingo Herriko Etxearen izenean, Jean-Louis Laduche auzapeza.
- Consell de la Llengua Catalana (Ipar Kataluniatik): Enric Vilanova ûabokatua eta Pollestres herriko kontseilariaû eta Joan Lluis Lluis kazetaria, idazlea eta Terrats herriko kontseilaria.
- Ofis ar brezhoneg (Bretainatik): Léna Louarn (lehendakaria), Olier ar Mogn (zuzendaria).
- Alsaziar kultura eta hizkuntzaren hautetsien kontseilua: Gérard Cronenberger (Ingersheimeko auzapeza).
- Conselh Generau d'Aran (Arango haranetik) Júsep Lois Sans (Kultura eta irakaskuntza departamenduko arduraduna).
Turkiako telebista kurdueraz
Turkiako telebista publikoak lehen aldiz emititu berri du programa bat kurdueraz. Gure kultur aberastasuna izeneko ordu erdiko saioa eskaini zuten. Kurduak kexatu egin dira ordu erdiko saio hori oso gutxi delako, baina kurdu gehienak harritu egin ziren emanaldia eskaini zutelako.
IA ez dator bat Espainiako Gobernuarekin
Amnesty International (IA) erakundeko idazkari nagusia Irene Khanen aburuz, Espainian sistematikoki torturatu ez arren, torturekin amaitzeko neurriak hartu beharra eskatu dio Espainiako Gobernuari. Juan Fernando Lopez Aguilar Espainiako Justizia ministroak tortura salaketak %100ean gezurra direla erantzun dio IAko idazkari nagusiari. Honek, berriz, auzitegiek hainbat alditan torturen kasuak egiaztatu dituztela berretsi dio ministroari, baita torturak frogatzen dituzten mediku agiriak ere badaudela esan ere. Halaber, NBEk eta Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Batzordeak tortura salaketak ongi dokumentatuak bidali dizkiotela Espainiako Gobernuari gogorarazi dio Irene Khanek. TATek eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak gogor gaitzetsi dute Lopez Aguilar Espainiako justizia ministroa.
Xabier Letona
Europako hauteskundeei adio esatearekin batera emango zaie agurra EAEko datorren urteko hauteskunde autonomikoei; Ibarretxe planaren eztabaidarekin, uda ondoren bete-betean murgilduko gara haietan. Inoiz gogoan izandakoek ere laster ahantzi dituzte Europako eskuina garaile atera den hauteskunde hits hauek. Bake mahaien aukera dator orain euskal politikagintzan, Elkarriren eskutik orain, Nazio Eztabaidagunearekin uztailaren hasieran.
guztia irakurri