Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-06-20 -- 1949.zenb

Nekane San Miguel


Duela egun gutxi, judutarrek Palestinan ezarritako estatu ministro bati, bere kideek palestinarrekiko agertzen zuten hainbat jarrerek, naziek judutarren kontra egindakoak ekarri zizkioten burura. Gogoan zituen, umetan ikusi eta jasandakoak, Alemaniako soldaduek ume eta emakumeenganako erakusten zuten bidegabekeria, eta azken egun hauetan Gaza, Ramalah eta inguruetan Israelek egin eta eragindako astakeriek hirurogei urte atzeragokoak berriz ere minez ekarri zizkioten burura eta ezin omen zuen sinetsi halakorik lehen antzekoak sufritutako inork egin zezakeenik, eta sinistu beharrean, ezin zuen onartu. Burura etorri zitzaiona ahotsera ekarri zuenean, ozenki azalduz, hots hori isiltzen saiatu ziren bere herrikide eta agintariak, halako "konparazioak" iraintzat hartuz.

Arrasaten ûjaio nintzen herrianû bada eraikin bat ûbeste batzuen artean, noskiû berezia bihurtu zaidana. Honen aurretik makina bat bider, eta lasai asko igarotzen ginen sasoi batzuetan, ezin zitzaigun burutik pasa ere han barruan, zementuzko pareta haien artean, isolamendu krudelean, gizon bat zegoenik, itxaropen alerik gabe, heriotzaren zain. Joan zen astean, lagun batzuekin handik pasatzerakoan, benetan zirraragarri egin zitzaizkidan irudiez mintzatzen hasi nintzaien ûOrtega Larak eraikuntza horretatik ateratzean zuen itxura eta Auschwitz-etik irteten erakutsi zitzaizkigun pertsonen itxura oso pareko ikusi nituen nik etaû eta orduan eragindako harridura handiagoa ûahal balitzû egin zait, istorio haren aurrean agertu zaizkidan jarreren azalpenak entzunda. Behin eta berriz, herri honetako batek baino gehiagok espetxetako funtzionario batek halakorik merezi duela esan dit, hotz hotzean, eurek ere presoak nola tratatzen dituzten ikusita. Nire erantzuna beti berdina da ûorain arte alferrikû: "Edozein presorekin ezin litzatekeela halako jarrerarik izan, baina hemen berarekin berdina egin zela. Hemengoenganako arbuiatzen dena, pertsona ere den horrentzat goraipatzea ez dela gizalegezkoa". "Ez don ba, konparauko!" ûbehin eta berriz jasotako erantzunaû. Hala, hainbatentzat pertsona baino lehen, etsai ala lagun aukeratu. Gero, gerokoak.

Egun hauetan, hainbat paretetan, "ez gaituzte isilduko" idatzirik, hamaika paskin ikusi ditut. Ez egin dudarik ahotsa eta ordezkaritza izateko eskubidea ezin dela hala ukatu, baina horrekin batera, eta paskin horiek ezartzean, motibo berarekin beste batzuk lehentxeago jarritako afixak lurrera botatzen ere ikusi ditut, ahotsa errebindikatzen duten horiek berak, nahiz eta paskin txiki horiek ezartzeko lekua sobera izan, ondoan, harantzago, bertago. Gure ahotsa beste guztien gainetik jarri beharrean edo gurea altxatzeko besteena isiltzea baino beste biderik ez ote?

Iraken gerla dela eta ateratako argazkiek harrotu duten hautsari buruz, zer esan? Salbuespena balitz! Gerra guztietako eguneroko ogia ez balitz! Guantanamo ez balego edo «Itziarren semea» egon zeneko eraikuntzak atzo arte zutik ez balu iraun eta kilometro batzuetara Zarauzko kuartelak ematen zuen aukera berbera emateko moduko lege, egoera, baldintza eta abar luze bat egunero landuko ez balitz! Beste alde batera begiratzen dugun bitartean, gureek halakorik ez baitute egiten.

Baina guztiok ukatu eta gorde ezinak direnean, orduan salbuespena dela agertzeko ahaleginetan galtzen gara. Azken batean, salbuespena beti salbuespen, ohikoa, berriz, beti bere lekuan. Guretarikoek ezin dute halakorik egin. Ez dute egiten eta inork halakorik esaten badu, gure etsaia delako da; eta begi bistan geratzen denean, salbuespena. Eta salbuespena ohiko agertzen denean, hartarako arrazoiak azaltzen enplegatzen dugu indarra, ahalmena, burua...

Israelgo ordezkari horrek urte luzeak behar izan ditu Palestinako ama ahalmen gabeak eta errugabeak, eraileak ez direla konturatu arte; Munich edo Berlinen orain hirurogei urte bekokian izarra eramatera behartuak zirenak modu modukoak direla onartu arte. Bera, palestinar umeen negarrek, eta amen garrasi eta etsipenak eraman omen dute parekotasun horretaz jabetzera eta bidegabekeriez ohartzera. Handik kanpoko askorentzat aspaldiko urteetan nabarmena izan arren.

Inma Errea

Iruñeko letxugak. Inoiz esan dute Nafarroan ez dagoela bazterrik haize errota moderno horiek ikusi gabe egoteko modukorik.

Hautematea puztua dirudien arren, errealitatetik gertu dago. Euskal Herriko beste lurretara zabaldu omen da izurritea. Gure garaian, ingurumena negozio onak egiteko aitzakia bilakatuta, zenbaitek modu bitxian ulertzen dute ekologia.

Iruñean, esaterako, pasealeku eder bat egiten ari dira, Arga ibaiaren bazterretan barna, Europako funtsekin lagunduta. Proiektu polita, ingurumena zaintzea helburu izaki hiritarren artean zein talde politikoetan adostasun zabala bildu duen asmoa, gainera. Aurreko egunean, ordea, zerbait harrigarri kontatu zidaten. Pasealekua osatzeko, lurrak erosten ari omen dira, zein eta betidanik Arga ibaiaren ertzetan jardun ezin ekologikoago batean erabili dituzten lurrak, baratze-lurrak, alegia. Baratze tradizionalak desagertzeko arriskuan egon daitezkeela, kontraesanaren pitzadura amildegi bihurtzen da ortu horien artean nekazaritza biologikoa praktikatzen duten zenbait direla ohartu ahala. Baratze horiek kentzera, pikutara igorriko lituzkete, ingurumenaren izenean, betidanik Iruñeko ingurumenaren parte funtsezkoa izan diren baratzeak. Hori guztia, noiz eta Europako zein Iparramerikako hiri handi anitzetan hiri-baratzeen aldeko ekimenak ugaltzen ari diren garaian!

Eraikuntza nazionala. Azkenotan ez dago Nafarroan biderik eraikuntza lanen bat ikusi gabe ibiltzeko modukorik.

Ez dakit eraikuntza nazionalaren kontzeptuari tinko heldu dioten hormigoiaren sektorekoek Nafarroan, baina, nonahi ikusten dira kultura-guneak, merkataritza eta aisiako eremu erraldoiak eta etxeak ûbatik bat, etxeakû eraikitzeko obrak. Etxebizitzen parkea izugarri handitzen ari da Nafarroan, eta bada nor laster nafarroi orori etxebizitza bana egokituko zaigula dioenik. Erran gabe doa, irudipena zentzu estatistikoan hartu behar da, hots, nik bi oilasko irentsita eta zuk bat ere jan gabe biok ala biok oilasko bana jan dugula kalkulatzen duen eragiketa bitxi horri helduta. Eraikuntzak tokia jan dio laborantzari Nafarroan, eta garai batean garia hazten zen tokietan orain txaletak, luxuzko pisuak eta akosatuak altxatzen dira. Modernitateak agindu bezala, eraikin batzuk ekologikoak dira. Badakit fenomenoa ez dela nafarron esklusiba, baina Iruñerrian barnako ibilbidetxo bat baino ez da egin behar, Foru Erkidegoan joera eraikitzaileak duen indarra ohiz bestekoa dela antzemateko. Egia izanen da, mihi aierukorrek dioten bezala, grina eraikitzaileak Nafarroako fiskaltasun bereziak lur hauetaraino erakartzen omen dituen aberatsen beharrak betetzen dituela?

Jan eta jan. Baina neurriz, betiere. Jende potoloa, lodia, jende gizena, ederra, anitz omen da, gara, munduaren parte honetan. Gero eta lodiago, gainera. Eta agintariak kezkaturik daude. Eta gehiegizko pisua dugunok kezkatzen hasi beharko genuke, agintarien kezka ikusitakoan. Ez baita ezer artegagarriagorik agintedunek gure bizitzako alor denak kontrolatzeko gogoa baino. Ez da desiragarria, ezta erraza ere, potolotasunaz harro egotea, baina gehiegikeria deritzot, Frantziako ikastetxeetan egin nahi duten antzera, haurrek hamaiketakorik jan behar duten kontrolatu nahi izateari. Gehiegikeria baita, abusua, produktu gizengarrien kontsumoa neurri gabe bultzatzen hasi eta jendearen jan-neurrietan dekretu bidez eskua sartzen bukatzea. Frantzian mantelinekin eta tangekin nola, hala jokatzen gustura dabiltza hainbat agintari ûfrantziar zein ezû baina ez zait iruditzen halakoek arazoei neurria hartzen dakitenik.

Ni Iruñeko barazkiak jaten segitu ahal izatearekin konformatzen naiz, baina ez dakit plazer hori ere ez ote diguten kenduko, Argaren ur-bazterretan diseinuzko eraikinen bat ez ote den haziko, letxugen lekuan.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan