Astekaria

 Azkena 

Erlijio(ar)ekin bueltaka

Iñaki Mendiguren

Iñaki Mendiguren


1948. alea
2004-06-13
alde 0    kontra 0

Albistegien aurrean sarri gogoratzen naiz Hans Küng-en postulatu hauetaz: «Ez dago bizirik irauterik mundu mailako etikarik gabe. Ez da bakerik izango nazioen artean, erlijioen arteko bakerik gabe; ezta erlijioen arteko bakerik ere, berauen arteko elkarrizketarik gabe; eta ezin elkarrizketa hori sortu, erlijio horien oinarriak aztertu gabe". Izan ere, zorabioa sortzen du munduaren egoerak. Gu ondo bizi gara, bai, baina beste gehienak ez, eta horrela oso oinarri hauskorra du gure ongizateak.

Mendebaldeko Europaren salbuespenarekin, erlijioek bizitasun harrigarria dute munduan zehar. Egia esan, bi aurpegiko txanponak dira erlijioak: batetik, beren baitan itxi eta uniformetasun ekonomiko eta kulturalaren aurrean identitate-elementu bihurtu dira herri edo gizarte askotan: beren berezitasunaren, historiaren, oroimenaren... parte, alegia. Errebindikapen nazionalista edo etniko askok dute erlijio baten abala. Eta horrelakoetan erraz hartzen dute integrismoaren forma, fanatismo bortitz eta muturrekoetara joz. Erlijioen manipulazioa oso hedatua dago: adibide garbia da fundamentalismo kristauak Bushen gobernuan duen indarra eta presentzia.

Bestetik, erlijioek badute eginkizun unibertsal baten kontzientzia, zabaldu eta sufritzen duen gizadiaren alde jokatzeko gaitasuna. Pentsa, adibidez, judaismoaren, kristautasunaren eta Islamaren arteko elkarrizketa, oinarri sendo batzuen gainean lorturiko adostasuna, zein mesedegarria litzatekeen hainbat gatazka ûPalestina-Israel artekoa, Balkanetakoa, Sudangoa...û bideratzeko eta, oro har, Mendebalde "kristauaren" eta herrialde musulmanen arteko bizikidetzarako. Islamaren eta hinduismoaren arteko elkarrizketa ere onuragarria litzateke India eta Pakistanen arteko tirabirak leuntzeko.

Euskal arazoak ez du erlijio-oinarririk, baina ezin gara geure zilborrari bakarrik begira egon. Eta alde horretatik, ez dakit oso jarrera orekatua eta "normalizatua" dugun erlijioarekiko. Batetik, antiklerikalismo bizia sumatzen da, oso ulergarria gainera. Eta bestetik, mespretxua ez bada, axolagabekeria eta ezjakintasun izugarria daude hedatuta...

Zer dakite gure irakasleek, kazetariek, politikariek... gero eta hurbilago ditugun beste erlijio horiez? Erabilitako terminologiak berak salatzen ditu hutsuneak. Frantzian nabarmenak dira judu-kristau-musulmanen arteko elkarbizitza-arazoak, baina Euskal Herrian ere gero eta musulman gehiago dago eskoletan eta gizartean: zer ikasten dute gure eskola-umeek Islamaz, gero eta errazago aurkitzen badute ere hori praktikatzen duenen bat ikastetxean?

Misterio ulergaitza da niretzat zenbat arrosario eta meza ematen den gure komunikabideetan euskaraz ûbaina ez gaztelaniaz!û eta aldi berean zein gutxitan izaten diren erlijioak eztabaida-gai edota albiste-gai komunikabide horietan. Nahiago nituzke beste planteamendu batzuk: gogoeta ûHemen aldizkaria sortu berriak hasi duen bidetikû, eztabaida patxadatsua, etab.

Hasierara itzuliz, "egungo egoera erlijiosoari" buruzko proiektu global batean ari da lanean Hans Küng, hasteko Ekialde Hurbilean sortutako hiru erlijio profetikoetara mugatuta. Dagoeneko argitara emanak ditu El judaísmo eta El cristianismo (frantsesez ere bai: Editions du Seuil); liburu ederrak dira inondik ere, kultur erudizio aberatsez ûteologiaz, historiaz, soziologiaz, politikaz...û ondutako material argi eta praktikoa. Eragozpen bakarra, bien artean 1.700 orrialde inguru direla; baina, aupa!, oporrak gainean dira eta.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1947
 
azala1946

1948 zenbakia.
2004ko ekainaren 13a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza