Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-13 11:38:44
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2004-06-13 -- 1948.zenb

Ainara Gurrutxaga

Manuel Hidalgoren 'La guerra del sofa' liburuan oinarritu du Maskaradak A ze parea! antzezlan berria. Bikotekideen etxeko liskarrak dira protagonista maiatzaren 8an, Pasaian, estreinatu zuen komedian.
guztia irakurri

Pilar Iparragirre

Alizia
haurrentzat
Lewis Carroll
Pamiela
86 orrialde
7,70 euro

Manu Lopezek euskaratua

Manu Lopez Gasaniri esker genituen euskaraz Lewis Carrollen lan nagusiak û1865ean kaleratu zuen Aliceren abenturak lurralde miresgarrian eta 1872an argitaratutako Ispiluan barrena (eta Alicek han aurkitu zuena)û. Oraingoan, berriz, Lewis Carrollek bere garaian 0-5 urteko haurrentzat prestatu zuen Aliceren abenturak... liburu ospetsuaren egokitzapena euskaratu du, Alizia haurrentzat izenburuarekin, baina bere bertsio honi egungo 5-10 urte bitarteko haurrentzat irizten dio egokia. XIX. mende bukaerako argitalpenak zeramatzan irudiak agertzen dira Pamiela argitaletxeak kaleratutako liburuan ere, hau da, John Tenniel margolariak Aliceren abenturak... liburutik hartu eta haurrentzako zenarentzat handitu eta koloreztatu zituenak.

Hamaika zientzialari
iraultzaile
Poincaré Zientzia Taldea
Gaiak
296 orrialde
18 euro

Arkimedesetik Francis Crick / James Watsoneraino

Gaiak argitaletxeak plazaratutako liburu honetan Fisikan, Kimikan, Matematikan, Biologian, Psikoanalisian zein Bioteknologia eta Genetikan pentsamendu garaikidean mugarri diren hamaika zientzialarik landutako gaiak eta bakoitzaren oinarrizko pentsamendua ahalik eta erarik labur eta errazenean daude jasorik. Hain zuzen ere, Arkimedes, Galileo Galilei, Isaac Newton, Antoine Lavoisier, Michel Faraday, Charles Darwin, Jules Henri Poincaré, Sigmund Freud, Marie Curie, Alberts Einstein, eta Francis Crick/James Watson zientzialariena. Kasu honetan, ordea, informazio horren guztiaren berri ematen digutenak zientziaren alorrean buru-belarri lanean ari diren beste zientzialari batzuk dira.

Ez esan inori
Ana G. Lartitegui
Ibaizabal
54 orrialde
7,45 euro

Bost urtetik aurrerakoentzat

Ana G. Lartiteguik idatzitako istorio honetako protagonistek isilik egoten jakin izan balute, beste era batera joango ziren gauzak, baina gauza da Koldo Patrikaxek parkeko pinu handienaren alboan bitxiak iruditu zitzaizkion harri batzuk aurkitu zituenean, Mariburutazio agertu zitzaiola eta zer edo zer esan ziola, inori ez esatekotan ordea. Hori egiteko asmo sendoa zeukan Koldok, baina gero beste lagun batekin aurkitu zen eta isilekoa kontatu egin zion, eta handik aurrera herriko haur guztiak batak besteari ondo gorde beharreko zera kontatzen hasi ziren eta pinu gaixoaren sustraiek eta bertan bizi zen iratxoak jasan behar izan zuten umeen diskrezio falta hura. Bost urtetik aurrerako irakuleei zuzendua dago Ana G. Lartiteguiren kontakizun polit hau.

Txio eta Mu Ezkutaketan, Hegan
Marjolijn Hof, Frances Smit
Ibaizabal
14 orrialde
4,40 euro

Jolasten ikasteko liburua

Ibaizabal argitaletxeak etxeko txikienei begira plazaratutako Txio eta Mu bildumaren beste bi kontakizun daude ertzik gabeko liburuxka honetan bilduak. Ezkutaketan izenburua duen istoriotxoan, hain zuzen ere horretara ari dira jolasten txori txikia eta behia. Gorputzez eta izatez oso desberdinak izan arren, lagun handiak baitira biak, eta beti elkarrekin dabiltza jolasten eta ikasten. Ezkutaketan jolasten hasi, eta berehala aspertzen da Mu, txori txikia ezin duelako inolaz ere aurkitu, eta Txiok segituan aurkitzen duelako bera! Hegan deitzen den kontakizunean, berriz, txoritxoak ahalegin guztiak egingo ditu behiari hegan egiten irakasten. Berarentzat oso erraza da, eta nola egin behar duen esaten dio Muri. Behia saiatu saiatzen da besteak esana egiten, baina ezin bada hegan egin!

Aitona, ez dakizu ipuinak kontatzen
Seve Calleja
Desclée De Brouwer
64 orrialde
5,50 euro

Martin txikia eta bere aitonaren ipuinak

Seve Callejak hamar urtetik aurrerako irakurleentzat sortutako kontakizun samur hau Lurdes Auzmendik euskaratua eta Aranzazu Callejak marraztua izan da. Hazten ari da Martin eta helduen zenbait gauza hobeto ulertzen ditu bere arreba txikiak baino, eta saiatzen da mutikoa neskatoari laguntzen. Badute elkarren arteko haserrerik ere, baina, aitonaren ipuinak direla-eta oso haserre dabiltza, adibidez, Martinek aitonak ez dakiela ipuinak kontatzen uste baitu, arrebak izugarri gustuko dituen bitartean. Orduak pasatzen dituzte anai-arrebok gurasoek kontatzen dizkieten ipuinak entzuten, eta are gehiago amonarenak, baina aitonarenak bestelakoak dira, eta Martinek ez ditu gustuko.

Gipuzkoako eliz ataurreak
M. Isabel Astiazarain
Gipuzkoako Foru Aldundia
120 or. / 10 euro

Eliz ataurreak eraikitzea ahalbidetu zuten arrazoiak

Ezkontzaren zeremonia ospatzeko leku, garbitzapen, bedeinkazio eta harrera leku, eta bataioa zein hileta errituei lotutako gune izandako eliz ataurreak nola prestatu eta garatu ziren Gipuzkoan azaltzen du Maria Isabel Astiazarain Achabalek, Jonathan Bernalen argazkiak lagun, Gipuzkoako Foru Aldundiak kaleratzen duen Bertan saileko 21. zenbakia: gizarte leku garrantzitsu izandako eliz ataurreak eraikitzea ahalbidetu zuten politika, ekonomia, gizarte eta elkarbizitza arrazoiak, besteak beste.

Mendekuaren graziaz
Karlos Linazasoro
Orain
147 orrialde

Beltz ukitu nabarmeneko zazpi narrazio labur

Gazte eta helduentzat idatzitako zazpi ipuin eskaintzen ditu Karlos Linazasorok Mendekuaren graziaz izenburuko liburuan. Genero beltzeko ezaugarriak dauzkate, eta baita idazle tolosarrak hain ondo erabiltzen duen umore puntua ere. Istorio hauetan guztietan, norbaitek irain edo kalte larri bat ordainarazten dio beste norbaiti, izan daiteke bere aita, bizitza guztiz zapuztu dion senarra edo bere garaian lagun urkoa izandakoa, berdin dio. Karlos Linazasoro ahalegindu da irakurlea mendekua egiten duen horren alde jar dadin, eta ez biktimaren alde, mendekua egiten duenak egiten duena egiteko arrazoi aski indartsuak eta soberakoak dituela azalduz. Eta hain zuzen ere, horregatik saiatuko dira bere pertsonaiak hilketa perfektuak burutzen, gorroto ase ezinak eragindako ekintzak ondo mamitu eta betetzen, edo harrapatu duten piztiari ahalik eta polizia galdeketa zorrotzenean amua irentsarazten. Bukaera, berriz, irekia utzi die istorioei, irakurleak nahi duena hauta dezan. Ipuin hauetako pare bat-edo, lehendik argitaratuak zituen Karlos Linazasorok, Ignacio Aldekoa saria irabazi zuen Punta Araucaria, adibidez.

Pilar Iparragirre

'Mendekuaren graziaz' liburuaz

Zer azpimarratuko zenuke zure azken liburuaz?
Azala. Eta eskerrak eman nahiko nizkioke Iturriri egin duen lanagatik, azalean islatzen duelako halako patxada japoniar bat, haiku edo poema liburu batentzat oso propioa dena, eta liburu barruan irakurleak aurkituko duenarekin zerikusi handirik ez daukana. Hor badago halako joko bat, sorpresarako bide ematen duena; oso iradokitzailea iruditzen zait eta, batez ere, oso sotila.

Zergatik ematen diozu halako garrantzia sotiltasunari?
Beno, nire ipuinok mendekuak dira denak, baina saiatu naiz oso sotilak egiten. Biderik errazena bortxakeria edo indarkeria da, eta nire mendeku hauetan justu kontrakoa dago, horretan saiatu naiz behintzat. Mendeku bat badagoela ere ez da iradokitzen, eta horregatik ipuinetako bukaera guztiak nolabait irekiak gelditzen dira. Nahiko arrasto ematen dira, iradokitzen da zer gertatu den, baina narratzaileak ez du sekula istorioa borobiltzen. Uste dut azkenean irakurleak eman behar diola bukaera ipuinari.

Zer dela eta aukeratu duzu mendekua gaitzat?
Mendekuen kontuaz Genesian esaten da, testualki: «Gizon baten odola gizonarengan mendekatuko dut. Gizakiaren odola isurtzen duenak, harena ere isuria izango da, ezen Jainkoaren irudirat izan baitzen egina gizakia». Mendekua, nire ustez, nahiko lasai justifikatzen dugu. Askotan sentitzen dugu mendekua egiteko gogoa. Jakina, mendeku literarioa beste gauza bat da, eta azkenean liburu honek genero beltz edo poliziakoaren ezaugarriak dauzka: intriga eta egiantzekotasuna.

Pilar Iparragirre

Noiz ekin zenion idazteari?
Nahiko berandu. 23-24 urterekin. Zerbait kontatu beharra sentitu nuen eta ipuinak idazten hasi nintzen. Nire herrian eta ingurukoetan antolatutako literatur lehiaketetara aurkeztu eta batzuek irabazi nituen ûbeste batzuek ezû eta orduan hasi nintzen pentsatzen ea merezi zuen idazten nuenak. Izan ere, lehiaketek hori dute: irabazi arren, ez dakizu irabazi duzun benetan onena zinelako eta ipuin ona egin duzulako, edo besteak txarrak zirelako. Beraz, Xabier Mendiguren editoreari bidali nizkion ipuin batzuk, eta berak esan zidan baietz, merezi zutela, eta horrela sartu nintzen mundu honetan eta etorri ziren Igartza sariak eta horiek.

Libururik kaleratu al zenuen ipuin haiekin?
Ez. Elkarrekoek argitaratzeko aukera eman zidatenean, bat-batean Igartza saria irten zen, eta pentsatu nuen: ipuinen aukera badaukat, noa nobela bat idaztera. Eta aurretik oso ipuin gutxi idatzita ûdozenara ere ez ziren heltzen ordura arte idatzitakoakû, nobelarekin hasi nintzen buru-belarri. Eta beno, Connemara gure bihotzetanek bere bidea egin du lau urteotan, ez dakit zenbat edizio azaldu diren, hamaika edo hamabi, eta ale pilo bat saldu dira, batez ere institutuetan-eta sartu delako liburua. Harrera ikaragarria izan du, nik espero ez nuena.

Nobela hori dibertimendua dela esan al daiteke?
Bai.

Narrazio nagusiarekin zuzenean loturarik ez duten ipuin eta argazki batzuk tartekatu dituzu bertan. Horren arrazoia?
Euren artean badute haritxo bat, batzuetan hobeto ikusten dena eta beste batzuetan ez hain ondo. Kontua liburu hori idazten hasi nintzenean, bada, idazle berri guztiak bezala gogo eta asmo handiak nituela, egundoko liburua egin nahi nuen. Hori da idazle hasi berriaren errua-edo. Handinahia. Hain gauza handia egin nahi duzuà Azkenean zerbait ateratzen da. Agian ez nuen zertan sartu ipuin horiek, agian gaur egun ez nituen ipiniko edo aparte argitaratuko nituzke, baina horrela irten zen.

Euskal Herrian eta Irlandan gertatzen da nobela. Egona zinen Irlandan narrazioa idazten hasi aurretik?
Urte pare bat lehenago izan nintzen, eta nobelan agertzen diren leku eta aterpetxeetan. Narrazioko aterpetxe horietan gertatzen diren zenbait gauza benetakoak dira, eta pertsonaietako batzuk ere bai. Esate baterako, Rocio ezagutu nuen.

Bikote protagonista ere benetakoa al da?
Ez. Liburu gehienak kezkaren batetik sortzen dira, eta nik ere banuen kezka bat. Azken batean, zer da engainua? Horixe galdetzen nion neure buruari, eta sortu nituen pertsonaia bi, bata bestearengandik guztiz muturrean daudenak. Neskak dio bere buruaren bila doala Irlandara, baina ez da egia, egiaz nahi duena gustuko ez duen errealitate batetik ihes egitea da, eta jakina, itzultzen denean errealitate hori topatuko du berriro. Mutila, berriz, zera dabil esaka: gu biok bat gara, gure bihotzak bat dira ûhorregatik da Connemara gure bihotzetan eta ez gure bihotzean, ze neskak irabazten du; bihotz bi dira, eta ez bihotz batû. Engainu mota ezberdinei buruzko liburua da hori, azkenean: neskak mutilari, mutilak neskari, mutilak bere buruarià Denek engainatzen diote elkarri, inork ez du inor ondo ezagutzen.

Oso liburu ironikoa da. Horrelako pertsona asko al daude gure inguruan?
Baietz uste dut. Hor kontatzen den egoera oso puztua dago, baina nork ez du izan inoiz horrelako kezka txikiren bat: adibidez, beste neska edo mutil batez pentsatu dut, momentu horretan nire neska edo mutila engainatzen ari naiz? Uste dut gai unibertsala dela, denoi gerta dakigukeela.

æHan goitik itsasoa ikustenÆ da zure bigarren nobelan, 1936ko Gerra, euskal haurrak deserriratu behar izan zirenekoa, II. Mundu Gerraà agertzen dira. Ukitu ameslaria errealitate gordin horiei izkin egiteko era bezala erabili al duzu?
Modu samurrean begiratu nahi izan nituen. Adibidez, gerrako umeak Habana itsasontzira igo zirenekoa. Istorio ezaguna da, mila bederatziehun eta ez dakit zein urtetan eta ez dakit zein egunetan Santurtzin 1.400 ume Habana barkura igo eta joan zirenà Hori datu historikoa da, eta oso erraza da modu dramatikoan kontatzea, irakurleak negar egin dezan. Baina istoriorik gogorrena ere konta daiteke irribarre batekin, eta horixe egiten saiatu naiz ni.

Nola laburbilduko zenuke nobelaren mamia?
Liburuak hari asko ditu. Hor badago Euskal Herriko mutiko bat zenbait arrazoiengatik Italiara doana bere idoloa den ûzenbait arrazoiengatik idoloa ereû Gino Bartali ezagutzera. Haren herrira doa, eta han Gino Bartaliren inguruan ezagutzen du pertsonaia koadrila bat, ez Gino baina handiagoak ûez da nire asmoa izan jende txikia Gino baino handiago agertzeaû baina bai Ginoren parekoak. Hau da, mitoa goian dago, jende xumea behean; bada, nire asmoa jende xumea idoloaren mailara eramatea izan da. Horregatik euskaldun gazte horrek iraultza txiki bat topatzen du Ponte a Ema herrian, Mussoliniren gobernuaren aurka. Era xumean egindako iraultza da, eta pertsonaia horietako bakoitzak bere moduan egiten du.

Garrantzi handia ematen diozu ziklismoaren gaiari. Zergatik?
Berez hortik sortu zen istorioa. Ni ziklismo zalea naiz, eta baneukan Gino Bartaliren berri. Baina hasi nintzen bere gainean pixka bat ikertzen eta bat-batean ohartu nintzen hor bazegoela datu inportante bat orain arte ezaguna ez zena: gerra zela-eta karrerarik gabeko urteetan Gino Bartali ibilia zela dokumentu faltsifikatuak bizikletako tubularretan eta koadroan sartu eta juduak ezkutaturik zeuzkaten monasterio batzuetara joaten, judu haientzat identitate faltsuak eramatera. Modu horretan 800 judu askatu omen ziren. Nolanahi ere, ziklismoa agertzen da hasieratik Gino Bartali ziklista zelako, eta gainera ziklismoak baduelako epika bat bizitzak berak ere badaukana, edo alderantziz. Normalean ez dugu epika hori ikusten, bizitza gertaeren errepikapen huts bat da guretzat: egunero lanera joatea, gero lotara, ondoren ez dakit zerà. Baina bizitzak badu epika handi bat. Eta jendeak baditu gauzak kontatzeko, asko. Eta nik pixka bat hori aldarrikatu nahi nuen nobela honetan.

Zer esan nahi duzu, bizitzan batzuek irabazi egiten dutela, baina beste askok egindako gauza txikiengatik suertatzen direla irabazle?
Bai. Ziklismoan horrela da: batek irabazten du, normalean liderrak, baina taldekide guztiek beretzako egin behar dute lan. Eta inor ez da gero akordatzen eurekin, baina ziklista leader bat ez da inor bere inguruan beste zortzi ziklista ez baditu berari laguntzen, ura eramaten, aldapa gogorretan bere ondoan egoten, eta gurpila zulatzen badu bere bizikleta uztenà

Nobela hau jende xeheari egiten diozun omenaldia al da?
Hala da.

Zer dela-eta Han goitik itsasoa ikusten da izenburua?
Mendira noanean, batzuetan bailaretan lainoa sartuta ikusten dut eta itsasoa ematen du, nik behintzat itsasoa balitz bezala bizitzen dut egoera hori. Hau azalpen praktikoa da, baina azalpen poetikoa ere badu horrek, hau da, pertsona bakoitzak, baita xumeenak ere, baduela bizitzan bere gailurra. Emakume batentzat ama izatea izan daiteke; beste batentzat, gustatzen zaion pertsona ezagutu duela. Horietan sentitzen den klimax hori da gailurra; eta hortik ikusten duzun zoriona itsasoa izan daiteke. Eta gailur hori denok daukagu, baita baztertuenak ere.

Hasier Etxeberria / David De Jorge



Osagaiak

Tipulin bat, txiki-txiki egina
Porru bat, txiki-txiki egina
Letxuga bat, garbia eta puskatua
Ilar izoztuak, 650 gr
Gurin puska bat
Oliba olio birjina, 4 koilarakada
1Æ25 litro ur
Haragi eta barazki salda, pastilla bat
Filadelfia gazta, 6 koilarakada
Belarren ernamuin edo begiak, uretan garbituak eta xukatuak (perrexila, apoperrexila, mingarratza eta albahaka; gehienbat albahaka egotea da garrantzitsua)
Gatza

Kazola zabal batean gurina eta 2 koilarakada olio jarriko ditugu, eta su motelean berotu dadila. Gero tipulina, porrua eta uraza edo letxuga gehitu eta frijitu daitezela 5 bat minutuz, baina gorritu gabe. Ur beroa eta salda pastilla erantsiko ditugu gero. Gazitu. Orduan ilar izoztuak gehituko ditugu eta beste 5 minutuz utziko ditugu irakiten, borbor handian. Dena iragazkitik pasarazi eta salda bereiziko dugu egositako barazkietatik. Aparte, bada, hoztu dadila dena hozkailuan. Ongi hoztutakoan, barazkia irabiagailu baten basoan sartu eta indar bete-betean txikitu, pixkana-pixkana salda hotza gehitzen dugun bitartean. Belar freskoak ere gehituko ditugu, baita gazta eta gelditzen den gainerako olioa ere. Gatzik behar badu, eman. Zopa sobera lodia ateratzen bada, izotz koxkor batzuk gehitu eta irabiatu, zopa mehetzeko eta are gehiago hozteko.
Zopa fin-fina gelditzea nahi badugu, iragazkitik pasaraziko dugu. Zopa-ontzian zerbitzatu dugu, edo katiluetan zuzenean. Koilarakada bat jogurt naturalen gainean jarrita, ezin ahaztuzko platera da.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan