Joxe Iriarte 'Bikila'
Europako parlamenturako hauteskundeak nahiko bereziak izango dira. Alde batetik, 25 herrialdera hedaturiko batasunaren estreinakoak izango dira; bestetik, handik bost egunera burutuko den Europako gailurrean, baliteke jauntxoek eta adituek soil-soilik osaturiko konbentzioak idatziriko konstituzio dekretua ûbatzuek oso modu engainagarrian benetako konstituziotzat aurkezten dutenaû onartzea. Eta hori gutxi balitz, gurean, Espainiako Estatuan indarrean dagoen Alderdien Legearen eraginez HZk ezin izango du bere kandidatura aurkeztu. Beraz, badugu zer aztertu.
Europako Batasunak (EB) ûegitasmo inperialista denezû lehenengo zutarriak jartzen hasi zenetik Hirugarren Munduarekiko hesiak altxatzeari ekin zion bere pribilegioak legez zein poliziaz gotortuz, Schengeneko akordioa horren isla izanik: inperialista eta kapitalista. Kanpora begirako hesiak, eta lubaki geroz eta sakonagoak barrurantz, bai Europako herrialde aberatsen eta pobreen artean zein herrialde bakoitzean. Milioiak baitira "gurean" pobrezia eta miseria gorrian bizi direnak eta urtero kopurua hazten doa. Hori dena gordindu egingo da 25 herrialdeko Europan. Izan ere, kapitalen zirkulazio libreak ahalmen handia ematen baitie multinazionalei soldatak merkatzeko, zergak jaisteko, baliabideak pribatizatzeko... batez ere, ezkerra, sindikatuak eta mugimendua sozialak ahulak diren tokietan. Ekialdeko herrialde gehienetan baldintza horiek betetzen dira. Eta horrela, bi abiada ez ezik, bi gizarte mota desberdin sortuko dira Europa berean.
Konstituzio guztiak egoeraren seme-alabak dira. Horregatik dira, zenbat ikuspuntutik hartuta, hain aurrerakoiak eta erradikalak AEBetako eta Frantziako konstituzioak, eta hain txepela Espainakoa. Neoliberalismo gordinaren garaiaren isla garbia da Europakoa, horretara ere ez da heltzen eta. Hasteko, Mundu Gerraren ajeaz, hondamendia ekiditeko asmoz jaiotako EBk, berriro, izugarrizko bultzada ematen dio militarismoari eta gerra prestakuntzari. Ez du aintzakotzat hartzen egun bere buruaren jabe diren zenbait estatuk independentziara heltzeko erabili zuten autodeterminazio eskubidea ere, eta oso tamalgarria da estatu gabeko herrien hizkuntzarekiko joera. Bere legedi soziala estatuek dituztenaren azpitik dagoela ûAlain Lamassoure-ren "ez dugu lege sozialik behar, ekonomikoki ondo funtzionatzea baizik" hitzak oso esanguratsuak diraû. Alabaina, oso ondo lotzen ditu ûbatez ere hirugarren ataleanû jabego pribatuaren eta oro har merkatu librearen legediak. Estatu aurreratuen lege sozialek ez dute balio honezkero, aldiz, kapitalaren aldekoek eragin zuzena izango dute EB osoan. Hitz batez, konstituzio honen ondorengo neoliberalismoa ez da izango besteren artean opzio bat, oinarrizko printzipio bat baizik. Sozialismo errealeko estatuetan egiten zenaren alderantziz. Horregatik, ez dute nahi konstituzio hori herritarren artean eztabaidatua izan dadin.
Zer egin? Batzuek diote konstituzioari buruzko "bai" ala "ez" sinplistegia dela, benetako arazoa Europaren jatorria edo izaera omen delako. Nire ustez, konstituzio dekretua Europaren izaerari egokituta dago, oinetakoa oinari bezala. Arrazoia du Le Monde Diplomatique-eko zuzendari Bernard Cassen-ek hauxe dioenean: "Bere garrantzia du konstituzio horrekiko jarrera argi eta garbi adierazteak". Eta modurik egokiena, hauteskunde kanpainan ezezko borobila azaltzea da. Alderdi berdeen, ezkerreko zenbaiten eta baita abertzale zenbaiten jarrera anbiguoak ez du laguntzen ûnire ustezû Europaren izaera neoliberala eta antidemokratikoa den bezala azaltzen.
Dena den, arazoak bere osotasunean agertzea bezain garrantzitsua da bere alde lazgarrienak fokalizatzea. Zutik-en, jira eta buelta asko eman diogu horri, eta iruditu zaigu badela arazo larri bat, zeina partidu gehienek aipatu bai baina ûarazo desberdinengatikû oso kontu gutxi egiten diotena: Europan bizi eta lan egiten duten 15 milioi etorkin horiena, hain zuzen ere. Espainiako Estatuan gainera, Atzerri Legearen bitartez milioi bat pertsona egoera ezin larriagoan bizi dira.
Etorkinak gure metekoak. Europaren eraikuntzaren zutabe bat dira demografikoki, kulturalki eta ekonomikoki, eta hala ere, onenean hirugarren ûedo laugarren ez esategatikû mailako bezala kontsideratuta daude. Onenean diot, nolabait legeztatuak daudenean, zeren "paperik gabe" daudenak ez baitira existitzen legalki. Greziako demokrazian hiritarrek soil-soilik zituzten eskubideak, "metekoek", berriz, ez zuten eskubiderik. Ia bi mila eta bostehun urte geroago etorkinak ditugu meteko berriak. Hori eskubideen aldetik oso larria izateaz gain, arazo estrategiko bat da, egoera horretatik, kapitalismoak eta eskuineko alderdiek etekin materialak ez ezik politikoak ere ateratzen dituztelako.
Zutikekoek hauteskunde hauetan arreta berezia jarriko diogu arazo horri. Askatasuna, berdintasuna eta anaitasuna, hitz ederrak bezain hutsalak bihurtzen dira, alde batetik, hiritartasuna eskubide sozialekin ez bada uztartzen, eta bestetik, gurean bizi diren guztiek hiritartasuna lortzeko eskubidea ukatua baldin badute. Larria da HZrekin gertatzen dena, are larriagoa "gure" "meteko"ekin gertatzen dena.
Ander Lipus
Erreboltaren ziaboga bukatzear zegoenean, berba hauek entzun nituen: "Agian ez duzu zuk mundua aldatuko, konformatu zaitez, orduan, munduak zu ez aldatzearekin". Harrezkero, mundua bera baino zabalagoa den esaldi honen zentzuak, nire eguneroko pentsamendua astintzen du.
Mundua aldatu da, gu aldatu al gara? Gure memoria munduaren memoria al da? Gezur hutsez josita dagoen munduaren memoriaren menpe al gaude? Munduko teatroaren pertsonaiak bilakatu gara? Mundua aldatu bada, gu ere munduarekin aldatu gara? Zer aldatu dugu, bada? Zertan aldatu gara?
Ixi! Ez arrazoirik bilatu, eta segi inurrien bidea.
Eta inoiz iritsiko ez naizen lekura iristen banaiz? Ez ote du arrazoiak bere norabidea galdu? Arrazoiaren bitartez edonon edozein edozer justifikatu dezakegu? Arrazoirik gabe arrazoitu dezakegu mundua? Mundu honetako bizitza hau garratza dela diogu, eta denok dugu arrazoia. Arrazoiak mila daude. Eta ederra dela esateko, beste mila. Hasitako mila bizitzek mila heriotzetan aurkitzen dute bukaera. Eta bide bakarrean mila bide aurkitu ditut. Eta galduta nabil. Noraezean garrasika.
Ixi! Lo dagoena esnatuko duzu! Ez etzan, arren, eta segi inurrien bidea.
Hala ere, amari zerbait esan beharko diot. Eta aitari. Eta lagunei. Eta etsaiak? Guztiak agurtu beharko ditut. Eta, bakarrik egongo naiz bidean? Inurrien ilaran lagun eta etsai berriak aurkituko ditut. Edo ez dut inor aurkituko. Inurri izateari utzi eta ilara izango naiz. Ez ekintzaren protagonista, ekintza bera baizik. Leku guztietan edo inon ez naiz egongo. Baina egon egongo naiz inon. Labirinto zuzenean, okerrean, erdian.
Ixi! Bazterrak ez nahastu! eta segi inurrien bidea.
Eta pentsamenduak egunerokotasuna astintzen jarraitzen du. Baita bizitzak berak ere. Zer esanik ez heriotzak. Kanpora edo barrura begiratu behar al dut? Ez dut gehiago inora inoiz ezer begiratuko. Zer? Ez ditudala nire begiak aurkitzen. Ezta nire maleta. Ezta nire itsasoa. Ezta nire lurra. Ezta zure begirada.
Ixi! Itsu bada ere, segi inurrien bidea.
Eta harrikoa egin gabe laga dudala esaten badizut? Eta bueltatzerakoan ez badut inor inoiz ezer aurkitzen? Eta... zertarako horrenbeste esfortzu? Eta galdera guzti hauek zerbaitetarako balio al dute? Hitzak baino, isiltasunak ez al du gehiago gure pentsamendua aldatzen? Eta ispilura begiratzean ez bagara ikusten? Hurbil ala urruti dago helmuga? Eta helmugarik ez badago? Zer? Nora? Ezertarako? Kakalarriaz nago.
Ixi iiiiiiii! Ez izan beldurrik, eta segi inurrien bidea.
Eta inurriak bezala txiki sentitzen banaiz, zer? Eta zapaltzen banaute, zer? Eta nire arnasa, zer? Eta adi ez banago, zer? Eta jausten banaiz, zer? Eta indarrik ez badaukat, zer?
Ixi! Sena sentitu, eta segi inurrien bidea.
Eta eutsi. Eta jolastu. Eta maitatu. Eta lotsatu. Eta edan. Eta borrokatu. Eta begiratu. Eta galdetu. Eta idatzi. Eta etorri. Edo joan zaitez, baina ez ezer idatzi inori galdezka begietara begiratu gabe, eta borrokatu eta edan inurrien bidea lotsatu gabe, bizitza maitatu arte. Eta norabidean jolastu eta eutsi zaren hori ez izatera iristeko. Munduak ez ezik, zuk aldatuko duzu zarena.
Ixi! Arnasa hartu, eta segi inurrien bidea. Nik amarrena hartuko dut. Eta seguru nago, egunen batean ziabogaren bukaeran aurkituko gara. Aldatuta, eta bide zabalago batean. Inurrien eta amarren mundu zabalean.
Rosa Martin Sabaris
Gehiegikerien garaian bizi gara. Gehiegi jan edo gehiegi edan duenari baraurik egoteak mesede egiten omen dion moduan, halaxe egon beharko genuke guztiok komunikabideekiko. Baraurik. Ez egunkaririk, ez irratirik, ez eta telebistarik ere. Are gutxiago Internetik. Agian eguneroko bizitzaren jabe egin eta inguruko gauzei berriro hartuko genieke neurria.
Gaua iritsi orduko, hitz gehiegi entzuten dugu egunero. Ez dakit nork edozein gaiz esandakoak, beste batek erantzun diona, hirugarrenak aurreko biak entzunda zeukan iritzia, eta laugarren baten bozeramaleak egindako balorazioa. Gehienetan hitz antzuak, ezin eztabaida emankorra izan, nork berea entzun arte baino ez baita asetzen.
Eguna amaitzen denean, irudi larregi igaro dira gure begien aurrean, gu ia-ia ohartu gabe. Erreala inoiz ordezkatuko ez duen irudi piloa. Nola ihes egin telebistek egunero izendatzen duten eguneko irudi madarikatutik? Zenbat energia xahutu behar da ezkontza baten irribarreak ez ikustearren? Zelako indarra behar da komunikazio-kabinetekoek, prentsa-bulegokoek, irudi-arduradunek eta marketing politikoko teknikariek adostutako irudiak ez ikusteko? Nola izan hiritar ona, zintzoa, arduratsua eta solidarioa hedabideetako informaziorik gabe?
Ikus-entzuleen segundoz segundoko zenbaketak harrapatu gaitu dagoeneko. Saio bateko irudi bat askok ikusi badu, hurrengo egunean bost saiotako ikusleek ikusiko dute, eta gero Interneten agertuko da, eta gero albistegietan, eta gero... ferietako ispilu biderkatzaileetan bezala, ez dugu irteerarik ikusiko.
Horrenbeste hitz, horrenbeste irudi... Hitzen eta irudien azokan bizi bagara, zein da irudirik ez duen errealitate zati baten balioa? Edo ondo-ondokoek bakarrik entzungo dituzten hitzen balioa? Neurtezina.
Boterea errealitatea ezkutuan gordetzeko boterea da. Isilarazteko boterea. Eta isilarazteko biderik eraginkorrena zarata sortzea da. Hiztun guztiok berdintzen gaituen zarata; ferietako barraketan bezala, ondoko lagunaren berba entzuten utziko ez digun zarata; norian bezala, beti norabide berean biraka, eta jaisten garenean, iparra galduta, urratsik eman ezinik. Edo noriako mandoaren antzera, burumakur, azelinak martxan nork jarri dituen jakiteko gogorik gabe. Tira, ez da sorginak harrapatzen ibiltzeko unea.
Baina muturren garaia ere bada. Informazio-teknologia berriek hitza herriari emango ziotela iragarri zuten. Eta botererik gabekoek sarean indar berriak aurkitu dituzten bitartean, lagun-abarrekoak telebistako besaulki batetik kamerari begira hitz eta pitz aritzeko baino ez ditu erabili nahi izan. Muturren garaia da, eta horrenbeste ahotsen artean, zailagoa egiten zaigu beste batzuen nahigabeko isiltasuna sumatzea. Horrenbeste irudi ikusita, nola ohartu ikusi ez dugunaren garrantziaz?
Berben eta irudien azoka honetan, ezin salgairik gabe geratu, betegarri hutsez betetako hutsa. Zertaz dagoela edo ez dagoela, etengabe hitz egin behar, etengabe erakutsi behar. Eroslerik dagoen bitartean, behintzat.
Errealitatearen neurrietara itzuli behar dugu. Aitzinean, gutxik irakur zezakeen gutxiagok idatzitako liburua. Egun, aitzineko liburu hartan oinarritutako pelikulari buruzko trailerretik ateratako irudi baten moldaketa digitala ageri zait etxe aurreko hormirudi erraldoian. Leihoa ixteko sasoia da.
Giza neurriak berreskuratuko ote ditugu? Sakabanatu gaituzten hedabideetatik urrun, gortu egin gaituen hiztunkeriatik urrun, eta liluratu gaituen irudi-uholdetik urrun, berriro biltzeko egunerokotasunean, eta hitza dagokionari itzultzeko. Gure hitzen esklabo, gure isiluneen jabe.