Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-06-06 -- 1947.zenb

Faltzesen Euskararen Eguna

Ainhoa Lendinez

Jon Barberena ezagutu dugu Faltzesen. Udaleko eskola publikoko irakaslea da Barberena, Urkorekin batera. Biek ala biek, ikasle, guraso eta herritarrek lagunduta, euskararen eguna antolatu dute ekainaren 5erako. Helburua: Faltzesen euskara kalera atera eta bultzada ematea. Barberenarekin aritu gara hizketan eta Faltzesen bizi den baztandarrak hizkera molde dotore eta jasoa duela ohartu gara. Eskolako giroa izan omen zen euskararen aldeko bidera lerratzeko abiapuntua eta horri helduta egin dute aurrera. Eskolako kontuen berri eman digu eta Faltzesen euskarak biltzen dituen txokoen berri ere bai. Azkenik, ekainaren 5erako prestatu duten ekitaldi sortaz mintzatu da.

Gaiaren sorburuan eskola publikoa eta AEK-ko euskaltegia aipatu dizkigu Jonek, bata bestearen osagarri baitira, eskolan euskarak falta duena euskaltegian jasotzen dute ikasleek. "Urkok AEK euskaltegian aritzen ziren gazte batzuk ezagutzen zituen eta guztiok elkartu eta euskararen aldeko zerbait egin behar genuela deliberatu genuen. Proposamenak jaso nahi genituen", esan digu Jonek. "Azkenean, solasten eta solasten, euskararen egun bat burutzea izan zen emaitza".

Faltzesen 3.000 lagun eskas bizi dira eta euskarak nahiko lan badu, elebidun gutxi baitaude. Aitzitik, jendearen jarrera nahiko baikorra da. "Gazte batzuek AEKra pausoa ematen dute, beren burua elebiduntzen dute", esan digu Jonek. Eskolan ezin dute behar bezala euskaraz mintzatzen ikasi, baina kontzientzia har dezakete eta elebidundu nahi izanez gero AEKra jotzen dute.

Faltzesko herri eskolan A eta G eredua baino ez dituzte. A ereduan ikasgai bakarra ematen da euskaraz eta G ereduan, berriz, guztia da gaztelaniaz. "Horixe da egoera. Eskaintza A eredua da eta denok dakigu eredu horrek ez duela inor euskalduntzen", dio Jonek. Baina egoera gogorra izanagatik ez dira kikiltzen Faltzesko euskaltzaleak eta hizkuntza kalera ateratzea erabaki dute, "jendeak bizirik dagoen hizkuntza dela ikus dezan".

Nolanahi den, ekainaren 5ekoa urte osoan egindako prozesu baten emaitza izango da. Urte osoko plangintza bati jarraiki makina bat ekintza egin dituzte eskolakoek herrian: Olentzero, Santa Ageda, inauteri alternatiboak ûMielotxin erretzeaû, euskaraz kantak ikastea... guztia da handi Faltzesen.

"Besta honetarako arazoa dirua zen, ez genuen defizit handirik izan nahi jendearen erantzuna jakin gabe", esan digu Jonek. Ez da lan erraza izan hori guztia antolatzea baina Udalaren laguntza jaso dute, "diru laguntza garrantzitsua" Jonen ustez. Horrezaz gain, jarduera gehiago egin dituzte egun handirako dirua lortzeko. Herri osoak hartu du parte, fanfarreak, abesbatzak... Txokolatadak gurasoen elkartearen eskutik egin dira eta ikasleen parte-hartzea ere handia izan da. Jendea laietan ibiltzen da eta horiek ere izango dira, lurra lantzeko makila luzeetan trebeki aritzen diren "hankapaloak", alegia. "Abesbatza, fanfarrea... denak musu-truk etorriko dira", esan digu Jonek hunkituta. Kirolari famatuei ere elastikoak eskatu zizkieten eta erantzuna bikaina izan omen da. Futbolean, Osasuneko Santzolek, Realeko Jauregik eta Athleticeko Tikok eman dituzte elastikoak. Pilotan, berriz, esku-huska aritzen diren Mikel Goñik eta Iñigo Pascualek. Zozketa bat antolatu dute horiekin eta txartelak eskuz egin ondoren, orotara lau bat mila saldu dituzte. Musika ere izanen da ekainaren 5ean. Berri Txarrak taldea bereziki eskertu nahi izan du Jonek, prezio berezia egin diete eta gainerakoak ere elkartasunak deiturik etorriko direla adierazi du. Ufestuek (Erratzukoa), Zartzako eta KDQ taldeek ere kontzertua egingo dute.

Faltzesen erronka jo diote euskaltzale orori, eta euskarari. Eskaintza mahai gainean dago, usain ona du, itxura ezin hobea. Beraz, ekainaren 5ean, Faltzesko mahaiaren inguruan eseri eta dastatzea izango da onena.

Erantzunak

aupa peña!! gora faltzes gora gu ta gutarrak!

gambero 2007-06-05 20:45:02

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan