Katixa Garate
Udako ikastaroen eskaintza zabala
Irekita dago dagoeneko, Euskal Herriko unibertsitateek udan eskaintzen dituzten ikastaroetarako matrikulazio epea. Eskaintza zabala dago aurtengoan. EHUK Bilbon egingo dituen Arte eta Kulturako V. Topaketetan, dantza, musika, antzerkia, zinema eta beste hainbat alorretako ikastaroak eskainiko ditu. Unibertsitate berak Donostian eskainiko dituen uda ikastaroetan arkitektura, musika nahiz literaturari buruzko eskolak izango dira. UEUk, besteak beste, antropologiaren, artearen eta euskal kultur gaien gaineko ikastaroak prestatu ditu. Bergarako UNEDek ere prest du aurtengo eskaintza.
Aranzadi profesionalizatzen
Aranzadi institutua sortu du Aranzadi zientzia elkarteak, ikerlariek beren lana modu egokian egin dezaten ahalbidetzeko. Zientzia elkartearen menpe egongo da, baina dinamika independentea izango du. Ikerlari asko aritzen da elkartearen proiektuetan lanean, aisialdian. Institutuak egitasmo profesionalak jorratuko ditu eta ikerlariak soldatapean arituko dira. Institutuak, Euskal Herrian eta atzerrian proiektuak garatzeaz gain, egiten duen lana gizarteratzeko asmoa du. Egingo dituen enkarguzko lanei esker, proiektu defizitarioak landu eta ikerketa bekak eskaini ahal izango ditu. Orain arteko ikerketa esparru berak jorratuko ditu Aranzadik: oroimen historikoa eta ingurumena.
Santa Mariako dorrea ikusgai
Gasteizko Santa Maria katedraleko dorrea eta ataurre nagusia zaharberrituko dituzte aurki. Indusketa lanak egingo dira ere Santa Maria plazan. Lan horiek egiten diren bitartean, bisitariek dorrera igo ahal izango dute. 62 metro dituen katedralaren dorrera igotzeko moduan jarri dituzte aldamioak langileek eta, epe laburrean, Gasteizko murru zaharretara igotzeko aukera eskaini nahi dute.
Artista gazteak Getxoarte azokan
Euskal Herriko nahiz nazioarteko Arte Ederretako ikasleen lanak bilduko ditu aurten ekainaren 4tik 6ra bitartean zabalik izango den Getxoarte azokak. 141 eskaera izan dira eta horietatik 55 onartu ditu azokako epaimahaiak. Margoak, eskulturak eta grabatuak aurkeztu dituzte hainbat egilek, baina bideoa eta argazkia oinarri duten lanak gehiago dira kopuruz. Getxoarteren antolatzaileek azokan parte hartzen duten gazteen lanen katalogoa argitaratuko dute, gehiengoarentzat ezezagunak diren artista horien berri emateko.
Ahozkoa gordetzeko
Ahozko tradizioak garrantzia handia izan du euskaldunen artean. Hura gorde eta sustatzeko asmoz, Mintzola ahozkotasunaren zentroa irekiko dute datorren urtearen amaieran, Villabona-Amasan. Subijana etxean jarriko dute Mintzola, lau solairuko eta 1.200 metro koadroko eraikinean. Ahozko adierazpena ûbertsolaritza, kantagintza, antzerkia eta irratiaû ikertzeko, garatzeko eta zabaltzeko sortua, hainbat erakunderen egoitzak hartuko ditu: Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Xenpelar Dokumentazio Zentroa, Lanku... Bertsozale Elkarteak eta Xenpelarrek sustatu dute ahozkotasunaren zentroa eta Eusko Jaurlaritzarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Villabona-Amasako Udalarekin izandako elkarlanaren fruitu da. Apustu sendoa da ahoz esandakoak aireak eraman ez ditzan.
Ilustratzaileen Liburu Zuria
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ilustratzaileen Elkarteak (IPE) arlo horretako profesionalentzat datu lagungarri andana biltzen duen Liburu Zuria argitaratu du. Orain arte ilustratzaileek lan merkatuan aurkitu dituzten hutsuneak betetzeko asmoz, Galiziako, Kataluniako, Madrilgo eta Valentziako elkarteekin batera prestatutako argitalpena da. Izan ere, ilustratzaileek sarri etxetik eta bakarka egiten dute lana eta ez dute babes handirik izaten. Liburuak pistak emango dizkie Euskal Herrian ilustrazioa lanbide duten 200 profesionalei, beraien eskubideak ezagutu eta bezeroekiko harremanak bideratzeko ûtarifak, egile eskubideak, aurrekontuak egiteko modua, ezarri beharreko lan harreman motaû.
Katixa Garate
Mari Jose Olaziregik zera adierazi zion Berriari: «Kalitatez idazten segitzeaz gain bozgorailuak behar dira emakumezkoek idatzitako literatura kontuan har dadin. Ikusezinak izatetik ikusten hasi gara».
Ismael Manterolaren hitzok jaso zituen Garak: «Literaturak, musikak eta dantzak nahikoa autonomia hartu dute eta gaur egun garai batean artea izeneko gizakiaren eginbeharretatik bereiztuta daude. Arkitekturari ere antzeko zerbait gertatu zaio azken mendean eta arte plastikoak edo bisualak izan dira artea hitzaren etxe murriztuan geratu direnak, emantzipatu gabeko betiko gazteen antzera».
Ur Apalategik UKri esanak: «Uste dut zortea dugula euskal idazleok, gizarte erdi mutu baten aktoreak garelako. Gauza asko esan dezakegu errepikatu gabe».
Captain Nemo taldeko Alberto Irazu euskal musikaz Irutxulon: «Kasu askotan, beldurra dago nork bere bide propioa hartzeko eta artaldetik ateratzeko. Edo, beharbada, erreferentzia falta izan daiteke arazoa».
Katixa Garate
Vaiven konpainiak Christoper Marloweren (1564-1593) Eduardo II obra estreinatuko du ekainaren 26 eta 27an, Urnietako Sarobe aretoan.
Fernando Redon arkitektoak jasoko du aurtengo Viana Printzea Kultura saria. Arkitektura obrak ezezik, pintura, argazkigintza eta kultura sustapen lanak egindakoa da.
Neubat musika taldeak estraineko lana plazaratu du Metak diskoetxearekin: Dantzaldiko erreginak. Rock diskoa da eta stoner joeraren eraginak ditu.
Patri Urkizuk Introducción a las lenguas y literaturas catalana, gallega y vasca osatu du Josep-Antoni Yserne, Raul Hernandez, Joan Furio eta Manuel Rodriguezekin batera. Euskara eta euskal literaturari buruzko orriak idatzi ditu Urkizuk, UNEDeko argitalpen zerbitzuaren Aula Abierta sailak argitaratutako liburuan.