Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2004-06-06 -- 1947.zenb

Pilar Iparragirre


Kuskue Tandem
Iñaki Iñurrieta
Alberdania
235 orrialde
15 euro

Ekintza poetiko baten tamala

80ko hamarkadaren hasieran Donostiara Euskal Filologia ikasteko asmoz ûeta baten bat soldaduska egitera ereû gerturatu diren gazte batzuk dira Kuskue Tandem Iñaki Iñurrietaren lehen nobelako protagonistak. Pisu batean bizi dira elkarrekin, txukundade handirik gabe baina noizbait arazoari serio heltzekotan eta nolanahi ere bizitzari ahalik eta zukurik handiena atera nahian. Dirua sobran ez daukatenez, itzulpengintzari ekitea erabakitzen dute, alokairua ordaintzeko besterik ez bada ere. Aldi berean, irakasle batek proposatu dien euskal arima aurkitzeko saioan murgiltzen dira, donostiarrak esnaraziko dituen ekintza poetikoa nola aurrera eraman eztabaidatzeaz batera, jakiteke bihotzetik sortutako zenbait ahaleginek ondorio tamalgarririk ekar dezaketela.

Maitasuna besterik ez
Marliese Arold
Elkar
210 orrialde
11,20 euro

Neska batez maitemintzen den neskaren eleberria

Gazteentzako eleberrien idazle ospetsua da Marliese Arold, Pello Zabaletak Maitasuna besterik ez izenburuarekin euskaratu duen lesbianismoari buruzko istorio honen egilea. Hamasei urte inguruko neska bat da protagonista nagusia. Mutil batekin dabilela uste du, eta uste berekoak dira beste guztiak ere. Sekulako barreak egiten dituzte elkarrekin eta adiskide bezala asko maite du mutil hori neskak, baina ahoan musu eman dionean ez du ezer berezirik sentitu, eta galdetzen hasia zaio bere buruari ea maitasunaz kontatu dizkioten mila poz eta zorabioak ez ote diren ipuintxoak baino izango. Halako batean, ordea, gauza kilikagarri horiek guztiak hasiko da sentitzen bera ere, baina neska batek sorraraziko dizkio. Zer egin?

Magoaren
gatibua
Michel Girin
Ibaizabal
130 orrialde
9,85 euro

Gazte literaturako UNICEF saria

Haurrek gaur egun ere zenbait tokitan jasan behar izaten duten esklabotza du oinarri gazte literaturako UNICEF saria jaso zuen Michel Girinen Magoaren gatibua narrazioak. Aitor Aranak euskaratua izan da, eta herriz herri bere ikuskizuna erakusten duen mago bati saldua izan den hamabi urteko neska filipinarrak eta bera bezala haren esku dauden beste neskatoak ezagutu behar izaten dituzten zorigaitzak azaltzen ditu. Gosea, zigorrak eta era guztietako tratu txarrak nozitzen dituzte neskato horiek, harik eta halako batean, haurren esplotazioaren eta trafikoaren atzean dagoen gaizkile taldearen aurka ekiteko prest dagoen europar bat azaltzen den, eta neska filipinar horren lekukotasunari esker, eta poliziarekin batera lan eginez, haur horien patua aldatzea lortzen duen arte.

Etecé
Batzuen artean
Amasté
82 orrialde


Amastéren aldizkari berria

Etecé Bilboko Amasté Comunicación S.L.ek plazaratu duen aldizkari berria da. Kaleratutako lehen ale honetan, besteak beste, martxoaren 11n Madrilen gertatutako atentatuak dakartza gogora,. Halaber, FórumLaus04, Manifesta 5, Fundació Tàpiesen abuztuaren 29arte aurki daitekeen turismoaren gaineko proiektua, Bartzelonako CCCBn irailaren 19 arte ikusgai dagoen gerraren inguruko erakusketa eta, hogeita bost urte bete dituela-eta, Radio3 irratiak urte osoan hilabeteroko aurreneko igandetan Madrilen antolatuko dituen kontzertuak jorratu ditu. Bestalde, Content eta CMYK aldizkariak eta Jo, tía fanzina ditu hizpide. Jateko txokolatearen zaletasunari buruzko gogoetak eta shopping experience-ri buruzko hausnarketak ere jaso diru.


El mundo de los Pirineos
Batzuen artean
Sua
130 orrialde
5,15 euro

Pyrene jaialdiaren aurreko zenbakia

Gutxi falta da, jadanik, El mundo de los Pirineos aldizkariak urtero ospatu ohi duen Pyrene jaialdiari hasiera emateko. La Seu dÆUrgell-en izango da aurten, uztailaren 9, 10 eta 11n, eta bere berri izan ahalko duzue aldizkariaren 39. zenbakian, oso ezagunak ez diren Pirineoetako hamar lakutara eraman zaitzaketen ibilbideen xehetasunez gainera. Tena haranean dagoen Pindiellos, Bujaruelo haranean aurki daitekeen Bernatuara, Sahún haraneko Barbarisa, Lutour-eko Labas, Couy eta Glacé, Artiga de Lin haraneko Lac deth C-th Deth H-ro, Ribagorçanako Estany de Besiberri, Boí haraneko Gelat de Comaloforno, Bonaigua de Baixetik joateko erraz dagoen Negre de Cabanes, Montmalús eta abar.

Tan lejos de Ayala
Jose Luis Urrutia
Ttarttalo
461 orrialde
20,80 euro

El ayalés izenburuko sagaren hirugarren nobela

La historia de Elías de Aldama eta Los caminos de Elías argitaratu ondoren, Tan lejos de Ayalarekin dator orain Jose Luis Urrutia. Aialan aurkitzerik ez zuena handik kanpora ez zuela aurkituko aitak behin baino gehiagotan errepikatu zion arren, Lezamako basoetan galdurik zegoen baserria atzean utzi eta Burgos aldera abiatu zen Elías de Aldama gaztea, XV. mendearen azken urteetan. Etorkizun hobeago baten bila zihoan bere maisua izandakoaren etxera, baina han ez du aurkituko espero zuena.

Las buenas palabras
Pako Aristi
Orain
327 orrialde
20,50 euro

Aristiren æUrregilearen orduakÆ gaztelaniaz

Hiru urte pasa zituen Pako Aristik 1998an kaleratu zuen Urregilearen orduak idazten, herri/hirietako modernitatearen azalpena eskaini nahiz. Hiriburu nolabait anonimoen eta herrietako bizimodu askoz kontrolatzaileagoaren artean dauden desberdintasunak daude sinbolikoki jasoak orain Jose Luis Padrónek Las buenas palabras izenburuarekin gaztelaniara eraman duen nobela honetan. Baina, gainera, era batean edo bestean, Euskal Herriaren XX. mendea ere badago islatua nobelan, 1920 urte ingurutik hasita, orduan ezagutu zutelako argindarra edo ura gure baserriek, eta autoren bat gure kaminoetatik ibiltzen ikusteko aurreneko aukera ere garai hartakoa izan zelako. Beraz, orduantxe sortu zen gero XX. mende osoan zehar bizitzeko izan dugun eredua. Aurrerapen horiek eta irratia edo telefonoa bezalako asmakuntzak jendeak nola bizi izan zituen azaltzen da idazlan honetan, Gerra Zibila ezagutu zutenen munduan ontzat ematen ziren sinesmenak gaur eguneko bizitzarekin kontrastatuz. Bizitza ikusteko era bi, nobela erdia herri txiki bateko tabernan eta beste erdia hiri bateko pubetan gertatzen den narrazio aberatsean.

Pilar Iparragirre

Zer iruditu zaizu 'Las buenas palabras'?
Hasteko, eskerrak eman nahi dizkiot Jose Luisi, nire ustez benetan lan zaila zelako nire nobela hau itzultzea.

Zergatik diozu hori?
Argumentu aldetik oso nobela sinplea delako, ez da ezer gertatzen, baina era berean jendeak elkarri istorio asko kontatzen dizkio, eta horrek sortu zuen erregistro diferente asko egotea bertan. Saiatu nintzen nobelan agertzen Gernikako bonbardeoa ezagutu zuen zahar batek nola kontatzen duen gertaera hori, edo junkie batek psikologoaren aurrean nola hitz egiten duen, edo gazte nerabe batek maitasunaz nola hitz egin nahi dion bere neskari... Kontatzeko modu diferenteak dira, sintaxia bera ere, zaharrek hitz egiten duten era eta gazteen hitz egiteko era oso diferenteak baitira. Horiek denak jasotzen saiatu nintzen lan honetan, hiru urte pasa nituen nobela idazten, eta uste dut itzultze aldetik begiratuta estilistikoki nahiko nobela zaila atera zitzaidala. Ni neu ez nintzateke ausartuko behintzat hau itzultzera.

Eta nola joan zaizkio gauzak Jose Luis Padroni?
Lortu du, oso ondo, oso zorrotz erregistro horiek guztiak gaztelaniara eramatea. Eta benetan zaila zen hori. Nire ustez oso itzulpen zuzena egin du, poetikoa era berean eta ederra. Nik, ia-ia... oinarrian ezagutzen dut nire liburua itzulpenean dagoela, baina oinarri hori estaltzen duen jantzia, gaztelaniazko estiloz... Beste liburu bat bihurtu da jantzi horrekin. Nik uste dut askoz hobea dela liburu hau nire originala baino.

Joxerra Aizpurua / Garbiñe Ubeda



Urrutiko izarretan ere jarduera-zikloak

Eguzkiak jarduera-zikloak ditu, hau da, batzuetan besteetan baino aktiboagoa izaten da. Baina beste izarretan gertatzen al dira jardueraren gorabeherak? XMM-Newton deituriko behategi-zentroa arazo hau aztertzen ari da eta lehen aldiz eguzkiaren antza duen izar batean eguzkiaren antzeko jokaera topatu du. Aurkikuntza honek lagundu dezake ulertzen izarrek beren planeten garapenean duten eragina. Eguzkiaren jarduera-zikloak 11 urtekoak dira: 11 urtean zehar eguzkiaren jarduera hazten doa eta, beraz, eguzki-orban deritzaienak ugaritzen doaz. Hurrengo 11 urteetan jarduera moteltzen doa eta orbanak gutxitzen. Eguzkiaren jarduera handitzen denean, X izpien emisioa asko hazten da: 100 aldiz handiagoa izatera hel daiteke. Gertaera honen eraginez, nabaritzen dira aldaketak, besteak beste, telekomunikazioetan, meteorologian eta argindarraren banaketan. XMM-Newtonek 2000. urtean hasi zuen bere behaketa partikularra eta 90 argi urtera dagoen HD 81809 izarraren X izpien emisioa 10 aldiz aldatu dela azken bi urte eta erdian behatu du. Arestian esan dugu meteorologian ere nabaritzen dela jardueraren aldaketa. Adibide eta datu historiko gisa, XVIII. mendean izugarrizko izozteak izan ziren, eguzkiaren jarduera zikloa eten zenean. Beraz, izarren X izpien zikloa ezagutzea beharrezko izango da egunen batean, gizakiak urrutiko planetak kolonizatu nahi baditu...


Subdukzioa, uste baino zaharragoa

Itsas plaka bat beste baten azpitik igarotzeari subdukzio deitzen zaio. Orain arte uste zen garai modernoko subdukzio zaharrenak orain 600 milioi urte gertatu zirela. Baina egin berri diren ikerketa batzuen arabera orain 1.800 milioi urtera arte atzeratu dira datak.
Subdukzio modernoa gertatu aurretik plaka bat beste baten azpitik igarotzean plakak likido bihurtzen ziren, Lurrak zuen tenperaturaren eraginez. Baina Lurra hoztu ahala, subdukzio moderno deritzona gertatzen hasi zen, hots, plaka bat beste baten azpitik igarotzean bi plakak solidotuta geratzen ziren ehunka metrotan, eta azpikoa baino ez zen likido bihurtzen.
Honela sortutako harkaitz solidoa oso tenperatura eta presio handien pean egoten zen eta baldintza hauek oso egokiak dira harkaitz metamorfikoak eta 0,5 mm baino taila txikiagoa duten diamanteak sortzeko.
Parisko Globe Fisika Institutuko ikerlaria den Pierre Cartigny-k Kanadako hainbat harkaitzetan topatu ditu aipatu diamanteen antzekoak. Harkaitz hauek orain 1.800 milioi urtekoak direnez, subdukzio modernoaren hasiera-data atzeratu behar izan da.

Nere Lujanbio

Jorge oteizaren izena beti egon izan da iskanbila eta polemikarekin lotuta. Gizarteak beti haserre irudikatu izan du, boterearen aurka, polemikaren zurrunbiloan, bere izaera kritiko eta errebeldeari zegokion bezala. Azken urteetan ordea, sormenaz eta arteaz bestaldeko polemikak izan dira Oteizaren izena inguratu dutenak. Nafar herriari utzitako ondare baliotsu horren kudeaketan interes politikoak gailendu dira, artea, estetika, eta orokorrean, sormena bigarren mailara baztertu dutenak. Oteiza Fundazioko barne gatazkek, oinordekotzaren inguruan bere familian sortu diren arazoek, Museoaren gestio kaxkarrak eta interes kontrajarriek oztopatu egin dute Museorako hasiera batean ezarri ziren helburuak behar bezala garatzea.

Museoaren gazi-gozoak

Urte asko dira jada Oteizaren lana bilduko zuen museoa eraikitzeko ideia sortu zela. 70eko hamarkadan zehar, Altzuzako bere etxea artista, intelektual eta pentsalari askoren bisita leku bilakatu zen. Garai hartan, Oteizak bere etxean bertan antropologiaz eta estetikaz arduratuko zen museo moduko bat sortzeko gogoa adierazi izan zuen. 1988an, Altzuzako herriak eta Nafarroako Gobernuak ituna sinatu zuten, Oteizaren Museoa bertan ezartzeko asmoarekin. 1992an ordea, Oteizak bere ondarea nafar herriari utzi zionean Museoaren helburuak aldatzeko beharra argi ikusi zen, hainbesteko maila eta balioa zuen ondarea modu egokian zaindu, ikertu eta ezagutaraziko zuen fundazioa sortu beharra baitzegoen.

Azkenik, Oteiza Fundazio Museoa, Oteiza beraren eskariz, Francisco Saenz de Oiza arkitektoak Altzuzan egindako eraikina, 2003ko maiatzean zabaldu zen. Zabaltze egunaren aurretik eta ondoren, ordea, ugariak izan dira museoari egindako kritikak, presazko inaugurazioaren kutsu politikoagatik, artelanak erakusteko modu desegokiagatik, ondarearen zati batek jasandako tratuagatik eta inolako proiekturik zehaztu gabe abiatu izanagatik.

Halere, lehenengo urte honetan bisitariek emandako erantzuna ez da txarra izan. Lehenengo hamabi hilabeteetan 50.000 bisitaritik gora jaso ditu museoak. Baina zenbakiak alde batera utzita, museoak betetzen al ditu hasiera batean Fundazioak adostutako helburuak? Egun zabalik dagoen Oteiza Fundazio Museoa eta Oteizak berak nahi zuena gauza bera al dira? Badirudi ezetz. Oteiza Museoa bere artelanez, agiriz, irudiz eta abarrez betetako gunea da, museo tradizionalaren eskema eta kontzeptuei jarraiki egituratu den gunea. Oteizak, ordea, hori baino gehiago nahi zuen, kulturgune bizia nahi zuen, ikerketara eta hezkuntzara bideratua, Fundazioak sinatutako estatutuek adierazten duten moduan.

Kargutik kendu berri duten zuzendari ohiak, Alberto Rosalesek, Museoaren bilakaera naturalari egozten zion egungo egoera: "Hasieran eskulturak dituen museoa egongo da, eta gero haziz joango da, Jorgeren alderdi guztiak gogoratuko dituen eremua sortu eta praktikan jartzeko. Oteiza Museoa kultura garaikidearen gogoeta gune bilakatu nahi dugu". Artistaren inguruko jende askok ordea, ez du bilakaera hau hain argi ikusten, eta aitzitik, museo tradizionalaren itxura duenak horrelaxe jarraituko duen zalantza agertzen dute, Museoaren gidari diren interes politikoei ez baitzaie komeni Oteizaren izaera eta izana bere osotasunean aztertzea eta hedatzea. Horrexegatik, Nafarroako Gobernuaren nahia Fundazioa desnaturalizatzea dela salatzen dute. "Euskalduntasuna, pedagogia arloa eta esperimentazioa Oteizaren osagai funtsezkoak dira eta horiek baztertu nahi dituzte. Oteiza artista plastiko handi bat dela azaldu nahi dute, museoko zerbait bilakatu, besterik gabe. Baina Oteizaren pentsamendua bahitu dute", zioen Joxe Anjel Irigarai Oteiza Fundazioko patronatukideak, prentsari egindako adierazpenetan.

Honek guztiak, ezbairik gabe, Oteizaren ondarea, izena eta izana zipriztintzeaz gain, eragina du museora doazen bisitariengan. Museoak, egun planteatuta dagoen moduan, hain zabala eta anitza zen artista handi baten alderdi batzuk baino ez ditu erakusten, bazterrean utziz balio eta interes izugarria luketen alderdi kritiko eta berritzaile asko. Ez da bidezkoa Euskal Herriko sormen eta ikerketa zentro garrantzitsuenetakoa behar lukeena interes politikoen jomuga bilakatu izana. Oteizak gehiago merezi zuen eta bisitariek ere gehiago merezi dugu.

Gauzak ongi egiteko aukera

Azken hilabeteetan berri txarrak izan dira nagusi Oteiza Museoaren inguruan: eskultura batzuen kopia faltsuak egin izanaren salaketa, gestio txarraren ondorioz diru kontu ilunak, Oteizaren heriotzaren lehenengo urteurreneko ospakizunetan museotik lapurtutako eskultura... Zurrunbilo horretatik irteteko zerbait egin beharra zegoen, krisia gainditzeko ezinbestekoa zen erabaki sendoak hartzea.

Apirilaren 30ean, ordura arte Museoko zuzendari izandako Alberto Rosales kargutik kendu zuten. Aspaldian gertatu ez zena gertatu zen oraingo honetan: Fundazioa osatzen duten bi alderdi kontrajarriak ados jarri ziren zuzendaria kargugabetzeko eta zuzendari berri Pedro Manterola pintore eta irakaslea izendatzeko. Badirudi erabaki egokia izan daitekeela, behingoz museoa abiarazteko. Manterolak harreman estua izan zuen Oteizarekin eta bere obran aditua da, bera da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Oteiza Katedraren arduraduna. Manterolak ezagutzen du Oteizak sortu nahi zuen museoa eta pentsatzekoa da, ahal duen neurrian, Oteizaren nahia aurrera eramaten saiatuko dela. "Oteiza Museoak ezagutza hedatzen duen zentroa izan behar du. Oteizaren obraren inguruko museo bat egin nahi dut, funtsean ikerketa eta azterketara bideratua, museo baten alderdi tradizionalak ahaztu gabe, baina poesia, teoria, eskultura-lan eta abarren azterketarako sail handi batekin", aipatzen zuen zuzendaritza onartu ondorengo egunetan.

Dena den, ez da Manterolaren izendapena azkenaldiko albiste pozgarri bakarra. Datorren urterako aurrekontua eta beste zenbait kontu ere adostu zituzten bilera berean. Badirudi Fundazioaren baitan jarrerak aldatzen ari direla pixkanaka eta adostasunera iristeko borondatea nagusitzen ari dela. Horixe da Museoak, Fundazioak eta Oteizaren ondareak aurrera egiteko duten irtenbidea, adostasuna. Etorkizunaren zati bat Manterolaren esku dago, ea nola ekiten dion lanari.

Hasier Etxeberria / David De Jorge


Osagaiak:

1,5 kilo sardina ertain, garbi eta bururik gabe
Irina eta frijitzeko olioa
2 tipulin eder, zerrendatan moztuak
8 baratxuri xister, osorik
Erramua, hosto fresko bat
10 koilarakada oliba olio
Koilarakada bat piperrauts gozo
Koilarakada erdia piperrauts min
Litro erdia oliba olio birjina
Litro laurdena sagardo-ozpin
Litro laurdena ardo zuri
Gatza

Gatza eman, irinetan azaletik pasa eta olio ugarian frijituko ditugu sardinak. Xukatu eta geroko gordeko ditugu.
Kazola handi bat sutan jarri, koilarakada batzuk oliba olio isuri, tipulinak eta baratxuriak ipini eta, gatz pixka bat eman ondoren, edukiko dugu dena su eztitan frijitzen, 10 bat minutuan. Piperrautsa eta erramua gaineratuko ditugu ondoren. Nahasi eta oliba olio birjina, sagardo-ozpin eta ardo zuriaren txanda izango da hurren. Irakin eta beste 5 bat minutuan utziko dugu dena egosten, ozpinak indarra gal dezan. Sua itzali eta epeltzen utziko dugu, ondoren, eskabetxea. Une horretan kazolaratuko ditugu sardinak, lehor ez daitezen. Beste 5 bat minutuan edukiko ditugu sardinak su eztitan, irakiten utzi gabe. Sutatik atera eta hozten utziko dugu, ondoren, guztia.
Onena dugu dena prestatu eta jakiari gutxienez 12 orduz epeltzen utzi ostean ohore egitea. Sardinak behar bezala bustiko dira ordurako zuku horretan. Patata egosi batzuk izan daitezke lagungarri on: eskabetxearen barazki eta zukuarekin onduko ditugu, gatz pixka batekin.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan