Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2004-06-06 -- 1947.zenb

Mikel Asurmendi

Mertxe Agundezek, Xabier Markiegi arartekoaren albokoa lau urtez izan ostean, ez zuen uste beste horrenbeste denbora û1999tik 2004raû jarduneko ararteko karguan emango zuenik: «Izan ere, inork ez zuen espero alderdi politikoen arteko desadostasunak hainbeste denbora iraungo zuenik. Akordio ezak ez dio instituzioari lagundu, alabaina, trantsizioko aldi honetan, arartekoaren hutsunea bete dudalakoan nago. Pertsonalki, jende ahulenen arazoak konpontzen ahalegintzeak, kolektibo ahulen eskubideen alde lan egiteak, haien senideek dituzten beharrak betetzeak aberastu nau» esan digu solaskideak.
Gizarteko talde boluntarioek instituzio honi ekartzen dioten laguntza biziki eskertu nahi du Mertxe Agundezek: «Gure lana administrazioa limurtzea eta konbentzitzea da. Administrazioa legeari atxiki behar zaio. Agintari bati kexa bat helarazten bazaio, ez du nik eskatu diodalako bete behar, legea bete behar duelako baizik. Hartara, ageriko nahiz itxikeriako egoeren aurrean borrokatzea gogorra da. Kexa aurkeztu dizuten pertsonen aurrean beren eskubidea bete ez izateak kezkatzen zaitu. Sosegurik eza ere bizitzen da karguan, jakina».

Zer eman dizu zure jarduerak?
Mundu hobeago bat posible dela erakutsi dit. Zentzu honetan, demokraziara trantsizio garaiko ilusioa berreskuratu behar dugu. Nik frankismo garaian ikasi nuen, presio gogor baten pean bizi ginen, lege oso diskriminatzaileak zeudelarik. Garai haiek ez ziren errazak, ez ziguten ezer muxu-truk ematen, baina hobetzeko gogor aritzen ginen. Gaur egunera etorrita, sektore eta kolektibo ahulen aldeko lanetan beti ere, jarduneko ararteko karguan nire harri koskorra ekartzen saiatu naiz.

Gizartearen kontzientzia kritikoa izana sentitu al duzu inoiz?
Hein batean bai. Eskubideen betebeharra etengabe gogoratzen ari zarelako. Hala ere, eskubide horiek ez dira nireak edo Arartekoarenak, legeak eskaintzen dituenak baizik. Legearen barruan aukera ezberdinak daude, baina beti badago bat jendearen eskubideak egokiago betetzen dituena. Kolektibo ahulen kasuetan bereziki.

Zein ezaugarri behar du ararteko batek?
Jendeari entzuten jakitea ezaugarri funtsezkoa da. Gizarte zaratatsu batean bizi gara, eta ia-ia ez diogu elkarri entzuten. Independentziaren irizpidea, justiziaren sen primarioa eta sen ona izatea ere beharrezkoak dira.

Gehitu ûgay eta lesbianenû elkarteko kide Iñigo Lamarca ararteko izan ahal izateak zerbait adierazten al du zure ustez?
Nire alabetako batek berria ezagutzean "ama!, kolektibo horren eskubideen alde borrokatutakoa zara zu" esan zidan. «Jakina» esan nion. Arartekoa giza generoaren perspektiban kokatzen ahalegindu naiz. Izendatzen ez dena ez omen da "existitzen". Ez da egia, noski. Giza errealitateek ez diote beren izateari uzten ezkutuan direlako. Kolektibo hori ez zen zuzenbidearen subjektu politiko gisa agertzen eta ni ûArartekotikû ager dadin saiatu naiz. Iñigo Lamarcaren merituetako bat «existitzen» den kolektibo baten aitzindaria izatea da. Eragozpen askoren aurka aritu da, kolektiboari eskubide guztiak ezagutu behar zaizkio. Zorterik onena desiratzen diot.

Zer gomendio emango zenioke?
Bera izatea, ausarta izatea, beretzat ûustezû ona dena besteentzat ere erdiesten ahalegintzea...

Arartekoan sartzean gizarteaz zenuen ikusmoldea eta orain duzuna bera al da?
Gizartea denok kritikatzen dugu, baina, nahitaez, denok kontsumistak gara. Orain 25 urte, adibidez, bakar batzuek baino ez zuten autoa. Egun berriz? Gaur Interneten adibidea dugu. Hori guztia hor dago eta saihestezina da. Kontua baliabideak gure zerbitzura jartzea da eta ez gu haien zerbitzura. Bestela, gizarte mota honetan gero eta bakanduagoak biziko gara eta elkarbizitza are zailagoa bihurtuko zaigu. Hori da gizarteaz dudan ikusmoldearen bilakaera.


Politikaz pertzepzio bera al duzu, halaber?
Politika posiblearen artea ei da. Nik egin nahi dugunaren artea ere badela esan ohi dut. Hau da, ongi egitearen artea, utopia dena nahi baduzu. Politikan urte gogorrak izan dira, gure politika ez baitago "normalizatuta". Horrek eragina du gure zereginean. Baina gizarte modernoago eta demokratikoago bat lortu nahi badugu denok parte izan behar dugu politikan, eta zeregin horretan politikak kolektibo guztien parte-hartzea bermatu du.

Klase politikoak kolektibo horien guztien arazoetan erreparatzen al du?
Baietz uste dut. Baina, politikaren funtsa aurrekontuetan dago. Printzipioen aldarrikapen asko egin dezakegu, baina gaiak gai, gai bakoitzak gobernuen aurrekontuetan eta agendetan hartzen duen tokiak politikoen sentsibilitateen maila ematen digu aditzera, eta ez dezagun ahantz politikoak guk hautatzen ditugula.

EAEko espetxeetan "inplikazio eskasa eta gune ilunak" daudela ohartarazi duzu. Zer iradokitzen digu egoera horrek?
Arartekoaren lema hauxe da: "Pertsonen eskubideak ez dira espetxearen atarian bukatzen". Gure senitarteko bati espetxera joatea tokatzen bazaio, espetxeen egoera ona exijituko dugu. Adibide hurbilago bat: ez dugu ospitalera joan nahi, baina joan behar dugunean egoki egotea nahi dugu. EAEko espetxeei buruzko lehen Txostena 1996an egin genuen ûXabier Markiegi arartekoa izakiû Eusko Jaurlaritzaren eta Espetxeetako Zuzendaritzaren artean egindako itun baten barruan. Basauri, Langraitz eta Martuteneko azpiegiturak Estatuko zaharrenak zirela adierazi genuen. Preso metaketa izugarria zen. Harrezkero, besteak beste, hainbat preso atera zen kartzelatik. Baina egiturek are zaharragoak izaten jarraitzen dute.
Txostena idatzi ostean espetxetako hainbat transferentzia egin ziren. Guk espetxea presoentzako azken zokoa dela diogu, zigorraren ordezko alternatiba bilatu behar dugula. Txostenak filosofia hori bildu zuen eta aurrera egin zen nolabait. Azken urteetan, ordea, EAEko eta Estatuko harreman instituzionalak apurtu zirenez gero, espetxe gaiaz arduratzen ziren erakundeen artean zailtasun handiagoak izan dira. Txostenak sinatzen dira, baina gero horiek betetzea ez da hain sinplea.

Botere publikoek, benetan, espetxeen alternatiba bat nahi al dute?
Konstituzioaren arabera, zigorrak presoen birgizarteratzeko bideratu behar dira. Gu zentzu horretan ari gara lanean, baina komenigarria da ere hainbat gauza gogoratzea: ETAk Martuteneko psikologoa eta Langraitzeko erizain bat hil zituen. Horiek guztiak ez dira hutsean pasatzen. Espetxeetan ari den jende asko ETAren mehatxupean dago. Hainbat zerbitzu bertan behera geratu dira ETAren jardun terrorista dela eta. Hori ere esan behar da. Birgizarteratzeko planak badaude eta asko aurreratu da, baina terrorismoak ere gogor geldiarazi ditu planak. Jakina, PPren Gobernuaren jarrerak ez zuen batere lagundu, alderantziz. Baina Konstituzioak birgizarteratzea ikusten du, eta berau aldatzen ez den bitartean betetzen ahalegindu behar dugu, gure eskubideak bermatu behar ditugu. Zentzu horretan PPk terrorismoaren une latzetan egin dituen hainbat adierazpen ez dira sartzen Konstituzioaren arauetan. Dena dela ere, espetxeen alternatiba ûneurri ezberdinetanû denon esku dago: Legebiltzarraren, Gobernuaren, administrazioaren eta gizartearen eta kolektiboen esku. Egitura modernoagoak eta erakundeen arteko kolaborazio sendoago baten bitartez, zigorraren neurria finkatuago batez, espetxe hobeago bat izango genuke.

Bestalde, nola ikusten dituzu emakumeak jasaten ari diren gizonen erasoak?
Emakumeen eskubideen urraketa izugarria da, Arartekoan emakumearen defentsan ari gara. Erakundeen arteko koordinazioak hobeagoa izan behar du. Arartekoaren txostena, euskal administraziotik generoaren biolentziari ematen ari zitzaion erantzunaren perspektibatik egina dago, harreman afektibo bat puskatu denean ematen den biolentziari buruzkoa. Orain arte zenbait gauza egin bada ere, laguntza ez da erabatekoa izan. Gure txostenean erasoak ekiditeko hamar neurri aipatzen ditugu. Trantsizioan emakumea diskriminatzen zuten hainbat lege bertan behera geratu ziren. Legearen aldaketa beharrezkoa izan da, baina ez nahikoa. Emakume batek bere isiltasuna hausten duenean, arduradun publiko guztiek prest izan behar dute laguntzeko. Emakume horrek ezin du erietxearen, udaltzaingoraren eta abarren artean noraezean ibili, aitzitik, erantzun bizkorrak behar ditu, eta ez bakarrik erasoa jasan duenean. Hasteko, jipoituak direnei egoera salatu dezaten lagundu behar zaie. Hau da, duen arazotik ateratzeko autonomia bat izaten ûberen lana izaten, kasuû lagundu behar zaie. Bizitzeko eskubideaz ari gara, baina lehenik emakumearen osasunaz eta segurtasunaz arduratu behar dugu, bere osotasun psikikoaz. Legeak lege, mentalitateak aldatu behar ditugu.

«EAEko kartzelen argazkia ez dela gizarte moderno batena" esana duzu. Emakumeen aurkako gizonen jazarpenek zein argazki mota erakusten dute?
Gizarteak bere presoak nola tratatzen dituen, horra bere argazkietako bat. Emakumeen aurkako erasoen kasuan, berdin. Duela 20 urte, demokrazian honezkero, ez genuen bikotekideek horrenbeste emakume hilko zutenik uste. Hori ere gure gizartearen argazkietako bat da. Argazkia txarra da eta ezabatzeko lanean segitu behar dugu.

Azkenik, herritar arrunta ûitxuraz ahul ez denaû arduratzen ote da bere eskubideez?
Herritarrek balore eta eskubideen erabilpenean hezi behar dute. Nork jartzen ditu eskubideak praktikan? Ezagutzen dituenak. Ezagutzen ez dituenak edota gaitasun gutxiago duenak arazo gehiago dauka. Zapalduagoa den jendeak are zailago du horiek aldarrikatzea. Arartekotik horretan ari gara, ez haiek ezin dutelako, baizik haiek zailago dutelako beren eskubideak erabiltzea. Guk gizarte aktiboago bat nahi dugu. Kontua ez da bakarrik politikariak hautatzea, haiekin elkarrizketatu behar dutela esaten diegu herritarrei. Herritarrek politikariei hitza eta beren eskubideak betetzea exijitu behar diete.

Daniel Udalaitz

«Onartezina eta ulertezina da honelako planta batek (Garoñakoak) gaur egun oraindik ere martxan jarraitzea. Bere eragin esparruan bizi diren milioi bat inguru pertsonen segurtasuna eta osasuna arriskuan jartzen dituen erloju bonba da eta martxan jarraitzeak kalte egiten dio inguru horren garapenari". Horixe esan du orain dela gutxi EHUko katedradun Jose Allende adituak, bere garaian euskal kostaldea defendatzeko eta herritarren borrokari esker gaur egun itxita dagoen Lemoizko zentral nuklearraren kontrako plataformako sustatzaileetako bat izan zenak.

Hain zuzen ere, Burgoseko lurretan baina euskal lurraldeetatik oso gertu ûbatez ere Arabatik eta Bizkaiko Enkarterritikû dagoen planta nuklearra legealdi honetan behin betiko ixteko indarrak biltzea helburu duen "Araba Garoña gabe" izeneko ekimenak berriki antolatutako topaketan esan zituen Allendek hitz horiek. Ez da ezustekoa izan topaketa horretan Iniciativa Ciudadana por el Cierre de Garoña de Burgos ekimeneko ordezkaritzak ere parte hartzea. Burgoseko ordezkariek Arabako euskal ekimenarekin bat lan egin nahi dutela adierazi zuten, eta datorren udan jende asko bilduko duen herritarren mobilizazio bateratua antolatzeko erronka jarri zuten mahai gainean.

Horretarako eman beharreko urratsak ematen ari dira, eta Arabako udalek ekaina aldera elkarrekin mozio bat aurkeztuko dute, gero onetsia izan dadin. Era berean, herritarrei Garoñaren egoeraren berri emateko moduen bila dabiltza eta zentral nuklear hori ixtearen aldeko udalerrien batzarra sortzeko asmoa dute. Bestalde, ekimeneko gizarte eta sindikatu mailako indarrek inguru hori sozio-ekonomikoki garatzeko interesa dute eta, horrez gain, Burgoseko plantarekin muga egiten duten udalerrietako herritarrei azterketa epidemiologikoa egitea pentsatu dute.

Zentral nuklear zaharkitua


Garoñako zentral nuklearra Tobalina bailaran dago, Arabako zenbait eremutatik hamar kilometro baino gutxiagora. Zentral nuklearren artean aitzindarietako bat da. Nuclenor da jabea, eta Iberdrolak eta Endesak, bakoitzak %50 daukate. 1971ko maiatzean jarri zuten martxan. 25 urteko bizitza eman zioten hasiera batean. Epe hori bukatzear zegoela, Felipe González buru zuen PSOEren gobernuak beste lau urteko luzapena eman zion. Gobernu sozialista erori eta boterea PPk hartu zuenean, Aznarren gobernuak beste hamar urtez luzatu zuen zentralaren bizitza.

Beraz, zentrala eraiki zuten garaiko (1966-1970) baldintza teknologikoengatik eta martxan daraman denborarengatik, planta zaharkitua da Garoñakoa. Gainera, zentralak gero eta pikordun korrosio gehiago dauka. Korrosio horrek erreaktorearen segurtasunerako oinarrizko osagaiei ere eragiten die eta, zenbait kasutan, osagaiak dauden lekuan daudelako, ezin dira konpondu. Ekologistak Martxanek 1999an adierazi zuen 78 elementu oso hondatuta zeudela eta beste 135 nahiko hondatuta edo hondatzen hasita. Gelditze balbula eta hozkarriaren emariaren kontrola bezalako elementu garrantzitsuak higatuta, korrosioak jota edo nekatuta zeuden. Hala ere, Nuclenorreko buruak esan zuen Garoñako planta errentagarri izateari uzten dionean itxiko dutela eta ez segurtasun faltarengatik. 40 urterako diseinatu omen zuten eta 40 urte horiek ondo baino hobeto beteko omen ditu. Garoñako buruak adierazpen horiek egin zituen urtean, Burgoseko zentral nuklearrak 3.000 milioi pezetako etekin gordina lortu zuen.

Azken urteotan hainbat gertakari izan dira Garoñako zentralean. Esate baterako, 2001eko martxoaren 4an sei mila litro ur erradiaktibo isuri ziren zentralaren barruan. Hurrengo urteetan ere beste gertakari txikiago batzuk izan dira, baina hala ere agintari politikoek nahiz enpresa mundukoek ez dute zalantzan jarri zentralaren segurtasuna eta beti gutxietsi izan dituzte gertatutakoak. Segurtasuna erabatekoa omen da.

Erakundeak Garoñaren aurka

Ez dira talde ekologistak bakarrik Garoñak martxan jarraitzearen aurka daudenak. Erasandako euskal erakundeak ere zentrala ixtearen alde azaldu dira ûGaroña Gasteiztik 40 kilometro ingurura dago eta Bizkaiko Enkarterritik 60 bat kilometroraû. Plantaren inguruan dauden udalek eta Miranda de Ebro, Logroño eta Burgosekoek ere jarrera bera dute. PSOEk berak zentral horren eta Zoritakoaren ûbi zentral zaharrenakû itxierak iragarri zituen 1999ko hauteskundeetako hauteskunde programan. Ezin izan ziren ixte horiek gauzatu, Moncloara Aznarren gobernua iritsi zelako, PP, alegia. Ez ixteaz gain, hamar urteko luzapena eman zion orduko gobernu berriak Garoñari.

Orain ikusiko dugu Espainiako gobernu berriak, PSOEk, hauteskunde programa gauzatzen duen, zentral nuklearrei dagokien atala, behinik behin. PSOEk esan zuen 2015. urterako pixkanaka-pixkanaka Espainiako estatuko zentral nuklear guztiak itxiko zituela. Ea esandakoa betetzen duen.

Ainhoa Lendinez

Jon Barberena ezagutu dugu Faltzesen. Udaleko eskola publikoko irakaslea da Barberena, Urkorekin batera. Biek ala biek, ikasle, guraso eta herritarrek lagunduta, euskararen eguna antolatu dute ekainaren 5erako. Helburua: Faltzesen euskara kalera atera eta bultzada ematea. Barberenarekin aritu gara hizketan eta Faltzesen bizi den baztandarrak hizkera molde dotore eta jasoa duela ohartu gara. Eskolako giroa izan omen zen euskararen aldeko bidera lerratzeko abiapuntua eta horri helduta egin dute aurrera. Eskolako kontuen berri eman digu eta Faltzesen euskarak biltzen dituen txokoen berri ere bai. Azkenik, ekainaren 5erako prestatu duten ekitaldi sortaz mintzatu da.

Gaiaren sorburuan eskola publikoa eta AEK-ko euskaltegia aipatu dizkigu Jonek, bata bestearen osagarri baitira, eskolan euskarak falta duena euskaltegian jasotzen dute ikasleek. "Urkok AEK euskaltegian aritzen ziren gazte batzuk ezagutzen zituen eta guztiok elkartu eta euskararen aldeko zerbait egin behar genuela deliberatu genuen. Proposamenak jaso nahi genituen", esan digu Jonek. "Azkenean, solasten eta solasten, euskararen egun bat burutzea izan zen emaitza".

Faltzesen 3.000 lagun eskas bizi dira eta euskarak nahiko lan badu, elebidun gutxi baitaude. Aitzitik, jendearen jarrera nahiko baikorra da. "Gazte batzuek AEKra pausoa ematen dute, beren burua elebiduntzen dute", esan digu Jonek. Eskolan ezin dute behar bezala euskaraz mintzatzen ikasi, baina kontzientzia har dezakete eta elebidundu nahi izanez gero AEKra jotzen dute.

Faltzesko herri eskolan A eta G eredua baino ez dituzte. A ereduan ikasgai bakarra ematen da euskaraz eta G ereduan, berriz, guztia da gaztelaniaz. "Horixe da egoera. Eskaintza A eredua da eta denok dakigu eredu horrek ez duela inor euskalduntzen", dio Jonek. Baina egoera gogorra izanagatik ez dira kikiltzen Faltzesko euskaltzaleak eta hizkuntza kalera ateratzea erabaki dute, "jendeak bizirik dagoen hizkuntza dela ikus dezan".

Nolanahi den, ekainaren 5ekoa urte osoan egindako prozesu baten emaitza izango da. Urte osoko plangintza bati jarraiki makina bat ekintza egin dituzte eskolakoek herrian: Olentzero, Santa Ageda, inauteri alternatiboak ûMielotxin erretzeaû, euskaraz kantak ikastea... guztia da handi Faltzesen.

"Besta honetarako arazoa dirua zen, ez genuen defizit handirik izan nahi jendearen erantzuna jakin gabe", esan digu Jonek. Ez da lan erraza izan hori guztia antolatzea baina Udalaren laguntza jaso dute, "diru laguntza garrantzitsua" Jonen ustez. Horrezaz gain, jarduera gehiago egin dituzte egun handirako dirua lortzeko. Herri osoak hartu du parte, fanfarreak, abesbatzak... Txokolatadak gurasoen elkartearen eskutik egin dira eta ikasleen parte-hartzea ere handia izan da. Jendea laietan ibiltzen da eta horiek ere izango dira, lurra lantzeko makila luzeetan trebeki aritzen diren "hankapaloak", alegia. "Abesbatza, fanfarrea... denak musu-truk etorriko dira", esan digu Jonek hunkituta. Kirolari famatuei ere elastikoak eskatu zizkieten eta erantzuna bikaina izan omen da. Futbolean, Osasuneko Santzolek, Realeko Jauregik eta Athleticeko Tikok eman dituzte elastikoak. Pilotan, berriz, esku-huska aritzen diren Mikel Goñik eta Iñigo Pascualek. Zozketa bat antolatu dute horiekin eta txartelak eskuz egin ondoren, orotara lau bat mila saldu dituzte. Musika ere izanen da ekainaren 5ean. Berri Txarrak taldea bereziki eskertu nahi izan du Jonek, prezio berezia egin diete eta gainerakoak ere elkartasunak deiturik etorriko direla adierazi du. Ufestuek (Erratzukoa), Zartzako eta KDQ taldeek ere kontzertua egingo dute.

Faltzesen erronka jo diote euskaltzale orori, eta euskarari. Eskaintza mahai gainean dago, usain ona du, itxura ezin hobea. Beraz, ekainaren 5ean, Faltzesko mahaiaren inguruan eseri eta dastatzea izango da onena.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan