Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-06-06 -- 1947.zenb

Jon Alonso


Arauaren erreinu -ezen ez erresuma- zabal eta metafisikoan eskema platonikoak dira nagusi. Asko ez dela, aldizkari honetako orriotan Mattin Irigoienek eskema platonikoen gaineko gogoeta mamitsua egin zuen û"Platoni lepoa bihur"! zioen berakû, eta horrek ematen dit aukera nire gaurko hau abiatzeko. Iparraldean edo Hegoaldean, nor bere mamuen araberako eredu platonikoen preso bizi da. Itxurak aldatzen dira inoiz, ûapur bat udaberriko jantzi-moda aurkezten denean bezala, "aurten gonak bi hatz luzeago eramango dira", eta gisa horretanû, baina funtsean betikoak dira.

Konparazione, garai ez oso urruti bateko "euskaldun petoa" kendu da ûbateon batek gaztigatuko zuen mestizajearen garaian horrelakorik ez zela egokiaû, baina haren ordez "euskaldun naturala" jartzeko. Hori zer den? Niri ez galdetu, ez baitut holakorik ezagutzeko xantzarik ukan; susmoa dut Txirrita-edo izango zela azkena, benetan hala bazen, bederen; euskara idatziaren historian, ordea, ez da sekula horrelakorik izan, idazleak beti ibili direlako morrontza askoren pean, horietarik txikiena ez delarik idatziz zerbait esan beharrarena. Euskaldun "naturala"... egoera ideal batean dagoen hiztun-idazle-entzule kutsatu gabea, hor nonbait. Ideala gauzatzeko egin saioak askietsi ezinik, euskaldun irauteko eredu ezinbestekoa, antza.

Bakoitzak jakingo du nola bizi duen hizkuntzaren senari ûoi, sena, sena! Beste bat!û traiziorik eta bortxarik egin gabe idazteko tortura txiki hau. Bi modu nagusi daude, funtsean: bata, soinekoak urratuz, aldarri ozenak eta espantuak eginez, gure erderekiko morrontzaren deitorea are eta suizidioraino eramanez ere, beharrezkoa izatera; bestea Villasantek "Euskararen Auzia" famatuan ûizenez famatuan, behintzatû proposatzen zuen bezala û"izan ere, bada prosa idazteko molde bat eta bakarra mendebalde osoan..."û. Hau da, fenomenoa berezkoa eta orokorra dela apaltasunez baina aparteko konplexurik gabe onartuz.

Baina mutur batekoa zein bestekoa izanik ere, lasai egon, Arauak ez zaitu sekula bakean utziko. Edo Arauak beharbada bai, baina Arauaren munduko haragiztatzea diren bere Ministroek ez, horiek sekula ez. Arras ongi armaturiko Lejionea osatzen dute, nekaezinak dira, orotarikoak. Haiengan ûedo haietariko askorenganû eredu platonikoari eustea noraino den behar psikologikoa, noraino bizimodua ûeta are negozioa ereû, noraino bi ezaugarri hauen batasun sakratu eta hautsiezina, ikerketa-gaia izan liteke, baina gutxienekoa da, azken finean; benetan munta duena da jakitea beti iritsiko direla zu ibili zaren sorora ûbost minutu, bost egun edo bost urte geroago, baina iritsi egingo dira, gaizkilearen atzetik bizitza ematen zuten marshall gupidagabe haiek bezalaû, eta soro horretan lore bat edo mokordo bat landatu duzun askorik begiratu gabe, den-dena fumigatuko dutela "h" bakoitza bere tokian jarri arte. Jakina, Arauaren Armada iritsi eta bere zaldiak, kanpadendak, gerra-tramankuluak, eta tresna sofistikatu eta garestiak egokitu dituenerako, zu jada ez zaude, ihesean hanka egin baituzu, beste soro bat zikintzera. Ez al da zoragarria?

Guzti honengatik ere iheslaria den Sarrionandiak zerbait idatzi zuen honetaz Hitzen Ondoeza liburuan; eta arestian gogorarazi zituen esanak Berrian eman elkarrizketa batean. Literaturak hizkuntzaren posibilitateak aztertzeko balio behar duela esaten zuen, eta ez zuela maite arau arbitrarioak itsu-itsu obeditu behar izatea. Tipo arriskutsua, inondik ere. Damurik, erdi-euskaldun edo irauten badugu ûirauten dugunokû, Sarri bezalako tipo arriskutsuek eraikitzen duten etxe imajinarioari esker irauten dugu erdi-euskaldun. Herio sortzailearen arriskua bere egiten dutenei esker, Irigoienek erabiltzen zuen irudia erabiltzeko. Arauaren Armadak ez du horretan zipitzik ere laguntzen. Trabatzen, gehiago.

Mikel Basabe


Euskal Herriak badu zer esportatu: ideiak. Aspaldi baten, militarrak eta abadeak ziren erbestera igortzen genituenak. Lehenengoak lurraldea baketu eta bigarrenei lekua egiteko: bakea, eta benetako fedea eroaten zieten bide zuzena aurkitu beharra zutela jakin ere ez zekiten lagunei.

Esku zabalak gara euskaldunak, eta horren adibide berri baten berri izan berri dugu. Berri ona zabaltzeaz gainera, ekonomia garapena ziurtatzera ere joango gara behartsuz beteriko herrialde urrunetara. Kooperatibak zabalduko ditugu, munduan barrena.

Lagun on batek jakitera eman zidanez, Arrasateko kooperatibismoaren lehenengo ezaugarrietako bat, garrantzitsuena beharbada, besteekiko konpromisoa izan zen. Batez ere besteen, kaltetuenen, txiroenen bizi baldintzak hobetzeko ekin zioten kooperatiben bideari. Hain da horrela, ezen lehenengo kooperatiba antolatu baino lehenago ere, erkidego-konpromisoa landu egin zuten, Arrasateko arlo sozialeko hainbat esparrutan lanean jardunez. Ez zuten arlo ekonomikoan jarduteko presarik: gauza bakoitza bere unean. Lehenengo, jendea kooperatibismoa ulertzeko eta onartzeko gertatu, eta gero ekin enpresak antolatzeari.

Arrasate eta inguruan ekin zioten kooperatibak sortzeari, funtsezko beste ezaugarri bat zutela: aberastasuna sortu, eta irabaziak bertan gera zitezela segurtatu. Ez edozein modutan geratzeko, jakina: kooperatibisten ustean, aberastasuna ahalik eta lagun gehienen artean banatu behar da, eskualde guztiaren onerako izan dadin.

Horretarako, langileek euren burua antolatu behar zutela ikusi zuten, eta horren bila joan ziren: enpresa-kontzeptu berritzailea izan zen, kooperatibismoarekin batera eraginkortasuna ere bilatzen zutelako: aberastasuna banatzeko, lehenengo sortu egin behar zen. Guztiaren oinarrian, kontzeptu zehatz eta lausoa: justizia. Horrexen bila abiatu ziren hasierako kooperatibistak: jarduera ekonomikoa helburu etiko baten morroi.

Urteotako ibilaldiak argi-ilunak izan ditu -norenak ez?- eta oinarrizko planteamenduetan artez dabiltzala dioenik ere bada: aberastasuna sortzen dute, eta aberastasun hori askoren artean -ohiko enpresetan baino gehiagoren artean esan beharko litzateke, beharbada- banatzen dute kooperatibek. Arlorik arlo hedatuz joan dira, eta Euskal Herritik irtetea ere otu zaie, negozioa kanpoan ere finkatu behar zelakoan. ûAre gehiago, Euskal Herria ere internazionalizatu egin dute, city eta center moduko kontzeptu erabat moderno eta berritzaileei eskerrakû. Gero eta langile gehiago izan ditu MCCk, horietako asko mugagabeko kontratuarekin, eta enplegu-sorreran bestelako enpresek baino ahalegin sendoagoa egin dute. Horretaz aparte, sosak: azkeneko urteko emaitzak onak izan dira. Irabaziez egin behar da berba, ez galerez.

Esan liteke, beraz, Euskal Herria txiki geratu zaigula, laneko harreman justuagoak bilatzen ditugunoi: hemen, gure etxean egin behar zena edo egin zitekeena eginda dago; argi utzi dugu kooperatibismoak balio duena, aberastasuna sortzeko eta banatzeko gaitasuna duena, eta etorkizuneko merkatu globalizatuan ere bere lekutxoa irabaziko duela erakutsi behar dugu orain.

Orain, fagol, ilizal eta enpalauak Txinara doaz, ez behargin edo lehengai merkeagoen bila: hara doaz, aberastasuna sortu, eta bertan uztera, ahalik eta lagun gehienen artean utzi ere. Hara doaz, langileei euren burua antolatzeko aukera ematera; aspaldiko Arrasaten legez, arrakala sozialak edonon daudela ere gainditzera. Mundua beste era batera antola daitekeela pentsatzen dugun euskaldun guztion izenean: eskelik asko, mondlagon colporacion!

Pako Sudupe

Ba al dakizue zertan den alor hau, zertan diren EAEko administrazioa euskalduntzeko erabilera planak? ûNafarroakoa eta Ipar Euskal Herrikoa ez dago galdetu beharrikû. Ez al dugu irakaskuntza eta komunikabideen arloarekin batera administrazioa funtsezkotzat jo euskara gizartean normalizatuko bada? Euskararen normalizazioan dihardut azken bizpahiru urtetan eta ez dut neurketarik, hausnarketarik, ezer aurkitzen lanbide dudan arloaz, ni bezala ari direnen berririk ere apenas dudan. Gurean gaia jendaurrean ez egotea, gehienetan, ez da seinale ona izan ohi; gaztelaniak tradizioa, soziologia, boterea ditu bidelagun, eta euskarak oso tradizio urria du administrazioan, soziologia oso toki gutxitan du lagun, eta boteredunen laguntza ere...

Muga dezagun hain alor zabala eta jarri gaitezen EAEko administraziora begira, eta zehatzago 3. Hizkuntza Eskakizuna (HE) eta 4.a ezarria duten lanpostuetara. Euskara zerbitzuen ustez, lanpostu horiek dira euskara aldetik gaitasun gehien eskatzen dutenak eta askotan behintzat erabilerari begira garrantzi gehien dutenak. Egun lanpostu dezente dira, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian, hizkuntza eskakizun horiek ezarriak dituztenak. Lanpostu horien artean, batez ere 4.a ezarria dutenetan, badira oso postu garrantzizkoak, departamentu buru direnek betetzen dituztenak eta departamentu guztiaren funtzionamenduan, hizkuntzari gagozkiola, zerikusi handia dutenak. Honetara nentorren: 3. eta 4. HE ezarria duten lanpostu horiek betetzen dituzten langileek lana gehienbat euskaraz egiten dute? Euskararen erabilera administrazioan zertan den neurtzeko datu garrantzitsua ez al da?

Administrazioari eta euskal gizarteari oro har dezente kostatu zaio profil hori duen jendea lortzea, eta argi eta garbi dago erabilerarik ezean 3. HE duenaren gaitasuna bigarrenera jaisten dela, eta 4.a duenarena 3.era. 3.a, oro har, administrariei dagokien eskakizuna da, txosten teknikoak eta egiteko 4.a da beharrezkoa. Egindako lanari etekina ateratzeko, hots, benetako euskararen erabilera administrazio lanean, ziurtatu eta bermatu beharra dago jende horrek euskaraz lan egin behar duela. Egun ziurtaturik al dago hori?

Administrazioan hierarkia antolamenduan berean dago. Salbuespenak eta ñabardurak alde batera utzirik, bereiz liteke halako marra nabarmen bat administrazioaren zerbitzupeko enplegatuen artean: marraren alde batean teknikariak daude eta bestean administrariak. Labur-zurrean, berriro diot, ñabardurak alde batera, teknikariak dira ekimen, erantzukizun eta sormena eskatzen duten txostenak egiteko ardura dutenak. Teknikarietan ere badira aldeak, batzuk departamentu buru dira, beste batzuk ez, baina esan liteke nolabaiteko burutza osatzen dutela sailen ardura politikoa duten zinegotzi eta alkate edo zuzendari eta kontseilariekin batean. Arraina burutik hasten omen da usteltzen; uste izatekoa da, osatzen ere burutik hasiko dela; beraz, administraziora etorrita, buruek euskara erabiltzen badute nagusiki, edo euskararen erabilera zinez bultzatuz gero, errazagoa da kate guztia euskalduntzea. Horregatik galdetzen nuen gorago, 3.a eta 4.a ezarria duten lanpostuak betetzen dituztenek euskaraz funtzionatzen duten nagusiki.

Nire iritzia da politikariek, abertzaletzat jotzen ditugunak eta abertzale espainolak edo konstituzionalistak direnak ûiritzia denei dagokie, nahiz alderdien arteko aldeak handiak diren, eta alderdi bereko kideen artean ere alde ederrekoak daudenû ez dutela bereganatua administrazioan euskararen erabilera zabaltzea euren ardura dela, ez soilik euskara zerbitzuko teknikariena, eta 3. eta 4. HEak ezartzeak berekin ekarri behar duela herritarrari zerbitzua euskaraz eskaintzeaz gain, lan hizkuntza nagusia ere euskara izatea, urratsez urrats, euskal zirkuituak finkatuz.

Horretarako, politikariak bezain garrantzizkoak teknikari buruak dira. Hainbat kasutan ezarriak zaizkien hizkuntza eskakizunak ez dituzte egiaztatzen, eta ez dute benetako arazorik sumatzen bere horretan jarraitzeko eta hainbat kasutan eragozpen larri gerta litezke euskararen erabilera finkatzerakoan.

Ez naiz hain xaloa: zenbat politikari abertzale eta/edo euskaltzalek irakurriko dute hau? Gertatu izan da euskara zerbitzuak 4.a jarri lanpostu bati eta politikari abertzale hotsekoek 3.a jartzea, jendaurrean argudiatuz jende gehiagori eman behar zaiola aukera, eta isilean pentsatuz 3.a dutenen artean egon daitezkeela 4.a dutenen artean baino jende prestatuagoa, hots, beren lana erdaraz egiteko prestatuagoa, bost axola izanik euskaraz lan egiteko gaitasuna duten ala ez. Gaur egun, oker ez banago, 4. HE egiaztatua duten teknikari gehienek erdara hutsez edo hizkuntza bietan lan egiten dute, eta azken kasu honetan erdaraz gehiago euskaraz baino. Eta errua ez da teknikariena, edo behintzat ez soilik beraiena inondik ere. Lehenbizi, buru teknikoak eta politikoak bultzatu egin behar dute lanean euskararen erabilera, eta gainera horretarako laguntza behar dute, hainbat arrazoi tarteko askoz errazagoa delako gaur egun administrazioan lana erdaraz egitea euskaraz egitea baino. Baina gai hau beste artikulu baterako utziko dugu.

Laburbilduz, politikari eta ardura handienak dituzten teknikarien bultzadarik gabe jai du euskararen erabilerak administrazioan, jai duen bezala horretan ari garenon koordinaziorik gabe, eta jai duen bezala hausnarketa eta guztion arteko sinergiarik gabe. Badugu foro baten beharra iradokizunak, kexuak, gogoetak eta polemikak bideratzeko, guztion arteko sinergia lortzea helburu.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan