Gure auzokide berriak
Kike Diez de Ultzurrun
Kemal Nafarroako Ospitalearen beilatokian dago. Mul hil baita, herrikidea, duela lau bat urte Senegaletik etorria. Laketzen hasia zen Iruņean, baina biriketako min gaizto batek ustekabean eraman du. Kemali banan-banan etortzen zaizkio gogora Mulek izan dituen lan guztiak: eraikuntzan peoi, banaketari, sasoiko nekazari Erriberanā eta, azken boladan, Iruņerriko galdategi batean langile. Orain, senegaldar multzo handixkoa azken agurra ematen ari zaio. Denak gizonezkoak dira. Emakumeak eta seme-alabak sorterrian gelditzen baitira, senarra noiz itzuliko zain. Denen artean, sosa paratu dute, hilkutxa erosi eta gorpua Afrikaraino hegazkinez garraiatzeko. Han ehortziko dute, maindire zuri batean bilduta, zuzenean lurrean, hilkutxarik gabe. Iruņean ez baitago musulmanendako hilerririk.
Melania ekuadortarra kutxazain ari da supermerkatuan eta, asteburuetan, ostalaritzan. Babes ofizialeko etxebizitza erosi du Buztintxuri auzo berrian. Hasieran, bera bakarrik etorri zen, familia han utzita. Antzera jokatzen dute Ekuador, Kolonbia, Errepublika Dominikarra eta Perutik etorritako emakumezko gehienek. Behin lana aurkituta ûsoldata apal apaleko lanak, bidenabar erranikû, lehenbizi senarra ekartzen dute eta, gero, seme-alabak. Orain arte, etxeko lanetan aritu da gehienik, eta haurrak eta zaharrak zaintzen ere bai. Igande arratsaldetan, bere herrikideak hiriko zenbait tokitan elkartzen dira kirol pisten arrimuan. Gizonezkoak "peloteoan" aritzen dira ûfutboleanû eta emaztekiak solasean. Ikasteko adinean dauden seme-alabak, oro har, ikastetxe publikoko gaztelerazko ereduetan ari dira eta ez dira gutxi ikastetxe erlijioso batzuetan ari direnak, uniformearen dirdirak erakarrita.
Lamia pozik dago, sekulako ahalegina egin ondoren lana aurkitu eta anaien etxetik alde egin duelako. Marokoarrak dira. Anaiek behartu zuten buruzapia jantzi eta erlijio arau estuak betetzera, eta arabiar batekin ezkonarazi nahi zuten, gainera. Orain, Lamia eta bera bezalako emakume musulmanak bi bazterketa jasaten ari dira. Arrotzak dira Iruņeko gizartearen begietan eta arrotzak ere beren kulturako jendearentzat, arau santua hausteagatik. Dena den, ez da samurragoa buruzapia daramaten emakumezkoen egoera, bereziki emakume helduena. Senarrak deituta etortzen dira Iruņera eta oso gutxitan ateratzen dira kanpora. Pare bat urte pasatuta ere, ez dira batere ongi moldatzen gazteleraz. Ez dute inongo harremanik beren girotik kanpo. Gainera, buruzapia eramatea sekulako oztopoa da lana aurkitzeko, hemengo gizarte itxiak ez baitie lanik eman nahi. Hori dela eta, Khatibari senarrak baimena eman dio, behar izanez gero, lanean buruzapia kentzeko.
Gero eta gehiago dira, oraindik ez baita bukatu berrogei urtetan gertatzen ari den bigarren etorkin olde handia. Lehenbizikoa 60ko hamarkadan izan zen. Orduko hartan Andaluzia, Extremadura eta Gaztelako jendeak Iruņea izugarri handiarazi zuen, barne migrazioak lagundurik. Baina, ez legoke gaizki gogoratzea, orain dela berrogei urte arte, jendeak samaldaka atera behar izan duela gure herrialdetik, gurean bizimodua ateratzeko modurik ez zegoelako. Beharbada, horrexek pixka batean apalaraziko du gure harrotasuna eta lagunduko digu Kamel, Mul, Melania, Lamia, Khatibaā bestela hartzera. Gure auzokide berriak baitira, iruindar berriak, alegia.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.