Astekaria

 Azkena 

Fatalkeriaren aitzi!

Emilio Lopez Adan 'beltza'

Emilio Lopez Adan 'beltza'


1946. alea
2004-05-30
alde 0    kontra 0

Iraken izan torturek ohar anitz sortu dute, eta gure artean erradikaltasuna karesatzen duten giroetan bat, behin eta berriz errepikatua: tortura inperialismoaren logika barnean dela, zapaltzen gaituzten estatuen konportaera normala dela eta harekin bizi beharko garela historia goitik behera uzkaili arte, hots, irabazi arte. Tortura suntsitzeko, omen, beste modurik ez da.

Fatalismo horren aurka idatzi nahi nuke. Ez dut erranen baikor izateko arrazoi anitz dela: hainbeste eta hainbeste torturatu eta torturatzen da non badirudi arazoak erremediorik ez duela, betiko izanen dela. Hainbeste eta hain onartua da non entrepresek fabrikatzen dituzten tortura tresnak, industria azoketan erakusten dituztenak eta gero saldu, inongo debekurik gabe. Hainbeste eta hain kenezina non kurtso bereziak ematen baitira militar eta polizientzat, diru publikoarekin, bere lan zikina era eragingarrienaz egin dezaten. Hainbeste eta hain justifikatua non parlamentu demokratikoek, Israelen bezala, legeztatzen duten... edo ez dituzten kontrako neurri egokiak onartzen, Euskal Herrian bezala.

Zeren eta torturak funtzionatzen baitu, eta hori denek dakite. Funtzionatzen du jendarte zapaltzailea mantentzeko, etsaien zigortzen eta beldurtzen baititu eta, gauza okaztagarria, morroien aztura apal eta bortitzenak askatuz haien fideltasuna sariztatzen duen. Ez da gutxi. Bestalde, funtzionatzen du demokrazietan ere, bai aitorpenak erdiesteko, bai eta aitorpen desesperatu guztien artean egiak ere ateratzeko. Eragingarritasun horretan finkatzen dira haren aldekoak, dena estakuru eta paternalismo, aipatzeko nola eskola lehertuko duen zartagailua torturari esker ekidingo den, azken bost minutuetan gainera. Pelikula ederra.

Baina ez. Tortura ez da fatalitatea, eta badira horren suntsitzeko errekurtsoak. Estatu demokratiko guztiek izenpetu dituzte torturaren aurkako nazioarteko itunak, estatu demokratiko guztien konstituzioetan aipatzen dira jende eskubideen errespetua eta tratu txarren baztertzea. Eta demokraziaren oinarrian diren kontzeptuak, bai eta lege positiboetan diren neurriak erabiltzen ahal dira. Eta erabiltzeko ez dugu zertan lotsarik ukan behar. Askatasun demokratikoak ez dira egiazko askatasunaren aurkako desbideak edo hipokrisiak; askatasun demokratikoak zinezko askatasunaren aldeko borroken fruituak dira, herri jazartzeei esker lortuak, eta ez dira boteretsuen eskuetan utzi behar iraultza egina ez dela aitzakia.

Isolamendua kentzeko, mediku independenteen eta norberak hautatu abokatuaren bisitak ezinbestekoak dira; atxilotze denbora mugatu behar da; galdeketak bideoan grabatu; polizia erantzuleen identifikazioa erdietsi era normalenaz; habeas corpus... Horra neurriak behin eta berriz galdatzekoak, nahiz eta behin eta berriz galdatuak izan ondoriorik gabe. Botere politikoei ez zaie bakerik eman behar beren aldetik politika zehatz eta idatzia lortu arte, torturaren erantzuleei zigor administratibo inmediatoak ezarriko dizkiena eta auzitegietan bururatuko dena, administrazioa bera torturatzaileen salatzailea izanik.

Buka dezagun izurri horrekin. Hautsi politikoen eta epaileen arteko adiskidekeria, lan zikina egiten duen poliziaren estaltzekoa. Posiblea da. Errealista da. Nahikoa.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1945
 
azala1944

1946 zenbakia.
2004ko maiatzaren 30a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza