Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2004-05-30 -- 1946.zenb

Estitxu Eizagirre

Iruñean, ilargiaren pasabidean aurkitu ditugu Team Rockers taldeko kide batzuk, grabitateari desafioka. Pasaeran, jende dena begira geratzen da, harrituta, eta komentarioekin jokoan sartzen da. Hala ere, Patxi Cía «Soker», Carlos Alocer «Khawo» eta Jon Eneriz ez dira publikoarekin batere kikiltzen, ezta kamerarekin ere. Astirik duten aldiro biltzen dira, taldeko beste bi kideak diren Pablo García «Polini» eta Diego Picamillsekin batera. Txandaka irteten dute pasabidearen erdira, eta bakoitzak pauso edo posturaren batzuk egiten ditu. Besteek esango diote noiz egin duen ondoen. Elkarrengandik ikasten dute: «Nola arraio egiten duzu hori? Ezker edo eskuin eskua jartzen duzu lurrean lehendabizi?».

Kaleko bizitzan egiten denez, breakdance-a sarri lotzen da kaleko beste aktibitateekin, graffiti eta musikarekin, alegia. Patxi Cíak, Euskal Herriko breaker edo dantzari onenetakoak kontatzen duenez: «Ni graffitiak eginez hasi nintzen, eta horrela ezagutu nuen breaka dantzatu eta rapa kantatzen zuen jendea. Lehen denok egiten genuen denetik, baina orain bakoitza gauza batean zentratuta dago». Edozer musikarekin aritzen dira, ez hip-hoparekin bakarrik: 70eko funkyarekin dantzatzen da, houserekin ere bai...

Gazteen kulturan hezi

Donostiako Intxaurdanza kultur taldea, graffiti, breakdance eta errimadoreen mugimendua lantzen eta forma ematen ahalegintzen da. Antolatzen dituzten graffiti festak dira horren adibide: «Graffitiak duen kutsu negatiboa izanda, eta egiten diren zirriborro pila ikusita, festa bat antolatzen dugu guk, jendeak graffitiak marrazten ikasteko aukera izan dezan, erakusteko arte bat dela eta ez bandalismo hutsa. Marrazten hasi aurretik hitzaldi bat ematen diegu, gazteek jakin dezaten zer den graffitia, nola egiten den, zer gerta dakiekeen harrapatzen badituzte». dio Intxaurdanzako kide Marta Olaldek. Graffiti festan panelak eta sprayak jartzen dituzte, girotzeko musika ere bai, eta bitartean errimak inprobisatzen eta breaka dantzatzen aritzen dira.

Guztiz espontaneoa edo antolatuagoa izan, zuzenean kalean aritzea esperientzia bizia dela ziurtatzen du Olaldek: «Ni eszenategien mundutik nator, eta kalean dantzatzea gogorra egiten zait. Adrenalina igotzen da, eta publikoa bertatik bertara dugu. Beraz, publikoaren erreakzioek zuzenean eragiten digute».

Intxaurdanza kultur taldearen barruan dago Intxaurbreak taldea, eta bertako kide Diego Picamillsek kalearen alderik txarrena nabarmendu du: «Toki batetik eta bestetik bota egiten gaituzte». Negu gorrian kaleko baldosen gainean aritzea ere, ez da txantxetako kontua. Kalean hasi eta hezi ziren breaker hauei orain aretoetatik ere deitzen diete. Gaztetxe, gazteleku eta dantzalekuetatik, besteak beste.

Kaleko bizitza bezala, breakdancea ere aldiro da desberdina. Olalderen hitzetan, «beti dantza akademikoan aritu nintzenez, Breakdancean hasi nintzenean gehien kosta zitzaidana inprobisatzea izan zen». Txapelketetan gutxiago inprobisatzen dela aitortzen du Iruñeko Patxi Cíak: «Batzuek nahiago dute dena prestatuta eramatea, eta beste batzuek libreago ateratzea. Guk biak uztartzen ditugu: oinarri bat prestatuta eramaten dugu, baina gustatzen zaigu momentukoa atera dadin».

Erronkak eta txapelketak

Kaleko joko horretan sartzen da probokazioa eta erronka. Borobilean bilduta, bat erdira ateratzen da, eta beste norbaiti erronka botatzen dio, begiradarekin. Pauso bat egiten du, eta besteak pikea hartzen badu, erdira atera eta pausoa hobetzen saiatuko da. Esaterako, besteak baino buelta gehiago emanda.

Olalderen hitzetan: «Borobil horietan asko ikasten da. Lehendik ezagutzen ez genuen jendea ateratzen da eta gauza berriak ikusten dira. Hor sortzen dira breakerren arteko harremanak. Edozein lekutan hasten gara dantzan, biziatuak gara».

Txapelketetan ere izaten dira buruz-buruko erronkak, eta baita taldeko koreografiak ere, antolatzailearen irudimenaren esku dago. Taldea eta norbanakoa elkartzen dira breakean, Patxi Cíak azaltzen duenez: «Talde bat gara, baina nahiko dantza indibiduala ere bada. Bakoitzak gehien gustatzen zaizkion mugimenduak egiten ditu, eta taldean denak lotzen dira, dantzari bakoitzari leku bat egiten zaio».

Iruñeko eta Donostiako breakerrek oraindik oso presente dute orain dela gutxi Bilbon, Europako talde onenek parte hartu duten Break on stage lehiaketa. Sumatzen da gazteen artean gero eta zabalduago den kaleko kulturak beste eszenategi eta baliabide batzuk ere eskatzen dituela.

Pilar Iparragirre

Zerk eraman zaitu lan eskerga hau egitera?
Euskaltzaletasunak, baina baita bertako euskaltzaletasunak ere. Lan gai hartu ditudan Nafarroako ibarrak XX. mendean euskara galdu zuten ibarrak dira, oro har esanda; salbuespen bakarra Esteribar inguruan dago, han oraindik entzun baitaiteke hegoaldeko goi-nafarrera, baina gainerakoetan ez. Iaz ibili nintzen ni Txulapainen azken euskaldunen arrastoen bila, baina zoritxarrez iritsi nintzenerako hila zen azkena. Horixe da egoera, eta alde ezkorretik begira badaiteke ere, niri alde baikorretik begiratzea gustatzen zait, eta garbi dago egundoko euskaltzaletasuna sumatzen dela orain ibar horietan. Erronkari da epelena, baina hor ere apurka-apurka gorantz doa haurren matrikulazioa ikastetxe euskaldunetan. Iruñerrian, berriz, nabarmena da gorantzako joera, Aezkoan ere bai... Horrek esan nahi du euskaldun multzo polit baten aurrean gaudela, eta bere euskara nolakoa zen jakin nahi duen euskaldun berrituen aurrean. Horixe da Lingua Navarrorum bilduma martxan jartzera animatu ninduena.

Eta zein da zure asmoa?
Ezaguturik ibar horietan bertako euskara nolakoa zen jakiteko dagoen grina, neure hiztegi eta ikasliburu hauen bidez jende horren eskuetan materiala jartzea da, bereziki, nik egin nahi dudana, badakidan arren material honek erabilera filologikoa ere baduela.

Zenbat denbora beharko duzu bilduma osoa egiteko?
Hogei liburukiak osatzeko hamabost bat urte beharko ditudala aurreikusten dut.

Josu Iztueta

Irlanda aipatu orduko, irla berde bat datorkigu burura. Bazter guztiak bustitzen dituen euria da bertako lehen protagonista eta barren guztiak betetzen dituen garagardoa bigarrena. Pubetan musika entzutea da beste irudi irlandar tipikoa eta azkenaldian tabakoa leku horietan bertan erre ezinak piztu du polemika.

Ipar Irlandako egoera politikoa atentzio bereziz jarraitu izan dugu Euskal Herritik, batzuk gurearekin paralelismo asko antzematen dizkiotelako eta besteek hangoak hemengoarekin zer ikusirik ez daukala iritzi dutelako.

Ozeano Atlantikoan dagoen Irlandara iristeko, errepide eta itsasontzi konbinaketa zen duela gutxi arte aukerarik merkeena. Gidatutako kilometroei, autopista eta itsas ferryen kostua gehituta erabakitzen genuen ibilbidea. Gaur egun hegaldien prezioak harrigarriak dira, kosta egiten da sinestea Dublinera joan-etorria hegazkinez Madrilera autobusez baino merkeagoa izatea. Irlandara ingelesa ikastera joandako askok lagun eta familia bixita gehiago dituzte, Bartzelonan karrera bat ikasten ari direnek baino.

Aste Santuotako oporretan hara nindoala esan nuenean, inguruko baten semea, bizilagunaren laguna eta ez dakit noren andregaia han zeudela jakin nuen. Proportzio horretan, orain daudenei inoiz egondakoak gehituz gero, Irlandan «ikasten» egondako euskaldunen kopurua altua behar du izan, milaka batzuk agian.

Euro atlas txikia

Irlandak 84.500 kilometrotako azalera duela idazteak ez dio hainbati ezer asko esango, iparretik hegora 450 km eta zabaleraz 300 dituela jakinda nolako forma izan dezakeen imajina genezake -borobil samarra-edo-. Euskal Herria (20.000 km) halako lau dela esanda zerbait gehiago zehaztuko dugu ziurrenik.

Europa 15 + 10 estatuz osatu berri da egunotan. Gero eta zailagoa zaigu bakoitza bere leku egokian kokatzea, dituen mugak bereiztea eta aldamenekoak zeintzuk diren buruz asmatzea. Irlandaren irla izaerak aurreko guztiak errazten ditu eta atlas bat eskura ez eduki arren nahikoa da poltsikoan daukazun edozein koloretako euro billetea ateratzea... Erraz bereiztuko duzu irla berdea. Herrialde bat non dagoen eta zer itxura daukan jakinda gauzak hobeto ulertzen dira; Geografian eta biztanleak zenbat eta nolakoak diren esateak, berriz, asko laguntzen du Soziologian.

Irlandarrak 5,6 milioi dira, hauetariko 3,9 milioi Irlandako Errepublikan eta 1,7 milioi Ipar Irlandan. Populazio honen %57 hiritarrak dira eta %43-edo landatarrak. Adinari begiratuta gauza batek ematen du atentzioa: biztanleriaren erdiak 30 urtetik behera ditu eta hori ez da Europan oso normala. Hizkuntza ofizialak irlandesa eta ingelesa diren arren erabilpenaren proportzioak asko aldatzen dira batetik bestera. Irlandesa familia gaelikoko hizkuntza da eta berau zen jatorrizko hizkera. XVI. mendetik aurrera atzerakada dezentea izan zuen eta Irlandak independentzia lortu zuenean (1922) ia galduta zegoen. Berreskuratze lanetan irakaskuntzari garrantzi handia eman zaio eta egun ia milioi bat pertsonek jakingo dute beharbada. Erabiltzen dutenen kopurua 150.000koa izan litekeela kalkulatzen da.

Kale neurketa egitea oso zaila izateaz gain arriskutsua ere bada, balorazioak egiteko denbora asko pasatu behar da herrialde batean eta giro ezberdinak ezagutu. Euriak tximak busti eta belarriak ageriago geratzen dira baina guk han astebetez ez dugu gaelikoz askorik entzun. Guregana zuzentzen direnek ingelesa erabiliko dutela garbi dago, baina beraien arteko elkarrizketetan irlandesa gutxi samar hitz egiten ote duten irudipena ekarri dut... Errealitatea bestelakoa bada hobe!

Kerik gabeko zurruta

Joan aurreko berri batek nahastu zituen bazterrak. «Irlandako pubetan ezin omen da erre». Leku publikoetan, munduan zehar, debekua zabaltzen doan arren, leku pribatuetara ez zen iritsi orain artean. Gauzak debekatzea ondo arautzea baino errazagoa da, arautzea halere, ez da inoiz denen gustukoa izango eta gehienona izateko ere nahikoa lan izaten da. Taberna batera sartzea norberak aukeratzen duen erabakia bada debekatu al daiteke erretzea? -300 euroko isuna gutxienez erretzailearentzat eta beste hainbeste tabernako nagusiarentzat-. Gustu guztietako iritziak jaso genitzake, tabako marka adina iritzi, gogorrenetik hasi eta light-eraino. Ni erretzailea ez naizenez eta taberna zuloetan ordu gutxi ematen ditudanez eroso sentitu naiz Irlandako pubetan. Musika entzunez aurrean daukadan zurruteroak ez dit kalte zuzenik egingo, baina agian erretzaileak molestatu bai. Taldeko tabako zale diren (edo izandakoen) artean ere denetariko iritziak daude! Taberna batzuk erretzaileentzat eta besteak ez erretzaileentzat? Lokalaren zati batean tabakoa erretzea libre eta bestea kerik gabeko gunea?

Ipar Irlandara sartutakoan ûBritainia Handian legedi honek baliorik ez duenezû gauzak asko aldatzen dira. Belfast hiriko auzo katolikoa hemendik joandako euskaldun gehienek bisitatzen dute, Falls kaleko pintadak ezagunak dira gure artean. Pub batean sartuz gero nabarmena da diferentzia, ez giro politizatuagatik bakarrik, baizik eta taberna barruan ez delako giro, kea usaintzeaz gain ikusi ere egiten delako.

Duela 15 urte, orain 10 urte eta oraingo honetan gauza bera egin zait deigarria. Esku batean alkohola -zerbeza ala whiskia- eta bestean zigarroa daukan iraultzaile figura etorri zait burura; bi eskuak okupatuta edukita ezin ukabila altxatu. Aho ezpain berdinak dira edalontzia husten dutenak, zigarroari tiratzen diotenak eta borroka diskurtsoa darabiltenak. Bat-batean, eztabaida bero-bero dagoenean, isiltasuna nagusitu da tabernan... Futbola dago telebistan, gol egarria ere badago jende artean. Kanpoko preskura apur bat hartzera joan naizenean, kalean edatea debekatua dagoela ikusi dut, -300 librako isuna-, trago txarra inondik ere hori ordaindu behar izatea!

Erretiratzeko garaia iritsi denean -ûgauerdian ixten dituzte taberna gehienak-û jende gutxi ikusten da autoa gidatzeko moduan, mozkortutako gizon-emakume asko dago bazterretan taxien esperoan, tristura apur bat sentitu dugu gure furgoneta barruan.

Katoliko ibili/egon/izan

Gero eta gutxiago entzuten dira gurean, «hori ez zebilek/zegok oso katoliko» bezalako esaldiak. Norbait erdi gaixo, erdi moxkor edo pulamentu gutxirekin ikusitakoan hitz egiten dugu horrela. Lehen kontatutakoagatik esaldiak berebiziko indarra dauka Irlandan. Euriak paisaian duen eragina adinakoa da erlijioak Irlandako Errepublikako bizitzan daukan eragina. Elizaren esku egon dira edo daude bertako ikastetxe asko eta ospitale batzuk. Inkestek diotenez, %90etik gora dira normalean mezatara joaten direnak. Politika munduan ere eragin izugarria da erlijioarena. Dibortzio, abortu, homosexualitate eta antisorgailu kontutan moral kontserbatzaileak dirau Irlanda berdean. Etxera joandakoan komeni izaten da kanpokoarekin alderatzea, zer daukagun eta zer ez konturatzeko, zer falta zaigun eta zer sobratzen zaigun baloratzeko. Maiatzeko jaunartzeak hizpide ona dira horretarako. Erlijioei buruzko hausnarketa eta kritika egiteko aitzakia aproposa da komunio kontu hori, zer esaten den eta zer egiteko gauza garen ikusteko urte sasoi egokia da udaberria.

Irlandako paisaiaren edertasunaz idatzi nahi nizuen, baina bertan topatutako panoramaz aritu natzaizue, beste baterako utziko ditugu hango milaka bazter eta txoko interesgarri. Irlandako kasuan ere, 6.500 «karakter» erabiliz ezin da «izaera» bakar bat azaldu.

Josu Iztueta Azkue
Cork, Irlanda

Joxerra Aizpurua / Garbiñe Ubeda


Zuhaitzak etxekotzen

Ikerketa genetikoaren aurrerakadari esker, askoz ere modu kontrolatuagoan zaindu eta ustiatu ahal izango dira basoak, azkar baino lehen.

Richard Meilan, Purdue unibertsitateko fisiologia molekularreko irakasleak makalaren geneak azkar identifikatzeko metodoa landu du. Zuhaitz bateko gene bakoitzaren zeregina ezagutuz gero, posible da genetikoki aldatutako barietateak sortzea helburu espezifikoen arabera, hala nola, altzariak egiteko edo eraikuntzarako. Ezagutza genetikoaren beste funtzio bat izan daiteke intsektuen aurka gogorragoak izango diren zuhaitzak, edo loraketa atzeratzen zaienak, eta abar sortzea. Geneak identifikatzeko teknika klasikoetan landare mutante asko produzitu behar da eta beraz, prozesua luzea izaten da; zer esanik ez zuhaitzetan, hamarkadak edo mendeak beharko baitira. Meilan-en teknikaren arabera, ez da landare mutanterik produzitu beharrik eta geneak identifikatzen ditu beren jardueraren arabera. Horretarako GUS izeneko gene bat daraman ADN zati berezi bat ûtranpa bektore deritzonaû zuhaitzaren genomaren ausazko leku batean kokatzen da eta aktibatzen denean urdin bihurtzen da. Aktibazioa beti ondoko gene batek, zuhaitzeko gene batek alegia, eragiten du eta horrela beren eginkizuna ezagut daiteke. Meilan, orain, zuhaitzetako sustraiak hazten dituzten geneak topatu nahian dabil, batez ere, ezaugarri jakin batzuek dituzten zuhaitz mota zehatzak erraz landatzeko eta ustiatzeko. Sortu nahi diren zuhaitz mutanteen helburu nagusia, batez ere, beren egurra ustiatzea izango denez, ez da basa populazioa kutsatu nahi izango eta, horretarako, zuhaitz mutanteek ez loratzeko erakoak izan beharko dute.




Arrantza, koralen arrisku

Munduko koral-arrezife onenak desagertzearen errudun ohiko arrantza teknikak omen dira hein handi batean, Newcastle, Tyne eta Oxford unibertsitateko hainbat zientzialarik egindako ikerketa baten arabera.

Koral-arrezifeak 100 estaturen uretan kokatzen dira eta 300.000 kilometro koadro baino gehiago dute.

Orain arte eskala handiko arrantzari zegokion arrezifeen arazoen erantzukizuna, baina badirudi arrantzale txikien erantzukizuna askoz ere handiagoa dela.

Zientzialariek bi urte igaro zituzten Fiji uharteetan eta bertako 13 irlatan burutu zituzten beren saiakerak. Irla horietako biztanleek intentsitate desberdineko arrantza egiten dute, beti ere, kainaberak edo lantzak erabiliz.

Nahiz eta arrantza gutxi egin, itsas izarren kopurua eta tamaina izugarri hazten zela ikusi zen, batez ere, etsairik ez zutelako; hauek arrantzaleen esku geratzen ziren eta jakina da itsas izarrek korala eraso eta kaltetzen dutela.

Arrantza handiagoa zen irletan itsas izarren etsaien kopurua bi heren jaitsi zen eta itsas izarren kopurua izugarri hazi. Ondorioz, koral kopurua heren bat jaitsi zen.

Beste irla batean itsas izarren hazkundea kontrolatzen ari zirela, koral osasuntsuak desagertzen hasi ziren bat-batean eta algen kopurua ia hirukoiztu egin zen.

Gaur egun arrezifeetan 4.000 arrain espezie eta 700 koral espeziez gain, milaka animalia eta landare bizi da, beraz, koralak desagertzeak katea osoan eragina izan dezake.

Hasier Etxeberria / David De Jorge


Osagaiak:
24 arkume hanka, zuri-zuriak
30 baratxuri ale, zuritu gabe
Porru bat, pikatua
Tipulin bat, pikatua
Litro erdia ardo beltz
Oliba olioa
Ura
Irina eta arrautza joa
Gatza

Gatza eman eta kazola batean oliba olio xorta bat isuri ondoan, alde guztietatik gorrituko ditugu hartan arkume hankak. Ongi xigortuta utziko ditugu. Arkume hankak atera, koipe soberakina erretiratu eta baratxuriak, porrua eta tipulina jarriko ditugu kazolan. Barazkiak ongi potxatu eta berriro sartuko ditugu arkume hanka gorrituak. Irauli batzuk eman eta ardoa isuriko dugu ondoren. Urritzen utziko dugu guztiz. Ur beroaz estaliko dugu hurren guztia, 3 hatz gainetik. Gatz pixka bat eman eta kazola estalia utziko dugu guztia egosten bi ordu eta erdiz, erdi irakinean. Kazola ez da ur eskas geldituko, gaiak estaliko ditu beti eta lurrindu ahala berritu beharko da. Xamur daudelarik, kazolatik aterako ditugu arkume hankak. Egosi diren salda iragaziko dugu ondoren, eta kazola garbi batean jarriko dugu ezti-ezti irakiten. Beren epelean utziko ditugu hankak eta, kontu handiz ez hausteko, saiatuko gara hezur eta kartilago guztiak banan-banan kentzen, hanka itxura gorderik beti ere. Hezurgabetu ahala, irin-arrautzatan pasa eta oliba olio ugaritan frijituko ditugu, ongi gorritu arte. Xukatu eta beren zukuan sartuko ditugu ondoren arkume hankak, gelatina aska dezaten eta saltsa lodituz joan dadin. Gatz-puntua neurtu eta zuzenduko dugu gero. Jan aurretik, komeni da hozten uztea, pausa daitezen, eta ordu batzuk, edo egun bat edo bi, igaro direnean berotuko ditugu berriz. Alde handia dute.

Pilar Iparragirre

Osaba Bin Floren
J. M. Olaizola «Txiliku»
Elkar
148 orrialde
8,65 euro


Osabaren ipuin liluragarriak

Bada gertaera okerrenetatik ere zerbait onuragarria ateratzen dakien jenderik, eta horrelakoxea dugu J. M. Olaizola Txilikuk sortu eta Elena Odriozolak marraztutako kontakizun honen protagonista. Osaba Florentinok istripu bat izan zuenez, bendak jarri behar izan zizkioten buruan, turbante baten gisa. Eta orduantxe erabaki zuen gizonak bere burua nolabait aldatu eta handik aurrera osaba Bin Floren izango zela. Ohetik batere mugitu gabe, Bagdadeko ipuin kontalarien gisara ipuin bat bestearen atzetik kontatzeari ekin zion, bere entzuleen gozamenerako. Osaba Bin Florenek kontatzen dituen istorioen bitartez, Arabiar golkoan zehar bidaiatu ahal dezake Elkar argitaletxeak 12 urtetik aurrerakoei begira plazaratutako liburu honen irakurleak.

Gerrako pilotu
Antoine Saint-Exupéry
Alberdania, Elkar
190 orrialde
10,50 euro


Josu Zabaletak euskaratutako Saint-Exupéryren nobela

Oso gazte zela piztu zitzaion Antoine Saint-Exupéryri hegazkinetarako eta mekanikarako zaletasuna, eta bizitza osoan ez zuen galdu. Posta eta gerrako hegazkin pilotu, hegazkintzarako tresna asmatzaile, hegazkin zerbitzuen antolatzaile eta propaganda zerbitzuetako kide izan zen Printze Txikia eta hegazkintza gai duten hainbat nobelen egile hau, 1944an alemaniar pilotu batek berak pilotatzen zuen hegazkina bota zuen artean. Gerrako pilotun, alemaniar armada Frantzian sartzen ari zenean, 1939ko maiatzaren 22an, egoera aztertzera bidali zuteneko misioaren gorabeherak eta 1914ko Gerra Handia, Espainiako Gerra Zibila eta Bigarren Mundu Gerra ezagutzeak Sain-Exupériry eragindako gogoetak kontatzen dira.

Ilbehera
Jose A. Tellaetxe Isusi
Desclée
108 orrialde
8 euro


Baleen zain zegoen mutikoa

Sisifo txorimalo zaharra eta Marni txakur eme txikia bakarrik lagun zituela abiatu zen gau batez Jose A. Tellaetxe Isusik sortu eta marraztutako Ilbehera abenturazko kontakizunaren protagonista gaztea, bizi zen haranean Gabon jaiak baino pixka bat lehenxeago gertatzen hasi ziren gauza arraroei amaiera emateko asmo sendoarekin. Herrian batzuek esaten zutenagatik, baleak ehizatzera etorritako baleontzia izan zitekeen guztiaren errudun, eta horrek kezkatzen zuen bereziki mutikoa, baleen hilerrira iristeko zeharkatu behar zuten haitzuloaren sarrerara iristen ari ziren unean. Baina orduan zulo barrutik zetorren zarata beldurgarria entzun zuten, eta baita atzeraka egiten saiatu ere, supituki haize ozpindu batek aurpegietan jo eta ehunka su berdexkaz inguraturik aurkitu zirenean.
Jakin

Batzuen artean
Jakin
116 orrialde
9,10 euro

Euskal telebista lokalak aztergai

Jakin aldizkariaren azkenengo zenbakian Euskal Herrian ûipar zein hegoanû dauden telebista lokalak hartu dituzte aztergai gisa. Gaur egun izaera eta mota ezberdineko berrogeita hamar telebista lokaletik gora ari dira emititzen gurean, eta haien nolakotasuna eta egoera azaltzen dute Edorta Aranak, Patxi Zubillagak eta Beatriz Narbaizak, telebista lokalen zerrenda eta tipologia, komunikazio talde handien sarrera sektore horretan, telebista lokalen ekonomia, finantziazioa, programazioa, euskarak programazio horretan duen presentzia eta besteren berri eskainiaz. Bestalde, Euskal telebista lokalen oraina eta geroa gaiaren gainean bere iritzia ematen dute Oihane Agirrek, Iñaki Alzagak, Iban Bengoetxeak, Pedro Castillok, Sonia Díaz de Corcuerak eta Ramon Zallok.

Arturo. Epopeia zelta bat. Myrddin eroa
Chauvel, Lereculey, Simon
Jean François Sauré
53 orrialde

Elezahar gaelikoak oinarri dituen komikia

Arturo erregea Erdi Aroko gortean ezagutu izan dugu hainbat filmen eta kontakizunen bitartez. Jean François Sauré argitaletxeak kaleratuko duen komiki bilduma honetan, ordea, Arturoren jatorrizko zikloa jasotzen da. David Chauvelen gidoia, Jérôme Lereculeyren marrazkiak eta Jean-Luc Simonen koloreak dauzkan komiki bilduma honek neurri handi batean testu eta elezahar gaelikoak euskarri dituenez, jatorri gaelikoko izenak agertzen dira bertan. Adibidez, Myrdinn deitzen da magoa, eta ez Merlin. Hain zuzen ere Myrddin eroa dugu bildumako lehen emanaldia, eta bestek «bretoi» deitu baina beren buruei kymry esaten zietenentzat oso garai zailak ziren denborara garamatza.

Eseté 12
Batzuen artean
Amasté Comunicación
130 orrialde
5 euro


Metroa hartzen dugunean
gerta dakigukeenaz

Edozein bortxakeriaren biktima diren guztiei eskainia dagoen Eseté aldizkariaren 12. zenbakia Madrileko metroan egindako gogoetez dago osaturik. No olvide retirar su billeten, era askotako hausnarketak azaltzen dira. Metroan doazen bidaiari itxuraz nekatu horiek buruan bueltaka ibil ditzaketen kontuez, zer egin berandu zabiltzanean eta metroaren sarreran amaren lagunik zaharrenak gelditzen zaituenean, nola iritsi garaiz irteerara metroa lepoz gainezka joan eta zu azkeneko muturrean zoazenean...

Hegoaldeko goi-nafarrera. Artzibarko aldaera
Aitor Arana
Hiria
231 or. / 18 euro


Nafarroako euskalkiak berreskuratzen

XIX. mendearen erdialdetik hona, Nafarroako hamabost bat ibarrek eta 350etik gora herrik galdu dute euskara. Eta hain zuzen ere ibar horiek bere euskal kontzientzia berreskura ahal dezaten hasi zen Aitor Arana haietan hitz egiten zen euskararen arrastoak jasotzen, aurretik Zaraitzuko hiztegia eta euskara azaltzen zuten bi liburu plazaratuz eta Izarbeibarko hiztegia kaleratuz gero. Orain, berriz, Lingua Navarrorum deritzan sorta osatzeari ekin dio ausart, alegia hamabost bat urte eramango dion hogei liburuko bilduma osatzeari. Lehendabiziko biak dagoeneko liburudendetan daude, hau da, Hegoaldeko goi-nafarrera. Artzibarko aldaera hiztegia, eta Zaraitzuerazko irakurgaiak. Baina hortik aurrera honako hauek ere argitara emateko asmo sendoa du: Erronkariko hiztegia, Erronkariko euskara (ikasliburua) eta erronkarierazko irakurgaiak. Eguesibarko hiztegia, Elortzibarkoa, Esteribarkoa, Gesalazkoa, Goñibarkoa, Iruñekoa, Itzarbeibarkoa, Oltzakoa, Orreagakoa, Txulapaingoa eta Anuekoa. Eta horiez gain, hegoaldeko goi-nafarrera (ikasliburua) eta baita hegoaldeko goi-nafarrerazko irakurgaiak bilduko dituen liburua ere.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan