Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2004-05-23 -- 1945.zenb

Pilar Iparragirre

Nori dago zuzendua 'Arbelaren gainean' liburua?
Baliteke liburu honek Itsasondokoentzat gertuko irakurketa bat izatea, baina nire ustez badu Itsasondotik kanpora ulertzeko moduko hainbat gako ere. Errekarteko Koadernoa atera nuenean izan nuen txokokeriatzat hartua izan zitekeen beldurra, baina orain jada ez daukat horrelakorik. Itsasondokoak izan ala ez, irakurriko dute irakurriko dutenek. Bestalde, ni konbentzituta nago partikulartasuna dela unibertsaltasuna lortzeko bide natural eta berezkoa.

Idazle asko ageri da lanean, baita Txikiaren poesia ere. Idazleen herria al da Itsasondo?
Ez dakit hala den. Askotxo atera zaizkit niri.

Ama Birjina ikusitako bat ere izan duzu senide...
Jexux Leteren anaietako bat izan zen hori, Kruz Lete, Ezkion Ama Birjina ikusi zutenetako bat. William A. Christian ikerlari iparramerikarra da hortaz gehien dakiena. Fenomeno erlijiosoetan espezializatua da eta bere bizitzako urte mordoxka Ezkioko agerpen eta ikusteak aztertzen eman ditu. Ikerketa horien emaitza Visionaries. The Spanish Republic and the Reign of Christ izan zen, eta han agertzen denez, Kruz Lete hau izan omen zen sinesgarritasun handieneko begitazioduna, besteak herriko jende xumea zirelako ûeskola gutxiko haurrak eta baserritarrakû, eta Lete hau, berriz, Irakasle Ikasketak egiten ari zen garai hartan eta familia onekoa zen gainera. Kruz honi, beste mezu askoren artean, ikasketak bertan behera uzteko agindu zion.Ama Birjinak, eta haren ahotsei-edo segituz apaiztu egin zen, handik gutxira hiltzeko.

Mikel Asurmendi

Juanito Oiarzabal, Eneko Pou eta Alberto Zerainekin batera Ama Dablam 2004 espedizioa burutu berri du Juanrak. Tontorra poltsikoan ekarri duela esan digu. Hirian (Bilbo) bildu arren, mendia gure imajinarioan genuela solastatu gara Madariagarekin. Mendiaz, literaturaz, poesiaz eta Izozmendiak liburuaz aritu gara oharkabe pasatzen den poeta eta mendizale honekin.

Mendira joatea -poesia idaztea legez- ihes egitea ote da?
Niretzat bai. Egunekotasunak ito egiten nau, eta asteburu oro mendira joatea, kirola egitea eta aire freskoa hartzea bizitzea eta aireratzea da niretzat. Horrelako espedizioetara joaten naizenean energiak kargatuta etortzen naiz, bizimodu petral honi aurre egiteko gogoz. Oraintsu Nepal aldetik ibili naiz berriro, dagoen mendirik ederrenetako baten magalean eta gailurrean gozatzen. Hango bizipenek aldatzen dute nire barrua.

Mendiz mendi, paisaiaz paisaia. Har dezagun literatura koadro baten gisara. Nola ikusten duzu euskal literaturak osatzen duen paisaia?
Zabala ikusten dut. Pasaiaren muinoetan eta ordokietan gauza asko kabitzen dira, paisaia honetan ertz eta bazter asko antzeman dezakegu. Euskal literaturaren pasaia ere horrelakoxea da. Irudi berezi asko gordetzen duen paisaia zabala da. Berean begiak kokatzen badituzu, koadrora hurbildu ahala, collage antzeko bat badagoela begitantzen zait. Ahots asko eta esateko modu asko entzuten dut paisaia horretan.

Eta zure burua paisaia horretan?
Nik paisaia bazterretatik ikusteko ohitura izaten dut, ez naiz bidearen erditik ûerakustenû joaten den horietakoa. Paisaia, agian, hobekiago ikusten da erdigunetik begiratuta. Orduan, besteek esan beharko lukete ni non nagoen, ba ote nagoen ere. Nik paisaia zabala ikusten dut eta horretan nire burua, txiki.

Beste paisaia batean ere zure arrastoak utzi dituzu, gaztelaniazko poesia paratu baituzu. Zer dela-eta?
Nire ama hizkuntza gaztelania da. Euskaldun bihurtu nintzen nire familian euskaldun peto-petoak nituelako, baina ez zidaten irakatsi, ahalegin bortitza barrutik sortu zitzaidan. Katea ez zela eten behar pentsatu nuen eta horretan ahalegindu nintzen. Harro sentitzeko moduko lehia izan zen. Euskararekin izan dudan harreman horretatik euskara irakurtzeko grina handia izan dut, pilo bat irakurri dut euskaraz, eta irakurtzeko zaletasunak gaztelaniazko poesia irakurtzera ere eraman nau. Asko irakurri dut bi hizkuntzetan, baina idatzi dudan gaztelaniazko poesia ariketa linguistikoa izan da niretzat, ea hizkuntza horretan nituen kezkak garatzeko gai nintzen argitzeko.

Bilbokoa zara -Gabriel Aresti bezala- euskara nahiz gaztelaniazko poesia paratu duzu dagoeneko. Zer da zuretzat poesia?
Ez dakit poesia mailu bat ote den! Wallace Stevens-ek esaten zuen "sasitzetan sartzen den indioilarra dela poesia". Poesia gure inguruarekin eta munduarekin, oro har, harreman mota bat gauzatzeko modua dela esango nuke. Ezagutzen ez dudanaren kontra egiteko antidoto gisa hartzen dut nik. Bizitzen ez jakitearen ondorioa izan daiteke poesia. Artista askok desoreka bat du bere baitan. Nik ez dakit desorekatuta nabilen mundu honetan, baina zer edo zerengatik izango da poesia paratzeko dudan grina hau.

Poeta gisara zure ibilbidea aintzat hartzekoa da, alabaina, esango nuke ez zarela poeten "ohorezko" klubean agertzen.
Ez dut inoiz nire burua poeta handien artean ikusi ezta kokatu nahi izan ere. Poeta apala naizelako, agian. Nik egiten ditudan ekarpenak txikiak dira. Honezkero, adindunen artean izaki, poesia ibilbide horretan gazte sentitzen naizen arren, ikasteko gogoarekin segitzen dut. Ez dut uste nahikoa jakinduria dudanik "ohorezko" poeten artean kokatzeko.

Izozmendiak da zure azken liburua. Zer da berau zure ibilbidean?
Orain bi urte, koaderno berri bat hartu eta zerbait sakonagoa egitea erabaki nuen. Honen aurreko koadernoaren bukaeran novo rumo hitzak jarri nituen, beste norabide bat hasi nahi nuela adierazteko-edo. Izozmendiak liburuaren poemak hausnarketa baten ondorio dira. Bizitzan nork bere hautua egiten du eta bere bidea hartu. Hala ere, nahiz eta ibilbide zehatza aukeratu, batzuetan izozmendiak bezala ibiltzen gara munduan. Noraezean, itsas korronteek bultzatuta.

Izozmendien xedeak eta izozmendien noraezak definitzen dute liburua.
Hor nonbait! Gizon-emakumeok zeregin zehatz bat bete behar dugulakoan munduratzen gara. Xede baten bila joaten gara, auskalo zer dela-eta. Gehienetan noraezean gabiltza. Batzuetan alderrai ibiltzen gara, zertarako etorri garen eta zein den gure eginbeharra jakin barik. Guzti honi erantzuteko mila arrazoi aurki dezakegu, baina ez dira nahiko, aurrera segitu beharrean gaude.

Izozmendiak edo icebergak pertsona lakoak gara. Metafora polita.
Bai. Normalean icebergaren punta ikusten dugu, ez dugu urpean dagoen beste aldea edo zatia ikusten. Icebergak sorrarazten duen beldurra ez da azaltzen den aldearengatik, barruan gordeta daukanarengatik baizik. Izozmendiaren metafora oso egokia iruditzen zait ere pertsonentzako: pertsona bat ikusten dugunean ez dakigu zer daukan barruan. Nik neronek ere zer daukadan ez dakit-eta. Adibidez, folio baten aurrean esertzen garenean eta gure barrua hustean harrituta gera gaitezke gure baitan daramagunarekin. Orduan, eguneroko gertakarien aurrean ez dakigu zer-nolako erantzuna eman dezakegun. Erantzun hori deskubritzea da bizitzea, nolabait.

Nola moldatzen zara folio horren aurrean?
Normalean uholdeka idazten dut, folio aurrean sentimenduek bor-bor egiten didate, bihotzean, tripan, buruan, eztarrian edo hortzen artean. Hitz batzuk ez dira hortzen artean geldirik egotekoak. Boligrafoaren puntara pasatzen dira eta hortik foliora. Nolanahi ere, uneari ematen diot garrantzia, espontaneitatea eta naturaltasuna oso garrantzizkoak dira niretzat. Poema ez dut egiten gogoeta sakon baten ondoren, poemen hausnarketak beste plano batean gauzatu ohi ditut.

Erantzunen bila joate horretan, Bitoriano Gandiaga, Roger Wolfe, Roque Dalton, Horacio Quiroga edota Yukio Mishimaà agertzen dira liburuan edo zure ibilbidean.
Bidelagunak dira eta nire kode partikularrekoak. Horietako batzuk bere buruaz beste eginiko poetak dira. Beste batzuk gaztetatik ezagutu ditudan poetak dira. Poemek poeta horien mezu ezkuturen bat gordetzen dute.

Poemak eguneroko esperientzien ondorioak dira. Norena dira poemak? Zu zara beraietan beti?
Ez zait ni neu poemetan bakarrik agertzea eta biluztea gustatzen. Batzuetan besteen larruetan sartzen naiz, pertsonaia askoren ahotsak entzuten ditut. Hori da literaturak ematen digun ahalbidea. Norberaren inguruan bizi direnen esperientzien islak eta keinuak paratzea arrunta da. Ezinbestekoak dira, zu eta zure ingurua gauza bera izaten dira sarritan.

Zentzu horretan ez dituzu hitzak baztertzen, zuretzat denak dira baliagarriak.
Poesian edozein hitzek balio dezake. Hitzen esanahia baloratu behar dugu. Ditugun altxor bakarrak dira. Hitz guztiek badute bere funtsa. Adibidez, haikuak edota poesia minimalista gustatzen zaizkit hitz batek dena azal dezakeelako. Halaber, hitz kopurua tamainan gustatzen zait. Hitz asko baldin badago poema ez da esanguratsua. Hitz gutxirekin gauza asko eta indarra agertu ahal baduzu poemak balio handiagoa dauka, nire aburuz.

Poesia defentsan eta erasoan idatz daiteke.
Baietz uste dut. Irakurle asko gure poemen aurrean modu defentsiboan jarriko dira seguru, eta beste batzuk erasoan. Poetak ere askotan sentitzen gara erasanak eta defentsiban. Agian, hau dela-eta, erasoan idazteko modua aukeratzen dugu.

Munduan barrena ibili ohi zara. Munduko egoera eta noraeza ere islatzen dituzu zure poesian.
Zorionez edo zoritxarrez, munduaren alde askotan ibilia naiz. Asia aldean nola Ameriketan. Denetarik ikusi dut. Nire begiek ezin dute ikusten dutena ahaztu. Egoera tristeak ikustean bihotza apurtzen zait eta egoera pozgarriekin, ostera, puztu. Hori ere ageri da poesian, jakina.

Hitz gutxiko poesia eta denetaz berba egitea hobesten duzu.
Guztiaren gainean egin behar dugu berba. Askoren ustez, ezin da poesia idatzi lur jota ez bazaude. Alegia, holako egoera sentikor batean nekez idatziko duzu poema alairik. Bizitza honek, tamalez, arrazoi asko ematen dizkigu eroria eta goibel ibiltzeko, triste, eta ez zoriontasunean murgildurik egoteko behintzat.

Zer da zalantza zure ibilbidean edota poesian?
Bizitzan dena da zalantza. Nik pauso bat eman orduko aurrekoa ondo eman dudan zalantza daukat. Ez ote dudan...

Hala ere, ezin bizitzari desertzioa egin.
Eta era berean, badakigu ihes egin behar dugula -Izozmendiak liburua ixten duen poemak esaten duen bezala-, baina ez dakigu nondik ihes egin, zergatik ihes egin, eta batzuetan desertzio bat egiten dugunean ere, desertzio horretan erabat galduta ibiltzen gara, ez dakigu benetako erabaki ona hartu ote dugun.

Suizidioaren gaia ere aipatu duzu, Terminal I eta II poemetan.
Esperientziak sorrarazten dizkizuten sentsazioak eta ondorioak dira poema horiek. Poetok errealitatea islatu behar dugu paperean. Errealitatea krudela da, baina ez dago modu hobeagorik krudeltasun horretaz jabetzeko idaztea baino. Errealitatea krudela eta erabiltzen dituzun hitzak gogorrak izan arren.

Zer ondorio atera duzu azken ibilbide poetiko honen ostean.
Liburua amaitutakoan oso gustura gelditu nintzen, hori ez ezik hustuta ere bai. Liburua plazaratu nuenetik esan dezaket ez dudala ia poema berririk idatzi, ez dudalako horrelako behar handirik izan. Ideiak pasatzen zaizkit, baina boligrafoa hartzeko betarik ez dut. Beharbada, hustuta sentitzen naizelako.

Isiltasuna ere paregabea da.
Bai. Isiltasunean ere, bolada batean behintzat, oso ondo sentitzen naiz. Presiorik gabe bestelako hausnarketak egiten dituzu. Isiltasunak ez du nolabaiteko presio hori sakatzen.

Joxerra Aizpurua / Garbiñe Ubeda


Oinez ikasteko laguntzailea

Lepotik behera elbarri geratutako gizon bat robotaren laguntzaz oinez ikasten ari da. Orain urtebete izan zuen istripua eta 11 egun koman eman ondoren, medikuek bizkarrezur-muina kaltetua zuela adierazi zioten. Sendatzeko itxaropenik gabeko kaltea zuela onartu ondoren, Dallasko UT Southwestern Medicalen dagoen Lokomat robotari buruzko berriak ailegatu zitzaizkion. Ikerlariek gaixoari galdetu zioten robotarekin probak egiteko prest zegoen ala ez, eta gaixoak berehala baietz erantzun zuen.

Robota gaixoaren hezurdura da, oinarrian: bere pisua uhal amaigabe baten bidez jasateko gai dena. Pixkanaka, robotak erakutsi egiten die garunari eta bizkarrezur-muinari informazio sentsoriala ulertzen, eta ahal bada, urrats bat bestearen atzetik emanarazi. Ordenadore batek higidurak detektatu eta grafiko batean irudikatzen ditu, medikuak denbora errealean aurrerapenak ikusi ahal izateko.

Ohiko tratamenduetan ere gaixoak amaigabeko uhal batean zintzilikatzen dira, baina terapeuta da zangoak eta gainerakoak eskuz higitzen dituenak. Robotak, aldiz, entrenamendu-parametro bereziak eskaintzen ditu eta behar den indarra egiten du, beraz, terapeutak behatu baino ez du egin behar. Emaitzak, orain arte, oso onak izan dira, gaixoak eskuak mugitzeko gaitasun zati bat eskuratu baitu jada, eta zangoak sentitzen hasi baita.

Dena den, ez dugu ahaztu behar teknologia hau proba gisan dagoela eta ezin dela gaixo guztiekin erabili. Adibidez, pisu astunekoek, hezurrak maiz hautsi diuztenek, odol-presioan arazoak dituztenek edo zauriak dituztenek ezin izango dute teknologia hau erabili gaurkoz.



Banbuak desagertzeko arriskuan

Basoak soiltzearen eraginez, banbuen 1.200 espezieen erdia baino gehiago galtzear dago, Nazio Batuen Ingurumen Programaren (PNUE) arabera. Banbu-basoak galtzeak hainbat animalia klase kaltetzeaz gain, gizakiari ere eragiten dio, eraikuntzan eta elikaduran, batez ere.

PNUEko eta INBAReko -Banburako Nazioarteko Sarea- ikerlariek ehunka datu landu dituzte Asia, Afrika eta Hego Amerikako banbu-basoen kartografia ahalik eta zehatzenak garatzeko. Hainbat espeziek 20.000 kilometro koadro baino espazio gutxiago du garatzeko, baina arrisku handiena duten 250 espeziek 2.000 kilometro koadro baino gutxiago dute bizitzeko.

Pandak, Madagaskarreko lemurrak, Andeetako tapirrak edo Hego Amerikako hainbat txorik banbu-basoak behar dituzte bizi ahal izateko. Adibidez, Txinan bizi den Pandak egunero 38 kilo banbu jaten ditu, eta Afrikako Ekialdean bizi den gorila, ekaina eta azaro bitartean banbuarekin baino ez da elikatzen.

Hasier Etxeberria / David De Jorge

Osagaiak:

95 gramo txokolate beltz
90 gramo gurin, biguna, pomada baten antzera
45 gramo irin
150 gr. azukre
3 arrautza oso

Maria bainuan urtuko ditugu lehenik gurina eta txokolatea, zurezko zali batez lan eginez. Azukrea, irina eta arrautzak nahasiko ditugu beste ontzi batean, eta erantsi egingo dugu txokolate eta gurinez eginiko orea. Ondoren, landu egingo dugu guztia, 10 bat minutuan, eragiteari utzi gabe. Tartak egiteko molde batean irauliko dugu orea, gurina igurtzi eta irin pixar batez gainetik hautseztatu ondoan, moldetik erraz atera ahal izateko.
Tarta labean erreko dugu ondoren, 180 graduko tenperaturan, 20 bat minutuan. Horren ostean, labetik aterako dugu tarta. Moldetik atera eta sareta baten gainean ipiniko dugu ondoren hozten. Txokolate beltz tableta bat mikrouhin labean urtuko dugu gero, eta erantsi egingo ditugu gurin xorta bat eta esnegain urtu pixar bat. Tarta plater batean ipini, eta estaliko dugu txokolatezko nahastura horrekin. Benetan erraza da egiten eta oso hezea gelditzen da tarta, ore hautsia edo hostorea erabiltzeko beharrik gabe.

Pilar Iparragirre


Lore-koroa neure herriari
Andolin Eguzkitza
Santurtziko Udala
39 orrialde


Andolin Eguzkitzaren olerkiak

Santurtziko udal liburutegi sareak Liburuaren Eguna ospatzeko kaleratutako liburuxka dugu Lore-koroa neure herriari, pasa den martxoaren 24an zendu zen Andolin Eguzkitza bertako semearen zenbait poema euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen dituen argitalpena. Andolin Eguzkitzak mundu zabaletik ibili zenean ikusitako tokien eta pertsonen gaineko poesia hauek Xabier Kintanaren hitzaurrea daramate. Olerkaria irakurlea gertaeren leku eta giroan kokatzen saiatzen den arren, berak ezagututako pertsonak ditu bereziki poesiagai, eta gizakiaren eta giza sentimenduen presentzia guztiz nabarmena da poemetan: maitasuna bezala dolua, herrimina bezala ahanztura eta are haustura, eta guztien gainetik adiskidetasuna islatzen dute.

Hegaztien migrazioak
Jon Larrañaga
Elhuyar
175 orrialde
13,52 euro

CAF-Elhuyar zientzia dibulgazio saria jasotako ikerketa

CAF enpresak eta Elhuyar Fundazioak antolatutako zientzia dibulgazioko saria eskuratu zuen Jon Larrañagak 1996an, hegaztien urteroko migrazioen zergatiak bere konplexutasunean aztertzen dituen lan honekin. 9.000 hegazti espezie inguru bizi omen dira munduan, eta horien erdiak migratu egiten du. Zein ote da horretara bultzatzen dituen arrazoi indartsua? Migrazioak ikertzeko dauden metodoak, migrazio motak, migrazio norabideak eta migrazio bideak, nola migratu, migratzeko prestatutako gorputza, bidaiarako prestakizunak, orientazioa eta nabigazioa, hegaztien sentimenak eta hegazti migratzaileen kontserbazio arazoak dauzka, zentzu zabalean eduki, Jon Larrañagaren ikerketa interesgarri honek.

Garmendia eta zaldun beltza
Kirmen Uribe, Mikel Valverde
Elkar
96 orrialde
9,35 euro


Garmendia izeneko pistolaria

Sekula inor tirokatu zuenik seguru ez bada ere, dozenaka hildako egozten zizkioten behintzat Billy mutikoa eta Jesse James pistolariak bezain ezaguna izan zen Garmendia ondarrutarrari, XIX. mendearen hondarretan, Ipar Ameriketako Mendebal Urrunean. Hala kontatzen du Kirmen Uribek, Mikel Valverdek eginiko marrazkien laguntzaz, Garmendia eta zaldun beltza liburuan. Artzain gisa ibilitako gizon kankailua zen Garmendia, ehun eta hogei kilotik gorakoa, lotsatia izateaz gain ingelesez ia ez zekiena, eta jendeak mesfidati begiratzen zion. Halako batean, artzain odolzalea zela zabaldu zen. Zorionez, lagun onak ere bazituen Garmendiak, eskuineko sorbaldan zeraman txepetxa, kasu, eta baita Amalio mexikarra eta urkabetik salbatu zuen Fanny ere.

BAT
Soziolinguis-tika aldizkaria
Batzuen artean
Euskal Soziolinguistika Institutua Sortzen
186 orrialde
10 euro

BATek dagoeneko 15 urte

Hizkuntza normalkuntza eta glotopolitika lantzen dituen BAT aldizkariak dagoeneko 15 urte bete ditu, eta jakina, pozik ageri dira bere arduradunak. Zenbaki honetan, Euskararen egoera unibertsitateetan hartu dute dosierraren gaitzat, EHUk, Mondragon Unibertsitateak, Deustukoak, Nafarroako unibertsitate publikoak eta pribatuak, Baionako unibertsitate publikoak eta Udako Euskal Unibertsitateak dauzkaten hizkuntz politikak aztertuz. Euskal unibertsitate legeaz ere badihardute, unibertsitario euskaldunen egoera zailaz bezala, eta STEE-EILAS, LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariei egiten zaie gaiaz elkarrizketa. Gainera, Irakasle-antolakuntza propioa Euskal Unibertsitatean daukate hizpide J. Zalakain, J. R. Etxeberria eta N. Xamardo irakasle kaleratuek.


Joxe Miel Iztueta Lazkao Txikirekin
Asier Legarreta
Mungiako Udala
64 orrialde
5 euro

Lazkao Txikiren azken bertso afaria

Mungiako Udala, Mungia Euskaldunduz eta Taket Mungiako Bertsolari Alkartea lagun, Asier Legarretak Lazkao Txikiren heriotzaren hamargarren urteurrenean plazaratutako lan honen izenburu zehatza Joxe Miel Iztueta æLazkao TxikiÆrekin. Azken afaria.(1993-I-15 Mungian) da, eta gau gogoangarri hartan Mungian tabernaz taberna eta Bataklan txokoan antolatutako bertso afarian Lazkao Txikik, Mañukortak eta Lopategik kantatutako bertsoak jasotzen ditu, bertsolarien eta entzuleen arteko giroa erakusten duten argazkiez lagundurik. Gau ahaztezina benetan, handik astebetera Lazkao Txiki ospitaleratu baitzuten eta, beraz, hau izan zen bere azken bertso afaria.

Ustez aitona
Paloma Bordons
Giltza
118 orrialde
6,30 euro

Edebé haur literatura sariko irabazlea euskaraz

Idoia Gilleneak euskaratu eta Francesc Rovirak irudiztatu duen Paloma Bordonsen Mi abuelo el Presunto idazlan umoretsu bezain samurrak irabazi zuen Edebé haur literatura saria. Bederatzitik gora urte daukaten irakurleei zuzenduta dago, eta bere bizitza osoan ezagutu ez duen aitona etxera bizitzera datorkionean neskatila baten burutik pasatzen diren susmo txar guztien berri ematen du. Neskak ukitzerik ez duen maleta beltz bat ere badu, gainera, agureak. Han ezkutatuko ote du metraileta?

Arbelaren gainean
Xabier Mendiguren Elizegi
Elkar
158 or. / 11,80 euro

Mendiguren Elizegiren amaren aldekoak

Bere aitaren familia eta Beasain Errekarteko koadernoan bezala, amaren aldekoak eta Itsasondo ditu Xabier Mendiguren Elizegik bere gogoeten eta oroimenen iturri Arbelaren gainean deituriko lanean, XX. mende osoan zehar egiten duen ibilbidean. Jexux Lete Sarasola Ibai-Ertz idazletik hasiz, bere buruaz beste egindako Lotsati olerkari gaztearekin segituz, Itsasondok meatze leku gisa izandako iraganean murgilduz aurkezten digu egileak bere amaren familia. Izan ere, arbelezkoa zen Itsasondoko lurpe gehiena, eta arbela ateratzeari ekin zitzaionean Sarasola familiaren esku zegoen hortik irabaziak ateratzen zituzten bi enpresetatik handiena. Sarasola horietakoa zen Xabier Mendiguren Elizegiren amona Maria, familiako aberastasunetik usaina baino jaso ez zuen arren. Bere senarrak silikosia harrapatu zuen besteentzat lan eginez, eta alaba ere ûalegia, Mendiguren Elizegiren amaû arbelgintzan ibili zen hamalau urtetik ezkondu arte, soldata miseriazkoa kobratuz. Nolanahi ere, lehengusu asko zituen amona Mariak, haien artean 1931n Ezkion Ama Birjina ikusi zutenetako bat, askoren ustez ikuslerik sinesgarriena zena.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan