Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-05-23 -- 1945.zenb

Xabier Barandiaran


Hego Euskal Herriko politikagintzak korapilotsu jarraitzen du, ageriko eta isileko harremanetan, herritar gehienok bakearen eta normalkuntza politikoaren egarriz jarraitzen dugun bitartean. Martxoaren 11k garai politiko berri bat ireki du. Espainiako Zapatero Presidenteak, kargua hartzeko denborarik gabe, PSOEren lidergoa sendotze asmotan erabaki jakin batzuk hartu ditu: Iraketik ejertzitoa erretiratu, nazioarteko politikaren norabide aldaketa eta, barne politikan, PPk Iritzi Publikoaren kontra harturiko zenbait lege gelditu ditu. Baina, batez ere, ageriko elkarrizketaren estetikaren laguntzaz etsai politikoak kontrolpean jartzen saiatzen ari da Zapatero. Estrategia honen azkena, hitzarmen antiterroristaren kudeaketan ikusi dugu: helburua PP kontrolpean edukitzea duelarik. Nola aldatu diren gauzak. PSOEk, Europako hauteskundeetan, Espainian duen lidergoa baieztatu nahi du eta, epe laburrean, estrategia politiko guztia helburu horretara baldintzaturik egongo da. Elkarrizketaren estetika berriarekin batek baino gehiagok kontuz ibili beharko du gure artean ere.

Euskal arazoaz, berriz, PSOEk jarrera ezberdinak erakusten ditu. Orain arte, ez du Ibarretxe Lehendakariaren egitasmoaren eztabaidan sartzeko asmorik erakutsi. Urtebete barru, EAEn hauteskundeak izango ditugu eta Madriletik zuzentzen den PSOEk ez dio arnasarik hartzen utziko Lehendakariari. Bada EAJn alderdi sozialistarekiko hitzarmenaren bila dabilenik baina, gauzak dauden bezala, epe laburrean ezinezko hipotesia dirudi. EAEko PSE-EEn euskal abertzaletasunarengandik gertuen egon daitekeen sektoreak ûmomentuz botererik eta erabakitzeko gaitasunik gabeû explorazio lanetan dihardu Ezker Abertzalearekiko adierazpen atseginen gurutzaketan. Segur aski jarrera hori, epe laburrera, EAJri presioa egiteko modu bat da baina, epe ertainera, post-ETA garaian eraiki litekeen lankidetza iraunkorrago baten ideia, asmoa eta gogoa dago. Edozein kasutan, Alderdi Sozialistaren jarrera politikoen kudeaketa Madrilen kokatzen da eta, momentuz, hitzarmen antiterroristaren tresna erabiltzen jarraituko du alderdi sozialistak. Momentuz, PSOEk, HZ legez kanpoko Batasuna ordezkatzera datorrela adierazi du. Ikusiko dugu.

Post-ETA garaia behin eta berriro agertzen da hipotesi politikoetan, han-hemenka. Baina, momentuz, ETAk ez du ezer esan. Hala ere, epe laburrean gauzak aldatu egingo diren sinesmena geroz eta hedatuago dago eta proiektu politiko bakoitzak, bereari amore eman gabe, indar metaketan jarraitzen du. Blokeo egoera hau Post-ETAren baieztapenak askatuko luke, baina inork ez du nahi oraingo mugimenduekin norberaren etorkizuna ito; ezta ETAk ere.

Ibarretxek ere aurrera dihardu bere egitasmoarekin baina gauzak ez zaizkio errazak gertatuko. Gainontzeko proiektuak muturretan ziharduten unean Ibarretxek herritarren babesa jaso zuen; egoera honetan babes horren kudeaketa askoz ere zailagoa da. Alde batetik, Eusko Legebiltzarrean gehiengorik ez du. Baina, zentralitate hori zutabetzen duen iritzi publikoaren gurpila geroz eta zabalagoa eta indartsuagoa denaren konbentzimenduaz bere proiektua herritarren onespenaren probara eramateko ideia mugiezinarekin jarraitzen du Lehendakariak. Baina zentralitate horren kudeaketak, trenaren jarraipenak, muga garrantzizko eta zailak ditu. Bat: hiruko gobernuan dauden arazoak. Bi: EAJn badira Alderdi Sozialistarekin estatutu berri baten bila joango liratekeenak. Hiru: EAJk bizi dituen barne hauteskunde borrokatuak alderdiari sendotasunik ez diote eransten. Lau: gizarte organizatuan zentralitate hori eraikitzeko babesak ez dira ugariak; enpresarien ordezkaritzak beste apustu batzu erakusten ditu eta ELA bezalako sindikatu bat zentralitate horretatik geroz eta urrutiago agertzen da Nazio Eztabaidaguneko posizioetan eroso sentituz. Bost: mugaketa gogorra izango du bai Alderdi Sozialistatik eta bai Nazio Eztabaidagunetik eta ahalegin guztiak egingo dituzte Eusko Jaurlaritzak iniziatiba politikoa hartu ez dezan. Sei: ETAren arazoa. Post-ETAz asko hitz egiten da baina zentralitatea zutabetzeko herritarren babesaz gain ETAren biolentzia desagertzearen baldintza beharrezko egin du Lehendakariak. Herritarrek ETA desagertzeko duten gogoa nahikoa ote da horretarako? Luzaroan atentaturik ez egoteak esperantza hori handiagotzen duen arren, ETAk zer erabakiko duen ez dago garbi. Baina, hartzen dituen erabakiak hartzen dituela, euskal abertzaletasunaren lidergoa Ibarretxeren eskuetan eror ez dadin ahalegin guztiak egingo dituela begi bistakoa da. Sistema barruan ala kanpoan Ezker Abertzalea euskal abertzaletasunaren lidergoa bere inguruan metatzen saiatuko da. Helburu hau izan liteke Ezker Abertzalearen transformazioa baldintzatzen duen elementuetako bat.

Ezker Abertzalean barne hausnarketa bizi da eta une historiko garrantzizkoa. Ezker Abertzaleak ez du lortu ûeta ez du lortukoû EAJ bere lidergopera ekarriz Espainiako Estatuarekin negoziatuko duen erreferentzia bat osatzea. Bergarako Proposamenak ez du inolako erantzunik izan eta Nazio Eztabaidaguneak ere ez. Baina, etorkizun laburrean Ezker Abertzalearen lan politikoa sistema barruan gehiago dago sistemaz kanpo baino; biak eraman eta uztartu ezinak dira. Nola antolatu trantsizio hori? Euskal Herriak Ezker Abertzale bat behar du eta trantsizio hori aurrera eramatea Ezker Abertzaleari badagokio ere gainontzeko alderdien jarrerek ere zeresan handia izan dezakete. Epe laburrean Ezker Abertzaleak bere egoera konpondu beharko du baina bada, post-ETAren egoera horretan Kataluniako hitzarmen ereduan pentsatzen duenik. ETArik gabe baina euskal abertzaletasunaren lidergoa hartuz. Geroz eta gertuago ageri da bi alderdi abertzale nagusienen arteko lehia eta konpetentzia normalizatua. Apenas lekurik ikusten zaion EAri EAJrekin lankidetzatik kanpo eta, gauza bera gertatzen zaio Aralarri Ezker Abertzalearekin. EAko zuzendaritzak Ezker Abertzalearen aldeko apustu estrategikoa egin dezake baina, oro har, alderdi honen boto-emaileen kultura politikoak zerikusi gutxi du Ezker Abertzalearen tradizioarekin.

Dagoeneko urruti dira Ajuria-Enea eta Lizarra. Alderdiek garai politiko berri batetara egokitzeko ahaleginetan dihardute; bakea eta normalizazioa helburu garrantzitsuak dira baina bakoitzak indarrik galdu gabe nahi luke aurrera egin. Alderdien lehia legitimoaz gain, etorkizunean gure herria eraikitzeko funtsezkoak diren bi oinarri nagusitzen dira, ordea: bakea eta euskal herritarron hitzarekiko errespetua. Etxe horretatik kanpo hotz egingo du etorkizunean.

Iñaki Berezibar ( tabernaria)

Enriqueta maitia, agur eta ohore. Umiltasunaren jantzi espartanoek apenas estali ahal duten jakinduriarik amaiezinena, argitasunik distiratsuena eta edertasunik miresgarrienak barru-barruan gordetzen dituzun andereño herabeor horri, agur t'erdi.

Oraingoan ere, zure miresle saskar honen ahakar gupidatxoa baina zorrotzari so egitera deitu nahi dizut.

Ez pentsa, arren, Enriqueta bihotzekoa, andurreriak irabazi duenik zure dizipulu honen bihotz hunkikor zein noraezean galdutakoa. Jakin badaki zure jarraitzailerik maitekorrena izan nahi duen eskribano xume honek ez duela inondik inora haidor jokatzeko eskubiderik, ez behintzat zurekin, Enriqueta maitia.

Baina barrena erabat urratuta bada ere, bihotza goibel, aitortu behar dizut kezkaturik nabilela, urduri, egonezinean, hikaturik. Umearen negar mingarriak astindua bezala sentitzen dut arima; gaixotutako agurearen aien larriak sortarazten duen ikara berak jotzen dit bihotza; hiltzear dagoen zerriaren txilio latzak entzutean beste oilo-ipurditzen zait azala.

Eta esango dizut zergatik Enriqueta laztana.

Irabazia genuen dema galtzeko arriskuan ikusten dut. Bostehun urte ondoren ia irabazirik genuen gudan atzera egin dugunaren susmoa dut. Abade, fraide, soldadu eta errege askoren laguntzaz jorratutako garaipena atzamar puntetan genuenean atzera pauso larria eman dugulakoan nago. Behingoz, behin eta betirako, gure Araba, inguruetako baskoen atzapar maltzurretatik at kokatzeko parada sekula baino gertuago genuenean, porrot larria izan dugu berriro ere.

Eta nire etsipena areagotzeko, Enriqueta, zure inguruneko asko akain politiko gisara jokatzen ari ote den zalantza desorekagarria ere badut. Zure izaeraz baliaturik, zure nortasunaz aprobetxaturik, zure jakinduria paregabean babesturik, Españaren defentsa suharraren izenean ez ote diren beste gauzaren baten defentsan ari. Begiratu bestela, Enriqueta, gurea ei zen Javierren azken honetako jarrera. Erreparatu bestela, Enriqueta maitia, hain gureak ematen zuten kazetari askoren portaera. Ikusi bestela, Enriqueta, «Bastaya-noquieromás-estoyhastaloshuevos-forodelos espíriritus»ekoen arineketa beldurtia.

Eta hori guzti hori Enriqueta, zure ingurune hurbilenean. Akaso basamortuko eta lurralde ezezagunetako esploratzaileei legez, pausua besteok baino aurrerago ematen duzuenoi agertzen zaizuen arriskua baino ez da izango. Esploratzaileei gisa, zuoi ere, gizaki arrunton aurretik zoaztenoi, arrabiorik maltzurrenak zizt egiteko arriskuak begiratzen dizue.

Baina kontua zuk uste baino larriagoa da. Arabarren babeserako aukeratutako Prudentzio deunaren eguneko barraskilo usaina sudurrean eta tronpeten zarata belarrian dugun honetan, jakin berri ditudan beste hiru gauza esatera ausartuko naiz. Kalez kale dabiltzan hiru berri. Inork, inoiz, zuri ûeta urte askotan inoriû esateko ausardia nahikorik izan ez duen hiru zurrumurru:

Bat. Urtarrilaren 6an zapata ondo garbitu duten umeei opariak ekartzen dizkieten errege magoak ez dira diru txanponetan agertzen direnak.

Bi. Araban gero eta euskaldun gehiago dago eta gero eta gehiago dira Araba berreuskaldun baten aldeko apustua egiten dutenak.

Hiru. Arabak izango duen etorkizun politikoa arabarren eskutan egon beharreko kontua dela aldarrikatzen dutenak ere ugaltzen ari dira.

Malkoek apenas uzten didate jarraitzen, tristurak ez dit bakerik ematen, etsipenak jotzen nau. Zaindu zaitez, Enriqueta maitia.

Jexux Mari Irazu

Dagoeneko historia da TVEko informatiboetako pertsonaia harrigarri haren irudia. Ari zela batzuk barre egiten zioten, eta joandakoan, denek. Une batez, gainera, bazirudien martxoaren 11 edo 14az geroztik gure pantailetan ez zela gehiago Urdazirik izango ere. Zer egingo zuten, birziklatu edo erre. Agintariek ez zuten zalantzarik izango: "Onena eta garbiena erretzea da eta gainera energia sortzen du".
Beste plataforma eta ahots batzuk diote 230 estudio zientifikotik gora daudela ûeta gaur egungoakû erakusten dutenak erraustegiek zer arrisku dituzten osasunarentzat: minbiziak... Asko ez dela Gipuzkoako 500 mediku eta osasungintzako jendea ûinzineradora jartzekoa duten ingurukoak gehienakû atera zen publikoki inzineradoraren arriskuen berri eman eta agintariek proiektua berriz planteatzea eskatzeko. 500 medikuk horrelako adierazpen publikoa egitea eguneroko kontua da eta egun hartako gaueko informatiboetan euskarazko berrietan segundo batzuetako aipamena egin zuten telebista publiko batean. Eta erdarazkoan aitatu ere ez.
Ez dakit Urdazirekin zer egingo zuten. Baina, alferrik da, hemen erreta ere beti gelditzen da zerbait.

Joxemari Iturralde

Gutxi irakurtzen omen da euskaraz. Ez dela euskaraz asko irakurtzen? Nola irakurriko dut, bada, euskaraz daukagun egunkari bakarra ere ez badago herriko liburutegian? Horixe esango luke Portugaleteko batek bere jaioterrian izandako istilua ezagutu ondoren. Anekdota triste bat besterik ez da Portugaleten gertaturikoa, baina egia da, literatura eta literaturzaletasunaz mintzatzen bagara, falta zaigula behar bezalako hezkuntza proiektu bat liburutegietarako. Literaturzaletasuna piztu eta sustatuko duen hezkuntza proiektu bat liburutegietan, eta ez bakarrik ikastetxeetan.

Liburutegiko langile eta liburuzainez gain guztietan egon behar luke literaturzaletasuna bultzatzeko, liburuekin eta liburuen inguruko ekintzak antolatzeko, idazle eta irakurleen artean zubi lanak egiteko, herrian eta auzoetan propaganda egiteko jendea, bertara etorriz, irakurle bihur ledinà Eta horrelako lan gutxi egiten da oraingoz biblioteketan.

Herri askotako liburutegiak babesleku besterik ez dira, babesleku jendearentzat eguraldi txarra, hotz eta euria ari duenean atertuko duen arte; babesleku ama askorentzat seme-alaba txikiak bertan pilatuz liburutegia haurtxokotzat hartzen dutenean; babesleku gazte askorentzat eskola eta ikastetxeko lanak egiteko gelatzat baitaukate biblioteka arratsaldero. Jakina, liburutegi guztietan soilik literaturzaletasuna pizten saiatuko den pertsona bat izateko dirua behar da ûgutxienez lanpostu bat eta soldata bat gehiagoû eta diru aipamenak tartean sartzen direneanà malo. Dirutza behar baita, baita ere, aste-bukaeretan, goiz eta arratsaldez, liburutegiak zabalik izateko ûeta kasu honetan lanpostuak eta soldatak bat baino gehiago liratekeû. Bestela nola eta noiz joan daiteke langile arrunt bat liburutegira, aste egun txepel batean, patxadaz eta lasaitasunez nobela bat irakurtzera, entziklopedia bat kontsultatzera? Joan daitekeenean ordea itxita aurkitzen ditu liburutegiko ateakà aste bukaera delako! Nik ikusi izan ditut bada atzerri aldean beti zabalik, berdin larunbat arratsalde zein igande izan. Eta badakigu hiri handi-handietan zabalik mantentzeko ohitura dutelaà gauez ere! Ez genuke hainbeste eskatuko herri honetarako, baina bai esan, ordea, egiten dena baino zertxobait gehiago egitea posible dela eta egin egin behar dela.

Garbi dago irakurtzeko grina hori ahalik eta lehenen ziztatu behar zaiola haurrari eta hori edukazio kontua da. Ikastetxean ikasi behar du hori umeak eta, bereziki, etxean. Etxeko giroan ikusi beharko du haurrak irakurtzeko ohitura hori egunerokoa dela, arazorik eta nekerik gabe egiten den zerbait dela eta beti ere zeregin hori onerako dela. Gurasoek, anai-arreba zaharrek irakurtzeko ohitura badute, ezer esan gabe ikasiko du seme-alaba txikiak liburuetara inguratzeko bidea. Nagusien eguneroko praktika da hemen funtsezkoa. Eta gauza bera ikastetxeetan. Ikasleak beti ikusi beharko du maisu-maistrari, irakasleari benetan gustatzen zaiola irakurtzea, eta klasetik kanpo ere benetan irakurri egiten duela, ez dela soilik ikasgaiak beharturiko zerbaità askotan eta askotan gertatzen den modura. Horregatik nik ez dut sinesten batere gai honi buruz egiten diren zenbait inkestatan. Azken inkestek diote ûeta gauza bera azkenak ez direnek ereû 10-14 urte bitarteko ikasleek irakurtzen dutela gehien. Badirudi jendea ez dela ohartzen ikasle horiek behartuta, derrigortuta irakurtzen dutela. Oso ondo dago hori, baina beste ezer gehiago ez baldin badago tartean alferrik ari gara. Jakina baita urte batzuen ostean, gazte horiek beraiek jadanik galdu egin dutela irakurtzeko ohitura. Aitzakiak betikoak izan ohi dira: lana, ezkontza eta familia, goi mailako ikasketak...

Hor zera gertatu da: irakasleak ez duela jakin ikasle horrengan txertatzen behar den grina, irakurtzeko gogo berezi horià Zergatik? Ba, oso erraza, irakasleak berak ere ez duelako benetako irakurzaletasun hori beregan sustraituta. Eta hortxe dago koxka.

Markel Olano

Goazemazue dena berdez margotzera. Jo dezagun gure herriko politikagintzan ûpotentzia moduanû agertzen diren zenbait elementu baikor erabat garatzen direla, eta gurean, korapiloak askatzen hasten garela. Egia da ezkor izateko motiborik ez zaigula falta, azken urteetan behin eta berriro gure herrian sortu ziren hainbat eta hainbat esperantza zapuztuta ikusi dugu eta. Baina baikor izateko arrazoirik ere ez zaigu falta, eta horietan zentratuko naiz.

Munduan zehar arazoak konpontzeko hobesten diren metodologien joerek eragin zuzena dute euskal politikagintzan. Irailaren 11ko atentatuen ondoren Bush-Blair-Aznar hirukoak markatu zuen estrategiak gerra zuen tresna nagusi, eta ikuspegi horrek ez zuen "epelik" onartzen: gerraren kontra zegoena, susmagarrien multzoan kokatzen zen automatikoki. Euskal Herrian eta mundu osoan. Israelgo kasuan ikusten den bezala, gainera, gerraren dinamikek, "akzio-erreakzio" espirala elikatzen dutelarik, gizarte oinarrien joera primarioenak ûbeldurra, gorrotoaàû askatzen dituzte, eta egoera horretan belatzek irabazten dituzte hauteskundeak, ez usoek.

Baina euskaldunok larrutik ikasi dugu prozedura horiek ibilbide laburra dutela. Ez dutela balio arazoak konpontzeko eta, oso bestalde, hasierako ispilatze fenomenoen ondoren, gatazkak sakondu egiten direla. Arazoa sakontzen ari da Israelen, Iraken eta beste hainbat lekutan, eta mendebaldeko gizarteak iruzurraren eraginetik askatzen ari direla dirudi. Nik hor kokatzen ditut, bai Aznarren porrotaren arrazoi nagusia, baita Bushen onarpen-mailak Estatu Batuetako gizartearen baitan bizi duen gain-beherakada ere.

Eta Zapatero iritsi da Moncloara, eta berekin forma nahiz "soinu" berriak. Iraken zeuden espainiar tropen etxeratzearekin frogatu du nazioarte mailako gatazken konponbideari era desberdinean eusten diola, baina euskal arazoari begira oraindik ez du urrats esanguratsurik eman. Hala ere, nire ustez, bere diskurtsoaren koherentzia eta sinesgarritasuna guztiz pitzatuko lituzkeela gurean Aznarrek ezarri zituen metodoei eutsiko balie. Horregatik iruditzen zait, epe laburrera begira erabaki okerrak hartzen baditu ere, euskal arazoari konponbide politiko eta demokratikoa emateko ahalegin sendoa egingo duela.

Ezker abertzalearen ikuspegitik, berriz, nik uste, geroz eta garbiago ikusten dute gerra estrategiek mugimendu beraren disolbatzaile moduan jokatzen dutela. Alegia, borroka armatuaren existentziak gizarte mailan erreferentzialtasuna lapurtzen diola ezker abertzaleari eta Estatuak atentatuak bumeran modura erabili dituela, mugimenduaren ardatz politikoa itotzeko. Irtenbide posible bakarra apustu politikoan datza.

Urrats horiek benetan ematen baldin badira, argi dago politikak protagonismo berria hartuko duela gure herrian. EAJren ikuspegitik, azken urte luzeetan gure alderdiak bere buruari ezarri dion lehentasun nagusia bideratzen hasiko litzateke, eta horrek izugarri poztuko gintuzke. Baina horrek ez du esan nahi egoera berriak guretzat zailtasunik sortuko ez duenik. Alderdi Sozialistak, adibidez, gizartearen erdigunea disputatu nahi izango dio Jaurlaritzari eusten dion hirukoari, eta, gure partetik, Estatutu Politikoaren eztabaida berrindartzeko obligazioa sortuko zaigu, gizartearen gehiengoa egitasmoarekin identifikatzea nahi baldin badugu behintzat. Bestalde, ezker abertzalearen apustu politikoak ere dezente mugituko liguke aulkia, izan ere, 1999ko udal hauteskundeetan ikusi genuen bezala, distentsio egoerak eraldatu egin baitezake boto-emaile abertzalearen iritzia.

Inork ez dezala pentsa, ordea, erronka berri horien beldur garenik edo geure errespontsabilitateei ihes egingo diegunik. Guk ez diogu beldurrik lehia politikoari; guk, lehia politikoa ezinezkoa den egoerari diogu beldurra.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan