Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-28 16:11:48
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Ihesi >
  • Ihesi: Lapurdiko sorginen mendira 80 urteko lehensugean

2004-05-16 -- 1944.zenb

Ihesi: Lapurdiko sorginen mendira 80 urteko lehensugean

Iņigo Txintxurreta

Igoera ezberdin bezain erakargarriak egon badira Lapurdi eta Nafarroa arteko mendi ospetsu honetara iristeko, oraingoan Azkaine eta Sara arteko San Ignazio lepotik igotzen den tren ttipia aukeratzea zilegi iruditu zaigu, orain dela 80 urte bere lehen bidaia egin zuela gogora ekartzeko. Ziur gaude hobe dela bisitarien kopurua kontrolatzen duen tren txiki bat, gailurreraino iristen den autoentzako pista irekia baino. Jeitsiera, aldiz, oinez eginen dugu, Larrungo zonbait bazter zoragarri ezagutzeko asmoz, Iturriederko zohikaztegia, Gorostiarriako harrespilak edota Koralhandiako gotorlekua, esaterako.


Ibilgailua San Ignazioko lepoko dohaineko aparkalekuan utzi ondoren, beste bisitariekin batera trenaren zain gaude. 169 metrora dago lepoa eta bertatik ateratzen da burdin bidea Larrungo gailurraren 905 metroen bila. Bidea, ordea, 887 metroko alturan bukatuko da, 1980an hustu zen aduanako postu zaharraren ondoan hain zuzen ere. Bitartean, trenak 4,2 kilometro zeharkatuko ditu 8 kilometro orduko abiaduran. Abiadura lasai honek inguruaz gozatzeko aizina emango digu, hasierako patarrari ekiten diogun bitartean. Altxanga eta Sualaren arteko lepora iritsirik, Sara aldera jausten den ibarņoa behean ikusiko dugu, Larrungo tontorra eta hango erainkuntzak begibistan gelditzen zaizkigularik. Athekaleungo gandor bortitzak lagun izango ditugu Altxangako hegoaldeko mazela zeharkatzen dugun heinean. Inguru honetan ugari dira bertako pottokak.

Iturriederrako hegoaldeko lepoak sortzen duen lautadatxoa iragan ondoren, berriro aldapa igotzen hasiko gara, etengabe oraingoan, eta bi bihurgune zabalen ondoren trenak zuzen joko du Larrungo gailurreraino. Behin tontorrean, trenetik jeisterakoan bisitari ugariak saihestu beharko ditugu Larrunek eskaintzen digun ikusmira ederraz gozatzen ahal izateko. Hala ere, ez dago bildurrik, edonora begiratuta ere paisaje zoragarria ezagutuko baitugu. Eskailera batzuek eramango gaituzte orientazio mahaia dagoen puntu gorenera. Hementxe zegoen garai batean inguru guztian hain ezaguna zen ermita, eta bertara etortzen zen jendea erromerian Mendekosteko Pazkoaren bigarren egunean. Honaino heltzen ziren Bera, Sara eta Azkaineko biztanleak, baita Biriatu, Hendaia, Urruņa, Ainhoa eta Lesakakoak ere.

Sonatua izan zen Eugenia de Montijo enperatrizak mendi honi egindako bisita. Hura zela eta lautadako inguru osoko jendea etorri zen bertan ospatu omen zen festa handira. 1859. irailaren 30eko hartan egindako bisitaldi haren oroigarri, oraindik ere hor dira monumentu baten hondarrak .Bertako bentaren batean edo gure kabuz hamaiketakoa egin edo bazkaldu ondoren, jaitsierako bide malkartsua hartuko dugu tentu handiz, harritza baita.

Ikean behera 300 metro eman ondoren, Iturrederreko mendebaldeko lepora iritsiko gara. Bertan banatzen dira Urruņa eta Azkainera jausten diren bideak, modu nabarmenez seinalizaturik topatuko ditugun panoen bidez. Lepo ezagun honetatik GR 10 izeneko ibilbide luzea iragaiten da. Ekialdeko norabidea hartuz, ibilbide luze hori jarraituko dugu metro eskas batzutan, Iturrederrako zohikaztegiraino hain zuzen ere.

Larrungo gailurretik iparralderantz jaisten diren mendi-lepoetan, nolabaiteko horizontaltasuna duten lur iragangaitzetan eta iraun egiten duten putzuetan eratzen da Iturrederreko zohikaztegi txikia. Goroldioa eta putzuetara eta tenperatura baxuetara bereziki egokiturik dauden bestelako landareak ugaltzen dira. Esfagnoa izaten da nagusi goroldioe artean, poliki-poliki bertikalean hazten den espeziea. Beheko aldeak trinkotu egiten dira, materia organikozko geruza osaturik, eta urak eta hotzak mugak jartzen dituzte, nekez biziko direlarik bertan ornogabeak eta deskonposizioa eragiten duten mikroorganismoak. Sakonean behin gogortzen denean, zohikatz bihurtuko da, berotzeko gaitasun txikia duen landare-ikatza, batez ere lorezaintzan erabiltzen dena.

Zohikaztegia oso interesgarria da ezaugarri bereziak dituelako eta ingurune anitza duelako. Oso habitat egokia da anfibio eta narrastientzat: arrabioa, basoigel gorria, sugandila bizierrulea (Larceta viva-para) eta suge gorbataduna (Natrix natrix), besteak beste.

Iturrederra zeharkaturik, Altxanga muinoko mendebala zeharkatzen duen bidea hartuko dugu. Pistaren eskuinean dauden haitzen gibelean zabaltzen da Gorostiarria izeneko zelaia, historiaurreko hilerria gordetzen duena, hain zuzen ere. Gutxienez Burdin Aroko bederatzi harrespil edo baratz eraiki zituzten K.a. lehenengo milurtean Larrunen bizi ziren artzainek. Ehorzketa oroitarri hauek leku paregabean kokaturik daude, alde batetik kostaldera irekitzen den paisajea menperatuz eta beste aldetik, Larrun mendiaren babesean. Baratz handienaren harririk altuena ekialdeari begira dago, eguzkia ateratzen den aldera, beraz.

Gure arbasoen hilerri zaharra bisitatu ondoren, Altxanga muinoko ipar mazela zeharkatuko dugu ekialderantz, Koralhandia banatzen duen lepora iristeko. Koralhandiako muinoak gotorleku zahar baten hondarrak gordetzen ditu. Oraindik ikusten dira bertako hormatzarrak, Napoleon garaian eraikitakoak ziur aski.

Gotorlekutik Aniotzbehereko bordara zuzen jeitsiko gara ote altuen artean eta Galardiko erreka iragan ondoren, burdin bidearen ondotik ibiliko gara aparkalekuraino iritsi arte.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan