Dagoeneko, bikoteak seme-alabekin osatzen duen familia ereduak Euskal Herrian zuen nagusitasuna galdu du. Eredurik jarraituena izan arren, ez du familia guneen erdia biltzen. Hortaz, bestelako ereduak zabaltzen hasi dira: guraso bakarrekoak, familia harremanik gabekoak, seme-alabarik ez duten bikoteak eta, batez ere, bakarrik bizitzea erabakitzen duten norbanakoak.
Eustatek kaleratutako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren familien %20,3 lagun bakar batek osatutakoak ziren 2001ean. Bizitzeko bigarren eredu bilakatu da, familia gune tradizionalaren atzetik (%44,4). Ondoren, seme-alabarik ez duten bikoteak (%18,5) eta guraso bakarreko familiak daude (%11,8). Azkenik, badira familia loturarik izan ez, bikoterik osatu ez eta elkarrekin bizi diren lagunak (%3,4).
Izatezko bikoteak
Bikotean bizitzea aukera gisa ikusten hasi da; are gehiago, ezkontzea bigarren hautu bat izan daiteke. Horrela uler daiteke, 2001ean, ezkontza zibilak katolikoen ia erdira heldu izana. Hau da, ezkontza tasak beheranzko joera azaltzen badu ere, ezkontzen artean zibilak hazten dira, errito katolikoaren kaltetan. Era berean, elkarrekin bizitzea erabakitzen duten bikoteak gero eta gehiago dira, ezkontzen diren bikoteekin alderatuta. Kasu horretan, gainera, posible da sexu harremanik gabeko bikoteak elkarrekin bizitzea. Izan ere, Frantziako legeak eratu eta Ipar Euskal Herrian aplikagarria den PACS erakunde juridikoak horixe arautzen du. Izenak berak argi uzten du sexu harremanik ez dela beharrezkoa legezko egoera horri heltzeko. Pacte Civil de Solidarité (elkartasunezko hitzarmen zibila) delakoaren akronimoa da PACS. Legearen arabera, bi pertsona helduen arteko kontratua da, sexu ezberdin edo berdinekoak, elkarbizitza antolatzeko. Kontratu horrek eskubide eta betebeharrak ekarriko dizkio bikoteari, elkarrekiko laguntza materiala bereziki.
Bakartasunean oinarritutako ereduak
Aitak eta «etxeko gizonak» diren gizonek euren seme-alabekin osatzen duten familien kopurua ere goraka doa, baina txikia da emakumeenaren aldean. Eta gehienetan horrelako familiak osatzen dituzten aitak dibortziatuak edo bikotearengandik bereizita daude.
Era berean, gero eta gehiago dira aitatasun baja ahalbideratzen duten herriak. Are gehiago, gizonezkoak eskubide horiek erabiltzen hasi direla adierazi digu Eguzki Urteaga soziologoak. Uste daitekeena baino adierazgarriagoa izan daiteke datu hori, Danimarkan, adibidez, 1984tik eskubide hori araututa egon arren, oso gizonezko gutxik erabiltzen dutelako. Ildo beretik, Islandian, derrigorrezkoa da aitatasun baja hartzea. Nahiz eta aitaren rola asko aldatu eta aktiboagoa bihurtu den, oraindik ere teoria eta praktikaren artean «alde handia» dagoela argitu du Urteagak. Dibortzioa «porrot» gisara definitzeak ez dio bat ere laguntzen, Lourdes Dominguez Carrascosok, Zientzia eta Genero gaietan adituak, azaldu duenez.
Gaur egun orokorrean bakarrik bizi diren lagunen %60 emakumeak dira; horien erdia ezkongabeak dira. Fenomeno berri horren atzean, andrazkoa lan mundura gerturatu izana dago. Emakumea eremu publikoan presente egoteak bikoteek izan nahiko lituzketen umeen kopurua mugatuko lukeela aurreikusi zen garai batean. Emakumeek lortutako independentzia ekonomikoak, baina, familia eredua bera kuestionatzera eramango gaituela ez zen aipatzen oraintsura arte. Eta egungo datuek argi frogatzen dute aldaketa hori ematen ari dela.
Horrekin batera suertatu da haurrak izateko adina atzeratzea. Lehenengo haurra izateko adinak atzera egin du, egonkortasun ekonomikoa ziurtatuta eduki arte, hain zuzen. Gaur egun, lehenengo umea izateko batez besteko adina 29,5 urte da, Euskal Herri osoko datuen arabera. Bikotea eta seme-alabak «geroaren proiekzioaren isla» direla azaldu digu Urteagak. Hortaz, egoera ekonomiak baldintza dezake ziklo hori. Urteagak gogoratu duenez, «hazkunde ekonomikoak, esaterako, jaiotze-tasan eragin nabarmena izaten du».
Gazteen hautua
Ezkongabe boteretsuak
Adinduak etxeen buru
Dagoeneko, gero eta gehiago dira euren etxean bizitzen jarraitzen duten adinekoak. Horietatik asko 90 urtetik gorako familiaburuak izaten dira. Azken hamar urtetan, gainera, etxegune baten buru diren adin horretako pertsonen kopurua ikaragarria da, %37 izatetik %54,9 izatera pasatu baita. Horrek ondo islatzen du bizi-itxaropenaren gorakada, autonomian oinarrituta.
Horrez gain, gaur egungo bizimoduaren ondorioz, aiton-amonek beste rol bat dute familietan. Bai bikote gazteetan eta bai seme-alabekin bakarrik bizi den ama edo aitaren kasuan, aiton-amonak dira sarri ûeta batez ere amonakû bilobak zaintzen dituztenak. Arazo ekonomikoak eta denbora falta dira horretarako arrazoiak. Kontua da amona asko eta asko 65 urtetik gora, seme-alabak hazita, gurasoak hilik eta senarra jubilatuta dagoenean, bilobak zaindu beharrarekin aurkitzen direla. Modu horretan emakume asko aisialdirako denbora berreskuratzen hasi direnean aurkitzen dira bilobak eta askotan seme-alabak ûotorduak prestatuz eta baita etxea garbituz ereû zaindu beharrean. Egoera horrek adineko emakume ugari eramaten ditu estres egoerak bizitzera.
Hain zuzen ere, gizarte garaikidearen erronka da kolektibo horren beharrizanei dagokien moduan erantzun ahal izatea.
Mitoak desegiten
Eredu berriez gain, bioteknologiak ere aldatuko du aurrerantzean familia bera. Izan ere, 25 urte baino gehiago igaro dira Louse Brown lehen ume probeta jaio zenetik, eta ordutik, milaka jaio dira. Ez hori bakarrik, hildako gizonen hazia erabili da bere neskalaguna ernaltzeko, amona biologikoen sabelean hazi dira ama antzuen haurrak, menopausia iritsita erditu diren emakumeak ezagutu ditugu...
Gizartearen aldaketek eta zientziaren aurrerapenek familia eredua aldatu dute. Baina egungo familiek garai batekoen funtzio bera dute: familiako kideei babes ekonomiko eta emozionala eskaintzea, haurrak izatea eta hauek heztea eta adinekoak eta gaixoak zaintzea. Eta horrek, behintzat, berdin jarraitzen du.
Banaka adoptatzeko aukera ematen du Espainiako legeriak. Bikoteek era askean ume bat adoptatzeko eskaria egiterakoan, berriz, gizon baten eta emakume baten arteko ezkontza hartzen da eredutzat. Horrela, banaka adopta dezaketen gay eta lesbianek ezinezkoa dute horrelakorik egitea bikote gisa.
EAEk eta Nafarroako Foru Erkidegoak Izatezko Bikoteak arautzean, adopzioa sexu bereko bikoteei ere luzatu diete. Norbanako gisara dituzten eskubideak, bikotea osatu eta gero ere, bermatzen ditu legeria berriak. Bi legeei helegitea aurkeztu zaie eta, gaur egun, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak euren konstituzionaltasunaz ebatzi behar du. Ebazpena heldu bitartean, baina, ondorio ezberdinak sortuko dituzte bi arauok. EAEko legea indargabetuta dago eta, beraz, ez da aplikagarria. Nafarroakoak, ostera, ondorioak sor ditzake. Horrela, lege horren babesean eratutako familia gune berriak behin-betikoak dira.
Hain zuzen ere, aurten eman dira ezagutzera Espainian bi gizonek edo bi emakumek osatutako familiak aztertzeko egin den lehen ikerketaren emaitzak. Sevillako Unibertsitateak eta Madrilgo Psikologoen Elkargoak egin zuten ikerketa, hain zuzen ere, horrelako familietan hazitako haurrek zein egoera bizi duten jakin ahal izateko. Homosexualek aitatasun eta amatasun froga gainditu dutela esan daiteke, txosten honen arabera.
Izan ere, gay eta lesbianek autoestimu handia dutela eta genero roletan oso irekiak direla ondorioztatu du ikerketak, eta beraz, guraso izateko gai dira. Horrez gain, diru nahikoa izaten dute eta oso arduratsuak izaten dira seme-alaben heziketarekin.
Eguneroko bizimodu erabat arrunta dute horrelako familiek. Haurrek eskolara joateaz gain, hainbat jarduera egiten dituzte, beste haurren moduan. Azterketak argi uzten du, gainera, ikasle lagunen onespena dutela.
Ikerketak bi ezaugarri nabarmentzen ditu soilik gay eta lesbianen haurrengan: batetik, homosexualitatea hobeto onartzen dutela; eta bestetik, genero rolak malguagoak dituztela.
Hirian bizi diren ezkongabeek sarri ezkondutakoen edo bikotea dutenen inbidia jasaten dute. Bakarrik bizitzea ez baita bakarrik egotearen sinonimo. Baina herri txikietan, nekazal guneetan erabat ezberdina da egoera. Horrelakoetan gizonezkoak dira batez ere bikote gabe bizi direnak, eta horrek hainbat herriren hazkundea eragotzi du. Izan ere, 70eko hamarkadatik abiada bizian ari da emakumea nekazal guneetatik desagertzen. Horren arrazoia, batez ere, bertan zituen funtzioen galeratik dator.
Monogamia da mundu osoan bikote bizitza arautzen duen modu nagusia. Hala da behintzat Mendebaldean. Eta poligamiaz hitz egiten entzuten dugun bakoitzean Afrikara edo herri musulmandarretara begira jartzen gara. Baina kontua da ikerketek frogatzen dutela gizonezkoen %85ak nahiago lukeela emazte bat baino gehiago izatea. Eta hala ere, Espainian Kode Penalak zigortu egiten du bigamia espetxearekin. Espainian bizi diren atzerritarrek poligamia praktika dezakete, baina beti ere, ezingo lituzkete Espainian euren ezkontzak legeztatu. Ezkontzeko, Espainian, libre izan behar du batek.
Zerbait exotikoa dirudien arren, poligamia «informala» herri guztietan ematen den fenomenoa da. Poligamia modu ezberdinak daude: emakume askorekin ezkontzen den gizonarena; gizon ugarirekin ezkontzen den emakumearena; eta emazte askok aldi berean senar askorekin harremanak dituzten erlazio poligamoak ere badira. Dirudienez, hiru modu horien artean ugariena lehenengoa da.
Gizarte poligamoetan familiako kide bakoitzak dituen rolak oso ongi antolatuak daude: gizonezkoak ezin du dituen emazteen artean ezberdintasunik egin; emakumeen artean jerarkia handia egoten da, egin beharreko lanak modu eraginkorrean banatzen dituzte euren artean eta mesedeak elkar trukatzen dituzte senarrarekin gau bat pasatzearen truke, adibidez.
![]() |
|
||||
1944 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa